1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
187E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2026ko maiatzaren 28rako iragarri den greba partzialerako deialdiak direla eta.
Hezkuntza Departamentuak 2026ko maiatzaren 28an greba partziala (11:00etatik 15:00ak arte) egiteko bi deialdiren jakinarazpenak jaso ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langile guztiei zuzenduta.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Greba Batzordeen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan eman ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari buruzko erabakiak. Erabaki horietatik ondorioztatzen denez, funtsezko zerbitzuak emanen direla bermatzeak mugatu egiten du greba-eskubideaz baliatzeko aukera, eta, beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da tartean dauden interes guztien haztapena egitea. Horretarako, funtsezko zerbitzuen bermatze hori garantia gisa ulertu behar da, zeina eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatzen baita, eta, ildo horretan, ondorioztatu beharra dago ezen greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu egin beharko dela baldin eta haien interesak greba baten bidez defendatzeak kalte larriagoa eragiten badie edo eragiten ahal badie funtsezko zerbitzu hori jasotzeko eskubidea duten hartzaileei edo titularrei.
Hezkuntzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak bermatzea botere publikoei dagokie, eta, hori helburu, prebentzio-neurriak ezarriko dituzte eta behar diren zerbitzuak emanen direla ziurtatuko dute. Izan ere, greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek ezin dira babesik gabe geratu.
Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.
Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, guztientzako hezkuntza-eskubidea aitortzen du, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.
Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2026ko maiatzaren 28an ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin ahal izateko.
Aipamen berezia merezi du hezkuntza bereziko ikastetxeetan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan desgaitasun intelektualagatik hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dira, eta ia ikasle guztiak 4. motakoak edo 4. mailakoak dira; izan ere, beste pertsona batzuen laguntza behar dute eguneroko bizitzako jarduera gehienetarako edo guztietarako, norberaren zaintzakoak barne, bai eta hainbat testuingurutan parte hartzeko eta haien osasuna eta segurtasuna bermatzeko ere. Beraz, beste pertsona batzuen laguntza hil edo biziko premia bat da haientzat. Kalitatezko hezkuntza-arreta emateko, ikastetxe horiek diziplina anitzeko plantillak behar dituzte, eta profesionalen eta ikasleen arteko ratio oso baxuak. Eskola-garraioa eta -jantokia bereziki zaindu behar dira; izan ere, bete egin behar dira zerbitzu horietan ikasleen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko baldintzak eta sostenguak. Zerbitzu horiek bereziki hartu behar dira kontuan langileen baliabideak antolatzeko; zehazki, beren eginkizunak betetzean, horietan lehentasunez esku hartzen dutenei dagokienez. Era berean, hezkuntza bereziko ikastetxeetan kontuan izan behar da bermatu behar direla higiene eta garbitasun baldintza nahikoak eta ezinbestekoak, ikasleen premiak direla-eta. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate berezi horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.
Bestalde, ikastetxe arruntetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek eskolatze erregimenik inklusiboena aukeratu ahal izateko egitura espezifikoak pixkanaka sortzen ari direnez, hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatutakoen antzeko ezaugarriak dituzten ikasleak daude eskolatuta ikastetxe arruntetako egitura horietan. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza bereziko ikastetxeetarako ezarritako tratamendu bera izatea garraioari eta jantokiari dagokienez.
Aipamen berezia merezi du, halaber, haur eskoletan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan 0 eta 3 urte arteko haurrak eskolatzen dira, eta helduak behar dituzte ikastetxean garatutako jarduera guztiak egiteko, autonomia pertsonalik ez dutelako. Pertsona heldu horiek ezinbestekoak dira hezkuntza arreta egokia emateko, bai eta gutxieneko segurtasuna eta higienea bermatzeko ere. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.
Azkenik, nahitaezkoa da, halaber, departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin.
Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Ikusirik 2026ko maiatzaren 28rako iragarrita dauden greba partzialerako deialdiak, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:
a) Ikastetxe publikoetan, hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan izan ezik:
–Ikastetxeko zuzendaria.
–Ikasketaburua.
–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.
–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo oinarrizko mailako heziketa zikloetako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.
–Hezkuntza-laguntzako espezialista bakarra dagoen ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak betetzea hari egokituko zaio, eta horrelako langile gehiago dauden ikastetxeetan, hezkuntza-laguntzako espezialisten plantillako %50i. Betiere, bermatu behar da arreta egokia emanen zaiela garraio- eta jantoki-zerbitzuak erabiltzen dituzten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasle guztiei.
Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek bete beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek lanaldi osoan, eta, hala bada, zer hezkuntza-laguntzako espezialista arituko diren.
b) Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan:
–Ikastetxeko zuzendaria.
–Ikasketaburua.
–Lau irakasle sei unitateko.
–Eskola-garraioaz eta jantokiaz arduratzen diren hezkuntza laguntzako espezialistak edo zaintzaileak.
–Hezkuntza-laguntzako espezialisten edo zaintzaileen plantillaren %67.
–Garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.
c) Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan:
–Zuzendaria.
–Haur hezitzaile bat bi unitateko edo zatiki bakoitzeko.
–Sukaldari bat.
–Garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.
d) Departamentuaren bulegoetan, administrari batek kasu egin beharko dio Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrari (San Domingo kalea z.g., Iruña).
2. Langile horien lanuzteek eta lan gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
4. Foru agindu hau greba batzordeei jakinaraz dakiela agintzea, eta foru agindu hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei, Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolei eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoari, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuari eta Haur Eskolen Zerbitzuari.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2607643