108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Aldaketa, Pasabideak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2026ko martxoaren 5ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Pasabideak arautzen dituen ordenantza fiskalean.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Beriainen, 2026ko maiatzaren 12an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

PASABIDEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALAREN TESTU BATEGINA

HITZAURREA

Espainiako 142. artikuluak ezartzen duenez, toki ogasunek behar adina baliabide izan beharko dituzte legeak korporazioei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko eta, nagusiki, horiek bilduko dituzte beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia erkidegoenetan parte hartuz. Ildo beretik doa Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1190 Foru Legearen 260. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan xedatutakoaren babesean, Udal honentzat eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak optimizatzeko, ezartzen da ordenantza hau, arautzen duena tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa, ibilgailuak bide publikotik mota guztietako higiezinetara igarotzen direnean.

Udalaren jabari publikoaren erabilera berezia Administrazioaren aldebakarreko tolerantzia-egintza bat da, funtsean ezeztagarria den egoera bat eragiten duena. Diskrezionalitateak arbitrariotasuna ez dakarrela oinarri hartuta, udal administrazioak behar bezala arrazoitu beharko du lizentzia-ukatze oro, eta behar bezala justifikatu beharko da, ukatzeko erabakiaren arrazionaltasuna ziurtatzeko.

Ordenantzak lizentziak emateko prozedura arautzen du, eta, bizilagunen lana errazte aldera, behin-behineko ofiziozko errolda bat egitea aurreikusten da. Errolda hori udal zerbitzuek eginen dute, eta erabiltzaileek egin nahi dituzten uko eta eskaera guztiak jasoko ditu. Era berean, aurreikusten da behin-behineko erroldan sartutako zergadun bakoitzari jakinarazpen indibidual bat egitea, baita bere aldetik egoki deritzona adierazteko aukera ematea ere, eta hiru hilabeteko epe zabala emanen zaio ahalmen hori baliatzeko.

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Legeari, zehazki haren lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera, eta lege horren 100. artikuluan xedatutakoaren babesean, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua.

2. artikulua. Definizioa.

Pasabidearen definizioa da eremu publikoko espazio baten erreserba, espaloiaren egitura eta haren zintarria aldatuz edo aldatu gabe, ibilgailuak pareko eraikinera sartu edo handik atera ahal izan daitezen.

Erreserbak ordenantza honetan ezartzen diren seinaleak izan beharko ditu; horien xedea izanen da ibilgailuak aparkatzea galaraztea horretarako seinalatutako eremuan.

3. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea da jabari publikoko aprobetxamendu oro, egiten dena ibilgailuak bide publikotik igarotzeko mota guztietako higiezinetara, eraikitakoetara edo eraiki gabekoetara. Horietara garajeetatik zuzenean irits daiteke, edo zeharka: bide partikularretatik, espaloietatik edo jabari publikoko eremuetatik.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen duten entitateak, baldin eta tokiko jabari publikoa beren onurarako baliatzen, erabiltzen edo aprobetxatzen badute, bat etorriz ordenantza honen 3. artikuluan ezarritakoarekin.

Ibilgailuak zer finkatara eta lokaletara sartzen diren, horien jabeak zergadunaren ordezko gisa hartuko dira, eta, hala badagokio, zilegi izanen dute dagokien onuradunei kuotak ordainaraztea.

5. artikulua. Karga-oinarriak.

Ordenantza fiskal honen eranskinean ezarritako tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da kontuan hartuta erabilitako pasabidearen zabaleraren metroak, plaza kopurua eta kalearen kategoria edo eremu fiskala, kasuan-kasuan.

6. artikulua. Tasak.

Beriaingo Udalaren Osoko Bilkurak prezio publikoak urtero onetsiko ditu, ordenantza honetako I. eranskinean ageri den baremoa oinarritzat harturik. 2024. urteko ekitaldirako, II. eranskinean ezarritakoak aplikatuko dira.

7. artikulua. Tributu-kuota.

Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagozkion tasak aplikatuko zaizkio.

8. artikulua. Ordainketa.

Aprobetxamendua ematen denetik sortzen da ordaindu beharra. Hala ere, toki entitateak aprobetxamenduari dagokion zenbateko osoa edo horren zati bat eskatzen ahalko du aurretik.

9. artikulua. Likidazioa.

Ordenantza honetan ezarritako tasak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko dira, eta zergaldiak urte naturala hartuko du. Tasak urtero ordaindu beharko dira, zehaztutako epe eta baldintzetan.

Aprobetxamendua hasi edo bukatzen den kasuetan, horren arabera moldatuko da zergaldia, halako eran non kuota hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko baita, barne harturik hasierakoa edo bukaerakoa ere.

10. artikulua. Ez ordaintzea.

Tasa ez ordaintzetik datozen zerga arloko arau-hausteei dagokienez, jarraituko zaie Ordenantza fiskal orokorrari eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

11. artikulua. Eraikuntzaren ezaugarriak eta bereizgarriak.

1. Forma. Pasabidea egitean, ez da aldatuko sestra ofiziala fatxadaren eta espaloiaren arteko elkarguneak eratzen duen lerroan.

2. Obrak. Titularrak izendaturiko pertsona eskudunek eginen dituzte obrak pasabideak egin, aldatu edo kentzeko, baina betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

3. Materialak. Materialak eta eraikuntzaren ezaugarriak izanen dira alkateak obra-lizentzia ematean zehazten dituenak.

4. Pasabideen edo ibilgailuentzako sarbideen luzera. Pasabide eta ibilgailuentzako sarbide bakoitzaren luzera izanen da, gehienez ere, zintarriaren gainean neurtua, lokalerako sarbidea gehi %25, eta betiere Udalak baimentzen duena.

5. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak erakusgarri batean agertuko dira; haren eredua Udalak zehaztuko du, berea izanen baitu. Sarbideko atarian paratu beharko da.

6. Pasabideko zintarriak horiz pintatu beharko dira, eta udal zerbitzu eskudunek finkatzen dituzten arauei jarraikiz, jabearen kontu betiere.

11 bis artikulua. Pasabideak seinaleztatzea.

1. Oro har, honelakoa izaten ahalko da seinaleztapen horizontala: sigi-saga itxurako zerrenda horiak. Edonola ere, ez bada posible horrelakoak jartzea bidearen dimentsioak edo ezaugarriak direla eta, zerrenda horien ordez, honako hau jartzen ahalko da: luzerako lerro jarraitu hori bat, galtzadaren ertzarekiko paraleloa, eta soil-soilik hartuko duena baimendutako sarbidearen zabalera.

2. Arrazoi teknikoak edo segurtasunari lotutakoak direla medio ezin bada seinaleztapen horizontala jarri, ulertuko da dagokion seinaleztapen bertikala eta udal lizentzia indarduna nahikoa berme direla pasabidearen aurrean aparkatzea debeku dela adierazteko.

3. Seinaleztapen horizontala falta bada, hondatu bada edo ez bada nahikoa, horrek ez du esan nahi aparkatzeko debekua urratu behar denik edo legez baimendutako pasabideak baliorik ez duenik.

12. artikulua. Plakak.

Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak erakusgarri batean agertuko dira; honatx eredua:

R-308 debeku seinalea (aparkatzeko debekua), marra biribil hori batez inguratua, eta azpiko aldean hondo horiko laukizuzen bat, honako idazkun hau daramala: Beriaingo Udala eta ....................... zenbakidun udal lizentzia; bertan trokelatuko da Udalak emandako lizentziaren zenbakia. R-308 seinalearen gainean honako idazkun hau agertuko da: "Gau eta eguneko pasabidea".

Udalak banatuko ditu pasabidearen bereizgarria daramaten plakak, erabiltzaileen kontura betiere.

13. artikulua. Administrazio emakida.

1. Pasabideak gau eta egunekoak baizik ez dira izanen. Ibilgailuak eguneko 24 orduetan iragaten ahalko dira; hortaz, besterik gabe debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuentzat ere.

2. Finken eta negozio lokalen jabe edo errentariek pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko dute eta haien titularrak izaten ahalko dira. Kontzesioaren titularra da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

3. Eskabidea idatziz eginen zaio Beriaingo Udalari. Udal zerbitzuek txostena eginen dute, eta hura Alkatetzari igorriko zaio, onets dezan.

14. artikulua. Lizentziak.

1. Ordenantza honetan arautzen diren lizentzia guztien kontzesioa diskrezionala izanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe, izan ere. Hortaz, ez du titularrarentzako eskubide subjektiborik sortzen eta horrek kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio, edo, betiere, edozein arrazoirengatik baja ematen badiote.

2. Pasabiderako edo ibilgailuen sarbiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek honako hau frogatu beharko dute:

a) Etxebizitzak badira:

Garajeak edo aparkalekuak, baita eraikinak ere, betetzen dituela Beriaingo Udalaren plangintzaren xedapenak.

b) Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira:

Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

3. Pasabidearen edo ibilgailuentzako sarbidearen lizentzia eskabidearekin batean, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileak lokala bestelako jardueratarako erabiliko ez duela adierazten duen deklarazioa.

b) Lokalak zenbat ibilgailu izaten ahal dituen adierazten duen deklarazioa.

c) Ibilgailuentzat gordeko den azalera adierazten duen deklarazioa.

d) Sarbidearen zabalera librea.

4. Orokorrean, ez da pasabiderako lizentziarik emanen 11.4 artikuluan zehaztu baino espazio handiagoa erreserbatzera behartzeko. Salbuespena eginen da desgaitasuna dutenen kasuan, Beriaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuek aitzinetik txostena eginda.

5. Pasabidearen litzentziaren titularrek Beriaingo Udalari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan xedaturiko izapide eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

15. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Pasabidearen titularraren betebeharrak:

1. Pasabidea egokitzeko behar diren obra guztiak bere kontura egitea.

2. Zintarriak eta gainerako seinaleak pintatzea.

3. Pasabidea eta erakusgarria ongi zaintzea.

4. Zoladura berritzea, ibilgailuen joan-etorriak direla-eta haren egoera ona ez bada.

5. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta espaloi-zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

6. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean tokiko jabari publikoa suntsitzea edo narriatzea, onuraduna beharturik dago ordaintzera jabari publikoa berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa, bai eta aurretik zenbateko hori gordailu uztera ere; hori dena, galarazi gabe behar den tasa ordaintzea.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio-galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

7. Titularrak ez baditu betetzen ordenantza honetan ezarritako obligazioak, ez badu tasa ordaintzen edo arau-hauste astunak edo oso astunak egiten baditu, horrek berekin ekar dezake pasabiderako lizentzia errebokatzea. Horretarako, aldez aurretik, dagokion administrazio-prozedura izapidetuko da, eta entzunaldia emanen zaio interesdunari, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administraio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

16. artikulua. Ibilgailuen pasabideen errolda.

1. Udal administrazioak ibilgailuen pasabideen behin-behineko errolda eginen du. Errolda horretan, ibilgailuen pasabideen ezaugarriak une oro ezagutzea ahalbidetuko duten inguruabar fisiko eta juridikoak jasoko dira, baita pasabide horietatik eratorritako eskubideen eta betebeharren titularrak ere.

17. artikulua. Erroldako datuen altak, bajak eta aldaketak.

1. Ibilgailuen pasabideen erroldako altak ofizioz eginen ditu udal administrazioak, bere esku dituen datuen arabera, bai eta, hala badagokio, interesdunek eskabidean emandako datuetan oinarrituta ere. Azken kasu horretan, udal administrazioak egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmena izanen du.

2. Era berean, udal administrazioak erroldan sartuko ditu honako hauei eragiten dieten aldaketa guztiak, baldin eta interesdunek formalki komunikatzen badituzte: baimenaren titulartasunari, baimendutako pasabidearen inguruabar fisiko edo juridikoei, eta baja ematea eta ezabatzea dakarren beste edozein egoerari.

Ibilgailuen pasabideen erroldako ofiziozko alta espresuki jakinaraziko zaio zergadun bakoitzari, eta hiru hilabeteko epea emanen zaio egokitzat jotzen duena alegatzeko eta, hala badagokio, dagokion erroldan argudiatutako baja eskatzeko.

18. artikulua. Arau-hausteak.

Ondotik azaltzen den bezala tipifikatzen dira ordenantza honen aurkako arau-hausteak, deusetan galarazi gabe tributuen arloko araudian, bide segurtasunarenean edo gainerako araudi administratiboan ezartzen diren arau-hausteak eta arlo zibilean edo penalean gerta litezkeen erantzukizunak:

1.–Arau-hauste arinak:

1.1. Pasabidea identifikatzeko plaka egoera onean ez kontserbatzea.

1.2. Sartzeko ateko toki ikusgarri batean ez jartzea pasabidea identifikatzeko plaka.

1.3. Ordenantza honetan ezarritako obligazioak ez betetzea dakarren eta berariaz arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo omisio.

2.–Arau-hauste astunak:

2.1. Pasabidearen titularrak pasabidearen parean traba edo oztoporen bat jartzea, garajera sartzea galarazi edo eragozten duena.

2.2. Zoladura ez berritzea Udalak berariaz hala agintzen duenean.

2.3. Pasabidearen aprobetxamendu berezia gauzatzea behar den baimena izan gabe.

3.–Arau-hauste oso astunak:

3.1. Udalak emandako plaka ofiziala ez den beste bat erabiltzea pasabidea seinaleztatzeko, horrek nahasmena sor dezakeenean udal baimena benetan edukitzearen inguruan.

3.2. Nahitaezko baimenik gabe egitea pasabidearen aprobetxamendu berezia, horrek nabarmen hondatzen duenean zoladura, zintarria edo espaloia.

18 bis artikulua. Zehapenak.

1.–Honako zehapen hauek ezarriko dira aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik:

–Arau-hauste arinak: 50etik 100 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 101 eurotik 200 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 201 eurotik 500 eurora bitarteko isunak.

Arau-hauste astunen eta oso-astunen kasuan, isun ekonomikoaz gain, lizentzia errebokatzen ahalko da.

2.–Zehapenak mailakatzeko, egintzaren munta, interes publikoari eragindako kaltea eta arau-hauslearen berrerortze-maila hartuko dira kontuan.

3.–Isunak jartzea Alkatetzaren eskumena da, horretarako espedientea instruitu ondoren, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean eta Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoarekin bat.

4.–Zehapena diruzkoa baino ez bada, ustezko erantzuleak, ebazpena eman aurreko edozein unetan, borondatez ordaintzeak prozedura amaitzea ekarriko du, eta, orobat, ezarritako zehapenaren zenbatekoa %50 murriztuko da; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin 39/2015 Legearen 85. artikuluan.

Dena den, murrizketa aplikatu ahal izateko, berariaz agertu beharko da hori prozedura hasteko jakinarazpenean, eta ustezko erantzuleak, halaber, uko egin beharko dio zehapenaren aurka ezein errekurtso jartzeari administrazio-bidean. Halaber, behartua egonen da hondatuta egoera lehengoratzera eta eragindako kalte-galerak ordaintzera.

5.–Zehapena jarri arren, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egintzek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

19. artikulua. Errekurtsoak.

Ordenantza hau, edo Beriaingo Udalaren Osoko Bilkuraren egintza nahiz erabakiak edo harekin zerikusia duten alkatearen ebazpenak interpretatzerakoan sortzen ahal diren guztiak errekurtso hauek paratuz ebatziko dira: administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo aldez aurretik eta nahi bada, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita; edo bi horien aurretik, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza eman duen udal organoari zuzendua, jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Hirugarrena.–II. Eranskineko 9. tarifaren ("Industrialdeak") aldaketa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

Laugarrena.–Ordenantza honen alderdi hauetan egindako aldaketak 2026ko abuztuaren 1ean jarriko dira indarrean, ordenantza osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren: zehapen-araubidea (18. eta 18 bis artikuluak); 10. artikuluko prozedurazko alderdiak; pasabideen seinaleztapena (11 bis artikulua) eta 15.7 artikulua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denean, indargabetuta geratuko da Udal honek 2008ko martxoaren 6ko osoko bilkuran onetsitako Pasabideak arautzeko ordenantza (2009ko abenduaren 9ko erabaki baten bidez aldatua), zeina indarrean egon baita orain arte.

I. ERANSKINA–TARIFAK

  • 1. motako tarifa: 2 plaza bitarteko higiezinak.
  • 2. motako tarifa: 3 plazatik 10era bitarteko higiezinak.
  • 3. motako tarifa: 11 plazatik 20ra bitarteko higiezinak.
  • 4. motako tarifa: 21 plazatik 30era bitarteko higiezinak.
  • 5. motako tarifa: 31 plazatik 40ra bitarteko higiezinak.
  • 6. motako tarifa: 41 plazatik 50era bitarteko higiezinak.
  • 7. motako tarifa: 51 plazatik 60ra bitarteko higiezinak.
  • 8. motako tarifa: 61 plazatik 70ra bitarteko higiezinak.
  • 9. motako tarifa: Industrialdeak.

Gainerako kasuetan, hau da, hirurogeita hamar plaza baino gehiago dituzten higiezinetan, metro lineala 8,00 euro garestiago izanen da hamar ibilgailuko tarte bakoitzeko.

II. ERANSKINA.–TASAK

  • 1. motako tarifa: 23,97 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 2. motako tarifa: 47,94 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 3. motako tarifa: 59,94 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 4. motako tarifa: 71,92 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 5. motako tarifa: 83,91 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 6. motako tarifa: 95,89 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 7. motako tarifa: 107,88 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 8. motako tarifa: 119,86 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.
  • 9. motako tarifa:

a) 53,90 euro metro lineal bakoitzeko, 9 metro arte barne.

b) 9 eta 20 metro lineal artean: urteko 500 euroko tarifa bakarra.

c) 20 metro linealetik aurrera: urteko 600 euroko tarifa bakarra.

–Erakusgarria daramaten plakak: 40 euro unitate bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2606940