114. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

241E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik aurrera 4 orduz egitekoa den greba dela-eta, Osasun Departamentuaren funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena, alde batera utzita departamentuaren mendeko erakunde autonomoak.

LAB eta ELA sindikatuek grebara deitu dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langile guztiak (langile lan-kontratudunak eta funtzionarioak).

Greba deialdiaren aurrean, gutxieneko zerbitzuak zehazteko arrazoia da greba-eskubidea bateragarria izan behar dela herritarrentzako zerbitzuen funtzionamendu egokiarekin.

Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen da Herritarren Arretarako Bulegoan mantentzea bai erregistro bulegoan herritarrei ematen zaien arreta zerbitzua, bai Osasun Departamentuaren eta departamentuari atxikitako zentroen artean dokumentazioa garraiatzeko zerbitzua. Zerbitzu horiek herritarrei administrazio izapideetan arreta emateko beharrari erantzuten diote, bai eta organo horien artean komunikatzeko beharrari ere, biak ala biak oso garrantzitsuak baitira Osasun Departamentuarentzat eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat, eta, beraz, zeharka, herritarrei osasun laguntza behar bezala emateko. Horretarako, beharrezkoa da egun horretan administrari bat eta zerbitzu orokorretako langile bat joatea beren lanpostura.

Bestalde, funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernu-agintaritzari dagokio, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak baliatu behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera bere gain hartu dituen eskumenen arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, 2. artikuluan, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak dagozkion jarduketak egin ditu Greba Batzordearen aurrean. 2026ko maiatzaren 20an, jakinarazi zuen ezen, greba deialdia egin duten sindikatuen aldetik, ez duela inolako alegaziorik jaso proposatutako gutxieneko zerbitzuei buruz.

Horiek horrela, foru agindu honen xedea da Osasun Departamentuan 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik aurrera 4 orduz egitekoa den greba dela-eta gutxieneko zerbitzuak ezartzea eta zerbitzu horiek emanen dituzten langileak zehaztea, alde batera utzita departamentuaren mendeko erakunde autonomoak.

Horrenbestez, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik aurrera 4 orduz egitekoa den greba egitean, ondoren zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuko dira:

–Herritarren Arretarako Bulegoa: administrazioko langile bat.

–Herritarren Arretarako Bulegoa: zerbitzu orokorretako langile bat.

2. Foru agindu honen 1. atalean jasotako funtsezko gutxieneko zerbitzuei dagokienez, ondoren izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

–Administrariak: Berta San Martín Echavarri andrea.

–Zerbitzu orokorretako langileak: Javier Ignacio García Cortés jauna.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau Greba Batzordeari, Berta San Martín Echavarri andreari eta Javier Ignacio García Cortés jaunari jakinaraztea, eta igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Foru agindu honek ez du bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2607545