106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 13an hartua, zeinaren bidez iraungitzen baita "Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektoriala (UGPS)", Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren 2001eko abenduaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen "Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektoriala (UGPS)", Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua. Erabaki hori 2002ko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11koan.

UGPS horren xedea da Tafallako udal-mugartean dagoen La Nava industrialdea handitzea. Industrialde hori eskualdeko industrialde gisa finkatuta dago apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuaren 1.3 artikuluan (foru dekretu horren bidez arautu zen industrialdeak eta jarduera industrialak Nafarroan ezartzea). Lurzoru industrialaren eskaria dago eskualdean, eta hizpide dugun handitzearen helburua eskari horri erantzutea da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ofizioz berrikusi ditu saltoki handiak ezartzeko udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak, zeinak iraungi baitaitezke Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1.a) eta e) eta 46.2.a) eta c) artikuluetan jasotako kasuekin bat.

Hori horrela izanik, egiaztatu da Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko UGPSaren determinazioak ia osorik gauzatu direla. Une honetan, haren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta lurzati eraikigarrien %70ek baino gehiagok jardueraren bat dute. Horregatik, ondorioztatzen ahal da UGPSaren helburua bete dela. Ondorioz, gomendagarria da UGPSa iraungitzea, eta, adierazitako 46. artikuluan xedatuarekin bat, haren determinazioak udal hirigintza-plangintzan sartzea, dela aldaketa bat eginez, dela plangintza horren berrikusketa baten esparruan. Erriberriren kasuan, aipatu determinazioak sartzen ahalko lirateke gaur egun izapidetze fasean (lurralde-okupazioaren estrategia eta ereduaren fasean) dagoen Udal Plan Orokorraren esparruan.

2019ko azaroaren 13ko eta 2024ko irailaren 6ko ofizioen bidez, Tafallako eta Erriberriko udalei eskatu zitzaien txostena egin zezatela, argitzeko La Nava industrialdea handitzeko UGPSa iraungitzea gomendatzen ez duen kausa arrazoiturik dagoen.

2024ko irailaren 23an, halako txosten bat eskatu zitzaion Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Industria Lurzoruaren eta Azpiegituren Atalari, hark sustatu baitu aipatu UGPSa.

2024ko azaroaren 4an, Erriberriko Udalak udal-ziurtagiri bat bidali zuen, zeinetan adierazten baita udal horrek, 2024ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuela UGPSa iraungitzearen aldeko txostena ematea, eta Lurralde Antolamenduko Departamentuari proposatzea determinazioak udal hirigintza-plangintzan sar daitezela hura berrikusteko prozeduran (une honetan, izapidetze-fasean dago).

Tafallako Udalaren eta Industria Departamentuaren erantzunik jaso ez zenez, 2024ko abenduaren 19ko eta 2025eko uztailaren 14ko idazkien bidez, berriz errepikatu ziren UGPSa iraungitzea gomendatzen ez duen kausa arrazoiturik egoteari buruzko eskaerak edo erabakiak.

Eskatutako txostenak igortzeko 20 eguneko epea igarota, ez dago kontsultatutako administrazio horien erantzunik. Ez dira nahitaezko txostenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearekin bat; beraz, jarraitzen ahal da jarduketekin.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2026ko urtarrilaren 9ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. Iraungitzea "Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektoriala (UGPS)", Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua.

2. Iraungitzea eraginkorra izan dadin, tresna horretan jasotako determinazioak udal hirigintza-plangintzan sartu beharko dira.

"Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren" iraungitzea eraginkorra izan arte, determinazio egituratzaileen aldaketak, hala badagokio, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak dituen departamentuak izapidetuko ditu. Gainera, plan sektorialean jasotako determinazio xehatuen aldaketak eta horien kudeaketa- eta urbanizazio-proiektuak izapidetzeko eta onesteko udalen baimenak indarrean jarraituko du.

3. "La Nava industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren" determinazioak Tafallako eta Erriberriko udal hirigintza-plangintzan sartzea baimentzea; betiere, horren ondorioz hirigintza-plangintzaren edukia nabarmen aldatzen ez bada. Determinazio horiek udal hirigintza-plangintzan sartzeko, aldaketa bat egiten ahal da udal hirigintza-plangintzan, edo, bestela, berrikusten ahal da aipatu plangintza. Betiere, plan sektorial horrek indarra izanen du determinazioak sartzeak indarra hartu arte.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiari, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Tafallako eta Erriberriko udalei.

5. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2606983