108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

233/2026 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira: Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatzeko dirulaguntzak banakako ebaluazioren araubidean emateko deialdia, prestakuntza entitateen kasuan kasuko erregistroan akreditaturik dauden lanbide heziketako zentroentzat edo prestakuntza entitate pribatuentzat. Ekintza horiek bakarrik dauden adingabe migranteei zuzenduta egon behar dute, Nafarroako Gobernuko adingabeak babesteko sistemaren tutoretzapean daudenak zein egondakoak. DDBN kodea: 897314.

Nafarroako Gobernuaren 2026ko apirilaren 1eko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari deialdi bat egiteko, dirulaguntzak eman ziezaien, banakako ebaluazioaren araubidean, baimendutako zentro eta entitate pribatuei, lanbide heziketa emateko bakarrik dauden adingabe migranteei, zeinak Nafarroako Gobernuko adingabeak babesteko sistemaren tutoretzapean baitaude.

Deialdi hau finantzatzeko 370.000 euro baliatuko dira, 2026ko gastuen aurrekontuaren 420006 42600 4709 322E00 partidaren kargura ("Konferentzia sektoriala. Enplegurako lanbide prestakuntzako ekintzak beste prestakuntza zentro batzuetan").

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren txostena, deialdiaren oinarri arautzaileak onesteari dagokionez.

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi honen oinarriak onestea: Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatzeko dirulaguntzak banakako ebaluazioren araubidean emateko deialdia, prestakuntza entitateen kasuan kasuko erregistroan akreditaturik dauden lanbide heziketako zentroentzat edo prestakuntza entitate pribatuentzat. Ekintza horiek bakarrik dauden adingabe migranteei zuzenduta egon behar dute, Nafarroako Gobernuko adingabeak babesteko sistemaren tutoretzapean daudenak zein egondakoak, eta ebazpen honen I. eranskinean ageri dira. Dirulaguntzen zenbatekoa 370.000 eurokoa izanen da. (DDBN: 897314).

2. Prestakuntza ekintza horien funtzionamenduari buruzko jarraibide orokorrak onestea; ebazpen honen II. eranskinean jasota daude.

3. 370.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako, 2026ko gastuen aurrekontuaren 420006 42600 4709 322E00 partidaren kargura ("Konferentzia sektoriala. Enplegurako lanbide prestakuntzako ekintzak beste prestakuntza zentro batzuetan").

4 Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalera, Enpresako Lanbide Heziketaren Bulegora, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora.

Iruñean, 2026ko apirilaren 25ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea deialdi honetako dirulaguntzak banakako ebaluazioren bidez emateko prozedura: dirulaguntzen deialdia, 2026ko abenduaren 31ra arte profesionaltasun-ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatu daitezen. Ekintzok soil-soilik eskainiko zaizkie bakarrik dauden adingabe migranteei, zeinak Nafarroako Gobernuko adingabeak babesteko sistemaren tutoretzapean baitaude.

2.–Entitate onuradunak.

Dirulaguntza honen onuradun izaten ahal dira prestakuntza entitateen kasuan kasuko erregistroan akreditaturik dauden lanbide heziketako zentroak edo prestakuntza entitate pribatuak, baldin eta baimenduta badaude profesionaltasun-ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintzak gauzatzeko.

Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak Lanbide Heziketako Sistema antolatzen du, eta horren 77.2 artikuluaren arabera, espezialitate bakoitzerako xedatutako baldintzak betetzen dituen Lanbide Heziketako Sistemako ikastetxe orok eskaini ahalko ditu profesionaltasun-ziurtagiriak. Espezialitate bakoitzerako baldintzei dagokienez, honako hauetan daude jasota: espezialitateen arau espezifikoetan eta urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan. Errege dekretu horrek profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren baldintzak malgutzen ditu, bai eta enplegurako lanbide prestakuntzako eta hezkuntza sistemako zentroetako lanbide heziketako eskaintza malgutzen ere. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak Nafarroako Foru Komunitatean emateko akreditatuta ez dauden prestakuntza zentroek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko diote akreditazio hori, prestakuntza ekintzen zabalkunderako jarduerak egin aurretik.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu akreditatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, diruz lagundutako ekintzen zabalkunderako jarduerak egin aurretik, zer instalazio erabiliko dituen prestakuntza emateko eta zer erregistro zenbaki dituzten. Horrez gain, haiek eskura dituela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditatuta egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak.

3.1. Profesionaltasun ziurtagirien Espainiako zerrendan jasotako prestakuntza ekintzetako edozeinek jasotzen ahalko du dirulaguntza:

https://todofp.es/dam/jcr:8b85fd78-c6d5-406f-ade8-891abd96613f/catalogo-grados-c.pdf

Proposatutako prestakuntza ekintzek, oro har, zuzenduta egon behar dute, modu esklusiboan, bakarrik dauden adingabe migranteei, Nafarroako Gobernuko adingabeak babesteko sistemaren tutoretzapean daudenak zein egondakoak.

3.2. Prestakuntza ekintzak dirulaguntza ematen den egunetik aurrera hasten ahalko dira, eta, edonola ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen bukatu behar dira.

3.3. Prestakuntza ekintzak garatzeko, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 18., 19. eta 20. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Prestakuntza entitateek egiaztatuko dute irakasleek akreditatuta dituztela esleitutako modulua edo moduluak irakasteko behar diren baldintzak. Akreditatuta badituzte, entitateak haien parte-hartzea jakinaraziko du prestakuntza ekintzaren hasieraren jakinarazpenaren bidez. Akreditazioa tramitatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Acreditacion-de-docentes-de-formacion-para-el-empleo

Dirulaguntza ematen den unetik aurrera, entitateak aukera izanen du onartutako moduluetako irakasleei buruzko agiriak aurkezteko eta berrikuspena eskatzeko. Prestakuntza ekintza hasi baino gutxienez 10 egun baliodun lehenago egin beharko da tramite hori.

Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnez, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

3.4. Prestakuntza ekintzetan, oro har, bost lagunek, gutxienez, egon behar dute izena emanda, eta zortzik, gehienez.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Jasotako eskaeren artean, guztira, 370.000 euroko dirulaguntza banatuko da.

4.2. Profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntza ekintza bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako kontzeptu hauek batuko dira:

a) Material suntsikorren gastuak: prestakuntza ekintzara bideratutako material suntsikorrean egindako gastua egotziko da, baldin eta zalantzarik gabe erabili bada prestakuntza ekintzarako. Gehienez egotziko dena da honako biderketa honek ematen duena: prestakuntza ekintzaren (B edo C graduak) iraupen-orduak bider 1. taulan lanbide arlo bakoitzerako adierazitako modulua.

b) Irakasleen gastuak: 46,40 euro egotziko dira prestakuntza ekintzan emandako ordu bakoitzeko. Gastu horietan sartuko dira laneko arriskuak prebenitzeko prestakuntza unitatearen 30 orduak, halakorik ematen bada. Prestakuntza unitate hori nahitaezkoa da enpresako prestakuntza jaso ahal izateko.

c) Enpresako prestakuntzaren tutoretza: 70 euro, lanekoak ez diren praktikak 2026ko abenduaren 31 baino lehen egiten dituen ikasle bakoitzeko.

d) Prestakuntza osagarria: prestakuntzaren iraupena gehienez ere %25 luzatzen ahalko da, prestakuntza osagarria emateko. Ordu horiek, ahal dela, gaztelaniazko eskolak emateko erabiliko dira. 46,40 euro egotziko dira emandako ordu bakoitzeko.

e) Zeharkako gastuak: Instalazio, aseguru eta abarrei lotutako kontzeptuagatik, %10era arteko gastu osagarriak justifikatzen ahalko dira, aurreko kontzeptuen (a+b+c+d) gaineko gastuen gainean aplikatuta.

1. taula: prestakuntza ekintzei gehienez ere aplikatzen ahal zaizkien gastuak, lanbide arloaren arabera bereizita.

LANBIDE ARLOA

MATERIALEKO GASTUAK

(prezioa / ordua)

ADK

Administrazioa eta Kudeaketa

20 euro

GKJ

Gorputz eta Kirol Jarduerak

20 euro

NEK

Nekazaritza

35 euro

ART

Arteak eta Artisautzak

35 euro

ARG

Arte Grafikoak

35 euro

MEM

Merkataritza eta Marketina

20 euro

EOZ

Eraikuntza eta Obra Zibila

35 euro

KI

Kirol Irakaskuntzak (araubide berezia)

20 euro

ELE

Elektrizitatea eta Elektronika

35 euro

ENU

Energia eta Ura

35 euro

FME

Fabrikazio Mekanikoa

35 euro

OST

Ostalaritza eta Turismoa

35 euro

ELI

Elikagaien Industriak

35 euro

ERI

Erauzketa Industriak

35 euro

INK

Informatika eta Komunikazioak

20 euro

IMA

Instalazioa eta Mantentze-lanak

35 euro

IRUP

Irudi Pertsonala

35 euro

IRUS

Irudia eta Soinua

35 euro

ZAK

Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxogintza

35 euro

KIM

Kimika

35 euro

OSA

Osasuna

20 euro

SEI

Segurtasuna eta Ingurumena

35 euro

GKKZ

Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

20 euro

EJL

Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza

35 euro

GIM

Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak

35 euro

5.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

5.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, deialdi honetako tramiteen fitxako "Tramitazioa" aukera baliatuta: "Lanbide heziketako zentroetarako edo akreditatutako prestakuntza entitate pribatuetarako dirulaguntzak, profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza presentziala emateko bakarrik eta tutoretzapean dauden adingabe migranteei". Fitxa hori eskuragarri dago Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus). Eskaeraren inprimakia aipatu fitxan dagoen eskaeraren eredu normalizatua da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-a-centros-de-fp-o-entidades-de-formacion-privadas-acreditadas-para-impartir-formacion-presencial-de-certificados-profesionales-a-menores-migrantes-tutelados

5.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo jasotako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Adierazpena, dioena eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.

Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

5.3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Prestakuntza ekintza gauzatzeko dirulaguntza eskatzen duen entitatearen eta adingabeen tutoretza bere gain duen entitatearen, erakundearen edo elkarteren arteko akordioa, nafarroa.eus atariko tramiteen fitxan ageri den ereduaren arabera.

b) Eskaera-orria sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

c) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintzen eskaera baloratua, nafarroa.eus atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

d) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

e) Aurrekoaz gain, Hezkuntza Departamentuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

5.4. Ez dago eskaerak aurkezteko eperik, baina eskatutako prestakuntzak amaitua egon behar du 2026ko abenduaren 31rako.

6.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

6.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, ez baditu deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten eta behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaera bertan behera uzten dutela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

6.2. Baldin eta eskaeretako prestakuntza ekintzak edo hartzaileak ez badatoz bat deialdi honen xedearekin, eskaera horiek ez dira izapidetzeko onartuko eta artxibatuko dira. Orobat, eskaerok ezin izanen dira zuzendu.

7.–Prestakuntza ekintza baimentzea eta dirulaguntza adjudikatzea.

7.1. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez baimenduko da prestakuntza ekintza eta adjudikatuko da dirulaguntza.

8.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

8.1. Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak banakako ebaluazioren araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.2. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia da deialdi honen eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

8.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari dagokio.

8.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeburua: Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita.

8.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari bidaliko dio ebatz dezan.

8.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 45 egunekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe igarotzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

9.–Entitate onuradunen betebeharrak.

9.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonentzat.

b) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza ekintza egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Aseguru bat izan beharko dute deialdi honetako edozein prestakuntza jardueratan parte hartzearen ondoriozko arriskua estaltzeko, enpresako prestakuntza barne (lanekoak ez diren praktikak), frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa ikastaroaren orduetan gertatzen den edozein istriputarako; horren barnean sartuko dira bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (garraiobidea zein den ere); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Bertaratze ziurtagiri bat ematea prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak emanen ditu bi ziurtagiriak, IRIS aplikazioaren bidez.

g) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

h) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, horren berri ematea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da dirulaguntza.

i) Nafarroako Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

j) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

k) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

l) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak, etengabeko lanbide prestakuntzari buruzko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak beteko dira.

9.2. Gardentasun betebeharrak.

a) Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.

b) Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

c) Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat dago eskuragarri Nafarroako Gobernuaren atarian, tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

d) Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera 10 egun balioduneko epean, horren bidez frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

10.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

10.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematean, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 18. artikuluan araututakoa beteko da.

10.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza hasi baino 2 egun baliodun lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen den bitartean gertatzen badira.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

10.3. Prestakuntza ekintza hasi duten parte-hartzaileen zerrenda jakinarazi behar da, IRIS aplikazio informatikoaren bidez, lehendabiziko 5 eskola egunen barnean.

10.4. Prestakuntza modulu bakar bat programatzen den ekintzetan, prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 igaro baino lehen.

Prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen diren ekintzetan, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, programatutako modulu bakoitzaren hasieratik, baldin eta modulu bakoitzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

Prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen badira eta modulu horiek aldi berean ematekoak badira, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta programatutako moduluetatik gutxien irauten duenaren denboraren %25 gainditu ez bada.

Entitateak izen-emate berrietarako ireki nahi badu ikastaroa, aldez aurretik eskatu beharko dio Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari, nahikoa aurrerapenarekin.

10.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, deialdiaren tramiteen fitxan, 5.1 oinarrian aipatzen den horretan, zehazten diren epeetan eta moduan.

11.–Gastu diruz lagungarriak eta likidazioa.

Prestakuntza entitateak bete beharko du irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 14. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

12.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

12.1. Deialdi hau finantzatuko da 2026ko gastuen aurrekontuaren 420006 42600 4709 322E00 partidaren kargura ("Konferentzia sektoriala. Enplegurako lanbide prestakuntzako ekintzak beste prestakuntza zentro batzuetan").

12.2. Ezin izanen da funtsik aurreratu prestakuntza ekintza hasi baino lehen.

12.3. Prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren, entitateak ordainketa partziala eskatzen ahalko du, eskaera egunera arte gauzatutakoarena. Horretarako, entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

12.4. Justifikazio partzialari dagokion ordainketak ez du inola ere gaindituko prestakuntza ekintzarako guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako ekintza bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

12.5. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela justifikatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

b) Justifikazio-memoria ekonomiko bat, honako kontzeptu hauek gutxienez jasoko dituena (kontzeptuok oinarri hauetako 4.2 puntuan ageri dira):

i.–Material suntsikorren gastuak: material suntsikorrean egindako gastua ordainduko da, entitate antolatzaileari zuzendutako faktura aurkeztuta, baldin eta material hori zalantzarik gabe erabili bada prestakuntza ekintzarako. Gehienez egotziko dena da honako biderketa honek ematen duena: prestakuntza ekintzaren (B edo C graduak) iraupen-orduak bider 1. taulan lanbide arlo bakoitzerako adierazitako modulua.

ii.–Irakasleen gastuak: prestakuntza ekintza eman duen irakasleak edo irakasleek prestakuntza antolatu duen entitateari edo zentroari igorritako faktura aurkeztu beharko da, non agertuko baita benetan zenbat orduz aritu diren irakasten. 46,40 euro egotziko dira prestakuntza ekintzaren barnean emandako ordu bakoitzeko.

Baldin eta entitateak berak kontratatutako langileek ematen badute diruz lagundutako prestakuntza ekintza, beren lanaldiaren %20 gehienez egozten ahalko diote gastuari. Zehazki, beren oinarrizko soldataren %20 egotziko dute. Hori frogatzeko, prestakuntza ekintza noiz eman duen, hilabete horretako nomina aurkeztuko du, bai eta ziurtagiri bat, non entitateko arduradunak ziurtatuko baitu delako irakaslea ordu horietan aritu dela prestakuntza ekintza ematen.

Ziurtagiri bakoitzean zehaztu beharko da irakaslea zertan aritu den, hau da, profesionaltasun ziurtagiri bat eskuratzeko prestakuntza ematen edo prestakuntza osagarria ematen.

iii.–Enpresako prestakuntzaren tutoretza: 70 euro lanekoak ez diren praktikak 2026ko abenduaren 31 baino lehen egiten dituen ikasle bakoitzeko. "CP 7 momento 2" izeneko egiaztagiria aurkeztuko da, beteta eta sinatuta.

12.6. Dirulaguntza justifikatzeko, hilabeteko epea izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita. Prestakuntza ekintzak amaitu behar dira 2026ko abenduaren 31 baino lehen.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragaten bada aurreko ataletan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 15. oinarrian ezarritako itzulketa-prozedura hastea.

12.7. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako zenbateko osora, frogagiri bat aurkeztuko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko eginen dio laguntza zati horri.

12.8. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, 3 hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

Ebaluaziorako eta dirulaguntzarako, justifikatutako hutsegitetzat joko da ikasleak ez bertaratzea eritasunagatik edo istripuagatik, familiakoak zaindu behar izateagatik edo prestakuntza entitatearen zuzendaritzak aintzat hartzen duen aparteko beste edozein inguruabarrengatik. Ikasleek ekarri beharko dituzte ez-bertaratzeen arrazoia egiazki justifikatzen duten agiriak. Nolanahi ere, modulu bakoitzeko bertaratzeen eta justifikatutako hutsegiteen baturak, gutxienez, haren iraupenaren %75 izan behar du.

13.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

13.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso duten taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

13.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori "Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta" delakoaren bidez eginen da. Online egin beharko da, IRIS aplikazio informatikoan dagoen estekaren bidez.

13.3. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

1. "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko xedearekin: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

2. "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein izan den.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan. Ondorio horietarako, kontsiderazio hori deialdia ebazteko ebazpenean adierazi beharko da.

14.–Azpikontratazioa.

14.1. Prestakuntza ekintzak entitate onuradunak gauzatuko ditu zuzenean, eta ezin izanen du beste batzuekin azpikontratatu; ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleak kontratatzea. Irakasleak kontratatzea aipatzen denean, pertsona fisikoak kontratatzea baizik ez dela ulertzen da.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa aurrera eramateko bere gain hartu behar dituen bestelako gastuak kontratatzea.

14.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak egoki betetzen direla.

15.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Ez baldin badira betetzen deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa egin beharra dagoela erabakitzen den egunera artekoak).

15.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez-betetzea prestakuntza ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da baldin eta prestakuntza jardueraren %25 betetzera iristen ez bada (honela neurtua: ordu kopurua bider ekintza bukatzen duten pertsonen kopurua). Horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, gauzatu gabeko zatiari dagokiona kenduta, baldin eta prestakuntzaren %25 baino gehiago gauzatu bada.

15.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz abiatuko da, dirua itzuli beharra dakarren kasuren bat gertatu dela ikusten den unetik (oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarrita dauden kasuak).

15.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ‘dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei’ buruz ezarritakoa.

15.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira deialdian parte hartu eta hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

16.–Datuen babesa.

16.1. Entitate eta zentro eskatzaileek eta onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

16.2. Entitate eta zentro eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta zentroak eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauetan xedatutakoaren arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, hari aurka egiten ez dion heinean. Entitate onuradunak arduratuko dira erregelamendu horren 13. artikuluan zehaztutako informazioa prestakuntza programetan parte hartzen dutenei emateaz.

17.–Aplikatzekoa den araudia.

17.1. Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauetan ezarritako baldintzak aplikatuko dira: irailaren 23ko EFP/942/2022 Agindua –agindu horren bidez arautzen da administrazio eskudunek lanaren arloan egiten duten lanbide prestakuntzarako eskaintza, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin loturikoa– eta uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua, Lanbide Heziketako Sistema antolatzekoa.

Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen.

18.–Dirulaguntzen publizitatea.

18.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

18.2. Entitateak deialdi honen berri emateko eta zabalkunderako baliatzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabili beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

19.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, noiznahi jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

20.–Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubidea.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketetan aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da:

1. Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %10eko penalizazioa.

2. Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30 baino gehiago.

3. Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan ezarritako penalizazioa %50 murriztuko da.

4. Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Ikasleen onarpen zerrendaren jarraipen okerra.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Ez jakinaraztea prestakuntza jardueran izandako aldaketak, egunei, ordutegiei, emateko lekuei, irakasleei edo tutoreei dagokienez.

–Lanbide-orientazioaren konpromisoa adierazi bada, taldeko saioa edo banakako saioak egin ez izana, azken horiek eskatu badira.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik.
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5. Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Lanbide-orientazioaren konpromisoa jakinarazi bada, taldeko saioa edo banakako saioak ez egitea, azken horiek eskatu badira.

–Bertaratze-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Hezkuntza Departamentura.

–Ikasleari "gai" kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %75era ez bertaratu.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

6. Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Bertaratze-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Hezkuntza Departamentuaren gordailura bidalitakoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan (PNL-5) ageri den asistentzia kopuruarekin.

II. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA EKINTZAK GARATZEKO JARRAIBIDEAK

1.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

1.1. Dirulaguntza honen xedeko prestakuntza ekintzek izan behar dute soil-soilik bakarrik dauden adingabe migranteentzat, Nafarroako Gobernuko adingabeak babesteko sistemaren harrerapean edo tutoretzapean daudenak zein egondakoak.

1.2. Prestakuntza ekintzetan, oro har, 5 eta 8 lagun artean parte hartu behar dute. Entitate onuradunek 15 parte-hartzaile arte handitzen ahalko dute kopuru hori, egoki iritziz gero parte-hartzaileen ezaugarriak eta/edo premiak kontuan hartuta.

1.3. Parte-hartzaileak, ezin badira inskribatu enplegu-eskatzaile gisa, egoera administratibo irregularrean dauden pertsona gisa joko dira.

1.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak identifikatutako beharrak eta, orobat, berdintasun eta objektibotasun irizpideak aintzat hartuta. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

1.5. Inskripzioa Nafarroako Gobernuaren atariko prestakuntza atalaren bidez eginen da: (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Beharra egonez gero, entitate onuradunak ikasleen tutoretza bere gain duen entitateari lagunduko dio ikasleak inskribatzen.

1.6. Sartzeko baldintzak:

Profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira, 1., 2. edo 3. mailakoak diren kontuan hartuta:

a) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiri baterako ez da baldintza akademiko edo profesionalik eskatzen, baina ikaskuntza ahalbidetuko duten komunikazio trebetasun nahikoak izan behar dira. Aurretik oinarrizko konpetentzia jakin batzuk izatea eskatzen bada, kasuan kasuko eskaintzak horretarako prestakuntza osagarriak hartzen ahalko ditu barne; kasu horretan, helduen hezkuntzako zentroetara loturik egonen dira, konpetentziak aitortzen direla bermatzeko, zuzenean edo arautuko den prozesuaren bidez.

b) 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradua edo horren baliokidea beharko da, bai eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiri bat, egin beharreko eskaintzan jasotako konpetentziaren ziurtagiri bat edo lanbide arlo bereko 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiri bat ere.

c) 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiri baterako, honako hauek behar dira: teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua, Batxilergokoa edo sarbide ondorioetarako baliokidea, 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, egin beharreko eskaintzan jasotako konpetentziaren ziurtagiria bat edo lanbide arlo bereko 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria.

1.7. C graduen eskaintzen kasuan, sartzeko C gradukoen kasuan baino baldintza gutxiago dituzten B graduak badaude, honela jokatuko da:

a) C graduko eskaintza osoa: C graduari dagokion sarbide baldintza eskatuko da. Beheragoko mailako sarbide baldintza eskatzen duen B gradua ematean plaza librerik balego, B mailako baldintzarekin eskaintzen ahalko dira plaza horiek.

b) C graduko eskaintza modularra: lehenik eta behin, sartzeko C graduaren maila bereko baldintza eskatzen duten B graduak eskainiko dira, eta, azkenik, beheragoko mailako B gradua. Kasu bakoitzean, B gradu bakoitzean sartzeko baldintza eskatuko da.

2.–Ikasleei buruzko jarraibideak.

2.1. Ikasleei buruzko jarraibideak aplikatuko dira parte-hartzaileei ahalik eta onurarik handiena eragiteko moduan. Tutoretza bere gain duen entitateari aldez aurretik emanen zaio jarraibideak aplikatzeko moduaren berri. Neurriok modu malguagoan aplikatzen ahalko dira, tutoretza bere gain duen entitateak behar bezala justifikatutako kasuetan.

2.2. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Hilabete batean hirutan baino gehiagotan huts egitea justifikatu gabe.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzea, prestakuntza ekintza egiten den bitartean ematen den profesionaltasun-ziurtagiriaren edukiaren arabera.

g) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

2.3. Ikasleak prestakuntza ekintza aprobetxatzen ez badu, errespetuz jokatzen ez badu edo segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen ez badu, hasiera batean, moduluaren irakasleak edo gaikuntza duen ikastetxeko edozein pertsonak idatzizko ohartarazpena emanen dio. Ohartarazpena ikasleak sinatuko du. Ikaslea berriro ohartarazten badute prestakuntza probetxuz ez egiteagatik, errespetu faltak izategatik edo segurtasun neurriak ez betetzeagatik, idatziz jakinaraziko zaio ikastarotik kanporatu dutela, eta zigorra ezarriko zaio, araudiak zehazten duenaren arabera.

2.4. Prestakuntza ekintza bat arrazoi justifikaturik gabe uzten duten ikasleek lehentasun txikiagoko irizpide batekin hartuko dute parte hurrengo onarpenean. IRIS kudeaketa aplikazioak ezin badu inguruabar hori jaso, orain arte aplikatutako irizpidea aplikatuko da, hots, ikasleek ezin izanen dute Hezkuntza Departamentuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean izena eman ezta parte hartu ere, harik eta prestakuntza ekintza utzi zutenetik 3 hilabete igarotzen diren arte. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

2.5. Puntu hauetan jasota ez dauden alderdiei dagokienez, lehenik eta behin aplikatuko dira adingabearen tutoretza bere gain duen entitateak emandako jarraibideak, prestakuntza ematen duen entitatearekin koordinatuta.

2.6. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eten dezake, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak atzematen direnean.

3.–Enpresako edo pareko entitateen prestakuntzaren kudeaketa.

3.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte enpresa batean edo pareko erakunde batean, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 21. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

3.2. Entitate onuradunak enpresako prestakuntza modulua egiten lagundu beharko die prestakuntza ematearekin batera profesionaltasun-ziurtagiri baten modulu guztiak egiten dituztenei, betiere egitera behartuta badaude.

Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da enpresako prestakuntzako modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

3.3. Prestakuntza hori Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko da, salbu behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak horretarako baimena ematen badu. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

C gradu batean izena eman eta hura egiten ari diren ikasleen kasuan, enpresan edo pareko entitatean duten prestakuntza partea lanbide modulu bakoitzean zehaztuko da, dagokion prestakuntza planean. Iraupena 80 ordukoa izanen da osotara.

Ikasleek ziurtagiria lortzen badute B graduak edo A graduak gaindituz, enpresako prestakuntza egin beharko dute, 80 ordukoa, 659/2023 Errege Dekretuaren 80. artikuluan ezarri bezala. Zentroari eskatzen ahalko diote enpresako prestakuntza egitetik salbuesteko; horretarako lotura duen lan esperientzia frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Ikasleek enpresako prestakuntza egin behar badute (80 ordu), zentroak aukera bermatu beharko die prestakuntza hori egiteko graduko azken modulua gainditzen dutenetik 4 hilabeteko epean. Ikasleek justifikatutako arrazoiren bat badute eta zentroa ados agertzen bada, zilegi izanen da Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalari eskatzea enpresako prestakuntza atzera dezan.

3.4. Enpresako prestakuntzari uko egitea (B graduetan):

Edozein inguruabar pertsonal, laneko egoera edo abar dela-eta, ikasleek ezin badute edo ez badute nahi enpresako prestakuntza egin (B graduetan) zentroak eskaini dienean, eta betiere graduaren azken modulua gainditu eta hurrengo 4 hilabeteen barruan, ezezkoa jasota geratuko da, enpresan edo pareko entitatean prestakuntzari uko egiteko dokumentua sinatuz.

Kasu horretan, ez da C graduaren ziurtagiririk emanen enpresako edo pareko entitateko prestakuntza egin eta gainditu arte.

3.5. Prestakuntza jasotzea enpresa edo pareko entitatean (modalitate duala) eta prestakuntza jasotzea enpresa edo pareko entitatean (B graduak).

A, B eta/edo C graduko irakasleek zilegi dute erabakitzea prestakuntza egiten ari den pertsona batek ez egitea enpresako edo pareko entitateko prestakuntza, baldin eta irakasle guztiek ados jarrita uste badute pertsona horrek ez dituela gaitasun profesional eta/edo pertsonal nahikoak eskuratu, ez eta jarrera egokia agertu ere, graduan ematen den ordu kopuruaren arabera eskatzen den mailaz jarduteko lanean.

Erabaki hori ezohiko ebaluazio akta batean jasoko da.

3.6. Oro har, profesionaltasun-ziurtagiriaren gainerako prestakuntza moduluak ebaluazio positiboarekin jaso ondoren eginen da prestakuntza enpresa edo pareko entitatean.

Orobat, prestakuntza ekintza ematen den bitartean egiten ahalko da –azken modulua ematen ari denean edo profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza moduluen guztizko iraupenaren %75, gutxienez, bete denean–, baina horretarako Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko da.

Enpresako prestakuntza ekintza bukatu ondoren hasten bada, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta enpresako prestakuntza egonaldiaren hasieraren artean. Beren izaeragatik epe hori betetzeko zailtasunak dituzten profesionaltasun-ziurtagiri jakin batzuetarako baimena eskatzen ahalko zaio Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari, epe hori luzatzeko.

3.7. Enpresako prestakuntzaz salbuestea. C graduan enpresako prestakuntza praktikoko modulua ez da beharrezkoa izanen parte-hartzaileak frogatzen badu profesionaltasun-ziurtagiriari lotutako lan esperientzia duela. Ikasleak salbuestea eskatuko dio prestakuntza zentroari, eta, gutxienez, Lan Bizitzaren txostena erantsiko dio, eta, beharrezkoa izanez gero, enpresaren txosten bat, betetzen dituen eginkizunak jasoko dituena. Zentroak bi asteko epea izanen du eskaera ebazteko.

3.8. Enpresako edo pareko erakundeko prestakuntzak ez dakar berekin inolako lan-harremanik enpresarekin, eta parte-hartzaileek ez dute konpentsazio ekonomikorik jasoko prestakuntza horrengatik.

3.9. 2024ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, eta horren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren arabera, Etengabeko Lanbide Heziketako ikasle guztiek, baldin eta horretarako baldintzak betetzen badituzte eta enpresa edo erakunde parekideetan prestakuntza praktikak egiten badituzte, Gizarte Segurantzan kotizatu beharko dute, eta, beraz, horretarako egin beharreko kudeaketa guztiak dirulaguntzaren esleipendun den zentroak edo ikasleen enpresa hartzaileek hartuko dituzte beren gain, inplikatutako aldeek adostutakoaren arabera.

3.10. Edonola ere, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrarekin bat etorriz, enpresan edo erakunde parekatuan egonaldia hasi aurretik, bermatu beharko da ikasleek laneko arriskuen prebentzioko eginkizun oinarrizkoak betetzeko konpetentziak lortzeko prestakuntza egin dutela. Konpetentzia horiek ezarrita daude 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan (39/1997 Errege Dekretua, urtarrilaren 17koa, Prebentzio zerbitzuen Erregelamendua onesten duena), deusetan ukatu gabe errege dekretu honen 153.2.d) artikuluan ezarritakoa. Horretarako, antolamenduan laneko arriskuen prebentzioaren arloko lanbide modulu edo prestakuntza bloke bat ez duten profesionaltasun-ziurtagirietan, laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza osagarria egin beharko da, III. eranskinarekin bat etorriz. Prestakuntzaren edukiek baliagarriak izan beharko dute errege dekretu horretako V. eranskinean jasotako 2. ikaskuntza emaitza lortzeko.

4.–Jarraipena eta ebaluazioa.

4.1. Etengabeko ebaluazioa. Etengabeko ebaluazioa eginen da egiaztatzeko ea lortu diren lanbide gaitasunak, enplegagarritasunerako gaitasunak eta ikaskuntzaren emaitzak. Horretarako, ebaluazio metodoak eta tresnak egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzen ezaugarrietara egokituko dira, eta dagozkien euskarriekin batera aurkeztuko dira, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko, ebaluazioaren objektibotasuna, fidagarritasuna eta baliozkotasuna bermatzeko, bai eta eskuragarritasuna bermatzeko ere; hori horrela, neurriak eta baldintzak ezarriko dira prestakuntza aldian dauden pertsonen beharretara egokitutako ebaluazio prozesuak egiteko.

4.2. Azken ebaluazioak ikaskuntzaren emaitza guztiak hartuko ditu kontuan. Lanbide modulu baten azken ebaluazioko probara aurkeztu ahal izateko, prestakuntza aldian daudenek egiaztatu beharko dute moduluaren guztizko orduen %75era gutxienez bertaratu direla, modalitate presentzialean.

Lanbide modulu bakoitzak dezimalik gabeko kalifikazio bat izanen du, batetik hamarrera bitartekoa, eta "gaindituta edo gainditu gabe" gisa agertuko da zenbakizko kalifikazio horrekin batera. Bost puntuko edo hortik gorako puntuazioak positibotzat joko dira.

Enpresako prestakuntzaren ebaluazioa lanbide modulu bakoitzaren ebaluazioan eta kalifikazioan jasoko da, ziurtagiri osoen eskaintzen kasuan, eta enpresa edo pareko entitateko prestakuntzarako, B edo A mailako eskaintzen kasuan, "gaindituta" edo "gainditu gabe" terminoetan.

Profesionaltasun-ziurtagiria gainditzeko erabakia irakasle guztiek batera eta ados jarrita hartuko da, eta erabaki horrek prestakuntzan sartutako konpetentzia guztiak eta ikaskuntzaren emaitzak hartu beharko ditu kontuan.

4.3. Profesionaltasun-ziurtagirian jaso beharreko kalifikazioa batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazita.

4.4. Prestakuntza berriro egitea.

Profesionaltasun-ziurtagiri bera gehienez ere bi alditan egiten ahalko da, gainditzen ez bada. Ohiz kanpoko inguruabarrak direla-eta, zilegi izanen da administrazio eskudunak matrikula hirugarrenez egiteko baimena ematea.

4.5. Ebaluazio eta kalifikazio prozesuari buruzko erreklamazioak:

Maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren IV. kapituluan ezarritakoaren arabera, ("Hezkuntza Sistemaren Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako azken ebaluazioei buruzko erreklamazioak"), eta kontuan harturik horren berezitasunak ere, Etengabeko Lanbide Prestakuntzako erreklamazio prozedura honako jarraibide hauen arabera eginen da:

1. Irakasleen argibideak jaso ondoren, ikasleren bat ados ez badago lortutako azken kalifikazioarekin edo prestakuntza praktikoa enpresetan egiteko fasera igarotzeaz hartutako erabakiarekin, erreklamazioa egiten ahalko du, idatziz, bere desadostasuna justifikatzeko nahi beste alegazio aurkeztuz, ikastetxeko zuzendaritzari zuzendua, bi egun balioduneko epean, ikastetxeak azken kalifikazioaren edo hartutako erabakiaren komunikazio ofiziala egiteko ezarritako egunetik hasita.

2. Erreklamazioa jasota, zentroko edo entitateko zuzendariak, edo antolakuntzan haren pareko erantzukizuna duenak, dagokion espedientea irekiko du.

4.6. Modulu edo prestakuntza bloke baten azken kalifikazioaren aurkako erreklamazioa.

Modulu edo prestakuntza-bloke baten azken kalifikazioaren aurkako erreklamazioa jaso ondoren, zuzendariak A, B edo C graduko irakasle taldeari dei eginen dio, erreklamatutako irakaslea izan ezik, erreklamazioa azter dezaten, erreklamazioa aurkezten den egunaren hurrengo egun baliodunean, aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta, eta horren gaineko txostena egin dezaten; txosten horretan jasoko da, arrazoiak emanda, zer erabaki hartzen den berrikusitako azken kalifikazioaren gainean: kalifikazioa aldatzea edo hura berrestea. Ikastetxeko zuzendaritzak txostenaren kopia emanen dio ikasleari edo, hala badagokio, guraso bati edo legezko ordezkariari, ahalik eta epe eta modu laburrenean. Honela bukaera emanen zaio ikastetxean erreklamatzeko prozesuari.

Ikastetxean erreklamatzeko prozesua agorturik, bi egun balioduneko epean, aipatu kopia jasotzen duen egunetik hasita, ikasleak edo, hala badagokio, legezko ordezkariak zuzendaritzari eskatzen ahal dio igor dezala erreklamazioa Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura.

Ikastetxeko zuzendaritzak bi egun balioduneko epean igorriko dio espedientea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari, erreklamazio eskaera egiten denetik hasita.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak, espedientea aztertuta eta, besteak beste, 49/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, txosten bat emanen du. Txosten hori zuzendari nagusi eskudunari igorriko zaio, erreklamazioaren gaineko ebazpena eman dezan.

Zuzendari nagusiaren ebazpena hamar egun balioduneko epean emanen da, gehienez ere, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak espedientea jasotzen duenetik hasita. Ebazpen horrek bide administratiboa amaituko du.

Iragarkiaren kodea: F2606342