106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 13an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea. Eremua Iruñeko udal-mugartean birmugatzeari eta zortasun aeronautikoen araudia eguneratzeari buruzkoa da espedientea, eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak aurkeztu du.

Nafarroako Gobernuaren 1990eko abuztuaren 28ko Erabakiaren bidez (1990eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 29koa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala (UGPS) onetsi zen. Haren helburua zen campus bat prestatzea, barne hartuko dituena unibertsitateari dagokion irakaskuntzako misioa epe laburrean eta ertainean behar bezala betetzeko beharrezkoak diren instalazio osagarriak.

2025ean, Iruñeko Udalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak honako hau onetsi zuten: "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektorialaren eta Iruñeko Udal Plan Orokorraren arteko hirigintza koordinaziorako hitzarmena". Hala erabaki zuen Iruñeko Udalak, 2025eko apirilaren 3an egindako osoko bilkuran; NUPeko Gizarte Kontseiluak, 2025eko apirilaren 30ean egindako bilkuran, eta Nafarroako Gobernuak, 2025eko maiatzaren 28an.

Hitzarmen horretan ezarritakoa bete beharrez, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak, 2025eko ekainaren 24an, behar diren agiriak aurkeztu zituen, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzeko. Eremua Iruñeko udal-mugartean birmugatzeari eta zortasun aeronautikoen araudia eguneratzeari buruzkoa da espedientea.

Nafarroako Gobernuaren 2025eko azaroaren 19ko erabakiaren bidez, aldaketa-espediente hori izapidetzen hasi zen. Erabakia 2025eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ekoan, eta aldi berean hasi ziren bi izapide hauek: jendaurreko informazioarena eta ukitutako udalei entzunaldia ematearena. Izapide horiek iraun duten bitartean, ez da alegaziorik jaso.

2026ko martxoaren 25ean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak agiri bat aurkeztu zuen, "espedientea izapidetzen jarraitzeko".

Hauek dira aldaketaren xedeak:

1. Aipatu udalez gaindiko plan sektorialaren (aurrerantzean, UGPS) eremua birmugatzea Iruñeko udal-mugartean:

–Kanpo uztea 99.000 m² baino zertxobait gutxiago dituzten lurzoruak eta barne hartzea gutxi gorabehera 1.200 m²-ko azalera duten lurzoruak. Zehazki, hauek utziko dira kanpo: UGPSaren C-2 eta C-3 jarduketa unitateak, Sadar estadioaren aurreko aparkalekua eta NUPen kirol instalazioen iparraldean dauden etxebizitza kolektiboko bi eraikinak eta horien ingurunea.

–UGPSaren eremua errealitate fisikora, hiri errealitatera eta katastro errealitatera eta Sadar ibaiaren ibai espaziora egokitzea, haren ondoko C-1 unitatearen zatian.

2. UGPSaren jarduketa unitateen mugaketa proposatutako birmugaketara egokitzea.

3. UGPSaren araudia zortasun aeronautikoei buruz indarrean dauden araudi eta legeria berrietara egokitzea.

Eremuaren eta unitateen birmugaketari buruzko aldaketek (1. eta 2. puntuak) Iruñeari eragiten diote; zortasun aeronautikoei buruzkoek (3. puntua), berriz, Iruñeko, Galar zendeako eta Arangurengo udal-mugarteei, UGPSaren azalera osoan.

Aurkeztutako aldaketaren irismena ikusita eta bat etorriz aplikatzekoak diren araudi sektorialetako xedapenekin, espedientean sartu dira Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen aldeko iritziak (2025eko azaroaren 11koa eta irailaren 12koa eta 24koa, hurrenez hurren). Bestalde, txostena eskatu zaio NUPi, UGPSeko instalazioen erakunde kudeatzailea baita. Ez da txostenik jaso, baina txosten hori nahitaezkoa ez denez, espedientea izapidetzen jarraitu da.

Ingurumen ebaluazioari eta klima aldaketaren ebaluazioari dagokienez, dokumentuak jasotzen du ez dela beharrezkoa ingurumen ebaluazio estrategikoa izapidetzea; izan ere, ez da ingurumen eragin berririk sortzen, ez klima aldaketari dagokionez, ez trantsizio energetikoari dagokionez, indarrean dagoen UGPSarekin alderatuta, eta berez ez da eratzen ez ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparru gisa, ez ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeen proiektu gisa.

Aurkeztutako azken agiri teknikoak jendaurrean egondakoa ordezten du. Hain zuzen, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak eskatutako aldaketak sartu dira: planoak doitu dira eta 9. artikuluaren testua ("Zortasun aeronautikoak") moldatu da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2026ko apirilaren 24ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea. Eremua Iruñeko udal-mugartean birmugatzeari eta zortasun aeronautikoen araudia eguneratzeari buruzkoa da espedientea, eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak aurkeztu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, tresnan jasota dauden arauekin batera (eranskinean daude), orok jakin dezan.

Onetsitako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.

3. Behin betiko onespenaren erabakia honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: NUPi, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Galar zendeako eta Arangurengo udalei eta Iruñeko Udaleko Gerentziari.

4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2606987