108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BORTZIRIETAKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Lekualdatze-lehiaketa, bete dadin familia langilearen plaza bat

Mankomunitateko buruaren 2026ko maiatzaren 22ko 22/2026 Ebazpenaren bidez, familia langilearen lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onartu dira.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legeak eman dion testuaren arabera (foru lege horren bidez onetsi ziren langileen arloko aparteko eta premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

Deialdi honen eta beronen oinarrien aurka, interesdunek aurkez ditzakete 14. oinarrian jasotzen diren errekurtsoak.

Etxalarren, 2026ko maiatzaren 22an.–Mankomunitateko burua, Patxi Castillo Graciarena.

DEIALDIA, FAMILIA LANGILEAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da betetzea familia langilearen plaza bat, lekualdatze-lehiaketaren bidez, jardun dezan Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean (lehen, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea); hona hemen lanpostuaren ezaugarriak:

–Lanpostuaren kodea: 15. Lanpostuaren izena: familia langilea. Araubide juridikoa: funtzionarioa. Maila: D. Lanaldia: %100. Osagarriak: %17 lanpostuaren osagarria, %4 arrisku bereziaren osagarria, %12 mailaren osagarria. Hizkuntz-eskakizuna: euskararen nahitaezko ezagutza, B2 (ahoz), B1 (idatziz) maila.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua); ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legea (foru lege horren bidez onetsi ziren langileen arloko aparteko eta premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

3.–Plaza hutsen kopurua handitzea.

3.1. Deialdi honetako plazak gero osatzen ahalko dira kalifikazio-epaimahaiak organo deitzaileari lehiakideen zerrenda (lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran) igortzen dion egunean hutsik daudenekin.

3.2. Lehiaketa honetan beteko diren plazak hauek izanen dira: ez bakarrik hasieran deialdian sartutakoak eta, kasua bada, aurreko paragrafoak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baizik eta lehiaketan beste plaza bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere bai.

4.–Baldintzak.

Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko langile finkoa izatea (funtzionario nahiz lan-kontratudun finkoa), dela jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) D mailan edo taldean egotea, familia langilearen lanpostuan.

c) Deialdi honetan eskatzen den euskara-maila (B2 ahozkoa, B1 idatzia) edo baliokidea den tituluren bat edo ziurtagiriren bat izatea.

Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, plaza baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko aldatzea parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa.

5.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek jasoko dituzte indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak eta Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarritakoak.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

6.1. 15 egun naturaleko epea izanen da aurkezteko deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

6.2. Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Mankomunitatearen erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://mbortziriak.sedipualba.es). Aukeran, NAN elektronikoa, ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daiteke.

Jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek egindako deialdien hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".

Horietan, izangaiek adierazi beharko dute azaldutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiri autentifikatuak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

7.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Mankomunitateko lehendakaritzak emandako ebazpenaren bidez onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onestsiko da, eta aginduko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Orobat, ohartaraziko da hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Mankomunitateko lehendakaritzak ebazpena emanen du adierazteko lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, lehendakaritzak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

8.–Epaimahaiko kideak.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaia osatuko dute honako hauek:

1.–Epaimahaiburua: Patxi Castillo Graciarena, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Ladis Satrustegui Alzugaray, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariordea.

2.–Epaimahaikidea: Jokin Apezetxea Azkarate, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

Ordezkoa: Alizia Sagaseta Irigoien, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

3.–Idazkaria: Izaskun Gortari Sein, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko jarduneko idazkaria.

Ordezkoa: Nagore Madariaga Iriarte, Arantza eta Igantziko Udaletako idazkaria.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bortz eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek uko egin beharko diote epaimahaian parte hartzeari, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko diote. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak biltzen ahal ditu lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko, eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 40 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatuko eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, aurkezten duenean lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea, eta horretarako jatorrizko agiriak edo kopiak erabiliko ditu.

Salbuespen bakarra izanen dira Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean emandako zerbitzuak, organo deitzaileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak Mankomunitateko iragarki-taulan paratuko ditu parte-hartzaileen puntuazioak, eta bortz eguneko epea emanen du, interesdunek, balorazio horri buruz, alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena.

Lehiaketan parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasun handiena duten pertsonen alde ebatziko da. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko.

10.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-taulan, eta Mankomunitateko buruari igorriko dio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaiak izendatzeko, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean harturik aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

11.–Adjudikatzea eta lanpostuaz jabetzea.

Mankomunitateko buruak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak adjudikatuko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Lanpostua adjudikatu zaien lehiakideek hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi ondotik, salbu eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

12.–Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori hasiko da adjudikazioaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.

Aurreko apartatuan ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren izapidetzeak horretarako aukera ematen duenean.

13.–Datuen babesa.

Jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo beharrezkoa da kontratatu aurreko neurriak aplikatzeko, interesdunak eskaturik), eta DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat).

Datuak zein helburutarako bildu diren, gordeko dira halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez. Azken horretan informazio gehiago dago eskura (https://mbortziriak.sedipualba.es).

Datuak babesteko ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, dbd@bortziriak.eus helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, eta haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean zuzendua Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, epaimahaia izendatu duen udal organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: ..............................................................................................................................., adinez nagusia; NANa: ..............................., jaioteguna: ...........(e)ko ..........................aren .....(e)(a)n, jaioterria: .................................................. (..............................). Bizilekua, jakinarazpenak egiteko (herria): .................................................. (..............................), karrika: .........................................................., zenbakia: ....., solairua: ....., posta kodea: ................, telefonoa: ................................., posta elektronikoa: .................................................................................

ADIERAZTEN DU:

–Betetzen ditudala deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, behar den epean eta moduan, familia langilearen lanpostu bat lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen; aldizkariaren zenbakia eta data:...........................................................

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

ESKATZEN DUT:

–Onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.

Data eta sinadura

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea. Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, deialdiaren 13. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoarekin bat. Helbide honetan kontsultatzen ahal dituzu: dbd@bortziriak.eus.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (40 puntu gehienez).

1. Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean (azken entitate hau desegin zen 2026/01/01ean, egungo Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean eraldatu dela eta) familia langile lanpostuan egindako zerbitzuak: 1 puntu, egindako zerbitzu urte bakoitzeko (40 puntu gehienez).

Oharrak:

a) apartatua:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

5. Langile funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Gehienez 40 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

Iragarkiaren kodea: L2607614