1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
62E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita honako hau argitaratzea: Akordioa, 2026ko maiatzaren 25ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren eta Lurralde Kohesiorako Departamenduaren artekoa, zeinaren bidez biek ematen baitute baimena kudeaketa-esleipen bat egiteko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, gauza ditzan Iruñeko Alhondiga kalea 1eko bigarren solairuko kanpoko arotzeria ordezteko obren proiektua kontratatzeari lotutako lanak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien mendekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.
Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa-esleipena departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten mendeko erakunde publiko bati egiteko, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.
Hala, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak eta Lurralde Kohesiorako kontseilariak 2026ko maiatzaren 25ean sinatutako Akordioaren bidez, kudeaketa-esleipen bat egin diote Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, gauza ditzan Iruñeko Alhondiga kalea 1eko bigarren solairuko kanpoko arotzeria ordezteko obren proiektua kontratatzeari lotutako lanak.
Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du, orobat, kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta honako akordio hau: Akordioa, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren eta Lurralde Kohesiorako Departamenduaren artekoa, zeinaren bidez biek ematen baitute baimena kudeaketa-esleipen bat egiteko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, gauza ditzan Iruñeko Alhondiga kalea 1eko bigarren solairuko kanpoko arotzeria ordezteko obren proiektua kontratatzeari lotutako lanak.
2. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, Lehendakaritza eta Berdintasuneko eta Lurralde Kohesiorako departamentuei eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuei.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
AKORDIOA, LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUAREN ETA LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENDUAREN ARTEKOA, ZEINAREN BIDEZ BIEK EMATEN BAITUTE BAIMENA KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEKO LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUKO LURRALDE ANTOLAMENDUKO ZUZENDARITZA NAGUSIARI, GAUZA DITZAN IRUÑEKO ALHONDIGA KALEA 1EKO BIGARREN SOLAIRUKO KANPOKO AROTZERIA ORDEZTEKO OBREN PROIEKTUA KONTRATATZEARI LOTUTAKO LANAK
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Javier Remírez Apesteguía jauna, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria. Beste aldetik, Óscar Chivite Cornago jauna, Lurralde Kohesiorako kontseilaria.
ETA AZALTZEN DUTE:
Lehena.
Nafarroako Foru Komunitatea da Iruñeko Alhondiga kalea 1eko lehenengo eta bigarren solairuetan dauden lokalen jabea. Lokal horiek Ondasun eta Eskubideen Erregistro Orokorrean sartuta daude, eta 4173-06 eta 4173-09 zenbakiak dituzte, hurrenez hurren.
Lokal horietan daude Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bulegoak, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko zenbait unitate organiko.
Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 31/2025 Ebazpenaren bidez, aldatu egin ziren eraikin horretako lehen solairuko espazioetatik departamentu bakoitzari zegozkion azalerak. Hala, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari lokalen guztizko azaleraren %19,88 dagokio, Etxebizitza Zerbitzuari %49,50 eta Lurralde Kohesiorako Departamentuari %30,62.
Azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuaren bideez, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira, eta, haren arabera, erakunde autonomo horrek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu. Orobat, bertako kudeaketa-zuzendaritzari dagokio bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren kontratu publikoak sinatzea. Era berean, 134/2025 Foru Dekretuaren 24.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzaren eginkizuna da erakunde autonomoari atxikitako ondarea administratu eta kudeatzea.
Bestalde, azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horrek Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen du), Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkio, bere eskumenen esparruan, kontratazioen arloko eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.
Bigarrena.
Denbora iragan da, eta kanpoko arotzerian deformazioak eta sabeldurak daude. Ondorioz, airea iragazten da Iruñeko Alhondiga kalea 1eko bigarren solairuko lokaletan. Horregatik erabaki da behar diren obrak egitea, lokal horietako kanpoko leihoak ordezteko.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, biei interesatzen zaie obrak batera egitea eta dagokion administrazio-espedientea izapidetzea, ahalik eta modu eraginkorrenean prestatu, izapidetu, adjudikatu eta gauzatzeko obren kontratua.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko Administrazioko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien mendekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak eta zerbitzuei lotutakoak, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat. Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa lan bat esleitzeko departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten mendeko erakunde publiko bati, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.
Horrenbestez,
ERABAKITZEN DUTE:
Lehena.–Baimentzea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren aldeko kudeaketa-esleipen bat, gauza ditzan Iruñeko Alhondiga kalea 1eko bigarren solairuko kanpoko arotzeria ordezteko obren proiektua kontratatzeari lotutako lanak lizitatzeko eta gauzatzeko behar diren jarduketa administratibo guztiak.
Bigarrena.–Kudeaketa-esleipena indarrean egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik obraren azken likidazioraino.
Hirugarrena.–Kudeaketa-esleipen honetako xede den prozeduratik datozen gastuak finantzatzeko, 56.871,42 euro jartzen dira Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren esku, 2026ko Gastuen Aurrekontuko 080000 08000 6020 232200 partidaren kargura ("Eraikina egokitzea").
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, kudeaketa-esleipen honetako xede den prozeduratik datozen gastuak (61.890,65 euro) finantzatuko dira 2026rako ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 240000 24000 6020 451600 partidaren kargura ("Lokalak egokitzea").
Laugarrena.–Akordio hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Berdintasunerako Institutura, Lurralde Kohesiorako eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko departamentuetako idazkaritza nagusietara eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu horietan dituen kontu-hartzailetza delegatuetara.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 25ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
Iragarkiaren kodea: F2607727