108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

80E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita interes sozialeko AUZOLAN proiektu komunitarioak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 905817.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 31. artikulua herritarren parte-hartzeari buruzkoa da, eta, xedatzen duenez, gazteek gizartean duten parte-hartzea erraztearren eta erantzukizun sozialeko kontzientzia sustatzearren, mekanismoak ezarriko dira partaidetza sozialeko eredu berriak eratzeko ingurune egokia sortze aldera. Bestalde, 32. artikuluan (boluntariotzari buruzkoa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen zaio gazteek boluntariotza-jardueretan parte hartzea sustatzeko, batez ere gertueneko errealitate sozialetan, balio sozial handia duen aldetik.

Gazteriak erreferentziazko papera du gizarte justu, inklusibo eta demokratikoagoak eraikitzeko bidean. Hala ere, ikusi da gazteen artean erakundeekiko eta partaidetza-prozesu tradizionalekiko gaitzustea zabaltzen ari dela, kausa sozial eta komunitarioekin konprometituta jarraitzen duten arren. Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteentzako partaidetza-politikak diseinatzeko oinarrizko tresna gisa egindako Gazteen Partaidetzaren Diagnostikoan ondorioztatu zen ezen, gazteen parte-hartzeak pixkanaka behera eginen duela pentsatzen den arren, badagoela gazteen parte-hartze sozial eta aktiboa eraldatzeko prozesu sakon bat, hain formalizatuta ez dauden eta koiunturalagoak diren antolaketa-ereduetarantz.

Horregatik, 2025-2028 aldirako Nafarroako Gazteria Estrategiak, partaidetzaren alorrean diharduen arlo estrategikoaren bidez, lortu nahi du herritartasun aktiboa sendotzea gazteen artean eta, aldi beran, parte-hartze sozialeko modu berrietara egokitzea partizipazio-tresna berriak eta metodologia berritzaileak sustatuz. Hala, partaidetza komunitarioko proiektuen sustapenari eta kolektibo informalen esparrua egokitzeari lotutako helburuak ezartzen ditu, gazteek ekimen sozial, kultural eta ingurumenekoetan parte har dezaten beren auzo eta herrietan. Horretarako, funtsezkoa da administrazioek partaidetzako tresna, espazio eta kanal malguagoak eta ez hain egituratuak eskaintzea, gazteek aukera izan dezaten parte hartzeko eta modu zuzen eta askeagoan interakzioan aritzeko.

Horregatik, gazteen parte-hartzea errazte eta sustatze aldera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak dirulaguntza-deialdi hau planteatzen du, elkartekide ez diren gazteen taldeek aurrera ateratako interes sozialeko proiektu komunitarioak laguntzera bideratua. Izan ere, gazteak inplikatu eta bultzatu nahi dira beren ingurune sozial eta kulturalean inpaktu erreala izanen duten partaidetza eraginkorragoetan parte hartzeko.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 1ean hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari baimena ematen zaio banakako ebaluazioaren prozedura bidez eginen den deialdi hau onesteko, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea interes sozialeko AUZOLAN proiektu komunitarioak egiten dituzten eta elkartekide ez diren gazteei dirulaguntzak emateko deialdia, banakako ebaluazio prozeduraren bidez, 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Sarietarako, guztira 30.000 euroko gastua baimentzea, 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazteek zuzenduriko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 4819 232104 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–INTERES SOZIALEKO "AUZOLAN" PROIEKTU KOMUNITARIOAK EGITEN DITUZTEN GAZTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da ingurunean parte-hartzea bultzatuz proiektu komunitarioak egiten dituzten eta elkartekide ez diren gazteen taldeentzako dirulaguntzen emakidaren araubidea ezartzea, interes publikoko eraldaketa sozialeko prozesuak sustatzeko.

Helburu gisa ezartzen da gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea problematika sozialen identifikazioan eta kudeaketan, inpaktu sozialeko proiektu kolektiboak sortuz eta garatuz, sareko lana bultzatuz, gazteen eta eragile sozialen arteko lankidetza sustatuz eta komunitate-egiturak sendotuz. Gainera, Administrazioak partaidetza sozialerako eredu malgu eta moldagarriak garatzea erraztuko du, asoziazionismo formalaren mendekotasun esklusiboa gainditu eta gazte-ekimenen aniztasunak garapen sozial eta kulturalean duen garrantzia aintzatetsi eta babesteko.

Gainera, eskuratutako gaitasunak ziurtatzen ahalko ditu NGIk, Reconoce sarearen esperientzia-katalogoaren arabera.

2. Aurrekontua.

Deialdi honetako 30.000,00 euroko gastua 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazteek zuzenduriko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 4819 232104 partidaren kargura aplikatuko da.

Deialdi hau bukatuko da aurrekontu kreditua bukatzen denean eta, edonola ere, 2026ko urriaren 31n.

3. Onuradunak.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak izaten ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten elkartekide ez diren gazteen talde guztiek:

–Gutxienez 3 eta gehienez 8 gaztek osatuak izatea; haietatik guztiek izan behar dituzte 18 urte beteak eta ez dituzte gainditu behar 31 urteak.

–Taldekide guztiek Nafarroan erroldatuta egon behar dute.

–Taldeak ez du elkarte edo enpresa gisa eratuta egon behar formalki, eta ezin du nortasun juridiko propioa izan.

–Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

Taldeak ordezkari bat eta identifikatzeko izen argi bat izan behar ditu. Taldekideetako bakoitzak modu solidarioan hartuko ditu bere gain proiektua exekutatzetik eratorritako konpromisoak. Eskabidea sinatzen duen pertsona joko da ordezkaritzat.

Proiektu bat planifikatzen duen gazte-taldeak kanpoko erakunde baten (erakunde publikoa edo pribatua) babesa bilatu dezake. Erakunde horren funtzio bakarra zera izanen da: laguntza eta orientazio administratibo eta finantzarioa ematea proiektuaren bizi-zikloan. Kanpo-erakundeak laguntza ematen ahalko du, halaber, proiektuaren emaitzen dokumentazioan eta erabakietan, baina inola ere ez du bere gain hartzen ahalko proiektuaren exekuzio funtsezkoa eta egiletza.

Bestalde, talde sustatzaile bakoitzak proiektu-eskaera bakar bat aurkezten ahalko du. Eta kideetako bat ere ezin daiteke izan deialdi honetan antzeko gaiaren inguruan laguntzak eskatzen dituen beste talde informal batekoa.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Ezaugarriak.

Interes sozial argia duten proiektuak lagunduko dira diruz, gazteen bizi-garapena bilatzen dutenak eta haiek gizartean aktiboki parte hartzea sustatzen dutenak. Lehentasunezkotzat joko dira, besteak beste, eremu hauetako ekintzak:

–Komunitatea eta gizarteratzea nabarmen barne hartzen dituzten proiektu artistiko eta kulturalak; adibidez, jarduera kulturalak, antzerki-estreinaldiak, erakusketak, hitzaldiak, etab.

–Ingurunea kontserbatzeko, ingurumen-sentsibilizaziorako eta jasangarritasuna sustatzeko proiektuak, hala nola erakusketak, lantegiak, ekintza komunitarioak, etab.

–Eremu hauetan berrikuntza soziala edo komunitarioa barne hartzen duten proiektuak: genero-berdintasuna, belaunaldiartekotasuna, kulturartekotasuna, solidaritatea, giza eskubideak, bakearen kultura, etab.

–Baloratzen ahalko dira, halaber, aurreko puntuetan jaso ez arren, gazteria sustatzeko eta haren garapen integralerako intereseko eremuetan oinarritzen diren proiektuak, 2025-2028 aldirako Nafarroako Gazteria Estrategiaren eremu estrategikoekin bat etorriz (emantzipazioa, ongizatea, partaidetza eta gazteentzako informazioa).

4.2. Baldintzak.

Baldintza hauek betetzen dituzten proiektuak aurkezten ahalko dira:

–Irabazi-asmorik ez izatea.

–Herritar guztien parte-hartzea onartzea.

–Funtsean Nafarroako lurralde-eremuan garatzea.

–2026ko urtarrilaren 1aren eta 2026ko urriaren 31ren artean egikarituko den ekintza zibiko puntual bat edo garapen zabalagoko esku-hartze bat izatea.

–Proposamen berri bat izatea edo garapen- nahiz zabaltze-fasean dagoen proposamen bat izatea.

–Gazte sustatzaileek berek pentsatua izatea eta haiek garatu eta egikaritzea, eta taldekide guztiek parte hartzea faseetan.

–Oinarri hauetan eta aplikatu beharreko legedian xedatutako baldintza guztiak betetzea proiektua garatzean eta gauzatzean.

4.3. Diruz lagunduko ez diren eremuak.

Jarduera hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:

–Ikasketa arautuak.

–Kirol-jarduera federatuak.

–Izaera erlijiosoko jarduerak.

–Sexuaren, arrazaren, jatorriaren, erlijioaren, sexu-orientazioaren eta beste edozein ezaugarriren ondorioz bazterkeria bultzatzen duten jarduerak.

–Animaliei tratu txarrak eragitera bultzatzen duten jarduerak.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriek beharrezko gastuak izan behar dute proiektua egikaritzeko eta zuzeneko lotura izan behar dute harekin; hona hemen adibide batzuk:

–Proiekturako behar diren materialak, baliabideak eta azpiegiturak txikiak (ondasun ez-inbentariagarriak) erosi edo alokatzea.

–Jarduera nagusia garatzeko behar-beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak ordaintzea hirugarrenei.

–Jarduerak egiteak zuzenean eragindako gastuak (adibidez, izen-emateen tasak, baimenak, etab.).

–Proiektuari zuzenean loturiko ondasun higigarri eta higiezinak alokatzea exekuzio-aldian, gehieneko muga izanen delarik jasotako dirulaguntzaren % 10.

–Proiektuaren hartzaileentzako garraio-gastuak, justifika daitekeen lurralde-mugikortasuna duten jardueretarako bakarrik; jasotako dirulaguntzaren % 20 izanen da gehieneko muga.

–Hartzaileentzako mantenu-gastuak, justifika daitekeen lurralde-mugikortasuna duten jardueretarako bakarrik; jasotako dirulaguntzaren % 10 izanen da gehieneko muga.

–Proiektuaren jarduerak, parte-hartzaileak eta langileak estaltzeko erantzukizun zibileko aseguruak eta istripu-aseguruak.

–Proiektuaren eta jardueraren berri zabaltzeko materialak eta ekintzak (kartelak, liburuxkak, sareen kudeaketa, etab.).

Aitzitik, hauek ez dira joko dirulaguntza emateko modukotzat:

–Talde sustatzaileko kideei ordaintzea proiektua egikaritu, kudeatu, koordinatu eta hartan parte hartzeagatik.

–Ondasun inbentariagarriak erostea.

–Proiektuaren funtzio nagusiak azpikontratatzea, hala nola proiektuaren xede nagusia eratzen duten jarduerak egikaritzea eta proiektuaren plangintza, koordinazioa, ebaluazioa eta kudeaketa orokorra osatzen duten lanak kontratatzea.

6. Laguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoak proiektua garatzeko gastu guztiak estaltzen ahalko ditu, gehieneko muga 2.500 euro delarik.

7. Balorazio-irizpideak.

1. Eskaerak bereiz eta modu independentean baloratuko dira, irizpide hauen arabera eta 100 puntuko gehienekoarekiko:

a) Proiektuaren kudeaketaren kalitatea (40 puntu gehienez):

–Bideragarritasun ekonomikoa. Baloratuko da egin nahi denaren eta beharrezkotzat planteaturiko aurrekontuaren arteko egokitasun maila (10 puntu).

–Bideragarritasuna, taldearen profila kontuan hartuz. Baloratuko da eskatzaileen prestakuntza ofiziala, xehetasun-maila eta esperientzia (10 puntu).

–Bideragarritasun materiala. Baloratuko da proiektua garatzeko behar diren baliabide materialen eta azpiegituren eskuragarritasuna (20 puntu).

b) Proiektuaren diseinuaren kalitatea. Baloratuko da proposamen berritzailea izatea, bai edukiari dagokionez, bai metodologiari dagokionez (gehienez 20 puntu).

c) Proiektuaren eragiteko ahalmena (40 puntu gehienez):

–0,5 puntu emanen dira proiektuko parte-hartzaile bakoitzeko (gehienez 4 puntu).

–5 puntu bitarte proiektuaren helburu espezifiko bakoitzeko, Nafarroako Gazteria Estrategiarekin duten lotura-mailaren arabera (gehienez 16 puntu).

–Boluntarioek proiektuan parte hartzea (10 puntu).

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten jarduerak (10 puntu).

2. Dirulaguntza hartu ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte; kanpoan geldituko dira hortik beherako balorazioa dutenak.

8. Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2026ko urriaren 31ra arte aurkezten ahalko dira, kreditu erabilgarria baldin badago.

Eskaerak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-proyectos-comunitarios-liderados-por-jovenes-auzolan

9. Agiriak.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Laguntza eskatzeko inprimakia, behar bezala betea; izapide honetarako eskabidetzat joko da, eta eskabidea sinatzen duen pertsona taldearen ordezkari gisa izendatuko du. (III. eranskina).

b) Garatuko diren jardueren proiektua; gutxienez: helburu orokor eta espezifikoak, jardueren deskribapena, egikaritze-egutegia, aurrekontu ekonomikoa, talde eskatzailearen baliabide propioak, espero den inpaktua eta proiektua ebaluatzeko garaian esanguratsua den informazio oro (IV. eranskina).

c) Taldekide guztien NANaren fotokopia. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (III. eranskina).

d) Taldekide guztiak Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, laguntza eskatu aurreko hiru hilabeteetan emana. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (III. eranskina).

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, banku-entitate batek behar bezala ziurtatua eta izenpetua. Ez da eskaera hori aurkeztu beharko esteka honetan alta ematen bazaio laguntza jaso nahi den banku kontua: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta. Izapidea egin ahal izateko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve behar da nahitaez.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, taldekideetako inork ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena. (III. eranskina).

g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, gehienez ere urtebete lehenagokoa, frogatzen duena taldekide guztiek egunean dituztela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (III. eranskina).

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak urtebete lehenago, gehienez, emandako ziurtagiria, frogatzen duena eskatzaileek Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituztela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du NGIk baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta. Dokumentazio hori ez da aurkeztu beharko eskatzailea Gizarte Segurantzaren datuak kontsultatzearen aurka ez badago (III. eranskina).

i) Dagokionean, aurkeztutako proiektuak finantzatzeko eskatutako edo emandako dirulaguntzen erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina).

10. Instrukzioa.

Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza kudeatuko duen unitatea, eta eskaerak izapidetuko ditu.

Eskaerak hobeki ebaluatzeko, aurkeztutako dokumentuetan jasotako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko zaie eskatzaileei, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezaten edo akatsak konpon ditzaten, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondotik, Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 68. artikuluaren arabera.

11. Laguntzak ematea.

NGIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, erregistroan aurkeztu ziren ordena berean.

Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskaera bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

12. Dirulaguntza justifikatzea.

Diruz lagundutako proiektuaren justifikazioa 2026ko azaroaren 6aren aurretik aurkeztu beharko da, eta dokumentazio hau jaso beharko du:

a) Proiektuaren bukaerako memoria, non adieraziko baitira helburu orokorrak, noraino lortu diren eta proiektuaren ebaluazioa, programaren finantzaketarekin batera, bai eta egindako proiektuaren interes estatistikoko datuak eta egin delako egiaztapen grafikoa ere (V. eranskina).

b) Proiektua guztiz egikaritzeko egindako gastuen zerrenda bat, Excel fitxategi batean eta V. eranskinaren araberakoa.

c) Dirulaguntza eskatzen duenarentzat berariaz egindako fakturak, argi xehakatuta, transferentziaren edo kreditu-txartelaren bidez egindako ordainketen egiaztagiriekin batera. Ez da inola ere eskudiruzko ordainketarik onartuko.

13. Ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diruz lagundutako jarduera egin eta erakunde onuradunak justifikazio agiriak (13. oinarrian adierazten direnak) aurkeztu ondotik. Transferentzia bidez eginen da ordainketa.

Hala eskatu bada, lehen ordainketa batean emandako dirulaguntzaren % 60 emanen da gehienez, aurrerakin gisa, emakidaren ebazpena igortzearekin batera. Dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa ordainduko da NGIk, hala badagokio, aurkezturiko azken justifikazioa aztertu eta onesten duenean.

Gastu diruz lagungarriaren % 100 justifikatzen ez bada, benetan gauzatutako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza, betiere, gauzatutako proiektua hurbil baldin badago proiektu osotik.

Dirulaguntza hau jarduera zehatz bat egiteko eman da, eta, beraz, izaera finalista du. Horrenbestez, onuradunek ez dute errenta erabilgarririk, ez baitute ondare-gehikuntza garbirik sortzen, proiektuaren gastuetan gastatzen delako erabat.

14. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren mende egonen dira, eta bereziki honako hauen mende:

–Emakida oinarritzen duen proiektua gauzatzea, ezarritako moduan eta epeetan; hala, zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte, eta haien aplikazioa agiri bidez frogatuko dute; gainera, NGIk eskatutako egiaztapenak onartu eta emanen dituzte.

–Ekarpen ekonomikoa asumitzea, emandako kantitatearen eta dirulaguntza eskatzea eragin duen proiektuaren guztizko kostuaren arteko diferentziaren zenbatekoan. Talde onuradunak ez die inolako gasturik eragiten ahalko proiektuaren hartzaileei.

–Publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen eta NGIren laguntzaren berri emanen da. Horretarako, dirulaguntza jasotzean hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute (III. eranskina).

–Aurkeztutako proiektuan funtsezko aldaketaren bat jazoz gero, horren berri eman beharko dute, aldaketa justifikatzen duten gorabeherak suertatu eta berehala. Halaber, aldaketa egiteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren berariazko baimena beharko dute.

–Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

15. Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Hala ere, ezetsi eginen dira taldekideren batek osatzen duen erakunde juridikoren batek beste deialdi batzuetara aurkeztutako proiektuen helburu, jarduera edo aurrekontu berdinak dituzten eskaerak.

Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez da inola ere izaten ahalko onuradunek proiektua egiteko ordaindutakoa baino handiagoa.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

NGIk ofizioz eginen ditu laguntza emateko eta mantentzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da.

Baldin eta eskatzailea hiltzen bada edo beste edozein inguruabar oso larri gertatzen bada, eta behar bezala justifikatuta badago, ez da atzera botako emandako laguntza.

17. Azpikontratazioa.

Arau orokor gisa, taldeko kideek zuzenean egin behar dituzte proiektuaren xede diren jarduerak eta ezin izan dira azpikontratatu. Proiektuaren funtzio nagusiak azpikontratatzea salbuesten da, hala nola proiektuaren xede nagusia eratzen duten jarduerak egikaritzea eta proiektuaren plangintza, koordinazioa, ebaluazioa eta kudeaketa orokorra osatzen duten lanak kontratatzea.

Azpikontrataziorik ez dagoela joko da baldintza hauek betetzen dituzten egiteko zehatz eta osagarriak (hirugarrenen zerbitzu profesionalak) kontratatzen direnean:

–Ezin dituenak zuzenean talde onuradunak egin.

–Proiektuan argi identifikatzen direnak azpikontratatzeko premia justifikatudun gisa.

–Zenbateko zenbatetsia aurkezturiko aurrekontuan badago.

18. Datuen babesa.

Eskaera deialdi honetan aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek NGIk tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta dirulaguntza honen esleipena kudeatzeko.

Halaber, jakinarazten da eskatzaileak bere datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakeela:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Argibide gehiago jasotzeko:

https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beraren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

20. Aplikatzekoa den legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2607378