Iragarkia
106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1753E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 903426.
Etxebizitza kolaboratiboak maiatzaren 10eko Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen hogeita zazpigarren xedapen iragankorrean jasota dagoen etxebizitza modalitate bat dira, azaroaren 27ko 15/2025 Foru Legea betez, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza eredu klasikoaren irtenbide alternatibo moduan.
Xedapen horretan definitzen da Nafarroan etxebizitza kolaboratibotzat ulertzen dena, eta berariazko dirulaguntzak ezartzeko aukera aurreikusten da etxebizitza kooperatiben edo kooperatiba federazioen eraketa sustatzeko, haien antolaketari eta hedapenari laguntzeko, eta higiezinak etxebizitza kolaboratiboetarako erabiliak izateko proiektuak, sustapena edo birgaikuntza egitea finantzatzeko.
2018-2028 Nafarroako Etxebizitza Planak berak (31.-33. orr.) helburuen artean aipatzen du ostatu eredu berriak sortzeko proiektu berritzaileei babesa ematea: etxebizitza kolaboratiboak, cohousing, proiektu komunalak. Eredu horrek, halaber, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren babesa dauka eta hala jaso da abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmen mentala dutenen, adingabeen arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua arautzen dituena eta baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea onesten dituena. Dekretu horretan arautzen dira esperientzia pilotuen esparruan diseinatzen diren eta premiak asebetetzeko formula berriak sortzen dituzten zerbitzu berritzaileetarako berariazko baimenak, arreta berezia jarrita adinekoentzako etxebizitza alternatibak garatzeko aukera ematen dutenei, adinekoak autonomia sustatzeko moduan antola daitezen, elkarrekiko laguntzan eta autokudeaketan oinarritutako bizitoki kolaboratiboetan.
Espainiako beste toki batzuetan zabalduta dagoen eredua izan arren, Nafarroako Foru Komunitatean are gehiago bultzatu behar den etxebizitza aukera da oraindik ere, 2018-2028 Nafarroako Etxebizitza Planak eta aipatu xedapenak proposatzen dituzten sustapen neurriek islatzen duten moduan.
Bultzada horretan laguntzeko xedez, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak laguntza deialdi bat argitaratzea planteatu du honako neurri hauek diruz laguntzeko:
1. Etxebizitza kolaboratiboen sektore kooperatiboa ordezkatzen duten entitateentzat. Entitate horien definizio, eraketa eta funtzionamendu prozesuak dinamizatu eta horietan laguntzeko pertsona bat edo gehiago kontratatzea eta/edo entitatearentzat soluzio eta tresna digitalak sortzeko pertsona edo profesional bat edo gehiago kontratatzea.
2. Proiektu kolaboratiboak garatzeko interesa duten etxebizitza kooperatibentzat edo helburu bera duten pertsona fisikoen taldeentzat, baldin eta, azken kasu horretan, kideen arteko lankidetzarako akordio esparru bat badago. Aholkularitza ekonomiko, tekniko eta juridikoko zerbitzuak kontratatzea, zeregin hauetaz ardura daitezen: etxebizitza kooperatibak modu eraginkorrean eratzea, etxebizitza kolaboratiboen sustapenaren bideragarritasun azterketak egitea, baloratutako memoriak idaztea (gutxieneko informazioa: deskribapen programatikoa solairuz solairuko banaketa eskemarekin, azaleren zerrenda eta jardueraren gutxi gorabeherako aurrekontua), eta jarduera eta zerbitzu kolaboratiboak gidatuko dituen lankidetza ituna prestatzea.
Entitate horiek eratzeko eta/edo etxebizitza kolaboratiboko proiektuak sustatzeko behar den finantzaketa kooperatibetako kide partikularren ekarpen pertsonalen kargura izaten da erabat, eta horrek kooperatiben jarduketa gaitasuna mugatzen du askotan. Kontuan izanik zenbait proiektu jada abian direla, planteatzen den dirulaguntzen deialdiak barne hartuko lituzke 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera martxan jarritako proiektuak.
241/2023 Foru Dekretuak, azaroaren 15ekoak, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 15. artikuluan xedatzen du Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak foru dekretu horretan aurreikusitako eginkizunak izanen dituela, honako arlo hauetan: etxebizitza hutsen gaineko ikuskapena eta kontrola, sistemen kudeaketa, berrikuntza, parte hartzea eta hedapena; baita bere jardueraren esparru materialean agintzen zaizkion beste batzuk ere.
11/2005 Foru Legeak, azaroaren 9koak, dirulaguntzei buruzkoak, 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzen deialdi honek Nafarroako Gobernuaren nahitaezko baimena jaso du 2026ko martxoaren 18ko Gobernu Akordio bidez.
Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituriko eskudantziekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
1. Etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko 2026ko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 100.000 euroko gastua erreserbatu eta baimentzea, honela:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
320000 32200 4819 261400 Etxebizitza kolaboratiboen dirulaguntzen deialdia | 2026 | 100.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).
Iruñean, 2026ko maiatzaren 4an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Helburua eta xedea.
Erabiltzeko lagatzen den etxebizitza kolaboratiboaren ereduaren helburua etxebizitza aukera eskuragarri eta komunitarioak eskaintzea da, non egoiliarrek jabetza eta kudeaketa partekatzen dituzten. Kooperatiba horiek ez dute irabazi ekonomikorik bilatzen eta, horregatik, kideen ongizatea eta epe luzerako jasangarritasuna lehenesten duten bizitokiak sortzean jartzen dute arreta handiena, higiezinen espekulazioa saihestuz.
Deialdi honetan ezartzen diren dirulaguntzak Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak emanen ditu, ebaluazio indibidualaren arabera, Nafarroako etxebizitza kolaboratiboaren sektore kooperatiboaren ordezkari diren gizarte entitate eta irabazi asmorik gabeko entitateentzat, eta baita etxebizitza kolaboratiboen kooperatibentzat edo xede horretarako Nafarroan antolatu diren pertsona fisikoen taldeentzat ere, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz eta dagokien aurrekontuko kredituak ezartzen dituen mugen barruan. Xedea prezio eskuragarria duten Nafarroako etxebizitzen eskaintza areagotzea da, horretarako etxebizitza eskuratzeko eredu berriak martxan jarrita, hala nola erabiltzeko lagatzen diren etxebizitza kolaboratiboak, administrazio publikoek esparru horretan tradizionalki sustatu izan duten formatu klasikotik haratago doazenak, horrela lortuko baita ezaugarri horiek dituzten proiektuak sustatzeko aukera ematen duten etxebizitza kooperatiben ehuna sortzea.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izanen dira:
- 1. neurrirako. Nafarroako etxebizitza kolaboratiboaren sektore kooperatiboko ordezkari diren irabazi asmorik gabeko gizarte entitateak, hau da, Nafarroan etxebizitza kolaboratiboko proiektuak garatzeko interesarekin antolatu diren etxebizitza kooperatibak edo pertsona fisikoen taldeak barne dituztenak.
- 2. neurrirako. Jada eratuta dauden, laguntza teknikoak kontratatzen dituzten eta gorago azaldutako xedearekin lotuta dauden inbertsioak egiten dituzten (edo 2026an zehar egin dituzten) adinekoentzako bizitoki kolaboratibo sozialak edo etxebizitza kooperatibak (azalera eskubidearekin edo jabari publikoko emakidarekin lagatako lurzoru publikoetan sustatu badira). Edo, kooperatiba oraindik eratu gabe badago, kideen lankidetzarako esparru akordio bat oinarri hartuta elkartu diren pertsona fisikoak. Kide horietako bat izendatuko da ordezkari, eta hark jardunen du laguntzen onuradun moduan.
Laguntza hauen onuradunak entitate juridikoak badira, modalitate bakoitzerako eskatzen diren betekizunak kaltetu gabe, entitate horiek eskubideak baliatzeko gaitasuna izan beharko dute eta betebeharrak izanen dituzte, kideen partaidetza ireki eta boluntarioan oinarrituta egoteaz gain.
2. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:
a) 1. neurriaren hartzaileentzat. Berezko nortasun juridikoa duen eta Nafarroako Foru Komunitatean jarduten duen izaera sozialeko eta irabazi asmorik gabeko entitatea izatea, eta entitatearen kideak Nafarroako etxebizitza kooperatibak edo etxebizitza kooperatiba bat eratzeko interesa duten pertsona fisikoen taldeak izatea.
b) 2. neurriaren hartzaileentzat. Legez eratutako etxebizitza kooperatiba izatea eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hala inskribatuta egotea, bere araudiaren arabera aplikagarria zaion araudian eskatzen den Nafarroako erregistroan. Hala ere, oinarri honetako 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, etxebizitza kooperatiba eratu aurretik ere eskaerak aurkezten ahalko dituzte pertsona fisikoen taldeek, baldin eta helburu horretarako lankidetzako esparru akordio bat gauzatu badute eta bertan onuradun izaera izanen duen ordezkaria izendatu bada.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan onuradun izateko ezarri diren debeku egoeretan ez izatea. Aurreko inguruabar hori dirulaguntza eskaeran egiaztatuko da, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egiazkotasuna ikertzeko duen ahalmena.
d) Laguntza eskatzen denean ez egotea administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira onuradun izaten ahalko laguntza eskatzen denean arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain dauden entitateak. Aurreko inguruabar hori dirulaguntza eskaeran egiaztatuko da, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egiazkotasuna ikertzeko duen ahalmena.
e) Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.
f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Neurri hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:
1. neurria–Nafarroako etxebizitza kolaboratiboaren sektore kooperatiboko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateentzat, baldin eta etxebizitza kolaboratiboko proiektuak garatzeko interesa duten etxebizitza kooperatibek osatuak badira, onuradun bakoitzeko 25.000 euroko mugarekin.
1.1. Entitate eskatzaileari aholkularitza ekonomiko, tekniko eta juridikoa emateko zerbitzuak kontratatzea, kide diren kooperatiben kudeaketa hobetzeko tresnak izan ditzan. Gastu osoaren %75. Honako hau sartzen da atal honetan:
1.1.1. Aholkularitza juridikoa: araudia aztertu eta interpretatzeko aholkularitza; biltzarretako aktak edo hirugarrenekin sinatzen diren kontratuak edo hitzarmenak idaztea; lan arloko aholkularitza; administrazioaren aurreko ordezkaritza eta izapideak; partaidetza prozesuetako dokumentuetarako orientazioa eta idazketa; justizia epaitegien arteko defentsa edo bazkideen arteko gatazken ebazpena eta bitartekaritza.
1.1.2. Aholkularitza teknikoa. Proiektu kooperatiboak garatzeko lurzorua bilatzea, lurzoru horien ezaugarri eta egokitasunari buruzko aholkularitza edo etxebizitza kolaboratiboaren ereduan interes pertsonala duten pertsonei zuzendutako informazioa eta aholkularitza, ondoren kooperatiba bat eratzeko taldeak sortzen lagunduz.
1.1.3. Aholkularitza ekonomikoa: kontabilitate eta zerga arloak.
1.2. Kudeaketa aplikazioak, tresna digitalak eta web orriak sortzeko eta mantentzeko zerbitzuak kontratatzea edo aplikazio horien lizentzia informatikoak erostea. Gastu osoaren %75.
2. neurria–Etxebizitza kolaboratiboko kooperatibentzat edo pertsona fisikoen taldeentzat, baldin eta kideen arteko lankidetzarako esparru akordio bat gauzatu badute eta etxebizitza kolaboratiboko proiektuak garatzeko interesa badute, onuradun bakoitzeko 10.000 euroko mugarekin.
2.1. Etxebizitza kolaboratiboko proiektuak garatuko dituzten etxebizitza kooperatiboak eraginkortasunez eratzeko aholkularitza ekonomiko, tekniko eta juridikoko zerbitzuak kontratatzea. Gastu osoaren %75. Honako hau sartzen da atal honetan:
–Aholkularitza teknikoa: dinamizazio eta partaidetza prozesuak eta eredua ezagutzera emateko prozesuak martxan jartzea, kooperatiba osatzeko bazkideak erakartzeko helburuarekin.
–Aholkularitza juridikoa: kooperatiba eratzeko prozesurako aholkularitza, bai eta erregistrorako aholkularitza eta estatutuak, prozesu horretan beharrezkoak diren bestelako dokumentuak eta lankidetza ituna idazteko aholkularitza ere.
–Aholkularitza ekonomikoa: kontabilitate eta zerga arloak.
2.2. Bideragarritasunari buruzko azterlanak egitea, etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko. Gastu osoaren %75.
2.3. Etxebizitza kolaboratiboak eraikitzeko proiektuen gaineko memoria baloratuak idaztea. Gastu osoaren %75.
2. BEZa ez da gastu diruz lagungarritzat joko, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
3. Gauzatzeko epea 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 1era bitartekoa izanen da. Jarduketa gauzatutzat joko da gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2026ko uztailaren 31n agortuko da.
2. Laguntzen eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (aurrerantzean, laguntzen fitxa): https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-promocion-de-viviendas-colaborativas. Eskaneatuta aurkeztu beharko dira, dokumentu bereizietan eta jarraian adierazten den moduan behar bezala identifikatuta:
a) Dirulaguntza eskabidea, behar den bezala beteta.
b) Eskritura, entitatea eratzeko akta edo oinarri duen esparru akordioa. Azken kasu horretan, esparru akordioak barne izanen ditu, halabeharrez, taldeko kide bakoitzak hartu dituen gauzatze konpromisoen adierazpena, eta kide bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa, eta taldearen ordezkari moduan onuradun gisa jardunen duen pertsonaren izendapena.
c) Kooperatiben kasuan, eta Kooperatiben Foru Legearen 78. artikuluan xedatutakoaren arabera, irabazi asmorik gabeko gizarte entitate gisa erregistratu eta hori justifikatu beharko dute.
d) Bidezko bada, ordezkari izateko ahalmenaren egiaztagiria aurkeztu behar da.
e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izeneko inprimakia.
f) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortu ez direla edo beste administrazio publiko batzuei eskatu ez zaizkiela dioen adierazpena; era berean, helburu bererako dirulaguntzen edo laguntzen eskaera berriak nahiz lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetako debekurik urratzen ez dela frogatzen duen agiria, artikulu horretako 7. apartatuan xedatutakoaren arabera egina.
h) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatutako ziurtagiria, aurkeztu baino hiru hilabete lehenago gehienez egina, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez dira agiri horiek aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (eranskina).
i) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, aurkeztu baino hiru hilabete lehenago gehienez egina, frogatzen duena egunean daudela Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, eranskineko ereduaren arabera. Aldiz, eskatzaileak ez du dokumentazio hori aurkeztu beharko Gizarte Segurantzako datuak kontsultatzearen aurka agertzen ez bada, eranskinaren arabera.
j) 2. neurriaren barne dauden entitate edo pertsona taldeen kasuan, dokumentu bat aurkeztu behar da, gauzatu nahi den etxebizitza kolaboratiboaren proiektua azaltzen duena, eta gutxienez datu hauek jaso behar ditu: sustapenaren kokapenari buruzko informazioa (herria, poligonoa eta lurzatia), etxebizitza kopurua, espazio komunen aurreikuspena eta lankidetzako itunaren azalpen laburra.
3. Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioak ez badituzte betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko baldintzak, organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Laguntza hauek emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da; beraz, organo kudeatzaileak (Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzua) eskaerak aurkeztu ahala izapidetu eta ebatziko ditu espedienteak, aurrekontu kreditua dagoen bitartean.
2. Deialdiaren guztizko kreditua oinarri hauetan jaso diren bi neurrien artean banatuko da, honela:
NEURRIA | AURREKONTU KREDITUA |
1. NEURRIA. Etxebizitza kolaboratiboen sektore kooperatiboa ordezkatzen duten entitateentzat. | 50.000 euro |
2. NEURRIA.–Etxebizitza kolaboratiboak sustatzen dituzten etxebizitza kooperatibentzat edo helburu bera duten pertsona fisikoen taldeentzat, baldin eta kideen arteko lankidetzarako akordio esparru bat badago. | 50.000 euro |
3. Eskaerak aurkezteko epea agortu eta egokiak diren laguntzak eman ondoren, neurrietako batean, kreditu nahikoa ez izateagatik laguntzarik jaso ez duen eskaerarik egonen balitz, eskaera horiei laguntza emanen zaie beste neurrian kreditu erabilgarria gelditzen bada.
4. Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak eskabideak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da entitate onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Etxebizitzako zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta telematikoki jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
6. oinarria.–Aurrerakinak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, laguntzen onuradun diren irabazi asmorik gabeko entitateek, nahikoa baliabide ez dutela egiaztatu beharrik gabe, ordainketa aurreratua jasotzen ahalko dute, emandako zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada eta ordainketa aurreratuak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren %60 gainditzen ez badu.
7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.
1. Onuradunek 2026ko urriaren 15a baino lehen justifikatu beharko dute zer jarduketa egin duten; horretarako, telematikoki eta laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau:
1. neurria–Nafarroako etxebizitza kolaboratiboaren sektore kooperatiboko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateentzat, baldin eta etxebizitza kolaboratiboko proiektuak garatzeko interesa duten etxebizitza kooperatibek osatuak badira.
1.1. Entitate eskatzaileari aholkularitza ekonomiko eta juridikoa emateko laguntza kontratatzea.
1.1.1. Laguntzaren xede izanen diren zerbitzuak emateko eskatu diren aurrekontuak.
1.1.2. Profesional batekin gauzatu den zerbitzuak emateko kontratua.
1.1.3. Egindako lanak xehetasunez azaltzen dituen memoria.
1.1.4. Laguntza edo langile propioak kontratatzearen ondorioz sortu den dokumentazioa: akordioak, itunak, azterlan ekonomikoak, lurzoru erabilgarriei buruzko azterlanak, etab.
1.1.5. Onuradunaren alde egindako jarduketen fakturak, onuradunaren aldetiko ordainketa egiaztagiriekin batera. Faktura bat baino gehiago egonez gero, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
1.2. Kudeaketa aplikazioak, tresna digitalak eta web orriak sortzeko eta mantentzeko zerbitzuak kontratatzea edo aplikazio horien lizentzia informatikoak erostea.
1.2.1. Laguntzaren xede izanen diren zerbitzuak emateko eskatu diren aurrekontuak.
1.2.2. Profesional batekin gauzatu den zerbitzuak emateko kontratua.
1.2.3. Egindako lanak xehetasunez azaltzen dituen memoria.
1.2.4. Esteken zerrenda eta, egokia bada, garatu den aplikaziorako edo sortu den webgunerako sarbide gakoak.
1.2.5. Onuradunaren alde egindako jarduketen fakturak, onuradunaren aldetiko ordainketa egiaztagiriekin batera. Faktura bat baino gehiago egonez gero, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
2. neurria–Etxebizitza kooperatibentzat edo pertsona fisikoen taldeentzat, baldin eta kideen arteko lankidetzarako esparru akordio bat gauzatu badute eta etxebizitza kolaboratiboko proiektuak garatzea aurreikusi badute.
2.1. Etxebizitza kooperatibak eraginkortasunez eratzeko aholkularitza ekonomiko, tekniko eta juridikoko zerbitzuak kontratatzea.
2.1.1. Laguntzaren xede izanen diren zerbitzuak emateko eskatu diren aurrekontuak.
2.1.2. Profesional batekin gauzatu den zerbitzuak emateko kontratua.
2.1.3. Egindako lanak xehetasunez azaltzen dituen memoria.
2.1.4. Laguntzaren ondorioz sortu den dokumentazioa: akordioen, itunen, estatutuen, azterlan ekonomikoen eta abarren idazketa.
2.1.5. Onuradunaren alde egindako jarduketen fakturak, onuradunaren aldetiko ordainketa egiaztagiriekin batera. Oraindik eratu ez diren etxebizitza kooperatiben kasuan, fakturak eta ordainketa egiaztagiriak pertsona fisikoen taldeko ordezkariaren izenean egonen dira. Faktura bat baino gehiago egonez gero, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
2.2. Bideragarritasunari buruzko azterlanak egitea, etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko.
2.2.1. Laguntzaren xede izanen diren zerbitzuak emateko eskatu diren aurrekontuak.
2.2.2. Profesional batekin gauzatu den zerbitzuak emateko kontratua.
2.2.3. Egindako azterlana, gutxienez ere eduki hauek dituena:
–Kontuan hartu diren hasierako datuen justifikazio memoria.
–Sustapen faserako gastuak eta diru sarrerak barne dituen azterlan estatikoa.
–75 urterako kutxako fluxua.
2.2.4. Onuradunaren alde egindako jarduketen fakturak, onuradunaren aldetiko ordainketa egiaztagiriekin batera. Oraindik eratu ez diren etxebizitza kooperatiben kasuan, fakturak eta ordainketa egiaztagiriak pertsona fisikoen taldeko ordezkariaren izenean egonen dira. Faktura bat baino gehiago egonez gero, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
2.3. Etxebizitza kolaboratiboak eraikitzeko proiektuen gaineko memoria baloratuak idaztea.
2.3.1. Laguntzaren xede izanen diren zerbitzuak emateko eskatu diren aurrekontuak.
2.3.2. Profesional batekin gauzatu den zerbitzuak emateko kontratua.
2.3.3. Egindako memoria baloratua, gutxienez ere eduki hauek dituena:
–Deskripzio memoria, katastroko erreferentziarekin, jarduketak garatzeko aurreikusi den lurzatiaren deskribapenarekin eta proposatzen den jarduketaren azalpenarekin: hirigintza kudeaketarako erraztasunari eta lurzatia garatu nahi den sustapenari egokitzeko gaitasunari buruzko informazioa, premien programa, eremu pribatu eta komunen arteko proportzionaltasuna, eta erreferentziako ingurune komunitarioan izanen duen gizarte inpaktuaren aurreikuspena.
–Proposamenaren solairuak, eskema moduan.
–Esparru pribatiboen eta eremu kolaboratiboen azalera erabilgarriak.
–Azalera eraikiak.
–Jarduketa egiteko obra aurrekontu zenbatetsia, azalera eraikiei aplikatutako ratioak oinarri hartuta.
2.3.4. Onuradunaren alde egindako jarduketen fakturak, onuradunaren aldetiko ordainketa egiaztagiriekin batera. Oraindik eratu ez diren etxebizitza kooperatiben kasuan, fakturak eta ordainketa egiaztagiriak pertsona fisikoen taldeko ordezkariaren izenean egonen dira. Faktura bat baino gehiago egonez gero, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
2. Onuraduna pertsona talde bat bada, dirulaguntza deialdi honetako helburuetako zeinen barruan dagoen dokumentatu beharko da, eta, diruz lagundutako esparruen barruan, pertsona bakoitzari emanen dion prestazioa ere dokumentatu beharko da. Era berean, eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aplikatu beharko zaio eskaeran adierazi den taldeko kide bakoitzaren banakako prestazio koefizienteari.
3. Gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo, eta ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituzten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" formularioan. Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
4. Nolanahi ere, eskatzaileak dirulaguntza jasotzeko banku kontua eguneratu beharko du. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko da, edo deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuz.
5. Kasu guztietan, entitate eskatzaileak agiri bidez frogatu beharko du diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuak parte hartu duela adierazteko obligazioa bete izana, 8. oinarrian xedatutakoarekin bat.
6. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamen arrazoitua. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
7. Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.
8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.
b) Deialdi honen 4. eta 7. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan gauzatu eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xede diren jarduketak.
c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
Halaber, dirulaguntza emateko kontuan izan den inguruabarren bat (objektiboa nahiz subjektiboa) aldatzen bada, horren berri eman beharko dute.
d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea, hamabost eguneko epean, beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, bai eta, kasua bada, laguntzari uko egiten zaiola komunikatzea ere.
e) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta hedapen ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen eta dirulaguntzaren berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: "Subvenciona Gobierno de Navarra / Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

Iturria: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Ez bada betetzen oinarri arautzaile hauetan, dirulaguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharren bat, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, aipatu foru legearen 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
9. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen laguntzen fitxa erabiliz.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitateen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb).
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira.
12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
II. ERANSKINA.–LAGUNTZA ESKATZEKO INPRIMAKIA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Eskabide orria tramiteen katalogoko fitxan aurkituko duzu:
Iragarkiaren kodea: F2606652
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
