1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
160E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita basafaunako espezie jakin batzuek abeltzaintza estentsiboan eragindako kalteen ordainketa.
ZIOEN AZALPENA
Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, 54. artikuluan (basa espezie autoktonoen kontserbazio-bermeari buruzkoa), xedatzen du ezen, kontserbazio-arrazoiak direla-eta hala dagokionean xedatzen ahal diren kontserbazio-ordainketen kalterik gabe, oro har, administrazio publikoak ez direla basafaunako espezieek eragindako kalteen erantzule, araudi sektorial espezifikoan ezarritako kasuetan izan ezik. Agindu horrek ingurumenaren babesari buruzko oinarrizko legediaren izaera du, haren azken xedapenetako bigarrenaren arabera.
Nafarroako Foru Komunitatean, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen du basa faunak eragindako kalteen ordainetarako araubide orokorra.
Agindu hori garatuz, bi foru agindu hauek eman ziren: 878/1996 Foru Agindua, abuztuaren 19koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, otsoaren erasoak aziendari eragindako kalteen ordainketa arautzen duena; eta 607/1997 Foru Agindua, ekainaren 2koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, saiek aziendari egindako kalteen ordainak arautzen dituena.
Bestalde, alderdi honetan ere basafauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko jarraibideak betez eta uztailaren 1eko 268/1996 Foru Dekretuaren bidez –2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen bidez aldatua–, hartz arrea (Ursus Arctos) ugaltzeko plana onetsi zen, zeinean abeltzaintzari eragindako kalteen ordainketen araubide bat barne hartzen baita.
Hamarkada hauetan izandako esperientzia ikusirik, beharrezkotzat jotzen da mota horretako kalte-ordainketak kuantifikatzeko metodoa eguneratzea, foru agindu berri baten bidez, elkarrengandik bereiziz basafaunako haragijale handiek eragindako kalteak, saiek eragindakoak eta basafauna babestuko beste espezie batzuek eragindakoak.
Beharrezkotzat jotzen da, halaber, zuzenean abeltzaintzari eragindako kalteak ordaintzeko prozedura eguneratu bat ezartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen edo hura ordezten duen arauaren xedapenekin bat datorrena.
Azkenik, adierazitako bi foru agindu horiei eragiten dien xedapen indargabetzaile bat jaso da, baita araudi berria indarrean sartuko den data xedatzen duen azken xedapen bat ere.
Azaldutakoaren arabera, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Basafaunako espezie jakin batzuek abeltzaintza estentsiboan eragindako kalteen ordainketa zehazteko prozedura.
Hau izanen da basafaunako espezie jakin batzuek abeltzaintza estentsiboan eragindako kalteen ordainketa zehazteko prozedura.
1. Basafaunako haragijale handiek eragindako kalteen ordainak.
Ondorengo kontzeptu hauek eratuko dute basafaunako haragijale handiek abeltzaintzari zuzenean eragindako kalteen ordaina:
a) Erasoaren zenbatekoa, zeinak konpentsatuko baititu saldoaren kudeaketan eragindako nahasmenduak (azienda sakabanatzea, espezieen estresa, animaliak berreskuratzeko artzain-lanak, desagertutakoak, etab.). Kostuaren zenbatekoa peoi-jornal batekoa eta ibilgailua 100 kilometro erabiltzearen kostua izanen da, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren edo erasoaren datan hura ordezten duen erakundearen tarifaren arabera. Ardi- eta ahuntz-aziendaren kasuan, ukitutako saldoan abelburu bat desagertzeagatiko galera ere jasotzen da.
Erasoagatiko zenbateko hori peoi-jornalaren kostuaren %25 areagotuko da baldin eta ukitutako ustiategiak prebentzio-neurriak hartu bazituen landan (gaua igarotzeko aldi baterako egiturak, zakur zaindariak eta zaintzako artzain-lanetan laguntzeko beste artzain bat), zeinahi delarik ere ukitutako azienda-mota.
b) Ukitutako animalien balioaren zenbatekoa. Zenbateko hori animalien merkatu-prezioaren batez besteko balorazio zenbatetsiaren araberakoa izanen da, animalien adina, egokitasuna eta arraza kontuan hartuz; abeltzaintzan eskumena duen zuzendaritza nagusiak finkatzen du prezio hori urtero.
c) Albaitari-gastuen eta abortu ziurtatuen zenbatekoa. Aziendaren parte bat zaurituta gelditzen bada, egindako gastuaren ziurtagiria entregatu aurretik azienda hori leheneratzeko egindako tratamenduaren albaitari-gastua ordainduko da. Halaber, indemnizagarritzat joko dira albaitari elkargokide batek erasoaren ondotiko 10 egunetan ziurtaturiko abortuak. Kalte-ordainaren balioa ukitutako abere-espezieko kume jaioberri batena izanen da.
d) Erasoaren ondorioz hildako animaliari edo animaliei esker aurreikusten zen errentagarritasunaren ondoriozko lortu gabeko irabazia. Arrazari loturiko produktibitatearen galeraren ondorioz lortu ez den irabazia arintzeko helburua du. Haragitarako ustiategien kasuan, saldoaren batez besteko emankortasuna honela zenbatesten da: 1,5 kume eme bakoitzeko, ardi- eta ahuntz-aziendentzat; eta 0,7 kume eme bakoitzeko, behi- eta behor-aziendentzat. Esnetarako ardi eta ahuntzen ustiategiei dagokienez, honela zenbatesten da errentagarritasunaren galera:
–Kume bat eme bakoitzeko.
–Ustiategiaren esne-ekoizpenaren galera, zeina honela kalkulatuko baita:
- Batez besteko edoskitzeko 180 litro eta batez beste 140 jezte-egun (1,30 litro/egun), esne-litroaren balioa 0,50 eurokoa delarik.
- Zenbatekoaren kalkulua: (140 - [erditzearen eta erasoaren arteko egunen kopurua]) x 1,30 x 0,50.
2. Saiek aziendari eragindako kalteen ordaina.
Ondorengo kontzeptu hauek eratuko dute saiek abeltzaintzari zuzenean eragindako kalteen ordaina:
a) Erasoaren zenbatekoa, zeinak konpentsatuko baititu saldoaren kudeaketan eragindako nahasmenduak (azienda sakabanatzea, espezieen estresa, animaliak berreskuratzeko artzain-lanak, desagertutakoak, etab.). Kostuaren zenbatekoa 3 peoi-ordukoa izanen da, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren edo erasoaren datan hura ordezkatzen duen erakundearen tarifaren arabera.
Erasoagatiko zenbateko hori peoi-jornalaren kostuaren %25 areagotuko da, ukitutako ustiategiak prebentzio-neurriak hartu bazituen landan (zakur zaindariak, zaintzako artzain-lanetan laguntzeko beste artzain bat, etab.), edozein dela ere ukitutako azienda-mota.
b) Ukitutako animalien balioaren zenbatekoa. Zenbateko hori animalien merkatu-prezioaren batez besteko balorazio zenbatetsiaren araberakoa izanen da, animalien adina, egokitasuna eta arraza kontuan hartuz; abeltzaintzan eskumena duen zuzendaritza nagusiak finkatzen du prezio hori urtero.
c) Albaitari-gastuen eta abortu ziurtatuen zenbatekoa. Aziendaren parte bat zaurituta gelditzen bada, egindako gastuaren ziurtagiria entregatu aurretik azienda hori leheneratzeko egindako tratamenduaren albaitari-gastua ordainduko da. Halaber, indemnizagarritzat joko dira albaitari elkargokide batek erasoaren ondotiko 10 egunetan ziurtaturiko abortuak. Kalte-ordainaren balioa ukitutako abere-espezieko kume jaioberri batena izanen da.
d) Erasoaren ondorioz hildako animaliari edo animaliei esker aurreikusten zen errentagarritasunaren ondoriozko lortu gabeko irabazia. Arrazari loturiko produktibitatearen galeraren ondorioz lortu ez den irabazia arintzeko helburua du. Haragitarako ustiategien kasuan, saldoaren batez besteko emankortasuna honela zenbatesten da: 1,5 kume eme bakoitzeko, ardi- eta ahuntz-aziendentzat; eta 0,7 kume eme bakoitzeko, behi- eta behor-aziendentzat. Esnetarako ardi eta ahuntzen ustiategiei dagokienez, honela zenbatesten da errentagarritasunaren galera:
–Kume bat eme bakoitzeko.
–Ustiategiaren esne-ekoizpenaren galera, zeina honela kalkulatuko baita:
- Batez besteko edoskitzeko 180 litro eta batez beste 140 jezte-egun (1,30 litro/egun), esne-litroaren balioa 0,50 eurokoa delarik.
- Zenbatekoaren kalkulua: (140 - [erditzearen eta erasoaren arteko egunen kopurua]) x 1,30 x 0,50.
3. Basafauna babestuko beste espezie batzuek aziendari eragindako kalteen ordaina.
Ondorengo kontzeptu hauek eratuko dute basafauna babestuko beste espezie batzuek abeltzaintzari zuzenean eragindako kalteen ordaina:
a) Ukitutako animalien balioaren zenbatekoa. Zenbateko hori animalien merkatu-prezioaren batez besteko balorazio zenbatetsiaren araberakoa izanen da, animalien adina, egokitasuna eta arraza kontuan hartuz; abeltzaintzan eskumena duen zuzendaritza nagusiak finkatzen du prezio hori urtero.
b) Albaitari-gastuen eta abortu ziurtatuen zenbatekoa. Aziendaren parte bat zaurituta gelditzen bada, egindako gastuaren ziurtagiria entregatu aurretik azienda hori leheneratzeko egindako tratamenduaren albaitari-gastua ordainduko da. Halaber, indemnizagarritzat joko dira albaitari elkargokide batek erasoaren ondotiko 10 egunetan ziurtaturiko abortuak. Kalte-ordainaren balioa ukitutako abere-espezieko kume jaioberri batena izanen da.
c) Erasoaren ondorioz hildako animaliari edo animaliei esker aurreikusten zen errentagarritasunaren ondoriozko lortu gabeko irabazia. Arrazari loturiko produktibitatearen galeraren ondorioz lortu ez den irabazia arintzeko helburua du. Haragitarako ustiategien kasuan, saldoaren batez besteko emankortasuna honela zenbatesten da: 1,5 kume eme bakoitzeko, ardi- eta ahuntz-aziendentzat; eta 0,7 kume eme bakoitzeko, behi- eta behor-aziendentzat. Esnetarako ardi eta ahuntzen ustiategiei dagokienez, honela zenbatesten da errentagarritasunaren galera:
–Kume bat eme bakoitzeko.
–Ustiategiaren esne-ekoizpenaren galera, zeina honela kalkulatuko baita:
- Batez besteko edoskitzeko 180 litro eta batez beste 140 jezte-egun (1,30 litro/egun), esne-litroaren balioa 0,50 eurokoa delarik.
- Zenbatekoaren kalkulua: (140 - [erditzearen eta erasoaren arteko egunen kopurua]) x 1,30 x 0,50.
4. Eraso batean hildako animaliak ustiategiko erroldaren %10 baino gehiago badira, 10 animalia hiletik gorako kaltea izanik, beste kontzeptu bat gehitzen da, kaltea edozein basaberek eragin duela ere. Saldoa berriz eratzearen premiari lotutako gastuak estaltzeko kontzeptuaz ari gara: kostuaren zenbatekoa 3 lanaldi gehigarrikoa izanen da, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren edo erasoaren datan hura ordezten duen erakundearen tarifaren arabera. Zenbateko hori %20 areagotuko da baldin eta ukitutako ustiategiak prebentzio-neurriak hartuak baditu, zenbatekoa doitzeari dagokionez (gaua igarotzeko aldi baterako egiturak, zakur zaindariak eta zaintzako artzain-lanetan laguntzeko beste artzain bat).
5. Instalazio fisikoei eragindako kalteak, bereziki prebentzioaren alorrekoei eragindakoak, ingurumenean eskumena duen zuzendaritza nagusiko zerbitzu teknikoek egindako balorazioen arabera ordainduko dira.
6. Kalteak ordaintzeko prozedura ezartzea:
a) Prozedura hau xedatzen da:
1.a Behin kaltea detektatuta, interesdunak edo hark baimentzen duen pertsonak ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiari jakinarazi beharko dio, gehienez ere hogeita lau orduko epean, eta animalia estali beharko du, gorpuzkinak hondatzea saihesteko; hala ere, geroago kalte-ordainen eskaera idatzia aurkezten ahalko da departamentu horretan bertan. Horretarako, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearekin harremanetan jarri beharko du, dagokion barrutiko telefonora deituz edo Ingurumeneko Zentralaren bidez.
2.a Ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak ahalik eta lasterren eginen ditu kaltea egiaztatzeko egin beharreko kudeaketak, langile kualifikatuen bidez.
3.a Kalte-ordainen idatzizko eskaera kaltea detektatu eta hamabost eguneko epean formalizatu beharko da ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusian. Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak eskaera kudeatzen lagunduko dio abeltzainari.
4.a Dokumentazio guztia jasotakoan, hura aztertu eginen du ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak. Ondorioztatzen bada emandako datuak eta apartatu honetako a) eta b) letretan adierazitakoari jarraikiz lortutako datuak nahikoak direla ondorioztatzeko basafauna babestuaren esku-hartzea dela aziendaren heriotzaren edo kalteen kausarik probableena, dagokion kalte-ordaina emanen du ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak.
5.a Ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak irizten badio kalte-ordainen eskaera ez dagoela behar bezain justifikatua, onuradunari jakinaraziko dio, hamar eguneko epean eskaera zuzendu dezan beharrezkotzat jotzen den dokumentazioarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean edo hura ordezten duen arauan ezarritako epean. Azkenik, eskaera modu arrazoituan ebatziko da.
6.a Ebazpenak kalte-ordainen eskaera gaitzesten badu, entzunaldi-izapide bat irekiko da, interesdunak egokitzat jotzen dituen alegazio eta ziurtagiriak aurkeztu ditzan hamabost eguneko epean.
Interesdunak perituen laguntza jasotzen ahalko du prozeduraren jarduketa guztietan, bere kontura.
b) Kalte-ordainen onuradunak ingurumenaren alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak basafauna babestuko aleak maneiatu, kontrolatu eta babesteko ezartzen dituen jarraibideak bete beharko ditu une oro.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arau-indargabetzea.
Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira:
–607/1997 Foru Agindua, ekainaren 2koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, saiek aziendari egindako kalteen ordainak arautzen dituena.
–878/1996 Foru Agindua, abuztuaren 19koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, otsoaren erasoak aziendari eragindako kalteen ordainketa arautzen duena.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea eta ondorioak.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako kalte-ordainen eskaeretan izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 12an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2606942