108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, Solera Navarra SLU enpresan eta Segundo Ensanche eguneko zentroan iragarritako greba dela-eta.

Javier Santesteban Elizalde jaunak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, Solera SLU enpresarako eta Ensanche II eguneko zentrorako greba-deialdi baten berri eman du, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan 2026ko apirilaren 30ean erregistratutako idazki bat aurkeztuz. Deialdia egun hauetarako egin da:

  • 2026ko ekainaren 1erako, 2rako, 3rako eta 4rako (ekainaren 1eko 06:00etan hasiko da, eta ekainaren 4ko 19:00etan bukatu).
  • 2026ko ekainaren 8rako, 9rako, 10erako eta 11rako (ekainaren 8ko 06:00etan hasiko da, eta ekainaren 11ko 19:00etan bukatu).
  • 2026ko ekainaren 15erako, 16rako, 17rako eta 18rako (ekainaren 15eko 06:00etan hasiko da, eta ekainaren 18ko 19:00etan bukatu).

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da funtsezko zerbitzu publikoak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriz xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna dutenei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, gaixotasun mental bat dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta daudenei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak ere, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba-orduetan.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.

Eguneko arreta-zentroak arreta soziosanitarioko baliabide integral bat dira, mendekotasun- edo hauskortasun-egoeran dauden adinekoei zuzenduak. Horietan, esku-hartzeak ez dira oinarrizko beharrak estaltzera mugatzen (elikadura, higiene pertsonala, garbiketa edo garraioa), jarduketa terapeutikoak, errehabilitaziokoak eta estimulazio funtzionalekoak ere barne hartzen dituzte.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena helarazi zaie bai deialdiak ukitzen duen entitateari eta bai deialdia egin duen sindikatuari, greba-batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Solera Navarra enpresan eta Segundo Ensanche eguneko zentroan iragarritako greba egitean, errespetatu beharko dira, grebaren arloan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei erantzutea xede duten zerbitzuak. Oinarrizko behar horiek dira zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak, eta, beraz, kanpo geratuko dira aisialdiko programekin lotutako jarduerak. Greba-deialdia egin da egun hauetarako: 2026ko ekainaren 1erako, 2rako, 3rako, 4rako, 8rako, 9rako, 10erako, 11rako, 15erako, 16rako, 17rako eta 18rako.

Era berean, oinarrizko arretez gain, oinarrizko esku-hartze terapeutikoak bermatu beharko dira, bai eremu funtzionalean, bai eremu kognitiboan eta psikosozialean.

Zehazki, iragarritako grebaren arloan, arreta horiek bermatzeko, gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira:

–Zentroaren zuzendaritza edo koordinazioa: gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, eta teknikarien %50. Gainera, behar izanez gero, zentroko sukalde zerbitzua eta garbiketa eta higienea bermatzeko langile nahikoak. Gainera, garraio zerbitzua mantendu beharko da, greba-ordu horietan beharrezkoa bada.

Bigarrena.–Foru agindu hau igortzea ELA sindikatuari eta Solera Navarra SLU enpresaren zuzendaritzari.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Laugarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 28an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2607815