Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
149E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, toki entitateei nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko emanen zaizkien laguntzen oinarri arautzaileak onesten dituena eta 2026. deialdia onesten duena. DDBN kodea: 906179.
Elikagaiak kontsumitzaileari ahalik eta zuzenen saltzeak, hots, ekonomia-eragile gutxi batzuek esku hartzen dutela, lagun dezake, eraginkortasunez lagundu ere, elikakateko desorekak zuzentzen, ustiategi txikien kasuan, bereziki; eta, aldi berean, aukera ematen du kalitatezko produktuak, tokiko espezie eta barietateekin edo sistema tradizionalak erabilita egindakoak, merkatuetan sar daitezen. Aldi berean, hizpide dugun jarduerak beste jarduera osagarri batzuk garatzen lagundu dezake, hala nola elikagaien transformazioa, banaketa, eta jatetxe edo landetxeetako jarduerak, horiek guztiek areagotzen baitute nekazaritzako elikagaien inguruko jarduna eta ekonomia nahiz enplegua sortzen baitute landa eremuetan.
Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gobernuak ekintzak eginen ditu nekazaritzako elikagaien ekoizleak eta haien ustiategiak ikusarazteko, bai eta bitartekariak ikusarazteko ere. Horrela, azken kontsumitzaileen konfiantza areagotuko da merkaturatze-eredu horretan, hobeki ezagutu eta gehiago baloratuko da natura ingurunea eta landa-eremuetako biztanleria kontserbatzeko eta mantentzeko egiten duten ekarpena, eta handituko da elikagai seguru, jasangarri eta kalitatezkoen hornidura.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezikotzat jotzen du merkaturatze-zirkuitu laburren bidez nekazaritzako elikagaien hornidura sustatzea, nekazaritza-sektorearen lehiakortasuna mantentzen eta hobetzen laguntzen duelako, eta gure erkidegoko landa-ekonomia bultzatzen duelako. Halaber, beharrezkotzat jotzen du, udal-ekimenen bidez, produktu horiek sustatu eta zuzendutako ekintzak babestea, kanal laburren salmenta herritarrengana hurbiltzeko.
Kanal laburreko merkaturatze-ereduak tokiko osagai oso nabarmena du, bai produktuen jatorriari dagokionez, bai kontsumitzaileek ekoizleak ezagutzeari dagokionez; beraz, toki entitateek sustapen-ekintzak egitea bereziki eraginkorra eta sinergikoa izan daiteke.
Ildo horretan, abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legeak, 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko gastu-partida bat jasotzen du, honela identifikatua: 720003 72200 4609 413100 "Laguntzak toki entitateentzat, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko", 87.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin.
Arestian azaldutakoa kontuan hartuta, bidezkoa da toki entitateentzako laguntza-lerro bat abian jartzea, merkaturatzea kanal laburren bidez zabaltzen edo errazten duten jarduerak egiteko, zuzeneko salmentaren eta hurbileko salmentaren aldaeretan, zirkuitu laburreko salmenta garatzeko esparruak gaitzen dituzten ekintzak barne, hainbat udal edo udal-erakunderen proiektu kolektiboei lehentasuna emanez.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2026an toki entitateei laguntzak emateko deialdi bat onestea, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak susta ditzaten.
2. Toki entitateentzako laguntzen oinarri arautzaileak onestea, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
3. 87.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen araberako laguntzak emateko, 2026ko gastu-aurrekontuko 720003 72200 4609 413100 partidaren kontura ("Laguntzak toki entitateentzat, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko").
Partidan baimendutako kreditua 30.000 euro handitzen ahalko da gehienez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko aurrekontu programaren kontura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago.
4. Dirulaguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 15ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–TOKI ENTITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO 2026KO DEIALDIA, NEKAZARITZAKO ELIKAGAIAK MERKATURATZEKO KANAL LABURRAK SUSTATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman laguntza batzuk Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei, nekazaritzako elikagaien merkaturatzerako kanal laburreko salmenta susta dezaten 2026. urtean.
2. Laguntzen helburu nagusia da nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak garatzea eta finkatzea, toki entitateei laguntzak emanez beren lurralde-eremuan merkaturatze-eredu horren garapena sustatzen duten jarduerak egiteko.
Kanal laburreko nekazaritzako elikagaien merkaturatze-ereduak tokiko osagai oso nabarmena du, bai produktuen jatorriari dagokionez, bai kontsumitzaileek ekoizleak ezagutzeari dagokionez; beraz, bereziki eraginkorra izan daiteke toki entitateek sustapen-lanak egitea.
Bigarren oinarria.–Definizioak.
Ebazpen honen ondorioetarako, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legean jasotako definizioak aplikatuko dira:
a) Hurbileko salmenta: nekazaritzako elikagaien ekoizleak azken kontsumitzaileari lortzen dion lehen mailako edo eraldatutako nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren merkaturatzea da, bitartekari bakar baten esku-hartzearekin, gehienez ere, Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) Zuzeneko salmenta: nekazariak ekoitzitako nekazaritzako elikagaiak (lehen mailakoak edo eraldatuak) azken kontsumitzaileari merkaturatzea bitartekaririk esku-hartzen ez duela, 4. artikuluan ezarritako baldintzak beteta. Zuzeneko salmenta lotuta dago, bereziki, nekazaritza-ustiategitik edo eremu geografiko jakin bateko ekoizpen-lekutik gertu egotearekin, non azken kontsumitzaileek zuzenean edo bide telematikoz eskuratzen baitute nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren zati bat, nekazaritzako elikagaien ekoizlearekin harremanetan jarrita.
c) Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburra: nekazaritzako elikagaien ekoizleak nekazaritzako elikagaiak saltzea edo hornitzea azken kontsumitzaileari, zuzenean edo, gehienez ere, bitartekari batez. Zuzeneko salmentaren bidez edo hurbileko salmentaren bidez egin ahal izanen da, eta lotuta dago tamaina txikiko nekazaritza-ustiategietara, zeinek lehiatzeko zailtasunak izan baititzakete merkaturatzeko kanal arruntetan.
d) Nekazaritzako elikagaien ekoizpena: nekazaritzako elikagaien ekoizleak lortutakoa, lehen mailakoa izan daiteke edo eraldatua, baldin eta lehen mailako haren osagaiak ustiategitik bertatik badatoz.
e) Lehen mailako ekoizpena: landare-produktuak eta onddoak biltzearen bidez, animaliak hil aurretik haztearen eta akuikulturaren bidez, jeztearen, ehizaren eta arrantzaren bidez eta basoko produktuak biltzearen bidez lortutakoa.
f) Ekoizpen eraldatua: lehen mailako ekoizpenetik abiatuta lortzen dena, hura nabarmen aldatzen duen edozein ekintza baliatuta (tratamendu termikoa, ketzea, ontzea, heltzea, lehortzea, marinatzea, erauzketa, estrusioa edo prozedura horien konbinazioa), bai eta ustiategiko animaliak goitik behera zabaltzea eta zatikatzea ere, behar bezala baimendutako establezimenduetan hil eta prozesatu ondoren.
g) Udal-merkatua eta azoka txikia: udalak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek antolatutako guneak, non nekazaritzako elikagaien ekoizleek edo bitartekariek, modu iraunkorrean edo egun zehatzetan, nekazaritzako elikagaiak saltzen baitizkiete azken kontsumitzaileei. Espazio horietan izan daitezke, haiekin batera, salmenta ibiltariko beste saltoki batzuk.
h) Jantoki kolektiboa: merkataritza-xedea edo xede soziala duen establezimendua, publikoa edo pribatua, zeinetan ematen baitira zuzenean nekazaritzako elikagaien ekoizleengandik edo bitartekariengandik eskuratutako nekazaritzako elikagaiekin osorik edo partez prestaturiko janariak.
i) Azken kontsumitzailea: elikagai baten azken buruko kontsumitzailea den pertsona fisikoa edo juridikoa, elikagai hori erabiliko ez duena elikaduraren sektoreko merkataritza-eragiketa edo -jarduera batean.
j) Bitartekaria: nekazaritzako elikagaien ekoizlearen eta elikagaien azken kontsumitzailearen artean merkataritza-jarduera bat gauzatzen edo bideratzen duena, dela bere establezimenduen bidez, dela merkataritza elektronikoaren bidez.
k) Nekazaritzako elikagaien ekoizlea: Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan izena emandako ustiategien titularrak diren nekazariak edo abeltzainak, pertsona fisikoa edo juridikoa dela kontuan hartu gabe, nekazaritzako beren elikagaiak (freskoak edo eraldatuak) saltzen dituztenak merkaturatzeko kanal labur baten bidez.
Hirugarren oinarria.–Onuradunak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak, dela banaka, dela uztailaren 2ko 6/1990 Foru Lege horren 192.2 artikuluan aipatzen diren zuzeneko kudeaketako zeinahi modutan, dela bi toki entitatek edo gehiagok parte hartzen duten lankidetza-proiektuen bidez. Toki entitate izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan bildutakoak.
2. Ekoizlearen eta azken kontsumitzailearen artean bitartekari bakar batek parte hartzen duen hornidura-kateentzat baino ez dira izanen nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko laguntzak.
Laugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
1. Toki entitateek banaka eskuratzen ahalko dituzte laguntzak, edo bi entitatek edo gehiagok parte hartzen duten lankidetza-proiektuen bidez.
2. Laguntzak jasotzeko, eskatzaileek konpromisoa hartu behar dute nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak ezartzeko eta garatzeko ekintzak egiteko, bai eta eredu hori sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak egiteko ere, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Jarduketa-plan bat aurkeztea, aurreikusitako jarduerak eta hartutako konpromisoak deskribatzen dituena, argi eta garbi zehaztuta zer lotura duten zuzeneko salmentaren sustapenarekin.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.
3. Aurrekoaz gain, bi toki entitatek edo gehiagok parte hartzen duten baterako lankidetza-proiektuen kasuan, entitate eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza-eskaera aurkezteko unean:
–Toki entitateen elkarteak entitate parte-hartzaileen lankidetza-akordio edo -hitzarmen bat egiaztatzea, eta akordio edo -hitzarmen horretan haien osaera, funtzionamendu-arauak eta erantzukizunen banaketa jasotzea.
–Jarduera-plan bat aurkeztea, parte hartzen duen toki entitate bakoitzak aurreikusitako jarduerak eta bere gain hartutako konpromisoak deskribatuko dituena.
–Elkartearen ordezkari bat izendatzea, proiektua koordinatuko duena eta Administrazioarekin harremanetan jarriko dena. Horretarako, ordezkaritza-ahalordea izan beharko du.
Bosgarren oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
1. Jarduera hauek dira diruz lagungarriak:
A.1. Azokak, tokiko merkatuak, produktu-erakustaldiak eta abar antolatzea, gutxienez nekazaritzako elikagaien komertzializaziorako kanal laburren erregistroan izena emanda dauden hiru operadorek parte hartuta, bat etorriz Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearekin.
A.2. Topaketak, foroak, lehiaketak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea, nekazaritzako elikagaiak kanal laburrean merkaturatzeko ereduari buruzko informazioa eta ezagutza errazteko.
A.3. Argitalpenak, katalogoak, bideoak eta liburuxkak editatzea, bai eta nekazaritzako elikagaiak kanal laburrean saltzeko bereizgarriari atxikitako produktuak aurkezten dituzten webguneak ere.
A.4. Ekintzak egitea zuzeneko salmentaren bidez merkaturatutako produktuak, baita hurbileko salmenta gisa kanal laburren erregistroan inskribatutako beste establezimendu batzuk ere, sar daitezen sukaldaritza kolektiboko establezimenduetan, barne daudela erakunde publikoetako jantokiak.
A.5. Ekintzak egitea, hala nola topaketak eta jardunaldiak, kanal laburren erregistroan inskribatutako ekoizleek lehen mailako ekoizpena egituratzeko.
A.6. Ekintzak egitea, toki entitateko lurralde-eremuan, kanal laburretako merkaturatzearen hedapenari eta sentsibilizazioari begira.
A.7. Plan estrategikoak, azterlanak eta diagnostikoak egitea merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko (gastu diruz lagungarriaren %15eko gehieneko mugarekin).
A.8. Beste ekintza batzuk, errazten edo sustatzen dutenak kasuan kasuko lurralde-eremuan kanal laburretan merkaturatzea, eta argi eta garbi zehazten dituztenak lortu beharreko helburuak eta adierazleak.
2. Diruz lagungarritzat joko dira onuradunek 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egiten dituzten gastuak hirugarrenei zerbitzu profesionalak kontratatzeko, materialak erosteko eta ekipoak eta espazioak alokatzeko, baldin eta bertan egiten badira aurreko zenbakian aipatutako jarduerak.
3. Nahitaezkoa da zuzeneko salmentako eta/edo hurbileko logoak erabiltzea publizitate material, euskarri, seinale, liburuxka eta abarretan, bat etorriz Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Bide Laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin.
4. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira gastu hautagarri, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza-eskaeran, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere. Garatutako ekintzen ondoriozko finantza-gastuak ere ez dira diruz lagunduko.
5. Ez dira diruz lagunduko 1.500 eurotik beherako kostua duten jarduketa-planak. Zenbateko hori berraztertuko da laguntza emateko eta ordainketa egiteko aurkeztutako gastuak instrukzio-organoak ebaluatu ondoren.
6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzarekin lotutako jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.
Seigarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Gastu diruz lagungarrien %90eko laguntza emanen da, eta 20.000 euro gehienez onuradun bakoitzeko.
2. Entitate batek laguntza-eskaera indibidual bat aurkezten badu, eta aldi berean laguntza kolektiboko eskaera batean edo batzuetan parte hartzen badu, laguntza bere eskaera indibidualaren espedientean aurreko zenbakian aurreikusitako mugaraino doituko da, eta, beharrezkoa izanez gero, murrizketa aipatutako mugaraino hainbanatuko da, eskaera kolektiboetan aurreikusitako gastuaren arabera.
Zazpigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.
2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari frogatzea hartutako funtsak erabili direla dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio- eta hedapen-materialetan (kartelak, eskuorriak eta abar) eta web-orrietan.
Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da 2030 Agendako logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
6. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Zortzigarren oinarria.–Laguntza-eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.
3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, bederatzigarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Zerbitzuen Katalogoan, www.nafarroa.eus helbidean.
Bederatzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jarduera deialdiaren helburuekin bat datorrela egiaztatzeko, eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da, laguntzaren izapideen katalogoan emanen diren dokumentu-ereduen arabera:
1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
a) IFZaren kopia.
b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen agiria, erakundeko buruak sinatua edo legez gaituriko pertsona batek sinatua.
c) Toki entitate batek baino gehiagok batera jarduten badute, kasuan kasuko lankidetza hitzarmena edo akordioa aurkeztea eta ordezkaria identifikatzea. Ordezkari horrek ordezkaritza-ahalordea izan beharko du.
d) Kontuak eta ordainketak izeneko fitxa betetzea, eskatzaileak laguntzak lehen aldiz jaso behar dituenean edo Nafarroako Gobernuak laguntza ordaintzeko kontua aldatu nahi duenean.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
e) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.
2. Laguntza-eskaeraren esparruan egin beharreko jarduerei buruzko informazioa:
a) Ekintza-plana, izapideen katalogoko fitxaren ereduaren arabera. Bertan, egin beharreko jarduerak, egutegia, gauzatzearen arrazoia eta balorazio ekonomikoa deskribatuko dira, dagozkion aurrekontuak edo proformako fakturak erantsita.
b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko justifikazioa, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, erakunde eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.
Zerbitzuen kontratazioa 15.000 eurotik gorakoa bada, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko da.
c) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.
d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Erakundeak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
e) Toki erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso den deialdi honen xedeko lanetarako, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.
Hamargarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, bederatzigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, hamaikagarren oinarrian zehaztutako lehentasun-irizpideak aplikatuz eskaeren lehentasun-ordena ezartzeko. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Landa Garapeneko zuzendari nagusiari.
4. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraren gainean ebazteko, hiru hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Hamaikagarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
a) Hainbat onuradunen baterako jarduera bada: 10 puntu entitate bakoitzeko, gehienez ere 40 puntu.
b) Jarduketa-planak azokak, tokiko merkatuak eta produktu-erakusketak antolatzea aurreikusten badu: 10 puntu jarduketa bakoitzeko, gehienez 40 puntu.
c) Jarduketa-planak emakumeek kudeatutako nekazaritza-ustiategiak lehenestea aurreikusten badu: 20 puntu.
d) Toki entitate eskatzailearen kokapenaren arabera, despopulazio-arriskuaren mailaren arabera. Muturreko despopulatze arriskuan dauden udalerriak: 10 puntu. Despopulatze arrisku bizian dauden udalerriak: 5 puntu. Bi toki entitatek edo gehiagok parte hartzen duten baterako lankidetza-proiektuen kasuan, entitate ordezkariarena puntuatuko da.
2. Eskaeren artean puntuazio bera lortuz gero, lehentasuna emanen zaie a) atalean puntuazio handiena lortu duten eskaerei. Berdinketak jarraitzen badu, c) atalean puntuazio handiena lortu duten eskaerei emanen zaie lehentasuna.
3. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu kreditua ez bada nahikoa laguntza-eskaera guztiei erantzuteko, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileak, aurrekontu zuzkidura badu eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa badagokio, emandako laguntza berretsi beharko du, edo horri uko egin, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere. Berretsiz gero, entitate onuradunak hartu gabe duen laguntzaren zatia jaso dezake, baldin eta laguntza jaso duten beste espediente batzuek gastu txikiagoak badituzte, organo emaileak emandako laguntza aldatu eta gero.
4. Aurrekontuan kreditu nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.
Hamabigarren oinarria.–Laguntza ordaintzeko eskaera, eta dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko modua.
1. 2026ko azaroaren 6an amaituko dira gastuak justifikatzeko epea eta laguntza ordaintzeko eskaerak aurkeztekoa.
2. Laguntza ordaintzeko eskaerak izan beharko du laguntzaren izapidearen katalogoko txantiloietan ezarritako ereduaren araberakoa, eta dokumentazio hau erantsiko zaio:
a) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.
b) Jarduketa-planaren gauzatze-memoria, izapideen katalogoko fitxako ereduaren araberakoa. Memoria horretan, egindako jarduerak deskribatuko dira, eta lortutako emaitzak eta horien hedapen-maila baloratuko dira. Orobat, dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa erantsiko da: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarriak eta materialak, txostenen eta azterlanen kopiak eta editatutako materiala.
c) Toki erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso den deialdi honen xedeko lanetarako, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.
3. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta balidatuko aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak eta gainerako agiriak nahikoak. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza horiek diruz lagungarriak diren gastu berberei dagozkien beste laguntza publiko edo pribatu batzuekin metatzen ahalko dira, betiere horien guztizko zenbatekoak ez badu gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa eta ebazpen honen seigarren oinarrian ezarritako mugak errespetatzen badira.
Hamalaugarren oinarria.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta entitate onuradunari dagozkion gainerako betebeharrak betetzen ez badira, laguntzak murrizten ahalko dira eta bidegabeki jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, horrek ekar ditzakeen zehapenei kalterik egin gabe.
Hamabosgarren oinarria.–Emandako dirulaguntzak argitaratzea eta jakinaraztea.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, 2026an merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko toki entitateei ematen zaizkien laguntzen fitxako izapideen katalogoan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
Hamaseigarren oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Hamazazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
2. Era berean, nekazaritzako elikagaien merkaturatzearen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez deialdi hau aplikatzeko onesten diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari zuzenduta, hilabeteko epean, hurrengo egunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2607201
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
