1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 27an hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Iruñerriko ibai parkea handitzea (5. tartea, Elortz ibaia): Noain-Zabalegi" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak, Batzar Nagusiak eskuordeturik, 2025eko abenduaren 29an egindako bilkuran erabaki zuen hasiera batez onestea "Iruñerriko ibai parkea handitzea (5. tartea, Elortz ibaia): Noain-Zabalegi" izeneko proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen hasierako zerrenda barne dela. Proiektuaren helburua da parkea Elortz ibaiaren ondoan zabaltzea, Elortzibarko udal mugartean, Noaingo, Imarkoaingo, Dorreko eta Zabalegiko kontzejuetan. Hasierako onespen hori 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 15ekoan, eta ondoren akats zuzenketa bat egin zen, 2026ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, otsailaren 12koan.
Jendaurreko aldia iraganik eta alegazioei erantzuna eman ondoren, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak, Batzar Nagusiak eskuordeturik, 2026ko apirilaren 27an egindako bilkuran behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, onespenak berarekin dakarrelarik onura publikoa eta okupatu beharra deklaratzea. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen (aurrerantzean, NDL) 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespen hori 2026ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14koan.
Iruñerriko Mankomunitateak eskatu du, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean 2026ko apirilaren 30ean eta maiatzaren 6an aurkeztutako eskabideen bitartez, "Iruñerriko ibai parkea handitzea (5. tartea, Elortz ibaia): Noain-Zabalegi" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko. Aurkeztutako dokumentazioan presako izaera justifikatzen duen txosten bat dago, 2026ko apirilaren 30ekoa.
Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztutako txostenaren arabera, "Iruñerriko ibai parkea handitzea (5. tartea, Elortz ibaia): Noain-Zabalegi" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, beharrezkoa delako Elortz ibaiaren ibai-inguruneko ingurumen baldintzak hobetzea eta mugikortasun jasangarriko egitura batzuk jartzea, oinezkoak eta txirrindulariak segurtasunez ibil daitezen bertatik; horrek, gainera, motordun ibilgailuen alternatiba bat ekarriko du. Horrez gain, proiektua gauzatzeak ibaiaren ibilgua garbitu eta mantentzea ekarriko du berekin, eta hori Elortz ibaiaren baldintza hidraulikoen mesederako da, eta, azken finean, uholdeen inpaktua ere apalduko da.
Gainera, espedientean jasota dago Iruñerriko Mankomunitateko Idazkaritzaren ziurtagiri bat, 2026ko maiatzaren 5ekoa, non jasotzen baita dagokion kreditu-atxikipena egin dela proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze-prozedura honetatik eratorritako gainerako betebehar ekonomikoak ordaintzeko.
Horrekin guztiarekin, Iruñerriko Mankomunitateak Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu du, "Iruñerriko ibai parkea handitzea (5. tartea, Elortz ibaia): Noain-Zabalegi" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzea presakoa dela deklaratzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Iruñerriko ibai parkea handitzea (5. tartea, Elortz ibaia): Noain-Zabalegi" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2607730