1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 13an hartua, kanal baten erreserba aldatzen duena ETB1 ON kanal berrirako, gaur egun ETB3ri esleitutako Nafarroako tokiko LTDko barruti bakoitzean, erreserbatutako espazioaren erabilerari eutsiz.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Legeak 73.1 artikuluan ezartzen du autonomia erkidego batek ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa ematen ahalko duela berarekin hizkuntza eta kultura kidetasunak dituen beste autonomia erkidego mugakide batean, lurreko uhin hertziarren bidez, baldin eta hitzarmen baldintza hauek batera betetzen badira:
a) Autonomia erkidego interesdunen artean hitzarmen bat sinatu behar da.
b) Bi autonomia erkidegoek zerbitzu publikoaren emaile bat badute, elkarrekikotasuna egon behar da emanaldietan.
c) Autonomia erkidegoari esleitutako irrati-maiztasunen espektroa erabiliz eman behar da zerbitzua, dagokion plan tekniko nazionalarekin bat.
d) Estatuko Administrazio Orokorrari jakinarazi behar zaio hitzarmena sinatu dela, eta identifikatu zer subjektu dagoen beharturik jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzeagatiko tasa ordaintzera.
Bestalde, aipatutako legearen 73.2 artikuluan ezartzen denez, autonomia erkidego batek beste mugakide batean ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa emateak autonomia erkidegoko zerbitzu publikoaren izaerari eutsiko dio.
Lege horretan aipatzen diren kidetasunak dituzten bi erkidego mugakideak izanda, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harreman-esparru zabala dute, bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-protokolo orokor baten bidez (protokolo berriena Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen) eta erakunde horiek EITBren zerbitzuak hedatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez.
Hala, eskuragarri zeuden kanal digitalak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak 2016ko uztailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, lehen espazio-erreserba bat egin zen EITBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko, tokiko lurreko telebista digitaleko (LTD) multiplexen bidez. Kanalen eskuragarritasuna aldatu zen 2016ko abuztuan, espazioa (26. kanala) askatu baitzen autonomia erkidegoko LTDko multiplexean. Horrek Nafarroako Gobernuaren beste erabaki bat ekarri zuen, 2016ko irailaren 7koa, zeinaren bidez aldatu baitzen EITBren zerbitzuen hedapen digitalerako espazioaren erreserba, Nafarroako Foru Komunitateko tokiko eta auotonomia erkidegoko LTDko multiplexetan. Erabaki horren arabera, programa bat (ETB1) sartu zen LTDko multiplex autonomikoaren barnean (26. kanala), eta beste bi programa (ETB2 eta ETB3) tokiko multiplexetan.
Gaur egun, Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, kanal bat erreserbatuta dago tokiko LTDaren bost barrutietako bakoitzean (Iruña, Lizarra, Tafalla, Zangoza eta Tutera), ETB3 berriro emititzeko.
2026ko apirilaren 24an, Eusko Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren bidez, eskatu du aldatu dadila ETB3 berriz emititzeko Nafarroako LTDko tokiko multiplexen erabilerari dagokionez indarrean dagoen erreserba. Izan ere, kanal horren ordez, Euskal Irrati Telebistak izen berria duen beste bat jarri du: ETB1 ON. Kanal horren eguneroko emankizunen %50 euskaraz eta haurrentzat da.
ETB1 ON kanal berriak haur eta gazteentzako euskarazko edukiak ematen jarraitzen duenez, proposatutako aldaketa hori bat dator Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean 2024ko urriaren 24an sinatutako indarreko hitzarmenaren hirugarren klausulan xedatutakoarekin. Izan ere, alderdi sinatzaileek konpromisoa hartu zuten Nafarroan emisioa zabaltzeko eta hobetzeko behar ziren neurriak hartzeko, bereziki haurrentzako euskarazko edukiak zabaltzearen alde.
Orobat, hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen EITBren hedapenerako konponbide tekniko egokienak ezartzeko, erabilgarri diren kanal digitalak eta inguruabarrak kontuan hartuta, bi aukerarekin: bata, autonomia erkidegoko egungo multiplexaren espektroa eragimen handiagoaz erabiltzea edo etorkizunean bigarren multiplexa jartzea autonomia erkidegoan; bestea, tokiko LTDko multiplexak erabiltzea, edo juridikoki eta teknikoki bideragarria izan daitekeen beste edozein aukera.
Adierazitakoarekin bat, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du Nafarroako Gobernuak erabaki bat hartu eta ETB1 ON kanal berrira aldatu daitezela gaur egun ETB3ri Nafarroako tokiko LTDaren barruti bakoitzean esleitutako kanal baten erreserbak, erreserbatutako espazioaren erabilerari eutsiz.
Horregatik, Nafarroako Gobernuak, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiak egindako txostena ikusita, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 53.2 artikuluak ematen dizkion eskumenetan oinarrituta, eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Kanal baten erreserba aldatzea ETB1 ON kanal berrirako, gaur egun ETB3ri esleitutako Nafarroako tokiko LTDko barruti bakoitzean, erreserbatutako espazioaren erabilerari eutsiz:
–Iruñeko barrutia: 39. kanala (ETB1 ON).
–Tafallako barrutia: 31. kanala (ETB1 ON).
–Lizarrako barrutia: 24. kanala (ETB1 ON).
–Zangozako barrutia: 41. kanala (ETB1 ON).
–Tuterako barrutia: 39. kanala (ETB1 ON).
2. Erabaki hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroan.
3. Erabaki hau jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (EITB) erakunde publikoari, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAri, Abian Mediari, Xaloa Kultur Elkarteari, Francisco Javier Ramos Cizaurre jaunari, Jaione Donazar Hernandez andreari eta Luis Manuel Ibañez Navarro jaunari, behar diren ondorioak izan ditzan; eta ohartaraztea erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
4. Era berean, erabaki hau jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari, eta igortzea Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Espazio Erradioelektrikoaren Plangintza eta Kudeaketarako Idazkariordetza Nagusiari, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Telekomunikazioen eta Ikus-entzunezko Sektoreko Zuzendaritzari, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiari eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2607550