108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1184/2026 Ebazpena, 2026ko maiatzaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegia aldatzen duena".

Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegia aldatu da.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN KANPOKO PRAKTIKEI BURUZKO ARAUTEGIA ALDATZEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2012ko abenduaren 20an emandako 2019/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegia argitaratzeko agindu zen –arautegia Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen– (NAO, 7. zk., 2013ko urtarrilaren 11koa).

Arautegiaren 5.2 artikuluan, praktikak egiteko ikasleek bete beharreko baldintzak zehazten dira, eta, zehazki, d) apartatuan ezartzen da ikasleek ezin dutela inolako kontratu harremanik izan praktikak eginen diren enpresarekin, erakundearekin, entitate publiko edo pribatuarekin edo unibertsitatearekin.

Baldintza hori aldatzeko arrazoia da, hain zuzen, kanpoko praktika akademikoen arauak egokitu egin behar direla zenbait arloren errealitate profesionalera eta antolamendura, batez ere hezkuntzaren, osasunaren eta zerbitzu publikoen arloei dagokienez; izan ere, ikasle ugarik dagoeneko arlo horietan egiten du lan administrazio publikoan. Praktikak eginen diren entitatearekin inolako kontratu harremanik ez izateko debekuak modu neurrigabe eta murriztailean eragin diezaioke prestakuntza-eskubideari, eta zaildu edo eragotzi egin dezake espezializatzearren, jakintzak eguneratzearren edota maila profesionalaz igotzearren unibertsitateko ikasketak egiten ari diren eta jardunean dauden profesionalek curriculum praktikak egitea.

Bestetik, aldaketa hori egin behar dela aprobetxatuta, arautegiaren tituluen zenbaketan dauden akatsak ere zuzenduko dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan ezarritakoarekin.

Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70. zk., 2011ko apirilaren 11koa)–; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Proposaturiko aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeari aurkeztu zitzaion 2026ko maiatzaren 18an egindako bilkuran.

Horregatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, errektoreak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2026ko maiatzaren 26an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegia aldatzea, honela idatzia gera dadin:

5.2 d) artikulua: Honela dioen tokian:

"Ez edukitzea inolako kontratu-harremanik praktikak egingo diren enpresarekin, erakunde publiko edo pribatuarekin edo unibertsitatea berarekin".

Honela esan behar du:

"Ez izatea indarrean dagoen kontratu harremanik praktikak eginen diren enpresarekin, erakundearekin, entitate publiko edo pribatuarekin edo unibertsitatearekin. Hala ere, baldintza horretan salbuespena egiten ahalko da baldin eta hori justifikatzen duten inguruabarrak direla-eta Unibertsitateak baimena ematen badu, bereziki praktiketako zentroen eskaintza oro har erakunde edo instituzio berean kontzentratuta dagoen arloetan.

Kasu horretan, ikasleren batek kontratu harremanik badu entitate batekin, praktikak entitate horretan egiten ahalko ditu baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

1) Benetako bereizketa egon beharko da kontratu edo estatutu harremanak dakartzan eginkizun eta arduraldiaren eta praktikei dagozkien prestakuntza-jardueren artean.

2) Interes gatazkarik ez dagoela bermatu beharko da.

3) Ikaslearen laneko jardueraren arduradunak ezin izanen du tutoretza akademikoaren eta praktiken gainbegiraketaren arduraduna izan.

4) Praktiken programa eta prestakuntza-helburuak osorik betetzen direla ziurtatu beharko da.

5) Gehieneko lanaldiari eta atsedenaldiei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako mugak errespetatu beharko ditu kanpoko praktiken lanaldiak.

Baimena emateko, eskaera bakoitzaren balorazio indibidualizatua egin beharko da, bai eta kasu bakoitzean eskatutako dokumentazioarena ere, eta baimena bertan behera uzten ahalko da ebazpen arrazoitu bidez. Baldintza hori aplikatzeak ez du ekarriko, inola ere, ikasleek muga neurrigabeak izatea kanpoko praktikak egiteko beren prestakuntza-esparruan".

Bigarrena.–Zuzentzea erabakiaren jatorrizko testuan hautemandako akatsak (testua 2013ko 7. NAOan argitaratu zen, urtarrilaren 11n):

–Honela dioen tokian: "V. titulua: Eskubideak eta betebeharrak".

Honela esan behar du: "IV. titulua: Eskubideak eta betebeharrak".

–Honela dioen tokian: "VI. titulua: Txostenak, ebaluazioa eta aitortza"

Honela esan behar du: "V. titulua: Txostenak, ebaluazioa eta aitortza"

–Honela dioen tokian: "VIII. titulua. Kalitatearen bermea"

Honela esan behar du: "VI. titulua: Kalitatearen bermea"

–Honela dioen tokian: "VII. titulua: Xedapen gehigarriak".

Honela esan behar du: "Xedapen gehigarriak".

Hirugarrena.–Erabaki hau helaraztea Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei, Ikasleen Kontseiluari eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.

Seigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek".

Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2607675