1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1182/2026 EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko eta Unibertsitate Masterreko Ikasketen Arauak aldatzen dituena".
Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko eta Unibertsitate Masterreko Ikasketen Arauak aldatu dira.
"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETEN ARAUAK ALDATZEN DITUENA
822/2021 Errege Dekretuari jarraikiz –2021eko irailaren 28koa, unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena–, Gobernu Kontseiluak, 2022ko martxoaren 15eko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak onetsi zituen.
23.5 artikuluan proposatutako aldaketaren helburua da matrikula-prozeduraren segurtasun juridikoa indartzea eta berdintasun eta merezimendu printzipioak bermatzea unibertsitateko ikasketetan sartzean, onartua izatean eta jarraitzean.
Idazketa berriak berariaz deskribatzen ditu ikasleek alegatutako merezimenduen egiazkotasun ezaren edo Ikasketetan jarraitzeari buruzko Araudia ez betetzearen ondorioak, kasu horietan matrikula deuseztatzen dela ezartzen du eta ordaindutako zenbatekoak itzultzeko araubidea zein den zehazten du.
Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70. zk., 2011ko apirilaren 11koa)–; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.
Proposatutako aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeari aurkeztu zitzaion 2026ko maiatzaren 18an egindako bilkuran.
Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2026ko maiatzaren 26an egindako bileran, hartu duen,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak, honela:
23.5 art.: Honela dioen tokian:
"Matrikula formalizatu ahal izateko, egiaztatu eginen da masterrean sartzeko eta onartua izateko arauetan ezarriak dauden baldintza akademikoak betetzen direla, eskaerako datuak egiazkoak direla eta ikasketekin segitzeko baldintzak betetzen direla".
Honela esan behar du:
"Formalizatutako matrikula deuseztatuko da, alde batetik, egiaztatzen bada ikasleak alegatutako merezimenduak ez direla egiazkoak, haiek zehaztean akatsa edo zabarkeria egin den ala ez kontuan hartu gabe, edo, bestetik, Ikasketetan jarraitzeari buruzko Araudia betetzen ez bada.
Matrikula formalizatu denetik hilabeteko epea izanen du Unibertsitateak hura ofizioz deuseztatzeko, eta, horrekin batera, ordaindu dituen matrikularen prezio publikoak itzuliko zaizkio ikasleari, hala badagokio. Tasak ez dira inolaz ere itzuliko".
Hirugarrena.–Erabaki hau helaraztea Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei, Ikasleen Kontseiluari eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.
Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.
Seigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek".
Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
Iragarkiaren kodea: F2607673