108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

256/2026 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako kirolari eta ikasle egoiliarrentzako 80 plaza betetzeko deialdiaren oinarriak, plaza esleitzen den egunetik (inoiz ez 2026ko irailaren 1a baino lehen) 2027ko ekainaren 30era arteko eperako, oro har, biak barne.

Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak aurkeztu duen txostenean adierazi du beharrezkoa dela Iruñeko Printzearen Gotorlekua kirol egoitza erabiltzeko aukera guztiei ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko bideak erraztea. Hori horrela, proposatu du deialdi bat onestea, oinarriak eta irizpideak ezarriko dituena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan kirolari eta ikasle egoiliarrentzako 80 plaza betetzeko.

Deialdiaren indarraldia plaza esleitzen den egunean hasiko da, inoiz ez 2026ko irailaren 1a baino lehen, eta gehienez ere 2027ko ekainaren 30ean bukatuko da. Salbuespen izanen dira kirolari egoiliarrak, haien kasuan epea uztailera arte luzatzen ahalko baita, frogatzen badute beharrezkoa dutela entrenamenduengatik edo lehiaketengatik, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimena badute.

Araututako ikasketak egiten dituzten egoiliar guztiek ikasturtea amaitutakoan utzi beharko dute egoitza.

Deialdiaren helburua da bidea ematea ibilbide duala egiteko, hots, modua egon dadin kirol jarduera eta betebehar akademikoak, lanekoak edo pertsonalak uztartzeko. Horregatik da beharrezkoa Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako plazak betetzeko oinarriak eta irizpideak ezartzea.

Deialdia kirolariei eta ikasleei zuzenduta dago, jarraian adierazten den lehentasun hurrenkeraren arabera:

1. Nafarroako errendimenduko kirolariak (goi mailakoak, goi errendimendukoak, hobekuntzakoak eta oinarriko errendimendukoak).

2. Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolari nafarrak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira.

3. Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden gainerako kirolariak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira.

4. Kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferentziazkoa den Nafarroako edozein kirol klubetako kirol lizentzia duten kirolariak. Kirol kluba erreferentziazkotzat jotzeko, kasuan kasuko modalitatean Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorena duena izan beharko du. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak erreferentziazkoa ez den klub bateko lizentzia duten beste kirolari batzuen kasuak baloratzen ahalko ditu, betiere kluba kategoria nazionalekoa bada.

5. Nafarroan jaiotako ikasleak edo 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuta daudenak, baldin eta ikasketak egin ahal izateko Iruñean ostatu hartu behar badute.

Eskaerak, lehenbizi, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako zuzendaritzak aztertuko dituzte, eta, ondoren, plazak esleitzea proposatuko da.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 10ean hartutako Erabakiaren arabera (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 13koan), Nafarroako Errendimenduko Kiroleko kirolariak izateagatik Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan egoiliar plaza lortzen dutenak ostatu kuotak ordaintzetik salbuetsita egonen dira. Nolanahi ere, hartzen dituzten mantenu zerbitzuak ordaindu beharko dituzte, egoitzako sukalde-jantoki zerbitzuaren kudeaketa kontratua esleiturik duen enpresak ezarritako prezioekin bat.

Kirolari egoiliarrak, ez badira Nafarroako errendimenduko kirolariak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren laguntzen edo salbuespenen onuradunak, bai eta ikasle egoiliarrak ere, beharturik daude ostatuaren eta mantenuaren indarreko prezioak ordaintzera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako moduan (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa). Prezio horiek aldatzen ahal dira.

Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarriko errendimenduko kirolaritzat hartzeko baldintzak, horiek baitira errendimenduko kirolaren mailak, zenbait administrazio-xedapen eta -ebazpenetan jasota daude: 9/2012 Foru Dekretua, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola arautzen duena. 240/2015 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak. 329/2015 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, prozedura arautzen duena Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarriko errendimendukoan sartzeko.

Goi mailako kirolarien akreditazioa zehazturik dago Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileren martxoaren 30eko 410E/2026 Ebazpenean; horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen behin betiko zerrenda. Nafarroako errendimenduko gainerako mailak egiaztatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak berak ziurtagiri bat eman beharko du, interesdunak eskatuta.

Deialdi honetako plazak esleitzearen ondorioetarako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarriko errendimenduko kirolari izaera lortzen da, zalantzarik gabe, otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan, martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean eta maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan eskatutako betebeharrak betez.

Betebehar horiek erabat objektiboak dira, eta Kirol Administrazioak ezin izanen du inolako balorazio subjektiborik egin.

Egoitzak behar bezala funtzionatzeko oinarrizko arauak jasota daude Barne Funtzionamendurako Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 173E/2022 Ebazpenaren bidez.

Azaldu beharra dago Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren okupazioaren eta funtzionamenduaren ondoriozko gastuen aurrekontua egina eta sartua dagoela Nafarroako 2026ko aurrekontu orokorretan; hain zuzen ere, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren zentroei dagozkien gastu-partidetan.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako kirolari eta ikasle egoiliarrentzako laurogei plaza betetzeko deialdiaren oinarriak, zeinak eranskinean jaso baitira. Plaza horiek esleitzen diren egunetik (inoiz ez 2026ko irailaren 1a baino lehen) hasi eta, gehienez ere, 2027ko ekainaren 30era arteko eperako izanen dira, oro har, biak barne, salbu eta kirolari egoiliarren kasuetan, haientzako uztailera luzatzen ahalko baita, frogatzen badute beharrezkoa dutela entrenamenduengatik edo lehiaketengatik, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimena badute.

2. II. eranskinean jasotako eskaera-eredua onestea.

3. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori guztia, gainerako eranskinekin batera, interesdunen eskura egonen da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web orrian, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren egoitzan, Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan ere.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzara, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzara, Miguel Indurain Fundaziora eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 6an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan kirolari eta ikasleentzako dauden egoiliar plazak esleitzeko prozedura.

2.–Egoitza.

Printzearen Gotorlekua kirol egoitza, Goroabe kalea 36, 31005 Iruña (Nafarroa).

2.1. Erabilgarri dagoen plaza kopurua: 80.

2.2. Ostatua: deialdi honen bidez esleitzen dira Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan ostatu hartzeko plazak, baina bakar-bakarrik plaza esleitzen den egunetik (inoiz ez 2026ko irailaren 1a baino lehen) hasi eta, gehienez ere, 2027ko ekainaren 30era arte doan eperako (biak barne). Salbuespen izanen dira kirolari egoiliarrak, haien kasuan epea uztailera luzatzen ahalko baita, frogatzen badute beharrezkoa dutela entrenamenduengatik edo lehiaketengatik, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimena badute.

Araututako ikasketak egiten dituzten egoiliar guztiek ikasturtea amaitutakoan utzi beharko dute egoitza.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, baliabideak errentagarri egitearren, Printzearen Gotorlekua kirol egoitza ixtea erabakitzen ahalko du, egoiliar gutxi batzuk baino ez dauden asteburuetan edo oporraldietan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 10ean hartutako Erabakian xedatutakoarekin bat (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), Nafarroako errendimenduko kirolari egoiliarrak ostatu kuotak ordaindu beharretik salbuetsiak egonen dira. Erabaki horren bidez, Institutuari atxikitako zentroak erabiltzeko gehieneko prezio eta tarifen gaurkotzea eta haien araubidea onetsi ziren.

2.3. Mantenua: deialdi honek ez du otorduetarako gasturik estaltzen.

Jantokiko zerbitzuko gaur egungo prezioak (BEZa barne) honako hauek dira:

–Gosaria: 2,82 euro.

–Bazkaria: 9,31 euro.

–Afaria: 8,32 euro.

–Mantenu osoa: 20,45 euro.

Prezio horiek egoitzako sukalde-jantoki zerbitzuaren emakida duen enpresak eskainitakoak dira.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, baliteke Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako mantenu zerbitzurako laguntzak ematea, baina, bakar-bakarrik, goi mailako eta goi errendimenduko kirolarientzat. Balizko laguntza horiek emanen dira kasuko dirulaguntza deialdiaren oinarri arautzaileetan onesten diren baldintzetan eta horretarako dagoen aurrekontu kreditu erabilgarriaren arabera.

Laguntza horiek ezarriz gero, honako hauek izan daitezke diruz laguntzen ahal diren zenbatekoak:

–Goi mailako kirolariak: mantenu kostuaren %100 arte.

–Goi errendimenduko kirolariak: mantenu kostuaren %50 arte.

Egoiliarrak, ez badira errendimenduko kirolariak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren laguntzen edo salbuespenen onuradunak, beharturik daude ostatuaren eta mantenuaren prezioak ordaintzera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako moduan (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).

3.–Onuradunak.

Honako hauek eskatzen ahalko dute plaza Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan:

–Nafarroako goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako eta oinarriko errendimenduko kirolariak, baldin eta 14 eta 30 urte bitarte bazituzten 2025eko abenduaren 31n.

–Nafarroako kirolariek, baldin eta teknifikazio programa nazionaletan ari badira Larrabide Estadioa Nafarroako Gobernuko Nafarroako Kirol Teknifikazioaren Zentroan, eta 14 eta 30 urte bitarte bazituzten 2025eko abenduaren 31n.

–Gainerako kirolariek, baldin eta teknifikazio programa nazionaletan ari badira Larrabide Estadioa Nafarroako Gobernuko Nafarroako Kirol Teknifikazioaren Zentroan, eta 14 eta 30 urte bitarte bazituzten 2025eko abenduaren 31n.

–Nafarroako klubetako kirolariek, baldin eta kirol lizentzia badute kategoria nazionalean ordezkaritza duen edozein kirol klubekin, klub hori erreferentziazkoa bada Nafarroan bere kirol modalitateko mailarik gorenean –hau da, Nafarroako Foru Komunitatean, dagokion modalitatean kirol maila handieneko kluba izatea–, eta 14 eta 30 urte bitarte bazituzten 2025eko abenduaren 31n.

–Nafarroan jaiotako ikasleak edo 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen Foru Komunitatean erroldatuta daudenak, baldin eta ikasketak egin ahal izateko Iruñean ostatu hartu behar badute eta 2026an 16 eta 26 urte bitarte betetzen badituzte –biak barne–.

–Aurreko baldintzak bete gabe ere, plaza hutsak egonik, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren oniritzia jasotzen duten pertsonak.

4.–Baldintzak.

Plaza eskatzen dutenak ezin dira egon zehapen administratibo irmo edo kondena-epai irmo bat betetzen, ez eta zehapen edo kondena-epai bat bete zain ere, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Eskaera aurkezten duten pertsona guztiek egiaztatu beharko dute beren familia-bizilekua Iruñetik 15 kilometrora baino gehiagora dagoen udalerri batean dagoela, salbu eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren oniritzia jasotzen badute.

4.1. Ikasketa arautuak egiten ari diren kirolari egoiliarrek eta ikasle egoiliarrek egiaztatu beharko dute deialdi hau argitaratzen den unean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuak egiten ari direla edo unibertsitate-ikasketak egiten ari direla ikastetxe ofizial batean.

4.2. Ikasketa arauturik egiten ez duten kirolari egoiliarrek egiaztatu beharko dute lan jarduera bat egin dutela deialdia argitaratu aurreko hamabi hilabetean.

4.3. Aurreko atalak bete ez arren, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren iritziz kirol helburu bereziki garrantzitsu bat prestatzen ari diren kirolariak.

4.4. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak baloratu dezake ea goian ezarritako baldintzak betetzen ez dituen eskaera justifikaturen bat onar daitekeen, salbuespenez.

5.–Eskaerak.

5.1. Eskaera aurkeztea.

Eskaera egoiliar bakoitzak aurkezten ahalko du, edo haren aitak, amak edo legezko ordezkariak. Kirolari egoiliarren kasuan, Nafarroako kirol federazioek edo federazio nazionalek aurkezten ahalko dute eskaera haien izenean, edo kategoria nazionalean ordezkaritza duten eta Nafarroan erreferentziazkoak diren klub nafarrek. Kirol kluba erreferentziazkotzat jotzeko, Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorenekoa izan beharko du, kasuan kasuko modalitatean.

Eskaerak elektronikoki aurkezten ahalko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxaren bidez, "Tramitatu" aukeratuz. Aurrez aurre ere aurkezten ahalko dira, eta, horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliko da (II. eranskina).

Halaber aurkezten ahalko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Erregistroan (Nafarroa Arena-Kirolaren Etxea, Aizagerria plaza 1, 31006 Iruña), II. eranskinean jasotako ereduaren arabera, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz ere.

Eskaera postaz aurkezten bada, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio eskaera igorri duela, rentidad@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Bi baldintza horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nolanahi ere, eta plaza hutsik dagoen bitartean, horiek eskatzeko aukera izanen da aurreko paragrafoan aipatutako epea bukatu bada ere.

Eskaerak aurkezteak berekin dakar deialdi hau bete-betean onartzea, aurkeztutako datuen zehaztasun eta egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena egitea eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren barne funtzionamendurako Erregelamenduaren arauak ezagutzea eta onartzea (erregelamendu hori Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 173E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

5.2. Dokumentazioa.

5.2.1. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Kirolari egoiliarrek eta ikasle egoiliarrek, biek, aurkeztu beharreko dokumentazioa:

–II. eranskinean zehaztutako eskaera-orria (elektronikoki aurkezten diren eskaerak izan ezik).

–Argazki bat (nortasun agirikoaren neurrikoa).

–NANaren fotokopia.

–Kasua bada, familia ugariko kidea dela egiaztatzea.

–Bi anai-arrebak edo gehiagok plaza eskatuz gero, familia liburuaren kopia.

–Ikasketa arautuak egiten ari direnak, 2025-2026 ikasturteko matrikula.

b) Kirolari egoiliarrek aurkeztu beharreko agiriak:

–Nafarroako errendimenduko kirolariak: Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak berak emandako ziurtagiria, non zehaztuko baita Nafarroako errendimenduko kirolaria dela (goi mailakoa, goi errendimendukoa, hobekuntzakoa eta oinarrizko errendimendukoa).

–Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolariak, baldin eta programa horiek Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira: inplikaturik dauden federazioek emandako ziurtagiria, teknifikazio programa horietan parte hartzen ari direla zehazten duena, eta 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

–Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden gainerako kirolariak, baldin eta programa horiek Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira: inplikaturik dauden federazioek emandako ziurtagiria, teknifikazio programa horietan parte hartzen ari direla zehazten duena.

–Kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferentziazkoa den Nafarroako edozein kirol klubetako kirol lizentzia duten kirolariak: 2026-2027 denboraldian klub horretako kide dela egiaztatzen duen kirol fitxa.

–4.2 puntuan aipatutako kirolariek lan kontratua edo antzekoa aurkeztu beharko dute, lan jarduera justifikatzeko.

c) Ikasle egoiliarren dokumentazioa:

–2026ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

–2025-2026 ikasturterako Hezkuntza Departamentuaren beka jaso dutenek esleipenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

–Kasua bada, 2025-2026 denboraldiko federatu-txartelaren kopia.

5.2.2. Akatsak eta aurkeztu gabeko dokumentazioa zuzentzea.

Agiriren bat falta dela ikusiz gero edo agiriak akastunak badira, bost egun natural emanen zaizkio interesdunari, jakinarazpena egiten denetik aurrera, akatsa zuzen dezan edo agiria aurkez dezan. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez badu, ulertuko da bere eskaeran atzera egiten duela.

6.–Balorazioa.

6.1. Kirolari egoiliarrak:

Kirolari egoiliarren eskaerak honako talde hauetakoren batean sartuko dira:

a) Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarriko errendimenduko kirolariaren katalogazioa, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz:

–9/2012 Foru Dekretua, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena.

–240/2015 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak.

–329/2015 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, prozedura arautzen duena Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimendukoan sartzeko.

–410E/2026 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen behin betiko zerrenda onesten duena.

b) Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen diren teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolari nafarren katalogazioa. Izaera hori frogatzeko, kasuan kasuko federazio nazionalak egiaztagiri bat eman beharko du, eta hartan adierazi ostatua eskatzen ari den kirolaria atxikirik dagoela Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen den teknifikazio programa nazional bati.

c) Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen diren teknifikazio programa nazionalen barruan dauden gainerako kirolarien katalogazioa. Hori frogatzeko, kasuan kasuko federazio nazionalak egiaztagiri bat eman beharko du, eta hartan adierazi ostatua eskatzen ari den kirolaria atxikirik dagoela Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen den teknifikazio programa nazional bati.

d) Kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferentziazkoa den edozein kirol klubetako kirol lizentzia duten kirolarien katalogazioa. Kirol kluba erreferentziazkotzat jotzeko, dagokion modalitatean Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorena duena izan beharko du. Lizentzia frogatzeko, kasuan kasuko klubak emandako fitxa beharko da, non frogatuko baita ostatua eskatzen ari den kirolaria klub horri atxikirik dagoela 2026-2027 denboraldian (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak erreferentziazkotzat hartzen ez den klub bateko lizentzia duten beste kirolari batzuen kasuak baloratzen ahalko ditu, betiere kategoria nazionalekoak badira).

6.1.1. Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu, eta zerrenda bat prestatuko du honako irizpide hauen arabera:

Plaza horiek lortzeko lehentasuna izanen dute, jarraian ezartzen den lehentasun hurrenkerari jarraikiz, honako kirolari hauek:

1. Goi mailako kirolariak.

2. Goi errendimenduko kirolariak.

3. Hobekuntzako kirolariak.

4. Oinarriko errendimenduko kirolariak, 2025eko abenduaren 31n 14 urtetik 16 urtera bitarte zutenak, biak barne.

5. Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolari nafarrak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira.

6. Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden gainerako kirolariak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira.

7. Kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferentziazkoa den edozein kirol klubetako kirol lizentzia duten kirolariak. Kirol kluba erreferentziazkotzat jotzeko, kasuan kasuko modalitatean Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorena duena izan beharko du.

6.1.2. Kirol maila bakoitzaren barruan, kirolari eskatzaileek izanen dute lehentasuna, hurrenkera honi jarraikiz:

1. 2025-2026 ikasturtean plaza izan dutenak Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan.

2. Kasuan kasuko kirola egituratzeko proiektu bat garatzeko asmoz lankidetza hitzarmen bat sinatu duen klub baten emakumeen erreferentziazko talde bateko kide direnak.

3. Familia-bizilekua Iruñetik urrutien duten kirolariak.

4. Familia ugariko kideak direnak.

5. Adinaren arabera:

  • 1. 14 eta 24 urte bitartekoak, lehentasuna emanez adinez nagusiagoei.
  • 2. 25 eta 30 urte bitartekoak, lehentasuna emanez adinez txikiagoei.

Kontuan hartuko den adina eskatzaileek 2026ko abenduaren 31n dutena izanen da, eta kirol katalogazioa, eskaera egiteko unekoa.

6. Eskaera aurkeztu den ordenaren arabera.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak kasuan kasuko federazioei edo kirolari eskatzaileei.

6.1.3. Kirolari gisa aurkezten diren eskaeren kasuan, baloratu ondoren ez badira katalogatzen goian aipatutako kirolari taldeetan (6.1), ikasleen eskaera gisa baloratuko dira zuzenean.

Plazak kirolari egoiliarrei esleitu ondoren, gainerako plazak eskaera egiten duten ikasle egoiliarrei esleituko zaizkie, baloratu ondoren.

6.2. Ikasle egoiliarrak:

Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako zuzendariak eta unitate horretako teknikari batek osatutako batzorde batek aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu, eta zerrenda bat prestatuko du, irizpide hauen arabera:

6.2.1. Lehentasun irizpideak eta ordena:

a) Lehenik eta behin, lehentasuna izanen dute 2025-2026 ikasturterako plaza lortu zuten eta aldi horretan egoitzan bizi izan ziren ikasle egoiliarren eskaerek.

b) Bigarrenik, 2025-2026 ikasturtean plaza lortu zutenen eta 2026-2027 ikasturterako ere plaza eskatzen dutenen anai-arrebek.

c) Gainerako eskaerak kontuan hartuko dira, baldin eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte.

6.2.2. Eskaeren kopuruak gainditzen badu deialdi honetan ezarritako gehieneko plazen kopurua, baremo hau aplikatuko da azken atal horretako eskaeren artean (6.2.1):

a) 2025-2026 ikasturteko ikasketa maila:

–Unibertsitate-ikasketak: 10 puntu.

–Batxilergoa / goi mailako LH: 8 puntu.

–DBH / erdi mailako LH: 6 puntu.

–Beste ikasketa batzuk: 4 puntu.

b) Familia-bizilekutik Iruñera dagoen distantzia:

–30 km baino gehiago: 6 puntu.

–15 eta 30 km artean: 3 puntu.

c) 2025-2026 denboraldian federazio-lizentzia izatea: 5 puntu.

d) 2025-2026 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren bekaz baliatu izana: 3 puntu.

e) Familia ugariko kidea izatea: 3 puntu.

f) Anai-arreba batek baino gehiagok egitea eskaera: 3 puntu.

6.3. Eskainitako plaza guztiak bete ondoan, gainerako eskaerak erreserban geldituko dira, eta baja baten ondorioz plazaren bat hutsik geldituz gero onartzen ahalko dira.

7.–Ebazpena.

7.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako zuzendaritzak egindako baterako proposamenari jarraikiz.

7.2. Eskaerak ebazteko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

7.3. 5.2.1 puntuan eskatutako dokumentuak aurkezteko epea bukatutakoan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpen baten bidez onetsiko da 2026-2027 ikasturterako esleitzen diren egoiliar plazen behin-behineko zerrenda.

7.4. Ostatua ordaindu behar dutenek, ostatu hartzearen hileko kuota bat adinako ordainketa egin beharko dute 15 egun naturalean, behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Diru hori 2027ko maiatzeko ordainketari dagokio (egonaldiaren azken hilabete osoari, alegia). Zenbateko hori itzuliko da baldin eta plazari uko egiten bazaio ostatu hartzen hasi baino lehen, eta 2026ko irailaren 15ean beranduenez; aldiz, egoitzan ostatu hartzen hasi ondoren baja hartzen bada ikasturtea bukatu baino lehen, zenbateko hori ez da itzuliko.

7.5. Behin betiko ebazpena onetsi ondoren aurkezten diren eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, hilabete batean gehienez ere.

8.–Esleipena.

8.1. Plaza esleitzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Goian aipatutako ostatu hartzearen hileko kuota bat ordaintzea, hala dagokionean.

–Aurreko egonaldiei dagozkien hilabeteko kuota guztiak ordainduak izatea.

–Plaza esleitzeko aintzat hartutako merezimenduak eta baldintzak mantentzea edo hobetzea.

–Ez egotea Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako zuzendariak emandako kontrako txostenik, plaza berritzen dutenen kasuan.

8.2. Egoiliar plaza bat esleiturik izateak honetarako eskubidea dakar:

–Zortzi hilabetez ostatu hartzeko eskubidea, urriaren 1etik maiatzaren 31ra arte gutxienez (Gabonetan eta Aste Santuan salbu). Zerbitzua hilero fakturatuko da, hilabete bakoitzaren lehenbiziko hamabost egunen barruan. Irailean eta ekainean, berriz, ostatu egunak aste oso bakoitzeko ordainduko dira.

–Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroaren eta Guelbenzu jolaslekuaren instalazioak doan erabili eta gozatzeko eskubidea, horretarako ezartzen diren baldintzetan, eta betiere Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren oniritziarekin.

8.3. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak atzera botatzen ahalko du, osorik edo partez, emandako plaza erabiltzeko eskubidea, honako kasuotan:

–Barne araudia ez betetzea.

–Egoitzaren instalazioak behar ez bezala erabiltzea.

–Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroaren eta Guelbenzu jolaslekuaren instalazioak behar ez bezala erabiltzea.

–Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

–Eskaeran datu faltsuak jartzea.

–Ohiz kanpoko premiazko egoerak, zeinen ondorioz egoitzako logelak edo instalazioak Nafarroako Gobernuaren esku utzi beharko liratekeen. Hori gertatu zen, esaterako, COVID-19ak eragindako pandemian.

9.–Betebeharrak.

a) Errendimenduko kirolarien betebeharrak:

–Norberaren kirol proiektua edo programazioa betetzea, bere helburuak lortzearren.

–Kirol helburuak eta garapen pertsonala betetzeko moduko bizimodua izatea.

–Hautatzen duten guztietan Nafarroa ordezkatzea.

–Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak deitutako bilera edo azterketa medikoetara joatea.

b) Gainerako egoiliarren betebeharrak:

–Ordaintzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakian ostatu hartzeko ezarritako prezioak (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), edo, kasua bada, Nafarroako Kirolaren Institutuak ezartzen dituen prezioak.

–Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrari dagokio bakar-bakarrik, hirugarren baten bidez ordaintzen badu ere.

c) Betebehar komunak.

–2.3) oinarrian adierazten diren laguntzak onestea galarazi gabe, egoiliar guztiek egoitzako sukalde-jantoki zerbitzuaren esleipena duen enpresak ezartzen dituen prezioak ordaindu beharko dituzte, 2.3 oinarrian ezarritako zenbatekoen arabera. Prezio horietan aldaketak izan daitezke, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak onetsi beharko dituenak.

–Astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan jantokiko zerbitzu osoa erabiltzea (gosaria, bazkaria eta afaria), eta ostiraletan, gosari eta bazkari zerbitzua. Betebehar horretatik salbuesteko, ezinbesteko arrazoiak justifikatu beharko dira, eritasuna, esate baterako, edo txapelketaren edo topaketaren batera joatea eta, horren ondorioz, ezinezkoa gertatzea Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan egotea.

–Aurreko paragrafoan aipatutako arrazoiren batengatik jantoki zerbitzua erabili behar ez bada, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko da; izan ere, ez bada horren berri ematen ezarritako epean, erabili ez den zerbitzua ordaindu beharko zaio, hilabetea bukatutakoan, zerbitzua ustiatzeko kontzesioa duen enpresari.

–Betetzea Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren Barne Funtzionamendurako Erregelamenduan (Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 13an emandako 173E/2022 Ebazpenaren bidez onetsia) ezarritako arauak, bai eta egoitzako zuzendariak ematen dituen jarraibideak erregelamendu hori aplikatzeko.

–Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroa eta Guelbenzu jolaslekua erabiltzeko eta gozatzeko ezarritako arauak errespetatzea.

–Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren Zuzendaritzak deitzen dituen bileretara joatea.

10.–Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzorde bat ezartzen da, honako hauek osatua: Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako zuzendariordea, Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroko zuzendaria eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako zuzendaria.

11.–Publizitatea.

Oinarri hauek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain, interesdun guztien eskura jarriko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko bulegoetako iragarki-tauletan, bai eta Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta berau aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

II. ERANSKINA.–IRUÑEKO PRINTZEAREN GOTORLEKUA KIROL EGOITZAN 2026-2027 IKASTURTEAN EGOILIAR IZATEKO ESKAERA

Eskaera hau aurkezten dut, honako hau naizen aldetik:

KIROLARIA:

Nafarroako errendimenduko kirolaria (ziurtagiri aurkeztu)

Teknifikazio programa nazional bateko kirolaria (ziurtagiria aurkeztu)

Erreferentziazko talde bateko kirolaria (kirol fitxa aurkeztu)

IKASLEA:

DATU PERTSONALAK:

Deiturak: ....................................................................................................... Izena: .................................................

NANa: ................................................... Jaioteguna: ................................. Jaioterria: ..............................................

Helbidea ........................................................................................ Herria: ...................................................................

Posta kodea: .......................... Telefonoa: ..................................... Telefono mugikorra: .................................................

Helbide elektronikoa: .....................................................................................................................................................

Aitaren/amaren edo legezko ordezkariaren datuak(adingabeen kasuan, aitak/amak/tutoreak edo legezko ordezkariak sinatu behar du eskaera):

Deiturak: ....................................................................................................... Izena: .................................................

NANa: ................................................... Helbidea: ...........................................................................................................

Herria: ......................................................................................................................... Posta kodea: ...............................

Telefonoa: .................................................................. Telefono mugikorra: ......................................................................

Helbide elektronikoa: .....................................................................................................................................................

2025-2026 ikasturtean zein ikastetxetan matrikulatu den (egiaztatu behar da):

....................................................................................................................................................................................

Ikasketak: ..................................................................................................................................................................

Espezialitatea: ............................................................................................................. IKASTURTEA: .............................

2026-2027 ikasturtean zein ikastetxetan matrikulatuko den:.......................................................................................

Ikasketak: ...................................................................................................................................................................

Espezialitatea: ............................................................................................................ IKASTURTEA: .............................

Lanean edo praktiketan arituko da? BAI (ziurtagiria aurkeztu behar da)

Kontratu mota (finkoa, behin-behinekoa, proba, praktikak): ............................................................................................

Iraupena: .......................... Enpresa: ..........................................................................................................................

KIROLARIEK bete beharrekoa:

Kirol datuak:

Nafarroako federazio honetan federatua: ....................................................................................................................

Zein klubetakoa den: .................................................................................................................................................

Kategoria edo liga: ...................................................................................................................................................

Denboraldia: .................................................................................................................................................................

Kirol arduradunaren edo entrenatzailearen datuak:

Deiturak: ...................................................................................................... Izena: ..............................................

Helbidea: ................................................................................................. Telefonoa: ............................................

Helbide elektronikoa: ..................................................................................................................................................

Plaza doan ez duten KIROLARIEK eta IKASLEEK bete beharrekoa:

Hautatu gela mota (1etik 4ra), lehentasunaren arabera (lehentasunik handiena 1, gutxiena 4). Prezioak indarrean daude beste batzuk onetsi arte.

Birentzako logela, komun kolektiboarekin

140,00 euro

Lagun batentzako logela, komun kolektiboarekin

230,00 euro

Lagun batentzako logela, komun propioarekin

270,00 euro

Birentzako logela, komun propioarekin

190,00 euro

(*) Egoitzak erabakiko du, ez beste inork, zein gelatan egonen diren egoiliarrak.

Eskaera honen bidez, onartzen ditut Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan (Iruña), 2026-2027 ikasturtean, kirolari egoiliar/ikasle gisa onartua izateko baldintzak; adierazten dut, batetik, aurkeztutako datuak zehatzak eta egiazkoak direla eta, bestetik, ezagutu eta onartzen ditudala Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren Barne Funtzionamendurako Erregelamenduko arauak (erregelamendu hori 173E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eman baitzuen maiatzaren 13an).

Iruñean, 2026ko ………………………aren ……. (e)(a)n.

(Markatu nork sinatzen duen)

Eskatzailea(Eskatzailea adingabea bada):Aita/ Ama/ Legezko tutorea

(Sinatzailearen izen-deiturak)

DATU PERTSONALEN BABESAREN GAINEKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betetzeko ematen da informazioa; erregelamendu horrek datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen ditu (aurrerantzean, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO).

DATUEN BABESAREN GAINEKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Tratamenduaren erantzulea

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

–IFZa: Q3150025I.

–Posta helbidea: Nafarroa Arena Kirolaren Etxea, 1. solairua. Aizagerria plaza 1. 31006 Iruña (Nafarroa).

–Telefonoa: (+34) 848427892.

–Helbide elektronikoa: subdepor@navarra.es.

Tratamenduaren xedea

Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan 2026-2027 ikasturtean onartzeko eskaerak kudeatu eta tramitatzea.

Tratamenduaren legitimazioa

Botere publiko bat baliatzea (DBEOren 6.1.e artikulua), honako hau, zehazki: Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari atxikitako zentro batean ostatu-zerbitzua kudeatzea.

Bildu beharreko datu pertsonalak

Identifikazio-datuak eta harremanetarako datuak (izen-deiturak, NANa, helbide elektronikoa); datu akademikoak eta profesionalak; zerga- eta lan-datuak; finantza- eta banku-datuak.

Halaber, osasun arloko datuak biltzen ahalko dira soilik baldin eta beharrezkoak badira egoitzan ostatu- edo elikadura-zerbitzua emateko (adibidez, elikadura-intolerantziak edo alergiak).

Datuen hartzaileak

Datuak honako erakunde hauei jakinarazten eta lagatzen ahalko zaizkie:

A) Zure adostasunarekin:

­–Banku-entitateei, ordainketak helbideratzeko.

B) Agintariek eskatuta:

–Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, ikuskapen-prozesuetan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa aplikatuz.

–Estatuko segurtasun-indar eta kidegoei, epaileak aldez aurretik baimena emanda eta polizia judizialaren eginkizunak betez.

–Epaile eta auzitegiei, legeria prozesalean zehaztutako moduan.

Kasu horietan, egoitzak, datuak hirugarrenen eskura jarri aurretik, ziurtatuko du agintari horiek legeen arabera eskatzen eta eskuratzen dituztela datuak.

C) Tratamendu-eragileak:

–Iruñeko Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako elikadura-zerbitzuaren emakida duen erakundeari.

D) Osasun-zentroak: egoiliar batek osasun-laguntza behar badu bakarrik.

Nazioarteko datu-transferentziak

Ez da aurreikusten datu pertsonalen nazioarteko transferentzia egiterik.

Eskubideak

–Sartzeko eskubidea: egiaztatzen ahal duzu Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua zure tratu pertsonalak tratatzen ari den edo ez, eta, ari bada, horiei buruzko informazioa eskuratzen ahal duzu.

–Zuzentzeko eskubidea: eskatzen ahal duzu datu okerrak, zehaztasun gutxikoak edo osatugabeak zuzentzeko edo osatzeko.

–Ezabatzeko eskubidea: zure datu pertsonalak ezabatzeko eskatzen ahal duzu, kasu hauetan: baldin eta dagoeneko ez badira beharrezkoak jaso ziren helbururako, baimena kentzen baduzu (lehenago baimena eman bazenuen), datuak tratatzearen aurka bazaude, tratamendu hori legez kontrakoa bada edo datuak ezabatu egin behar badira legezko betebehar bat betetzeko.

–Mugatzeko eskubidea: eskatzen ahal duzu kasu jakin batzuetan zure datu pertsonalen tratamendua mugatzeko.

–Aurka egiteko eskubidea: eskatzen ahal duzu Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak zure datuak ez tratatzeko, salbu eta hark interes legitimoa egiaztatzen badu.

Gehiago jakin nahi baduzu interesdunak baliatzen ahal dituen eskubide guztiei eta horiek baliatzeko moduari buruz, idatzi helbide honetara: rfprinci@navarra.es.

Datuak gordetzeko denbora

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Informazio osagarria

Tratamenduari buruzko informazio gehiago edukitzeko, helbide honetara idatzi: rfprinci@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2606832