Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
136E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, 2026ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena kanal laburretan merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleei emateko "de minimis" araubideari atxikitako laguntza batzuk. DDBN kodea: 904314.
Elikagaiak kontsumitzaileari ahalik eta zuzenen saltzeak, hots, ekonomia-eragile gutxi batzuek esku hartzen dutela, lagun dezake, eraginkortasunez lagundu ere, elikakateko desorekak zuzentzen, ustiategi txikien kasuan, bereziki; eta, aldi berean, aukera ematen du kalitatezko produktuak, tokiko espezie eta barietateekin edo sistema tradizionalak erabilita egindakoak, merkatuetan sar daitezen. Aldi berean, hizpide dugun jarduerak beste jarduera osagarri batzuk garatzen lagundu dezake, hala nola elikagaien transformazioa, banaketa, eta jatetxe edo landetxeetako jarduerak, horiek guztiek areagotzen baitute nekazaritzako elikagaien inguruko jarduna eta ekonomia nahiz enplegua sortzen baitute landa eremuetan.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPBren plan estrategikoak) estatu kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen ditu (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta), nekazariek balio katean duten posizioa hobetzeko beharra identifikatzen du, bereziki nekazariei mesede eginen dieten eta haien parte-hartzea sustatuko duten lankidetza moduak bultzatuz, bai eta hornidura kate laburrak sustatuz eta merkatuaren gardentasuna hobetuz ere.
5/2023 Foru Legearen arabera, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko, Nafarroako Gobernuak ekintzak eginen ditu nekazaritzako elikagaien ekoizleak eta haien ustiategiak ikusarazteko, bai eta bitartekariak ikusarazteko ere. Horrela, azken kontsumitzaileen konfiantza areagotuko da merkaturatze eredu horretan, hobeki ezagutu eta gehiago baloratuko da natura ingurunea eta landa eremuetako biztanleria kontserbatzeko eta mantentzeko egiten duten ekarpena, eta handituko da elikagai seguru, jasangarri eta kalitatezkoen hornidura.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezikotzat jotzen du merkaturatzeko kanal labur eta zuzenen bidez nekazaritzako elikagaien hornidura sustatzea, nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantentzen eta hobetzen laguntzen duelako, eta gure erkidegoko landa ekonomia bultzatzen duelako. Halaber, beharrezkotzat jotzen du laguntza ekonomikoak ematea kanal motzetan merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleei, bai eta merkaturatzea hobetzeko ekintzak sustatzea ere, salmenta eredu hori herritarrei hurbiltzeko. Azoka, azoka txiki edo erakustaldietan parte hartzea, zuzeneko salmenta-puntuen seinaleak hobetzea eta online sustatzea eta saltzea hedapen aukera argia dira kanal laburreko merkaturatze ereduentzat.
Deialdian aurreikusitako laguntzak bideratuta daude lehen sektoreko pertsonek nekazaritzako elikagaien ekoizpen propioa zuzenean merkaturatzea sustatzera, eta merkaturatze eredu horretarako 2026an ekoizpen elkarteentzat zein toki entitateentzat dauden laguntzak osatzen dituzte.
Laguntza horrek izanen duen benetako eskari ekonomikoa ezagutzen ez denez, aurreikusten da kreditua handitzea baldin eta partidaren zenbatekoa nahikoa ez bada eskaera onargarri guztietarako. Gehikuntza hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren programaren aurrekontu-partiden kargura gauzatuko da, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Ebazpen honi aplikatuko zaizkio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2026ko deialdia onestea laguntzak emateko kanal laburretan merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleei.
2. Oinarri arautzaileak onartzea "de minimis" araubideari atxikitako laguntzak emateko kanal laburretan merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleei, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoaren arabera.
3. 99.300 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 2026ko gastuen aurrekontuko 72003-72200-4700-413102 partidaren kargura (Kanal laburren bidezko elikagaien ekoizle konbentzional eta ekologikoentzako laguntzak).
Partidan baimendutako kreditua 50.000 euro handitzen ahalko da gehienez, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu egokirik eta behar bestekorik bada.
4. Dirulaguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
5. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 8an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, KANAL LABURRETAN MERKATURATZEN DIREN NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN EKOIZLEEI EMATEKO "DE MINIMIS" ARAUBIDEARI ATXIKITAKO LAGUNTZAK
Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea laguntzak emateko kanal laburren bidez merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleei, Nekazaritzako Elikagaien Komertzializaziorako Kanal Laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legean ezarritako lurralde eremuan egindako jardueretarako.
2. Laguntza horien helburu nagusia da kanal laburren bidez merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleei laguntzea, merkaturatze eredu hori garatzen eta finkatzen laguntzeko.
3. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren menpe dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Bigarren oinarria.–Onuradunak.
Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako elikagaien ekoizleak. Erregistro hori Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan dago jasota.
Ondorio horietarako, nekazaritzako elikagaien ekoizle merkaturatzailetzat hartzen dira Nafarroako nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatutako ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta merkaturatzeko kanal laburren bidez saltzen badituzte beren nekazaritzako elikagaiak, freskoak zein eraldatuak izan.
Hirugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntzen onuradun izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Inskribaturik egotea Nafarroako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren erregistroan (Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan xedatua).
b) Aurreikusita izatea jarduera plan bat egitea nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak garatzeko, edo eredu hori sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak garatzeko, Nafarroako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko Foru Legean ezarritako lurralde eremuan.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.
d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
e) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik. Laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz ere, baldin eta ezarritako zehapena edo kondena bete badute eta, galdagarria bada, berdintasun-plan bat egin badute indarrean dagoen legerian aurreikusitako baldintzetan.
Laugarren oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira oinarri honetan jasotako jarduerak egiteko asmoz onuradunek 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egiten dituztenak.
2. Diruz laguntzen ahalko dira merkaturatzeko kanal laburren bidez nekazaritzako elikagaiak saltzeko eskaintzarekin lotutako jardueren gastuak. Besteak beste, ekintza hauek izan daitezke:
A.1.–Kanal laburren bidez saltzeko produktuen ontziak eta etiketak diseinatzea, irudi korporatiboa eta logoa diseinatzea, sare sozialak diseinatzea.
A.2.–Kanal laburren bidez Nafarroan merkaturatzeko edo nekazaritzako elikagaiak ekoizten diren ustiategitik gehienez 100 kilometrora dagoen eremu batean merkaturatzeko nekazaritzako elikagaien salmentari lotutako sustapen-ekitaldietan, lehiaketetan, produktu-erakusketetan, azoketan eta merkatuetan parte hartzeko beharrezko tasa eta tarifak.
A.3.–Kanal laburretan merkaturatutako produktuen dibulgazio eta sustapen materiala sortzea (liburuxkak, triptikoak, kartelak, roll-upak, biniloak eta poltsak maketatzea eta inprimatzea eta karpen eta ibilgailuen errotulazioa).
A.4.–Kanal laburretako merkaturatzea kudeatzeko tresna informatikoak edo aplikazioak garatzea, eta webguneak sortzea, egokitzea eta mantentzea, barne daudela kanal laburretan merkaturatzeko bereizgarria duten webguneak, eta, orobat sare sozialen bidezko sustapena.
A.5.–Zuzeneko salmenta-puntuko seinaleak jartzeari dagozkionak.
3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.
4. Nahitaezkoa da zuzeneko salmentako eta/edo hurbileko logoak erabiltzea publizitate material, euskarri, salmenta-puntuko seinale, liburuxka, etiketa eta abarretan, bat etorriz Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Kanal Laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin.
5. Ez dira diruz lagungarriak eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauek:
a) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskaeran, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.
b) Kanpoko hornidura (ura, argia, gasa), telefonia, garbiketa eta konponketa gastuak.
c) Ekoizpen primarioari edo transformazioari lotutako gastuak.
d) Ekipoak edo bestelako material suntsikorra erostea.
e) Ekipoak konpontzeko eta mantentzeko gastuak.
f) Garraiorako ibilgailuak erostea.
g) Salmenta jarduera egiten den lokaletako inbertsio gastuak (merkataritza lokala instalatzea, handitzea edo eraberritzea).
Bosgarren oinarria.–Kostuen moderazioa.
1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak dio proposatutako kostuen moderazioa egiaztatu behar dela, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du.
Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira, kasuan-kasuan:
1.1. Erreferentziako kostuak, proformako fakturaren eta/edo aurrekontuaren gainean:
Zenbateko diruz lagungarria bi hauen arteko txikiena izanen da: eskatzaileak aurkeztua eta modulu hauek aplikatzearen ondoriozkoa, ekintza zein den:
A.1.–Zuzenean saltzeko produktuen ontziak eta etiketak diseinatzea, irudi korporatiboa eta logoa diseinatzea, sare sozialak diseinatzea. 1.900,00 euro.
A.2.–Sustapen ekitaldietan, lehiaketetan, produktu erakustaldietan, azoketan eta kanal laburreko merkaturatze produktuen salmenta merkatuetan parte hartzeagatik eskatzen diren tasak eta tarifak: 250 euro ekitaldi bakoitzeko.
A.3.–Dibulgazio materiala sortzea (flyer liburuxkak, triptikoak, kartelak, roll-upak, biniloak eta poltsak maketatzea eta inprimatzea eta karpen eta ibilgailuen errotulazioa): 2.150,00 euro.
A.4.–Web-orria (web diseinua eta sorrera, edukien edizioa, ostatatzea eta mantentze-lanak): 2.150,00 euro.
A.5.–Zuzeneko salmenta-puntua seinalatzeko kartela: 600 euro.
1.2. Erreferentziako kostuak aplikagarriak ez direnean eta diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu edo zerbitzu ondasunak hornitzen badituzte, onuradunak egiaztatu beharko du hornitzailearen hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera egin dela, salbu eta diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago hura hornitzen edo ematen duen behar adina erakunde, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada.
Hori guztia egiaztatzeko, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu hornitzaile desberdinen hiru eskaintza . Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.
Eskaintzak enpresa hornitzaile independenteek eginak izanen dira, eta ondasun edo zerbitzu beraren gainean prestaturiko aurrekontu, eskaintza edo proformako fakturekin justifikatu behar dira, merkatuko preziora egokitzen dela justifikatzeko.
Horrez gain, proformako fakturek eta/edo aurrekontuek izan behar dute legeak eskatzen duen informazioa, enpresa hornitzailea identifikatzen duten datuen informazio fidagarria bilduta eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta eman beharreko zerbitzuaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.
Seigarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Gastu diruz lagungarrien %90eko laguntza emanen da, eta 6.000 euro gehienez onuradun bakoitzeko.
2. Laguntzekin ezin izanen da 300.000 euroko muga gainditu hiru urteko epean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
Zazpigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
1. Aurreikusitako ekintzak gauzatzea, ebazpen honetan xedatutako helburuarekin eta xedearekin bat etorriz, eta bertan aurreikusitako betebeharrak eta dagokion laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak betetzea.
2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari frogatzea hartutako funtsak erabili direla dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko edo pribatu batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
7. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, esteka honetan dagoena: gardentasunari buruzko adierazpena.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
8. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek, inbertsioek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio eta hedapen materialetan eta webguneetan.
Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da 2030 Agendako logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
10. Behar diren argibideak ematea onuradunaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita deialdi honen esparruan hartutako laguntzez ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
Zortzigarren oinarria.–Laguntza eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.
2. Laguntzen eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.
3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, bederatzigarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoan, www.nafarroa.eus helbidean.
Bederatzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:
a) IFZaren kopia, pertsona juridikoen kasuan.
b) NANaren kopia, pertsona fisikoen kasuan, eta puntuak eskatzea gazteriaren eta/edo generoaren arabera barematzeko.
c) Jarduketa-plana, ezarritako ereduaren araberakoa, non deskribatuko baitira egin beharreko jarduerak eta haien balorazio ekonomikoa.
d) Proformako fakturak eta/edo aurrekontuak, kostuen moderazioa aplikatzeko, bosgarren oinarrian jasotakoaren arabera.
e) Kontuak eta ordainketak fitxa betetzea, eskatzaileak laguntzak lehen aldiz jaso behar dituenean edo Nafarroako Gobernuak laguntza ordaintzeko kontua aldatu nahi duenean.
f) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioena.
h) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................................................... naizen honek, nire izenean /.......................................................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiaztatzeko, 2026. urtean "de minimis" erregimenari atxikita dauden eta kanal laburretan merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleentzako laguntzak izapidetzeko prozeduraren barruan, nik ordezkatzen dudan erakundeak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela".
i) h) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak berak edo hark ordezkatzen duen entitateak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.
j) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.
k) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez dagoela zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
l) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
Hamargarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun ordena ezartzeko.
2. Eskaerak lehenesteko, baremo hau aplikatuko da (gehienez 90 puntu):
a) Ustiategiaren kokapena eta despopulazio-arriskua.
Kontuan izanda eskatzailearen ustiategia non dagoen eta bat etorriz eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren sailkapenarekin (foru agindu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio-arriskuan dauden udalerrien zerrenda):
–Muturreko arriskuan dauden udalerriak: 20 puntu.
–Arrisku bizian dauden udalerriak: 10 puntu.
b) Merkaturatzeko produktuen tipologia.
Eskatzailea atxikita baldin badago gutxienez jatorri-deitura bati, adierazpen geografiko babestu bati eta/edo Nafarroako lurraldeko produktuen kalitate ziurtapen bati edo ekoizpen ekologikoaren ziurtapen bati:
b.1) Kalitate ziurtapenengatik:
–Bi kalitate figura baino gehiago: 20 puntu.
–Bi kalitate figura: 15 puntu.
–Kalitate figura bat: 10 puntu.
b.2) Ekoizpen ekologikoarengatik: 20 puntu.
c) Eskatzailearen generoa.
–Emakumea: 10 puntu.
Pertsona juridikoen kasuan irizpide hori aplikatzeko, kontuan hartuko da zenbat emakume diren bazkide, bazkide guztiekiko.
d) Belaunaldi erreleboa.
–Gaztea: 10 puntu.
40 urte edo gutxiago dituzten pertsona fisikoak joko dira gaztetzat. Pertsona juridikoen kasuan irizpide hori aplikatzeko, kontuan hartuko da zenbat gazte diren bazkide, bazkide guztiekiko.
e) Ekonomia sozialeko entitateak.
–Eraldaketarako nekazaritza-sozietateak edo nekazaritzako kooperatibak: 10 puntu.
3. Eskatzaileak adierazi beharko du, berariaz, zer hautaketa-irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean irizpideak betetzeari dagokionez, edo, behar denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzeari dagokionez.
4. Eskatzaileak eskatutako hautaketa-irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko modu bat baino gehiago onartzen dituen irizpide bat hautatu bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada.
5. Eskaeren artean puntuazio bera lortzen bada, eta laguntza emateko berdinketa hautsi behar bada, kanal laburreko merkaturatzaileen erregistroan antzinatasun handiena duena lehenetsiko da.
6. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu kreditua ez bada nahikoa laguntza eskaera guztiei erantzuteko, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileak, aurrekontu zuzkidura badu eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa badagokio, emandako laguntza berretsi beharko du, edo horri uko egin, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere. Berrespen kasuan, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 20 bis artikuluan ("eskaerak birformulatzea") aurreikusitakoa beteko da.
7. Aurrekontuan kreditu nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.
Hamaikagarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, bederatzigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela zeina jakinaraziko baitzaio, edo dagoen dokumentazioaren arabera ebatziko dela.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.
4. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren titularrak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraren gainean ebazteko, 3 hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen baldin bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Hamabigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Aipatutako informazioa telematika bidez aurkeztuko da, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, gardentasunari buruzko adierazpenaren estekaren bidez, eta dokumentuak atxikiko dira eredu hauen arabera (gardentasunari buruzko adierazpenari buruzko ereduaren I. eta II. eranskinak):
–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Hamahirugarren oinarria.–Laguntza ordaintzeko eskaera, eta dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko modua.
1. 2026ko azaroaren 6an amaituko dira gastuak justifikatzeko epea eta laguntza ordaintzeko eskaerak aurkeztekoa.
2. Laguntza ordaintzeko eskaerak izan beharko du laguntzaren izapidearen katalogoko txantiloietan ezarritako ereduaren araberakoa, eta dokumentazio hau erantsiko zaio:
a) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.
b) Jarduera plana gauzatzeari buruzko memoria, diruz lagundutako jarduerak ezarritako epearen barnean gauzatu direla egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera: argazkiak, publizitate euskarriak eta materialak, eta argitaratutako materiala.
c) Zazpigarren oinarriaren 9. puntuaren araberako publizitate betebeharra betetzearen justifikazioa, bai eta zuzeneko eta/edo hurbileko salmentako logoak erabiltzeko betebeharrarena ere, bat etorriz Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin.
3. Ordainketa egin aurretik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatzen den dokumentazio guztia berrikusiko du, eta, horrela, baieztatuko du aurkeztutako gastuak hautagarriak direla, justifikazio dokumentuak baliozkoak direla, onuradunek gardentasun betebeharrak betetzen dituztela eta gainerako dokumentazioa nahikoa dela. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
4. Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra bete dituela.
Hamalaugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
1. Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez emandako estatu-laguntzekin.
2. Nolanahi ere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
Hamabosgarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, laguntzak kobratzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta berandutze-interesak ordaindu ere, ordainketa egiten den unetik aurrera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritako zenbatekoan, hargatik eragotzi gabe aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen gainerako erantzukizunak.
Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Hamaseigarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta informazioa.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
3. Organo kudeatzaileak erregelamendu hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko da "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Neurri egokiak hartuko dira erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dira hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
4. Batzordeak aldez aurretik idatziz eskatuz gero, behar den informazio guztia helarazi beharko zaio, hogei egun balioduneko epean edo eskaeran ezartzen den epe luzeago batean, zehaztu ahal dezan erregelamenduan ezarritako baldintzak bete diren, eta, bereziki, edozein enpresak erregelamendu horren edo beste erregelamendu batzuen arabera guztira jaso duen "de minimis" laguntza.
Hamazazpigarren oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Ebazpen honi aplikatuko zaizkio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
Hemezortzigarren oinarria.–Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
2. Era berean, nekazaritzako elikagaien merkaturatzearen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez deialdi hau aplikatzeko onesten diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2606835
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
