108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

323/2026 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateek programatutako eta 9. ardatzean (kalteberatasun-egoeran) erroldatuta dauden Nafarroako Foru Komunitateko 4 eta 14 urte arteko ikasleei zuzendutako udako hezkuntza-jardueren prezioa finantzatzeko laguntzen deialdia, 2026ko udan. DDBN kodea: 905014.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, baliatuz hezkuntza-plangintzaren, ekitatearen eta desberdintasunen konpentsazioaren arloan dituen eskumenak, Hezkuntza 360 delakoa bultzatu nahi du, esparru estrategiko gisa, ikasleek hezkuntza-aukera integralak izan ditzaten, eskola-ordutegiaren barruan zein kanpoan.

Eskola-ordutegitik harago hezkuntza-aukerak ekitatez eskuratzea funtsezko faktorea da hezkuntza-desberdintasunak murrizteko. Ildo horretan, udaldia une kritikoa da, non ikaskuntza-arrakalak zabaltzen ahal baitira, bereziki kalteberatasun-egoeran dauden ikasleen artean.

Hezkuntza 360k sustatutako lanaldi osoko hezkuntzaren ikuspegiak agerian uzten du urte osoan zehar hezkuntza-, kultura- eta aisia-jardueretarako sarbide unibertsala bermatzeko beharra.

Sarbide hori errazteko, toki entitateei zuzendutako deialdi hau bultzatzen da, dagoeneko badagoen udako jardueren eskaintza aprobetxatuz, bermatzeko jarduera horiek doakoak izan daitezen 9. ardatzean (kalteberatasun-egoeran) erroldatutako ikasleentzat.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea toki entitateek programatutako udako hezkuntza-jardueretako plazen prezioa finantzatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak, zehazki, 9. ardatzean (kalteberatasun-egoeran) erroldatuta dauden Nafarroako Foru Komunitateko 4 eta 14 urte arteko ikasleei zuzendutako udako hezkuntza-jardueretarako, 2026ko udan.

2. Deialdi honen gastua baimentzea, guztira 700.000 eurokoa, 2026ko gastu-aurrekontuko "Hezkuntza 360 gradu" izeneko 420004 42700 4609 322402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Inklusio Atalari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK, 2026KO UDAN, TOKI ENTITATEEK PROGRAMATUTAKO ETA 9. ARDATZEAN (KALTEBERATASUN EKONOMIKOKO EGOERAN) ERROLDATUTA DAUDEN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 4 ETA 14 URTE ARTEKO IKASLEEI ZUZENDUTAKO UDAKO HEZKUNTZA-JARDUEREN PREZIOA FINANTZATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIARENAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Deialdi honen xedea da laguntza ematea 9. ardatzean (kalteberatasun ekonomikoko egoeran) erroldatuta dauden 4 eta 14 urte arteko ikasleen udako jardueren prezioa finantzatzeko.

Laguntza horren helburua da hezkuntza-ekitatea, sozializazioa eta familia-kontziliazioa sustatzea, kostu ekonomikoa udako jardueretan sarbidea izateko oztopo ez dela bermatuz; horretarako, Hezkuntza Departamentuak finantzatuko du toki entitateek programatutako udako hezkuntza-jardueretan izena emateak eta parte hartzeak familiei ekarriko liekeen prezioa.

Bigarrena.–Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdiaren zenbatekoa, guztira, 700.000 euro da, 2026ko gastu-aurrekontuan horretarako gaitzen den "Hezkuntza 360 gradu" izeneko 420004-42700-4609-322402 partidaren baliokidearen kargura.

Ematen diren baliabide ekonomikoak erabiliko dira egoera ekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko.

Laguntzaren zenbatekoa 60 eurokoa izanen da parte-hartzaile eta aste bakoitzeko, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere bi astez parte hartzen ahalko du.

Kreditua ez da inola ere oro har hainbanatuko onartutako eskabide guztien artean. Jardueren prezioa astean 60 eurotik beherakoa bada, Hezkuntza Departamentuak jarduera horri dagokion prezioa soilik finantzatuko du. Era berean, jardueraren prezioa astean 60 eurotik gorakoa bada, gainerako zenbatekoa parte-hartzaileak ordainduko du zuzenean. Halaber, ezin izanen da gainditu deialdi honetan baimendutako guztizko zenbatekoa.

Hirugarrena.–Laguntzen hartzaileak izanen diren ikasleek bete beharreko baldintzak.

– Lau eta hamalau urte artekoak izatea.

–Kalteberatasun-egoerako 9. ardatzean egotea, jarraian azaltzen diren lau arrazoietako batengatik, 2025-2026 ikasturtean (betiere, baldintza bete beharko da eskabideak eskatzeko azken egunean):

  • Familia-errenta (FE): 2024ko ekitaldian errentaren 1. kintiletik beherako diru-sarrerak izan zituen familia-unitate bateko kidea.
  • Errenta bermatua (EB): errenta bermatua jasotzen duen familia-unitate bateko kidea.
  • Beka-hartzailea: beste administrazio publikoren baten eskutik jantokiko beka edo laguntza ekonomikoa jasotzen duen ikaslea.
  • Erantzukizunpeko adierazpena: zuzendaritza taldearen erantzukizunpeko adierazpena, salbuespeneko kasuetarako, non ezin dugun kalteberatasun-egoera baliozkotu aurreko arrazoi horietakoren batengatik.

Laugarrena.–Eskatzaileak.

Deialdi honetan araututako laguntzak eskatzen ahalko dituzte udako programazioa egiteko kudeaketa-gaitasuna duten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitate guztiek.

Toki entitateek ezin izanen diete eskatu parte-hartzaileei laguntza-deialdi honen xede diren 60 euroak, Hezkuntza Departamentuak ordainduko baitu laguntza, deialdiaren arabera eman eta justifikatu ondoren.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Laguntza eman ahal izateko, parte hartu nahi dutenek baimena eman beharko diete toki entitateei 9. ardatzaren erroldan (kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleak) duten erregistroa kontsulta diezaioten Hezkuntza Departamentuari, bai eta Hezkuntza Departamentuak informazio hori toki entitateari emateko ere. Baimen hori sinatu beharko du parte hartzen duen adingabearen aitak/amak/legezko tutoreak.

Horretarako, toki entitateek, jardueraren izen-ematean, baimen horren gaineko klausula bat gehituko dute. Klausula hori ez badago sartuta jardueran parte hartzeko eskabidean, eskatzaileek III. eranskina aurkezten ahalko diote toki entitateari, behar bezala beteta eta parte hartzen duen adingabearen aitak/amak/legezko tutoreak sinatuta.

Toki entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, bermatuz informazio guztia osorik dagoela, egiazkoa dela eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuta dagoela:

–II. eranskinaren bidez, jakinaraztea toki entitateak antolatutako jardueretan aurretiko izen-ematea egina dutenen datuak, baldin baimendu badute kalteberatasun-ekonomikoko egoerako 9. ardatzean duten erregistroa kontsultatzea. Antolaketaren mesedetan, toki entitate bakoitzak II. eranskin bakarra aurkezten ahalko du, non jasoko baitira antolatutako jarduera guztietan aurrez izena emandako pertsona guztiak.

Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du ea aurrez izena emandakoek betetzen dituzten kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleen baldintzak, deialdi honen hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2026ko uztailaren 31ra arte.

Seigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau dela-eta jasotako datu pertsonalak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tratatuko ditu, laguntza hau kudeatu, izapidetu eta kontrolatzeko, interes publikoaren izenean egindako misio batean, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoarekin, eta interesdunen baimenarekin.

Datuak jakinarazten ahalko zaizkie parte hartzen duten toki entitateei, jarduerak behar bezala gauzatzeko soil-soilik, eta datu horiek mugatuko dira finantzatutako plazak kudeatzeko behar-beharrezkoak diren horietara.

Interesdunek organo horren aurrean baliatzen ahalko dituzte datuetara irispidea izateko eskubidea, datuak zuzentzekoa eta ezereztekoa, datuen eramangarritasunerakoa, tratamendua mugatzekoa eta aurka egitekoa, jarraikiz datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoari.

Zazpigarrena.–Jarduketa diruz lagungarritzat hartzeko baldintzak eta baztertzeko irizpideak.

Baztertzeko irizpideak:

Honelako jarduerak berariaz baztertzen dira:

–Jolas edo merkataritzarako xede hutsa dutenak, osagai hezigarri edo sozialik gabe.

–Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremutik kanpo egiten direnak.

Zortzigarrena.–Laguntzak emateko prozedura, egiaztatzea eta ematea.

8.1. Jardueretarako aurretiko izen-ematea.

Deialdi honen hartzaile diren ikasleek aurretiko izen-ematea formalizatu beharko dute programari atxikitako toki entitateek antolatu dituzten udako jardueretan, entitate horiek ezarritako prozeduren arabera.

8.2. Zerrenda igortzea eta baldintzak egiaztatzea.

Izena aurretik emateko epea bukatutakoan, toki entitateek Hezkuntza Departamentuko Inklusio Proiektuetarako Bulegoari igorriko diote berariazko baimena eman duten interesdunen zerrenda, baimen hori emanda eskabidean dagokion laukitxoa markatuz edo III. eranskina sinatuz, beharrezko datuak kontsultatu, egiaztatu eta, egokia bada, lagatzeko, hots, kalteberatasun ekonomikoko egoerari eta 9. ardatzean sartuta egoteari dagozkion datuak.

Datuen lagapen eta tratamendu hori eginen da 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

Inklusio Proiektuetarako Bulegoak egiaztatuko du ea betetzen diren deialdi honetan ezarritako baldintzak.

Toki entitateek ezin izanen diete eskatu jarduera horretan baimendutako eta onartutako ikasleei ordain ditzatela jardueraren prezioari dagozkion lehen 60 euroak.

8.3. Benetako matrikulazioa egiaztatzea.

Laguntza onartu baino lehen, egiaztatu beharko da ea ikasleek dena delako jardueran benetan matrikulatu eta parte hartu duten. Horretarako, toki entitateek egiaztapen-txosten bat igorriko diote Inklusio Proiektuetarako Bulegoari, honako inguruabar hauetakoren bat jasotzen duena:

a) Jardueraren kostua baldin bada deialdi honetan ematen diren astean 60 euroetatik gorakoa, parte-hartzaileak diruz lagundu gabeko zenbatekoa ordaindu izanaren frogagiria.

b) Jardueraren kostua baldin bada deialdi honetan ematen diren astean 60 euroen parekoa edo gutxiago, parte-hartzailea gutxienez jardueraren bigarren egunean joan izanaren frogagiria.

8.4. Onuradunen behin-behineko proposamena.

Frogagiriak jaso ondoren, organo kudeatzaileak behin-behineko proposamena eginen du toki entitatearen onuradun kopuruari buruz, eta hura argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren izapideen web-fitxan. Toki entitateek egoki iruditzen zaizkien alegazioak egiten ahalko dizkiote zerrenda horri, argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean.

8.5. Laguntzak emateko behin betiko ebazpena.

Zuzentzeko epea bukatuta eta aurkeztutako alegazioak aztertuta, halakorik egin bada, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak laguntzak emateko behin betiko ebazpena emanen du, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren zuzendariak proposatuta, eta deialdian aurreikusitako bitartekoetan argitaratuko da.

8.6. Ordainketaren araubidea.

Emandako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie toki entitateei.

Bederatzigarrena.–Betebeharrak.

Toki entitateak honako hauetara daude behartuak:

a) Hezkuntza Departamentuari jakinaraztea eskatzaileek jardueran aurretiko izen-ematea egin dutela eta baimena eman dutela kalteberatasun-egoerako 9. ardatzeko erregistroko datuak kontsultatzeko.

b) Laguntza zertarako eman den, horretarako soil-soilik erabiltzea.

c) Onartzea organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioko jarduketak.

d) 60 euroak aurreratzea, deialdi honen bigarren oinarrian jasotako baldintzen arabera (prezioa txikiagoa bada, jardueraren prezioa aurreratzea).

e) Deialdi honen berri ematea toki entitateak programatutako jardueren eskatzaileei.

Hamargarrena.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko hezkuntza-jardueraren guztirako kostua.

Hamaikagarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Onuradunei aplikatu beharreko zehapen-araubidea izanen da dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Zehapen-prozedura izanen da indarrean dagoen erregelamendu-araudiaren araberakoa, eta, halakorik ezean, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren araberakoa (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Hamabigarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

II. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

Dirulaguntzen deialdia, 2026ko udan hezkuntza-jardueretako plazen prezioa finantzatzeko

1.–Entitate eskatzailearen datuak.

–Izena: ..............................................................................................................................................

–IFKa: ......................................................................................................................................................

–Helbidea: ..............................................................................................................................................

–Telefonoa: ..............................................................................................................................................

–Helbide elektronikoa: .............................................................................................................................

2.–Ordezkariaren datuak.

–Izen-deiturak: ..................................................................................................................................

–NANa/AIZa: ..........................................................................................................................................

–Kargua: ................................................................................................................................................

3.–Adierazten dut.

JARDUERA

IZENA

DEITURAK

JAIOTEGUNA

IKASTETXEA

JARDUERAREN IRAUPENA

Goian adierazitako toki entitateak baduela udako hezkuntza-jarduerak antolatzeko kudeaketa-gaitasuna, deialdi honetan ezarritakoaren arabera.

4.–Eskatzen dut.

Parte hartzea toki entitateek 2026ko udan programatutako udako hezkuntza-jardueretako plazen prezioa finantzatzeko laguntzen deialdian, zehazki, 9. ardatzean (kalteberatasun-egoeran) erroldatuta dauden Nafarroako Foru Komunitateko 4 eta 14 urte arteko ikasleei zuzendutako udako hezkuntza-jardueretarako.

5.–Aurkeztutako dokumentazioa.

Aurretiko izen-ematea egin duten ikasleen zerrena, adierazita izena, deiturak, jaioteguna, ikastetxea eta eginen den jarduera, ereduzko taularen arabera.

6.–Erantzukizunpeko adierazpena.

Toki entitateak adierazten du:

–Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

–Jarduerak betetzen dituela deialdi honetako laguntza jaso ahal izateko jarduketa-irizpideak.

–Emandako datuak egiazkoak direla.

7.–Sinadura.

................................................(e)n, 2026ko .......................aren ..........(e)(a)n

Legezko ordezkariaren sinadura

(Sinadura eta zigilua)

III. ERANSKINA.–DATU PERTSONALAK ETA KALTEBERATASUN EKONOMIKOKOAK KONTSULTATZEKO ETA LAGATZEKO BAIMENA (KALTEBERATASUN-EGOERAKO 9. ARDATZA)

Parte-hartzailearen datuak (adingabea).

–Izen-deiturak: ..................................................................................................................................

–NANa/AIZa (kasua bada): ....................................................................................................................

–Jaioteguna: ......................................................................................................................................

–Ikastetxea: .......................................................................................................................................

Legezko ordezkariaren datuak (aita, ama edo legezko tutorea).

–Izen-deiturak: ...................................................................................................................................

–NANa/AIZa: ..........................................................................................................................................

–Adingabearekiko harremana: ............................................................................................................

Adierazpena eta baimena.

Sinatzaileak, goian adierazitako adingabearen aita, ama edo legezko tutorea den aldetik,

ADIERAZTEN DU:

Ezagutzen eta onartzen dituela "Hezkuntza 360" programaren esparruan udako jardueretan parte hartzeko laguntzen deialdiaren baldintzak.

BERARIAZ BAIMENTZEN DU:

Honako hauek egin ahal izan ditzaten adingabea izena emandako jarduera antolatzen duen udalak edo toki entitateak eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio Proiektuetarako Bulegoak:

–Behar diren datuak kontsultatzea eta egiaztatzea familia-unitatearen kalteberatasun ekonomikoko egoerari buruz.

–Egiaztatzea adingabea gizarte-zerbitzuen sistemaren 9. ardatzean sartzen dela.

–Datu horiek bi entitateen artean trukatzea eta tratatzea, deialdi honetan jasotako laguntzak izapidetzeko, kudeatzeko, egiaztatzeko eta, egokia bada, emateko.

Hori guztia jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari.

Era berean, sinatzaileak adierazten du honako hauen berri jaso duela:

–Datuak adierazitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

–Baliatzen ahalko dituela datuetara irispidea izateko eskubidea, datuak zuzentzekoa eta ezereztekoa, aurka egitekoa, tratamendua mugatzekoa eta datuen eramangarritasunerakoa, jarraikiz indarrean dagoen araudian ezarritakoari.

–Baimen hau ematen ez bada, ezinezkoa izanen dela baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta, ondorioz, laguntza izapidetzea.

Aitaren, amaren edo legezko tutorearen sinadura

Iragarkiaren kodea: F2607671