Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
153E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei "de minimis" laguntzak emateko, eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzen dituena. 2026ko deialdia. DDBN kodea: 906212.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Horren harira, begi bistakoa da garrantzitsua dela sustapen ekimenak bultzatzea, laguntza ekonomikoen bitartez, nekazaritzako kalitatezko produktuen merkaturatzea hobetzeko. Produktu horien artean daude nekazaritzako elikagaien artisautzatik datozenak.
Nekazaritzako elikagaien artisautza arau bidez aintzatetsitako kategoria bat da Nafarroan, zehazki, Nafarroan Nekazaritzako Elikagaien Artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuaren bidez, zeina aldatu baitzuten uztailaren 29ko 298/1996 Foru Dekretuak eta azaroaren 5eko 318/2001 Foru Dekretuak.
Nafarroako Foru Komunitatean, enpresek beraiek izandako ekimenaren ildotik, nekazaritzako elikagaien etiketan adierazten da produktu horiek dagokien erregistro ofizialean artisautza-enpresa gisa izena emanda dauden enpresek egin dituztela.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iritziz oso garrantzitsua da enpresak laguntzea, ekoizleek eta egileek kalitatezko ekoizpen mota horretan parte har dezaten sustatzeko eta produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko, kontuan hartuta kontrolatutako eta bermatutako ezaugarri bereziak dituztela eta kalitate handikoak direla, ekoizpen eta prestaketarako arau zorrotzagoen menpe baitaude.
Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien eta nekazaritzako elikagaien enpresa txikien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.
Gainera, laguntza publikoak ahalik eta eraginkorrenak izatea ziurtatzeko, komeni da dirulaguntzak bideratzea, bereziki, legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. 2026. urtean nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei "de minimis" laguntzak emateko deialdia onestea.
2. Oinarri arautzaileak onestea, nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei laguntzak emateko, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
3. 50.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 2026ko gastu-aurrekontuko 720003 72200 4819 413102 partidaren kargura ("Nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteentzako laguntzak").
4. Dirulaguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 18an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–ELIKAGAIEN ARTISAUTZA-ENPRESEN ELKARTEENTZAKO "DE MINIMIS" LAGUNTZAK. 2026KO OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1. Oinarri hauen xedea da arautzea Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2026. urteko laguntzak, elikagaien artisautza-enpresen elkarteei zuzenduta.
2. Laguntza hauen helburu nagusia da nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei sostengua ematea, artisautza produktuen prestaketan eta eraldaketan kalitatea sustatzeko, eta ezaugarri bereziak dituzten produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzea.
3. Laguntza hauek Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan arautzen den "de minimis" araubidearen mende daude; izan ere, Erregelamendu horretan arautzen baita nola aplikatu "de minimis" laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.
1. Onuradun izaten ahal dira legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteak, baldin Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen erregistroan inskribaturik badaude.
2. Ebazpen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, merkataritzako jarduerak eginagatik ere, entitate horiek irabazi-asmorik gabekotzat hartuko dira, baldin eta ateratako irabaziak oso-osorik entitatearen merkataritzakoak ez diren xedeetan inbertitzen badira.
3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
4. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
5. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Hirugarren oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Dirulaguntza jaso dezakete "Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" kalitateko bereizgarriaren babeseko produktuak sustatzeari eta merkaturatzeari lotutako jarduerek, kontzeptu hauetarako, besteak beste:
–"Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" markaren plan estrategikoak eta sustapen planak egitea, baita Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzaren kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen merkatu-azterketak ere.
–Enpresen artean ezagutzak trukatzeko foroetan eta misio komertzialetan parte hartzea, baita lehiaketa, produktuen erakustaldi eta ferietan ere.
–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuak sustatzeko ekitaldiak, salmenta-puntuetako ekintzak eta Nafarroako artisautzako nekazaritza elikagaiak saltzeko azokak antolatzea edo bertan parte hartzea eta, orobat, sustapenerako materialak.
–Argitalpenak, katalogoak eta liburuxkak editatzea, bai eta kalitate-bereizgarriari loturik aurkezten dituzten webguneak ere.
–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuen kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, Interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.
–"Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuak ezagutzea eta saltzea sustatzen duten alderantzizko misioak antolatzea.
Laugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira "Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuak sustatu eta merkaturatzeko jarduketei dagozkienak, entitate onuradunek hirugarren oinarrian jasotako helburuetarako gauzatu badituzte 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntza, gehienez, gastu diruz lagungarrien %75 izanen da.
2. Enpresa bakar bati ematen ahal zaion "de minimis" laguntza gehienez ere 300.000 eurokoa izanen da hiru urtetako edozein alditan.
Seigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.
2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari frogatzea hartutako funtsak erabili direla dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar urtean, laguntza ematen den egunetik aurrera.
7. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
8. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio- eta hedapen-materialetan (kartelak, eskuorriak eta abar) eta web-orrietan. Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da 2030 Agendako logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
Zazpigarren oinarria.–Laguntzen eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:
1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
a) IFZaren kopia.
b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen dokumentua, entitate onuradunaren legezko ordezkariak edo legezko ahaldunak sinatua.
c) Elkarte eskatzailearen estatutuak eta eratze-eskriturak, eta jarduera, bazkide motak eta kopurua eta helburuak biltzen dituen informazioa.
d) Banku-kontuak jakinarazteko agiria betetzea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zer kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren bidez betetzen ahal da.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
e) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.
2. Entitate onuradunari buruzko informazioa, honako alderdi hauen gainean:
a) Zer sektoretan diharduen.
b) Negozio bolumena.
c) Langileen plantilla, kontratu motaren arabera sailkatua.
3. Sustapen- eta merkaturatze-jardueren gaineko informazioa:
a) Eginen diren jardueren deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa biltzen dituen memoria. Horretarako, beharrezko aurrekontuak edo proformako fakturak aurkeztuko dira.
b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.
4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez dagoela zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................................................... naizen honek, nire izenean /.......................................................................................... elkartea ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan, Nafarroako nekazaritzako artisau-enpresen elkarteei "de minimis" araubideko laguntzak emateko deialdiak izapidetzeko prozeduraren barruan, nik neuk/ordezkatzen dudan entitateak egunean ditudala/dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak".
e) Ados ez badago c) atalean ezarritakoarekin, eskatzaileak berak edo hark ordezkatzen duen entitateak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.
Zortzigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.
3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, zazpigarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Zerbitzuen Katalogoan, www.nafarroa.eus helbidean.
Bederatzigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
a) Entitate eskatzaileko kide diren artisautza-enpresen kopuruaren arabera:
–30 kidetik aitzina: 10 puntu.
–20-29 kide: 8 puntu.
–10-19 kide: 5 puntu.
b) Azpisektoreen arabera:
–Elkarteak hiru azpisektore baino gehiagotako operadoreak ordezkatzen baditu: 5 puntu.
Azpisektoreak Nafarroako Nekazaritzako Artisautzaren berezko araudian jasotzen diren berberak izanen dira.
c) Jarduketen xedeko merkatuen arabera:
–Espainiatik kanpo egindako ekintza bakoitzarengatik: 10 puntu.
–Nafarroatik kanpo egindako ekintza bakoitzarengatik: 5 puntu.
–Gainerako ekintza orokorrak: 2 puntu.
3. Bi eskaerak edo gehiagok puntuazio bera lortuz gero, 2.a atalean puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.b atalean puntu gehien duena.
Hamargarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.
4. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraren gainean ebazteko, 3 hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen baldin bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Hamaikagarren oinarria. Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla justifikatzeko epea eta modua.
1. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2026ko azaroaren 10a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Laguntzak ordaintzeko eskaera, interesdunak egina.
b) 2026ko azaroaren 10a baino lehen egindako eta justifikatutako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokatu eta sailkaturik.
c) Egindako jarduerak deskribatzen dituen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.
d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.
e) Justifikatzea hornitzaileak hautatu direla eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideen arabera, edo zerk eragotzi duen irizpide horiek aplikatzea, gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, baldin eta laguntza eskatzeko unean egiaztatzeko modurik izan ez bada.
2. Ordainketa egin aurretik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatzen den dokumentazio guztia berrikusiko du, eta, horrela, baieztatuko du aurkeztutako gastuak hautagarriak direla, justifikazio dokumentuak baliozkoak direla, onuradunek gardentasun betebeharrak betetzen dituztela eta gainerako dokumentazioa nahikoa dela. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak bete dituela dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra.
Hamabigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua aurkeztu beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2007657&idioma=eu).
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, gardentasunari buruzko adierazpenaren estekaren bidez (https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2007657&idioma=eu) eta eredu hauen araberako agiriak erantsita:
–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963).
–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713).
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak. Era berean, foru lege horretan ezarrita dagoen arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea, zeina kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen baita.
Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egozten ahal zaizkienak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira estatu-laguntzekin, zehazki, Batzordeak hartutako erabaki bat betez edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez emandakoekin.
Nolanahi ere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
Hamalaugarren oinarria.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, laguntzak kobratzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta berandutze-interesak ordaindu ere, ordainketa egiten den unetik aurrera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritako zenbatekoan, hargatik eragotzi gabe aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen gainerako erantzukizunak.
Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Hamabosgarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta informazioa.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteentzako 2026ko laguntzen fitxan.
Nolanahi ere, laguntzen publikotasunerako, dirulaguntza emateko ebazpenei buruzko informazioa bidaliko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
2. Organo kudeatzaileak Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, horren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko da estatuko edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Neurri egokiak hartuko dira erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dira hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
Hamaseigarren oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
Hamazazpigarren oinarria.–Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2607211
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
