1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 13an hartua, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio "Azalera handiko saltokien industrialdea, Caparroson" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzeari. Lurzatien erabilera eta eraikigarritasun-baldintzak aldatzeari eta eremua birmugatzeari buruzkoa da espedientea, besteak beste, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak sustatu du.
2024ko urtarrilaren 30ean, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak honako honetan aldaketa bat izapidetzeko eskaera egin zuen: "Azalera handiko saltokien industrialdea, Caparroson" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala.
Ondoren, 2025eko azaroaren 27an, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako errekerimenduari erantzunez, departamentu horrek beste agiri bat aurkeztu zuen, aurretik aurkeztutakoak ordezten zituena.
Hona hemen aldaketan jasotakoa:
1) UGPSaren eremua birmugatzea, egungo errealitatera egokitzeko (2001etik indarrean dagoen katastro-mugaketa).
2) 2.7 eta 2.8 lurzatien erabilera aldatzea. Erabilera anitzeko ekipamendurako izatetik industria-erabilera izatera igaroko dira, industriarako lurzoru erabilgarria handitzearren. Erabilera anitzeko lurzatiak, guztira, %40 murriztuko dira. Arrazoia da 24 urte igaro direla industrialdea onetsi eta merkaturatzen hasi zenetik eta ez dela eskaera bakar bat ere jaso erabilera anitzeko lurzatietarako.
3) Arestian aipatutako aldaketen ondorioz, zenbait lurzati eta espazio publikotako azalerak birmugatzea eta birdoitzea.
4) Berriz esleitzea eraikigarritasunak lurzatien artean. Azalera eraikigarria handitzen da erabilera anitzeko ekipamendu-erabilera duten lurzatietan (2.9 eta 2.10) eta industriarako lurzati berrietan. Aldaketa hori dator homogeneizazio koefizientetik, 1,20 izatetik (erabilera anitza) 1,00 izatera igaro baita (industriarako). Orobat, agirian jasotakoaren arabera, industriarako beste lurzati batzuen eraikigarritasuna aldatu da, "lurzatien muga berrien arabera doitzearren".
5) Industrialdera sartzeko biribilgunearen izaera aldatzea eta erabat txertatzea jarduketa-eremuan.
Aurreko aldaketez gain, badira aurkeztutako agirian identifikatu ez diren beste aldaketa batzuk. Esaterako, homogeneizazio koefizienteak sartu ditu, industriarako erabilera bereizteko azalera handian eta solairuartean eta, orobat, erabileren arteko bateragarritasunen taula aldatu du, batetik, aurreikusi gabeko erabilerak ezabatzeko (nekazaritzako erabilerak eta lotutako zerbitzuak) eta, bestetik, onartutako erabilerak zabaltzeko erabilera anitzeko ekipamenduetarako lurzatietan (aparkalekuaren erabilerari azpiegituretarako eta ekipamendurako erabilerak gehitu zaizkio) eta berdegune publikoetan (berdegune publikoen erabilerari azpiegituretarako erabilera gehitu zaio).
Aurkeztutako aldaketaren irismena ikusita eta bat etorriz aplikatzekoak diren araudi sektorialetako xedapenekin, iritzia emateko eskatu zitzaien Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari. Zuzendaritza nagusi horrek, 2024ko uztailaren 17an egindako txostenean, ez zuen zehaztapenik egin aldaketaren gainean. Bestalde, Babes Zibileko Zerbitzuak, 2024ko apirilaren 23ko txostenean, besteak beste, adierazi zuen komeni dela baldintzak ezartzea partzelazioan, suteren bat gertatuko balitz sua ez dadin erraz zabaldu establezimenduen artean. Orobat, gogora ekarri zuen beharrezkoa dela hiri-drainatze jasangarriko neurriak hartzea urbanizazio-lanetan, eta proposatu zuen suhiltzaileen esku-hartzeari begirako baldintzak ezartzea.
Bestalde, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 27ko 797E/2024 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-txosten estrategikoa eman zen aldaketaren gainean. Txosten hori 2024ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 6koan, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeren 31.3 artikuluan.
Aldaketa aztertuta ondorioztatu da aldaketa egituratzailea dela eta ez dela aldaketa xehatua, nahiz eta agirian hala dagoen jasota. Izan ere, UGPSaren eremuaren birmugaketak lurzoru motaren zehaztapenari eragiten dio (hirigintza-antolamenduko determinazio egituratzailea).
Horretaz gain, eremuaren sailkapenari dagokionez, aipatu beharra dago, nahiz eta alderdi horrek ez dion eragiten aldaketaren xedeari, eremuak jarraituko duela urbanizagarria izaten harik eta frogatzen edo dokumentatzen den arte UGPSaren 2. fasearen urbanizazio-proiektuaren onespena eta urbanizazio-obren behin betiko harreraren akta.
Eraikigarritasunari dagokionez, ikusi da indarrean diren tresnetan (UGPS eta xehetasun-azterketa) ez dagoela eraikigarritasunik ezarrita, baizik eta solairuko okupazioa. Hizpide dugun aldaketan, ordea, eraikigarritsuna aipatzen da. Bi kontzeptuak parekotzat hartzea badago ere, 3 tresnetan ageri dira zenbateko desberdinak. Hortaz, aldaketa zuzendu beharra dago (aprobetxamendua eta guztizko eraikigarritasuna mantentzen direla dio). Orobat, beharrezkotzat jotzen da antzeko eraikigarritasuna ezartzea lurzatiaren m² bakoitzeko, aplikatzen ahalko zaiona lurzoru eraikigarri guztiari, eta lurzatiak duen erabileraren arabera. Modu horretan ez da desberdintasunik sortuko erabilera bereko lurzatien eta antzeko egoeran dauden lurzatiekiko, eta errazagoa izanen da eraikigarritasuna kalkulatzea. Solairuarteetan ere irizpide bera aplikatu beharko litzateke, eta eraikigarritasun-portzentaje berbera ezarri industrialdeko lurzati eraikigarri guztietan. Horrez gain, proposatutako okupazio-portzentajeetan hamartarrak agertu beharko lirateke, eta zehaztu beharko litzateke portzentaje horiek finkatutako lerrokaduretatik datozen edo haiekin bat ez datozen. Bestela, bereizketa horiek justifikatu beharko lirateke.
Bestalde, erabilerak aldatzeko oinarria baldin bada ez dagoela erabilera anitzeko lurzorurako eskaerarik, horrek eragiten du justifikatu egin behar dela erabilera hori eta industriarako erabilera homogeneizatzeko koefizienteak mantendu izana. Honako honen justifikazioa ere zuzendu egin behar da, eta legez ezarrita dagoenari egokitu: udalari higiezinen trafikoa izan dezakeen irabazizko aprobetxamenduaren % 10, urbanizazio-kargarik eta bestelakorik gabe, dohainik lagatzeko betebeharra.
Orobat, industrialdera N-121 errepidetik sartzeko biribilgunea partzialki utzi izana UGPSaren eremutik kanpo ez dago nahikoa justifikatua eta ezin da onartu.
Agiria berrikusi behar da, eta indarrean dagoen tresnaren gainean planteatzen diren aldaketa guztiak identifikatu, deskribatu eta justifikatu behar dira, besteak beste: erabilera anitzeko ekipamenduetarako lurzatietako altueren araudi berria, berdeguneen handitzea eta kokaleku berriak eta homogeneizazio koefiziente berriak, eta, bereziki, azalera handiei dagokien koefizientea. Izan ere, planoetako partzelazioak, agirian jasota dagoen moduan, bakarrik balio du ideia bat egiteko.
Halaber, agiriari gehitu behar zaio justifikazio-atal bat, adieraziko duena proposatutako aldaketek bete egiten dituztela LAHFLTBaren 55. artikuluan ezarritako hirigintzako estandarrak, aplikatzekoak direnak UGPSan (berdeguneak eta aparkalekuak).
Azkenik, proposatutako araudiaren testuak berrikusi behar dira, eta proposamenik egiten ez duten justifikazio- eta informazio-testuak ezabatu. Dokumentazio grafikoan, indarrean den UGPSaren izena eta zenbakia errespetatu behar dira, eta lerrokaduren plano bat gehitu behar zaio dokumentazio horri. Informazio geografiko bektoriala ere aurreko ohar guztietan esandakoaren arabera egokitu behar da.
Jakin dugu Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aldeko txostena eman duela 2026ko apirilaren 24an, aldaketa-espediente hori izapidetzen hasteari buruz.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Hasiera ematea "Azalera handiko saltokien industrialdea, Caparroson" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzeari. Lurzatien erabilera eta eraikigarritasun-baldintzak aldatzeari eta eremua birmugatzeari buruzkoa da espedientea, besteak beste, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak sustatu du.
2. Departamentu sustatzaileari ohartaraztea ezen, espedientea ebatzi aurretik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak bere txostenean egindako zehaztapenak sartu beharko dituela espedientean (erabaki honetan jaso dira, laburbilduta). Horretarako, txosten hori igorri beharko zaio departamentu sustatzaileari.
3. Aldaketa hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea aldaketak ukitutako udalari, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedaturiko ondorioetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.
Horretarako, espedientea kontsultagai egonen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Alondegi kalea 1, 2. solairua. 31002 Iruña), jendea hartzeko orduetan, bai eta web-orri honetan ere: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak, eta, epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
4. Erabaki hau argitaratzea, orok jakin dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jakinaraztea Caparrosoko Udalari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari eta departamentu sustatzaileari; hori guztia, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2606989