106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 13an hartua, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio "Tuteran unibertsitate publikoa jartzea" udalez gaindiko plan sektoriala eta plan sektorial horren 1. sektoreko plan berezia aldatzeko espedienteen izapidetzeari. Planaren eremua birmugatzeari edo 1. sektoreko azalera murrizteari buruzkoak dira espedienteak, eta Hezkuntza Departamentuak sustatu ditu.

2025eko azaroaren 24an, Hezkuntza Departamentuak agiri bat aurkeztu zuen, izapidetzeko, helburu duena aldatzea, batetik, "Tuteran unibertsitate publikoa jartzea" udalez gaindiko plan sektoriala eta, bestetik, plan sektorial horren 1. sektoreko plan berezia; hori guztia, eremua birmugatzearren.

Aldaketa horien xedea da betetzea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere gain hartutako konpromiso bat; honako hau, alegia: NUPen Tuterako campusa garatzeari lotutako konpromisoak eguneratzea eta ikastetxe berri bat eraikitzea udalerri horretan. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak, Tuterako Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko uztailaren 24an sinatutako hitzarmenaren lehenbiziko klausulan dago jasota konpromiso hori.

Horretarako, aurkeztutako aldaketetan planteatzen da honako hauek uztea udalez gaindiko plan sektorialetik (UGPS) at:

–Tuterako 3. poligonoko 1817., 1386., 2020., 2205., 1823. eta 1822. katastro-lurzatiak (azken horren zati bat). Lurzati horietako batzuk Tuterako Udalarenak dira eta beste batzuk, berriz, Nafarroako Foru Komunitatearenak.

–Bide-lurzati hauen zati bat: Huertas Mayores etorbidea, Tarazona etorbidea eta Camino del Rape bidea.

UGPSetik at utzi nahi den azalera guztia dago 1. sektorean (izan ere, plana bi sektoretan banatzen da, kudeaketaren eta exekuzioaren ondorioetarako), eta aldaketak berekin dakar sektore hori kentzea UE1-etik, bide-sistema orokorretik eta UE2-ko ipar-mendebaldeko izkinatik. Azalera hori, guztira, 36.965 m²-koa da; eremuaren azalera osoaren %20,44.

Hona hemen zer dioen aurkeztutako agiriak: "Birmugaketa honen bidez, eremua egokitzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tuteran dituen beharretara, eta lagunduko dio bere egungo eta etorkizuneko jarduerak aurrera eramaten. Izan ere, instalazioak zabaldu nahi izanez gero, horretarako gorde dira UE2-ko A gunearen zati bat eta 1. sektoreko UE3 exekuzio-unitatea eta 2. sektoreko UE4 exekuzio-unitatea... /... Nafarroako Gobernua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Tuterako Udala bat datoz, eta interesa dute UGPSetik at geratuko den eremua modu koherentean eta hirigintzaren ikuspegitik kalitatezkoa den modu batean garatzearen alde. Hain zuzen, eremu hori izanen da integrazio-eremu bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusaren eta egun dauden hiri-inguruen artean. Hala, birmugaketa honek, ondoren, bide emanen du, dagokion tresnaren bidez, UGPSetik at gelditu diren lurzatietan ezartzeko unibertsitatearekin zerikusirik ez duten beste jarduera batzuk. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren ikastetxe bat eta udal-zuzkidura bat jarriko dira, hala jasota baitago Nafarroako Gobernuak, Tuterako Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako hitzarmenean.

UGPSetik at uztea proposatu den lurzoruan, Tuterako toki-planeamenduko determinazioak aplikatu beharko dira (1991ean onetsitako HAPO), indarrean baitzeuden UGPSa onetsi aurretik. Araudi horretan, lurzati horiek honela daude kalifikatuta: ekipamenduak, industria, eraikinik gabeko eremua eta bide publikoa. Jakintzat ematen da hirigintza xedapen edo determinazio horien gainean erabaki sektorialak hartu zirela horiek izapidetu zirenean. Hortaz, ez da beharrezkoa edo komenigarria inolako erabakirik hartzea orain izapidetzen ari diren aldaketen gainean edo horiek eragin ditzaketen ukipen sektorialen gainean.

Aurrekoa gorabehera, hona hemen zer dioen espediente hauen aurretik sinatutako hitzarmenaren bigarren klausulak: "Tuterako Udalak plan sektorialetik at geratzen diren lurrak antolatuko ditu, ikastetxe berri bat eraiki ahal izateko. Horretarako, egiten ari den plangintza berrian, jarduketa zuzeneko unitate bat definituko da lehenbiziko eremurako, planoan (II. eranskina) marraztutako mugaketaren araberakoa. Nekazarien kooperatiba zaharrari eragiten dion zatian, berriz, udalak berak erabakiko du zer erabilera eman. Klausula horretan ezarritakoaren arabera, alderdi sinatzaileek uste badute egokia dela modu koordinatuan ordezkatzea UGPSaren antolamendua etorkizuneko udal-antolamenduarekin, orduan, hizpide ditugun UGPSaren eta Plan Bereziaren aldaketen eraginkortasuna eskatu, baldintzatu edo bertan behera geratu beharko da, kanpoan geratu diren lurzoruen udal-antolamenduak indarra hartzen duenean, edo alderantziz.

Orobat, eta nahiz eta hitzarmenak ezin diren lotesleak izan plangintzako tresnetarako, aipatutako hitzarmena sinatu zuenez, inplizituki uler daiteke NUPek ez dituela lur horiek behar campusa garatzeko. Hala eta guztiz ere, egokitzat jotzen da NUPi eskatzea, UGPSaren instalazioen erakunde kudeatzailea den aldetik, egin dezala txosten bat edo hartu dezala erabaki bat orain izapidetzen ari diren aldaketen gainean.

Ingurumen-ebaluazioari dagokionez, honako hau dio agiriak: "Aldaketari ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta edo sinplifikatua egin behar, ez baita aurreikusitako egoeretako batean ere sartzen, bere eduki eta irismen mugatua direla eta. Izan ere, indarrean den UGPSaren aldean, ez du beste ingurumen-ukipenik eragiten, eta aldaketak ekarriko duen esparruan ez dira etorkizunean baimenduko legearen arabera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio behar duten proiektuak edo ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketenak. Edonola ere, NUPen UGPSetik at geratzen diren eremuak garatzeko tresnetan aztertu beharko da ingurumen arloko izapidea egitea bidezkoa den ala ez".

Espedienteak aztertuta, ikusi da zuzendu behar direla, honako alderdi hauei erreparatuta:

–Espedienteari gehitu behar zaio justifikazio-atal bat, adieraziko duena proposatutako aldaketek bete egiten dituztela LAHFLTBaren 55. artikuluan ezarritako hirigintzako estandarrak, aplikatzekoak direnak UGPSan (berdeguneak eta aparkalekuak).

–Espedientean soil-soilik jaso behar da ukitutako jabeen identitatea edo UGPSetik at geratuko diren lurzatiena.

–Honako alderdi hauek zuzendu behar dira, bete beharrez ezarrita dagoena urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuan (haren bidez arautzen dira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua):

a) Sistema orokorrei buruzko datuen multzo osoa aurkeztu behar da, UGPSaren O.2.2 planoarekin bat (hezkuntzako sistema orokorra eta bideen sistema orokorra).

b) Aurkeztu den eremuaren geruza zuzendu behar da, grafikoki erakutsi behar baitu nola geratuko den eremua proposatutako birmugaketa egin eta gero.

c) Aurkeztutako artxibo grafiko guztiak zuzendu behar dira, edo justifikatu, mugak eta siluetak ez baitatoz bat indarrean dagoen UGPSaren eremuarekin.

d) Planoak zuzendu behar dira. Ezin dituzte zortzi izkina eduki, ez eta eduki desberdineko bi informazio-leiho ere.

–Proposatutako araudia berrikusi behar da, alderdi hauei dagokienez:

a) Ezin dira aldaketaren xedeak edo eremuaren birmugaketak ukitzen ez dituen testuak gehitu edo aldatu. Zehazki, honako hauek zuzendu behar dira: 1. sektoreko bi atal (sailkapena eta antolamendu baldintzak), UGPSaren araudiaren barnean, eta sektore horretako Plan Bereziko araudiaren 1., 3., 4., 5., 7. eta 9. artikuluak. Egin beharreko zuzenketen artean, Plan Bereziaren 9. artikulukoa nabarmendu behar da. Ez da bidezkoa planoetara jotzeko beharra ezabatzea, eta, orobat, mantendu behar da guneen (erabilerak) azalera, zenbateko horiek beharrezkoak baitira aipatutako determinazioak edo parametroak portzentajetan aplikatzeko eta egiaztatu ahal izateko hirigintzako estandarrak betetzen diren.

b) Mugaketak ukitzen ez duen araudiaren testuak aldatzeko edo tresna bakoitzaren testu bategin bana idazteko, nahitaez sartu behar dira aldaketa edo testu horiek espedientearen xedean.

c) Ez da zilegi modu korrelatiboan zenbatzea bi plangintza-tresnatako artikuluak; orobat, indarrean diren tresnen zenbakiak mantendu behar dira.

d) Aldaketak antolatzeko planoak berrikusi behar dira, eta osatu. Plano horietan jaso behar dira planteatutako birmugaketari egokitzen zaizkion determinazio guztiak, eta gorde behar dira aldatu edo ordezten diren planoen izena eta zenbakia. Ez dute numerazio berririk edo korrelatiborik izanen, aldaketa hauek ex novo egindako tresna bat izanen balira bezala.

Jakin dugu Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aldeko txostena eman duela 2026ko apirilaren 24an, aldaketa-espediente horiek izapidetzen hasteari buruz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Hasiera ematea "Tuteran unibertsitate publikoa jartzea" udalez gaindiko plan sektoriala eta plan sektorial horren 1. sektoreko plan berezia aldatzeko espedienteen izapidetzeari. Planaren eremua birmugatzeari edo 1. sektoreko azalera murrizteari buruzkoak dira espedienteak, eta Hezkuntza Departamentuak sustatu ditu.

2. Departamentu sustatzaileari ohartaraztea ezen, espedienteak ebatzi aurretik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak bere txostenean egindako zehaztapenak sartu beharko dituela espedienteetan (erabaki honetan jaso dira, laburbilduta). Horretarako, txosten hori igorri beharko zaio departamentu sustatzaileari, indarrean den UGPSaren eremuari buruzko shape fitxategiarekin batera (Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sisteman sartuta dago).

3. Aldaketa hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea aldaketak ukitutako udalari, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedaturiko ondorioetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, espedientea kontsultagai egonen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Alondegi kalea 1, 2. solairua. 31002 Iruña), jendea hartzeko orduetan, bai eta web-orri honetan ere: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak, eta, epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

4. Erabaki hau argitaratzea, orok jakin dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jakinaraztea Tuterako Udalari, NUPi, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari eta Hezkuntza Departamentuari; hori guztia, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2606991