1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
17/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2026ko Saria" María Cristina Moreno Vitasi ematea xedatzen duena.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren otsailaren 25eko 7/2026 Foru Aginduaren bidez, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren 2026ko deialdia egin zen eta haren oinarriak onetsi ziren. Sari horrek helburu du artearen eta kulturaren arloan gazte ekintzaileen ekimena bultzatzea eta babestea, gazteentzako erreferentea izatea, eta laguntzea Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazten eta profesionalizatzen.
Aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta horiek deialdiko oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du María Cristina Moreno Vitas proposatzea "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2026ko Saria" eman dakion.
María Cristina Moreno Vitas (Tutera, 2000) artearen historialaria eta autore-komikigintzan eta autoedizioan espezializatutako ilustratzailea da. Bere lanetan, marrazki eta narrazio grafikoa erabiltzen ditu gazteen prekaritateari, identitateari, osasun mentalari eta prozesu sortzaileei heltzeko, besteak beste. Zenbait lan argitaratu ditu, hala nola La Sociedad de las Ratas eta Vida Galleta, biak ere errisografian eginak, ikuspegi esperimental eta umoristikoa erabiliz. Vida Galletak La Casa Encendida zentroko Bandeja de Entrada saria jaso zuen, baita Fanzimad-eko Voxel School saria ere. Epaimahaiak gizarte gaiak ironiaz eta hurbiltasunez tratatzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen.
Moreno Vitasen ibilbidean autoedizioa eta komikia uztartzen dira, eta gazteen arte-erakusketa eta -jaialdietan parte-hartzea ere bai, Madrilen zein Nafarroan. Proiektu kolektiboetan parte hartu du; konparazio batera, Sub25 jaialdian, Aste Magikoan eta hausnarketa sozialari eta osasun mentalari lotutako zenbait erakusketatan. Bere lehen erakusketa indibiduala ere aurkeztu zuen, Conexiones Inconexas izenekoa, hiperkonektibitatean eta harreman digital garaikideetan zentratua.
Azken urteotan, lerro artistiko esperimentalagoa garatu du, gaur egungo komikiaren barruan ikusizko kontaketa intimo eta kontzeptualaren forma berriak aztertuz. Gaur egun, Caparazón de Cristal lantzen ari da: Apolo eta Martsiasen mitoan inspiratutako eleberri grafikoa, non sorkuntza artistikoari, identitateari eta muga pertsonalei buruz hausnartzen baitu.
Epaimahaiak honako hauek nabarmendu ditu:
–Ahots grafiko propioa sortu izana gaur egungo komikiaren eta ilustrazioaren esparruan, estetikari eta narrazioari dagokienez hizkuntza bisual ezaguna eta koherentea garatu baitu.
–Oso gaur egungoak diren arazoei heltzeko gaitasuna, batez ere gazteen prekarietateari eta etxebizitza eskuratzeari lotutako gaiei, umoretik eta sentsibilitate kritikotik abiatuta, belaunaldi oso batek partekatzen dituen kezkekin bat eginez.
–Bere ibilbide osoan, koherentzia estilistiko eta tematikoari eutsi izana; izan ere, autoediziotik eta autore-komikigintzatik abiatuta, etengabe ikertu du identitateari, sorkuntza garaikideari eta belaunaldietako esperientziei buruz.
–Bere proposamen narratibo eta bisualen originaltasuna eta heldutasuna, non abangoardiako formatuak eta teknikak txertatu baititu.
–Arte-hizkuntza garaikideen alde egindako apustua ilustrazioaren eta narratiba grafikoaren esparruan, komikiaren muga tradizionalak zabaltzen dituzten sortzaileen belaunaldi berri baten barruan kokatuta.
Horregatik guztiagatik, epaimahaiaren proposamena ikusirik, bidezko da "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2026ko Saria" María Cristina Moreno Vitasi ematea.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2026ko Saria" María Cristina Moreno Vitasi ematea.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta María Cristina Moreno Vitasi jakinaraztea.
Iruñean, 2026ko ekainaren 3an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
Iragarkiaren kodea: F2608046