106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

246/2026 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena 2026-2027 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du behar diren jarraibideak onets daitezen 2026-2027 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Behar diren jarraibideak onestea Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzek 2026-2027 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetara.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 11n.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, IRUÑEKO ETA TUTERAKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAN ETA NAFARROAKO URRUTIKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALEAN EMANEN DIREN HIZKUNTZA IRAKASKUNTZEK 2026-2027 IKASTURTEAN IZANEN DUTEN ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO

1.–Egutegia.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu:

1. 2026-2027 ikasturtea 2026ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2027ko ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) Ikastaro presentzialetako, erdipresentzialetako eta "That's English!" urrutiko ikastaroko eskolak ez dira 2026ko irailaren 17a baino lehen hasiko, eta beranduenez 2027ko maiatzaren 19an bukatuko dira.

b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

c) Eskolak bukatzen direnetik ekainaren 30era arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

3. a) Egutegiak bermatu beharko du talde bakoitzak 130 ordu izanen dituela gutxienez. 2026-2027 ikasturteari dagozkion jarraibideetan ezarritakoarekin bat, eskolek erabakiko dute zenbat ostiraletan emanen den zuzeneko irakaskuntza, behar bada, ikastaro presentzialetako eta erdipresentzialetako talde bakoitzak behar adina eskola-ordu izan ditzan, eta egutegian adieraziko dituzte. Zuzeneko eskola-saiorik gabeko gainerako ostiraletan, eskola-egunak izanez gero, irakasleak nahitaez joan beharko dira ikastetxera, eta zeregin hauetan arituko dira: koordinazio lanak egitea, ziurtapen probak prestatzea eta berrikustea, programazioak eta zehaztapenak berrikustea, eta kurtsoaren garapenarekin zerikusia duten gainerako jarduerak.

b) Ezinezkoa izanen da eskolak etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta klaustroak egiteko ere.

c) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.

4. a) Honako egun hauek jaiegun izanen dira, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: urriaren 12a, azaroaren 2a, abenduaren 3a eta abenduaren 8a. Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak behar diren jarraibideak emanen ditu erabakitzen bada beste jaiegunen bat ezartzea eta, horrenbestez, eskola egutegia aldatzea.

b) Herriko jaieguna. Herriko jaieguna eskolarik gabeko eguna ez den batean egokitzen bada, horren ordez beste egun bat jartzen ahalko da.

c) Ikastetxeek zilegi dute hezkuntza-mailari dagokion jaiegun bat ezartzea.

d) Eskola gabeko laneguntzat joko dira ikastetxeak bere egutegian markatuko dituen hiru egun.

e) Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 10ean bukatuko, biak barne.

f) Aste Santuko oporrak martxoaren 25ean hasiko dira, eta apirilaren 4an bukatuko, biak barne.

g) Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak ezin dira inola ere luzatu.

h) Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetan, urriaren 16a, azaroaren 20a eta abenduaren 11 izanen dira ebaluazio-mailak eta -irizpideak estandarizatzeko eta haiekin ohitzeko. Horrez gain, NUHEOk bere egutegian ezarriko ditu Bigarren Hezkuntzako eta That's English programetako irakasleekin ebaluazio-mailak eta -irizpideak estandarizatzeko eta haiekin ohitzeko egunak.

5. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Zuzendariek, eskola kontseiluari entzun ondoren, egutegi eta ordutegi proposamenak bidaliko dituzte Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Educa kudeaketa programaren bidez. Horretarako azkeneko eguna 2026ko ekainaren 12a izanen da.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ezetsiko ditu, haiek aztertu ondoren. Educa kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena. Egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira ikastetxeek ez badute inolako jakinarazpenik jasotzen 2026ko ekainaren 22rako.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio eranskin honen 1. atalean (Egutegia) ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren eskola egutegia ikastetxeko iragarki-taulan eta ikastetxearen web-orrian ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

6. 2026-2027 ikasturteko eskola-egutegia.

Iragarkiaren kodea: F2606926