Iragarkia
106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
87C/2026 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Nafarroako Ingurumen Kudeaketa SA enpresaren Berdintasun Plana erregistratzea.
Ikusi da Nafarroako Ingurumen Kudeaketa SA enpresak aurkeztutako Berdintasun Plana (kode zenbakia: 31101342112021). Erregistro honetan 2026ko martxoaren 9an sartu zen, eta 2026ko otsailaren 26an sinatu zen.
2026ko martxoaren 10ean, zuzenketa errekerimendu bat jakinarazi zen, eta 2026ko apirilaren 27an, zuzenketa aurkeztu zen.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 46.5 artikuluan, berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan eta hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 2.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,
EBAZTEN DUT:
Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Nafarroako Ingurumen Kudeaketa SA enpresak aurkeztutako Berdintasun Plana (kode zenbakia: 31101342112021).
Iruñean, 2026ko maiatzaren 5ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
"SERVICIOS ARGA VALDIZARBE – ARGA IZARBEIBARKO ZERBITZUAK SL" ENPRESAREN ETA HAREN LANGILEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA (2024-2027)
1. ATALA.–IZAERA OROKORREKO LAN BALDINTZAK, ENPRESAKO LANGILE GUZTIEI APLIKATZEKOAK
1. artikulua. Hitzarmenaren eremua.
Lan hitzarmen kolektibo honek "Servicios Arga Valdizarbe-Arga Izarbeibarko Zerbitzuak SL" enpresaren (aurrerantzean, SAV–AIZ SL) eta bere langileen arteko lan harremanak arautzen ditu.
2. artikulua. Indarraldia.
2024ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, 4 urtez.
1. Hitzarmena 2028ko urtarrilaren 1ean hartuko da salatutzat, eta alderdiek konpromisoa hartu dute 2028ko otsailaren 29 baino lehen negoziazio batzordea osatzeko, eta hitzarmen berriaren negoziazioa 15 eguneko epean hasteko, batzordea osatzen den egunetik hasita.
Langileen Estatutuaren (LE) 85.3 artikuluaren eta 86.3 artikuluaren g) apartatuaren babesean, alderdiek erabaki dute ezen, hitzarmenaren iraupena agortzen denean, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi alderdiek hura ordezten duenik sinatzen duten arte.
3. artikulua. Interpretazioko batzorde mistoa.
Hitzarmen honen ondorioetarako, hitzarmenaren arloko aplikazioan edo/eta interpretazioan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, interpretazio batzorde mistoa izendatu da.
Batzorde hori langileen ordezkaritzak (hiru) eta enpresaren ordezkaritzak (enpresaren lehendakaritza, idazkaritza eta zuzendaritza) osatzen dute, eta dagozkion eginkizunak beteko ditu. Aholkulariek laguntzen ahalko diete bi alderdien ordezkariei. Eztabaidetan parte hartuko dute eta solas egiteko eskubidea izanen dute, baina botorik ez. Bilera horiek lanorduetan eginen dira.
Bi alderdiek hitzartu dute hitzarmen honen interpretazioaren edo aplikazioaren inguruan zalantzarik edo desadostasunik izanez gero batzordeari txostena egiteko eskatuko zaiola jurisdikzio eskudunean erreklamaziorik aurkeztu aurretik.
Alderdi batek eskatzen duenean bilduko da batzordea, eskaera egin eta hamar eguneko epean. Eskaera hori idatziz eginen da eta enpresaren helbidean aurkeztuko da. Batzordea bildurik, erabakia hartuko du zazpi eguneko epean.
Erabaki horiek hartzeko, alderdi bakoitzeko kideen gehiengoa beharko da. Batzordearen eginkizunak eta jarduerak ez dira inoiz ere oztopo izanen jurisdikzio eskudunen aurrean egintza legalak askatasunez aurrera eramateko.
4. artikulua. Ordainsariak.
–2024rako eta hitzarmeneko urte bakoitzerako itundutako soldata igoera beti egonen da Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako gehieneko mugen barruan, aurrekontu egonkortasunari buruzko legearen arloan Nafarroako Gobernuak (aurrerantzean, NG) ematen duen foru araudia edo aurrekoa ordezten duen maila bereko edo handiagoko beste edozein lege arau barne, langile guztien gainean linealki aplikatuta.
2024rako, lege horrek %2,5eko igoera ezartzen du, eta, modu linealean aplikatuta, 759,24 euroko soldata igoera dakar.
1.1. 2023ko atzerapenak.
2024an, 540,76 euro gordineko ordainsari igoera (finkagarria) ordainduko da 2023ko atzerapenen kontzeptuan.
1.2. Pizgarrien ordainketa.
2025., 2026. eta 2027. urteetarako, hitzarmen kolektibo honetan itundutako soldata igoera aurreko urteko KPIa + 0,25 baino txikiagoa bada, pizgarrien ordainsari bat ezarriko da. Pizgarri horren zenbatekoa izanen da langile bakoitzaren urteko soldata gordina eta aurreko urteko KPI + %0,25 aplikatuta eguneratutako soldata gordinaren arteko aldea. Pizgarrien ordainsari hori aparteko eskupekoa izanen da, eta ez da finkatuko.
Pizgarriengatiko ordainsaria osorik ordaintzeko, lehen deskribatutako aldea aplikatu ondoren, enpresaren urteko aurrezki garbiaren helburuak bete beharko dira. Hauek izanen dira helburuak:
- 120.000 euro garbi 2024. urtean.
- 120.000 euro garbi 2025. urtean.
- 120.000 euro garbi 2026. urtean.
- 120.000 euro garbi 2027. urtean.
Enpresaren aurrezki garbia 60.000 euro garbikoa edo gutxiagokoa bada, ez da pizgarrien ordainsaria ordainduko. Dena den, aurrezki garbia 120.000 euro garbien azpitik eta 60.000 euro garbien gainetik badago, tarte horretan lortutako aurrezki garbien arabera ateratzen den zenbateko proportzionalean sortuko da paragrafo honetan aurreikusitako pizgarrien ordainketa.
MAILA | AZPI-MAILA | LANPOSTUA | 2023. URTEA | 2024. URTEA | 2025. URTEA | ||
2023ko egungo soldatak (eurotan) | 2024ko ordainsariak (eurotan) | 2025eko ordainsariak (eurotan) | Pizgarrien ordainketa (eurotan) | Guztira, 2025 (eurotan) | |||
4 | 1 | Ur zerbitzuaren erantzulea | 43.892,68 | 45.303,59 | 46.098,11 | 143,01 | 46.241,12 |
Hondakin eta Ingurumen Zerbitzuaren erantzulea | 43.892,68 | 45.303,59 | 46.098,11 | 143,01 | 46.241,12 | ||
Bulego Tekniko eta Proiektuen erantzulea | 42.973,29 | 44.384,20 | 45.178,72 | 143,01 | 45.321,73 | ||
3 | 2 | Ur zerbitzuaren arduraduna | 36.324,97 | 37.735,88 | 38.530,40 | 143,01 | 38.673,41 |
Hondakin Zerbitzuaren arduraduna | 36.324,97 | 37.735,88 | 38.530,40 | 143,01 | 38.673,41 | ||
Administrazioaren arduraduna | 36.324,97 | 37.735,88 | 38.530,40 | 143,01 | 38.673,41 | ||
1 | Uraren prebentzio teknikaria | 35.041,65 | 36.452,56 | 37.247,08 | 143,01 | 37.390,09 | |
Ingurumeneko teknikaria | 35.041,65 | 36.452,56 | 37.247,08 | 143,01 | 37.390,09 | ||
Ingeniari teknikoa | 35.041,65 | 36.452,56 | 37.247,08 | 143,01 | 37.390,09 | ||
2 | 2 | Elektromekanikako 1. mailako ofiziala | 30.393,88 | 31.804,79 | 32.599,31 | 143,01 | 32.742,32 |
1 | Iturgintzako 1. mailako ofiziala | 29.878,73 | 31.289,64 | 32.084,16 | 143,01 | 32.227,17 | |
Administrazioko 1. mailako ofiziala | 29.878,73 | 31.289,64 | 32.084,16 | 143,01 | 32.227,17 | ||
1 | 2 | 1. mailako ofizial gidaria (iraungitzeko) | 28.252,76 | 29.663,67 | 30.458,19 | 143,01 | 30.601,20 |
Peoi-gidaria | 27.096,92 | 28.507,83 | 29.302,35 | 143,01 | 29.445,36 | ||
Administrari laguntzailea | 25.750,00 | 27.160,91 | 27.955,43 | 143,01 | 28.098,44 | ||
1 | Peoia | 22.666,62 | 24.077,53 | 24.872,05 | 143,01 | 25.015,06 | |
2024rako | 2025erako | |||
2023ko atzerapenak (eurotan) | Soldata-masaren %2,5 | Absentismo ordainsaria (eurotan) | Soldata-masaren %2,5 | %0,45 (2,7 - 0,5+0,25) |
540,76 | 759,24 | 110,91 | 794,52 | 143,01 |
Zuzendaritzako figura berria (zehazteke).
2026. urteko ordainsariak = | +2025eko ordainsariak guztira. -2025eko pizgarrien ordainketa. +Soldata igoera lineala, Nafarroako Gobernuak onartutako ehunekoan. (2025ean %2,5). +2026ko pizgarrien ordainketa. (2025ean, %0,45 = 2,7-- 2,5 + 0,25 = %0,45, soldata-masaren gainekoa). Puntu horretarako, Nafarroako aurreko urteko KPIa hartuko da kontuan. 2025. urtea. |
2027. urteko ordainsariak = | +2026ko ordainsariak guztira. -2026ko pizgarrien ordainketa. +Soldata igoera lineala, Nafarroako Gobernuak onartutako ehunekoan. (2025ean %2,5). +2027ko pizgarrien ordainketa. (2025ean, %0,45 = 2,7 - 2,5 + 0,25 = %0,45, soldata-masaren gainekoa). Puntu horretarako, Nafarroako aurreko urteko KPIa hartuko da kontuan. 2026. urtea. |
Hondakinak Biltzeko Zerbitzuko taldeburu izendatutako pertsonarentzat ezarritako konpentsazioa 22 euro gordin/egun izanen da, arduradunik ezean erantzukizun hori bere gain hartzen duen egun bakoitzeko.
Ezarritako ordainsaria 15 euro gordin/eguneko izanen da, taldeko arduraduna edo burua luzaroan ez dagoenean (iraupen luzeko bajak edo lanaldi murrizketak) bere kargua eta funtzioak aldi baterako betetzen dituzten lanpostuetarako.
Enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi baterako aplikatu gabe utzi nahi badu Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hobekuntza prozedura hau adostu da:
a) 15 egun naturalean eginen da kontsulten aldia alderdien artean, hots, entitateko zuzendaritzaren eta ukitutako lantokiko langileen legezko ordezkarien artean. Langileen legezko ordezkaritzarik ez baldin badago, langileek horretarako ad hoc aukeratutako batzorde batekin eginen dira kontsultak. Kontsultaldia akordio batekin ixten bada, horren berri eman beharko zaio hitzarmenaren batzorde paritarioari. Akordioan zehatz azaldu beharko dira eraginpeko lantokian aplikatzekoak diren baldintza berriak eta horien iraupena.
b) Akordiorik ez badago, alderdiek hitzarmenaren batzorde paritariora bidaliko dute espedientea zazpi egun naturaleko epean, kontsultaldia bukatzen denetik kontatzen hasita. Hitzarmenaren batzorde paritarioak 7 eguneko epea izanen du ebazpen espresua emateko, adieraziz "adostasuna" edo "desadostasuna" duten planteatutako aplikazio ezarekin. Akordioa hartzeko, beharrezkoa izanen da ordezkaritza bakoitzaren –enpresaburuena eta langileena– gehiengoa. "Adostasun" ebazpenek kontsultaldiko akordioen eraginkortasun berdina izanen dute, eta Laneko Agintaritzari jakinarazi behar zaizkio.
c) Batzorde Paritarioak "ez ados" dagoela ebazten badu, alderdiek bitartekaritzapean jarri beharko dituzte negoziazioan sortutako desadostasunak, Nafarroako Lan Auzitegian. Bitartekaritza hori zazpi egun naturaleko epean eskatu beharko da, Batzorde Paritarioak "ez ados" ebazpena jakinarazten duenetik hasita. Bitartekaritza gehienez ere 30 egun naturaleko epean eginen da, eta luzatzen ahalko da, baldin aurretik alderdiak espresuki ados jartzen badira. Alderdien arteko akordioa lortzen bada, ez aplikatzeko akordioak zehazki ezarri behar du zein diren lan baldintza berriak, eraginpeko lantokian aplikatu beharrekoak, eta horien iraupena. Akordioa jakinarazi egin beharko zaie Laneko Agintaritzari eta Hitzarmenaren Batzorde Paritarioari.
d) Nafarroako Lan Auzitegiko bitartekaritza akordiorik gabe burutzen bada, auzia arbitrajepean jartzeko aukera eta Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalera jotzeko aukera izateko, beharrezkoa izanen da enpresaren ordezkariek idatziz akordioa egitea langileen legezko ordezkariekin edo, horrelakorik ezean, langileek ad hoc eratutako batzordearekin.
5. artikulua. Aparteko orduak.
SAV–AIZ SL enpresaren jarduera zerbitzu publiko bat denez, sinatzaileek aitortzen dute "egiturazkoak" direla ustekabeko absentzien edo txanda aldaketen ondorioz egin beharreko orduak, eta orobat, produkzio beharren ondorioz egin beharrekoak. Hori guztia urtarrilaren 19ko 92/1983 Errege Dekretuan –Gizarte Segurantzako kotizazioari, Langabeziari, Soldatak Bermatzeko Funtsari eta Lanbide Heziketari buruzkoan– ezarritakoarekin bat.
Zerbitzu horiek modu egokian eratuak eta egituratuak egon beharko dute, eguneko lanaldia sobera luzatzea eragozteko, halatan non egiturazko aparteko orduak ezinbesteko kasuetan baino ez daitezen egin.
–Aparteko orduen konpentsazioa atseden orduetan zein ordainsari ekonomikoetan eginen da, hondakinen ataleko langile bakoitzaren aukeran, soldata taula berrien arabera.
–Zerbitzuaren izaera dela-eta ur zerbitzuari atxikitako langileek ez dute hautatzeko eskubide hori izanen, eta zerbitzuaren beharren arabera ezarriko da konpentsazioa. Ur zerbitzuko aparteko orduak ezin badira konpentsatu, administrazio kontseiluak onartu ondoren ordainduko dira.
Hiru hilekoan behin, zerbitzuaren erantzule bakoitzak bermatu behar du bere ardurapeko langileek sortutako aparteko orduak atseden denborarekin konpentsatzen direla; langile horiek aukeran izanen dute atseden egun horiek egun soltetan edo aste osoetan hartzea, I. eranskinean zehaztutako bateraezintasunak kontuan hartuta. Konpentsazioa atseden denboran konpentsatzerik ez balego, zuzendaritzari eman beharko lioke horren berri.
Lanaldi luzapenak aparteko ordutzat hartzeko, zerbitzuaren arduradun edo erantzuleak espresuki baimendutakoak behar dute izan eta hark sinatuko ditu ondotik behar diren parteak eta horien berri emanen dio enpresako zuzendaritzari. Enpresako zuzendaritzak baimenduko ditu zerbitzuaren erantzuleentzako aparteko orduak.
Aparteko orduak ekonomikoki konpentsatzeko, hau ezartzen da:
- Astegunetan egindako aparteko orduek lanordu arruntari dagokion soldata halako 1,75 balioko dute (oinarrizko soldata + antzinatasuna).
- Gauez (22:00etatik 6:00etara) eta jaiegunetan egindako aparteko orduek ordu arruntari dagokion soldata halako 2,25 balioko dute.
Sinatzaileek aparteko orduak gutxitzeko behar diren jarduerak egiteko konpromisoa hartzen dute; hala bada, premiazko edo ezinbesteko kasuetan baino ez dute horietara joko, edo udalek ezohiko zerbitzuren bat eskatuz gero.
Ohiko lanalditik landa egindako orduak kenduz helburua da enplegua sortzen laguntzea, eta horretarako, bi aldeek adostu dute ordu horiek, hau da, lanaldi arruntik goiti egindakoak, ahalik eta gutxien izatea, honako irizpide hauei jarraikiz:
1. Lanalditik landa egin ohi dituzten orduak. Guztiz eta erabat kentzea. Zerbitzu baten berezko lanaren ondorioz aparteko orduak egiten badira, horiek kentzeko behar diren alderdiak negoziatuko dira.
2. Lanalditik landa egindako orduak, zerbitzuan ondorio larriak dituzten istripuak edo bestelako kalteak prebenitzeko behar direnak.
3. Nolanahi ere, langileek ohiko lanalditik landa egiten ahal dituzten orduak 80 izanen dira urtean, edo legeriak ezarritako muga.
Hilean behin, egindako eta egiturazkotzat hartutako aparteko orduen laburpena emanen diete langileen ordezkari izateko izendatutako pertsonei.
6. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Eritasun arruntaren edo laneko zein lanetik kanpoko istripuaren ondorioz langile batek aldi baterako ezintasuna izanez gero, enpresak Gizarte Segurantzako prestazioa osatzeko laguntza emanen dio, bajan dirauen denbora osoan soldataren %100 osatu arte. Aldi baterako eritasun egoeran dagoen langilea ordezteko 21 laneguneko gehieneko epea ezarriko da; hala bada, 21 egun horien buruan langilea ez bada lanera itzuli, ordezkapenak egiteko dagokion atalean sortutako lan poltsak erabiliko dira. Eta 21 egun horiek iragan eta gehienez 5 laneguneko epean, beste langile batek beteta egonen da lanpostu hori. Ukitutako ataleko langileek gehiegizko lan karga izan ez dezaten hartuko da neurri hori.
7. artikulua. Dietak eta kilometrajea.
Enpresaren beharrengatik lanen baterako nork bere ibilgailua erabiltzen badu, Nafarroako Gobernuak bere langileentzat une bakoitzean finkatzen duen zenbatekoa ordainduko zaio kilometrajeagatik. Beste garraiobideren bat erabiltzen badute horretarako, horren faktura edo agiri baliokidea aurkeztu ondotik, haren zenbatekoa ordainduko da.
Lanak, salbuespenez, eta bazkaltzeko edo afaltzeko ordura arte luzatzen badira eta, zerbitzuaren erantzulearen iritziz, ezinezkoa bada lan horiek bi ordu etetea bizilekura joan ahal izateko, bazkariaren edo afariaren kostua ordainduko du enpresak, baina horren faktura edo agiri baliokidea aurkeztu beharko dute. Jatorduko denbora ez da lanordu gisa kontatuko.
8. artikulua. Lizentziak, absentziak eta erraztasunak.
8.1. Norberaren gauzetarako egunak eta malgutasunerako ordu poltsa.
–Norberaren aferetarako 3 egun arteko baimen ordaindua, betiere zerbitzu beharrek horretarako bide ematen badute. Antolamendu ona bermatzearren, langileek astebete lehenago eskatu beharko dituzte egunak gutxienez, salbuespenezko eta ezinbesteko kasuetan izan ezik. Urte naturalaren barruan erabiliko dituzte norberaren gauzetarako egunak.
Zerbitzuaren beharren ondorioz ezin badituzte uneko urtean erabili, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan erabiltzen ahalko dituzte.
–Norberaren gauzetarako egun bat gehiago emanen da urtero, enpresan 10 urteko zerbitzualdia betetzen den bakoitzean. Egun hori hartzeko eskubidea sortuko da hamar urteko antzinatasuna betetzen den urte berean.
–20 orduko ordu poltsa bat egonen da, langile bakoitzarentzat erabilgarri. Ordu soltetan edo pilatuta (lanaldi osoa) erabiltzen ahalko dituzte urte naturalean. Betiere, dagokion zerbitzua ematea bermatu beharko da.
8.2. Beste baimen eta lizentzia ordaindu batzuk.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek baimen ordaindu hauek hartzeko eskubidea izanen dute:
–Langilearen ezkontza: 16 egun natural.
–Seme-alaben, anai-arreben, koinatu-koinaten eta gurasoen ezkontza: egun natural bat, ordutegiak hala eskatzen badu.
–Seme-alaben jaiotzagatik, bi egun, gutxieneko kotizazio aldiak ez dituzten langileentzat.
–Ezkontidearen edo seme edo alaba baten heriotza: 7 lanegun, gertaeraren datatik hasita.
–Bigarren gradura arteko odol- edo ezkontza-bidezko ahaideen heriotza: 2 egun. Arrazoi horrengatik langileak bidaia egin behar badu, epea bi egunez luzatuko da.
–Ohiko bizilekua aldatzea: egun bat.
–Gizarte Segurantzako espezialista baten kontsulta, familia medikuak aginduta: behar den denbora.
–Betebehar publiko pertsonal eta besterenezinak betetzea: behar den denbora.
–Azterketak egitea: behar den denbora, joan-etorria eta azterketa egitea barne. Hemen sartzen dira irakaskuntza ofizialetako azterketak egitea, hezkuntza administrazioak onartutako titulu ofizial egiaztatzaile bat lortzeko eta ibilgailuen baimen bereziak lortzeko balio dutenak, lana egiteko beharrezkoak direnean. Enplegu publikora sartzeko azterketak egitea salbuetsita dago.
–Behar-beharrezkoa den denbora, jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, bai eta, adopzioaren, adopziorako zaintzaren edo harreraren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko ere, betiere lanorduetan egin behar badira.
–Odola ematea: behar den denbora (gehienez 3 ordu eguneko).
8.3. Baimen ordainduak, ebakuntza kirurgikoagatik edo ospitalizazioagatik.
–Bost egun, istripu nahiz gaixotasun larria, ospitaleratzea nahiz etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa jasan badu langilearen ezkontideak, izatezko bikotekideak edota odolkidetasuneko nahiz ezkontza ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senide batek (izatezko bikotekidearen odolkidetasuneko senideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta zaintza behar duen beste edozein pertsonak.
8.4. Lanaldia murriztea.
–Bularra emateko denbora. Egunero ordu bateko baimena, eta ondoren lanaldiaren murrizketa, gehienez ere 9 hilabetez. Baimen hori lanaldi osotan metatzen ahalko da, 15 egun osatu arte.
–Lanaldiaren murrizketa, ordainsaririk gabe, 12 urtetik beheitiko seme-alabak zaintzeko. Gutxienez zortziren bat eta gehienez lanaldiaren erdia.
8.5. Baimen, lizentzia eta eszedentzia ez ordainduak.
–Ordaindu gabeko baimena bestelako kontsulta medikoetara joateko, baldin lanalditik landa ezin bada: behar den denbora.
–Ordaindu gabeko baimena Nafarroako Administrazio Publikoan eta haren erakunde autonomoetan enplegu publikora sartzeko probak eta azterketak egiteko.
–Ordaindu gabeko baimena, behar den denborakoa, lehen gradura arteko odol edo ezkontza ahaideei zita medikoetara edo kimio/erradioterapiako saioetara laguntzeko, betiere eriaren zita edo tratamenduak langilearen lanaldiaren barruan badira, eta zerbitzuaren erantzuleari lehenagotik jakinarazita. Ahalik eta aurrerapenik handienaz egin beharko da jakinarazpen hori, zerbitzuaren jarduna berrantolatu ahal izateko. Baimena behar den denborakoa baino ez da izanen, eta berreskuratu beharko du langileak. Akonpainamendu horren frogagiria aurkeztuko dute beti.
–Baimen berezia: langile orok du hilabetera arteko baimen berezia hartzeko eskubidea, ordaindu gabea, horretarako arrazoia frogatzen baldin badu, betiere enpresaren iritziz. Baimena harturik, ez du beste baimenik eskatzen ahalko harik eta gozatutako baimen berezia bukatu eta urtebete igarotzen den arte.
–Lizentzia berezia: langile guztiek izanen dute eskubidea ordaindu gabeko lizentzia berezia hartzeko, gutxienez hilabeterako eta gehienez hiru hilabeterako. Lizentzia harturik, ez du beste lizentziarik eskatzen ahalko harik eta gozatutako lizentzia berezia bukatu eta bi urte igarotzen diren arte.
–Eszedentzia berezia: langile guztiek gehienez 3 urte bitarteko eszedentzia berezia hartzen ahalko dute seme edo alaba bakoitza zaintzeko, seme-alaba hori naturala edo adopzio edo harrera bidezkoa izan.
Era berean, bi urte bitarteko eszedentzia berezia hartzeko eskubidea izanen da 2. mailara bitarteko ahaide bat zaintzeko, odol edo ezkontza bidezkoa izan.
–Borondatezko eszedentzia: enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile finko orok eskubidea du borondatezko eszedentzia hartzeko, gutxienez 4 hilabetekoa eta gehienez 5 urtekoa. Beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, aurrekoa hartu ondoren, langileak beste bi urtez bederen lan egin beharko du enpresan.
Itzulitakoan, enpresak lehengo lanpostuan paratuko du langilea, eszedentziaren mugaeguna baino 15 egun lehenago jakinarazten badu, betiere.
9. artikulua. Jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko prestazioa.
Langileak, semea edo alaba jaiotzeagatik, adoptatzeagatik edo hartzeagatik, kontratua hemeretzi astez eteteko eskubidea izanen du.
Honela banatuko da kontratuaren etendura:
a) Erditzearen ondorengo sei aste jarraitu nahitaezkoak izanen dira, eta lanaldi osoan hartu beharko dira.
b) Hamaika aste, hogeita bi guraso bakarra izanez gero, langileak nahi izanez gero hartzen ahalko dira, asteka, metatuta edo etenik gabe, erditzearen ondorengo nahitaezko etenaldia burutzen denetik semeak edo alabak hamabi hilabete bete arte. Hala ere, ama biologikoak erditzea aurreikusten den eguna baino lau aste lehenagotik eteten ahalko du.
c) Bi aste, edo lau, guraso bakarra denean, adingabea zaintzeko. Aste horiek langileak nahi izanez gero asteka banatzen ahalko dira, denak batera edo etenaldiekin, harik eta semeak edo alabak zortzi urte bete arte.
10. artikulua. Jantziak eta ekipamendua.
Lan baldintza zikin eta higiene gutxikoetan edo arropa bereziak beharrezkoak diren beste edozein egoeratan ari ohi diren langileei behar dituzten jantziak emanen zaizkie, zerbitzuaren erantzulearen eta izendatutako prebentzioko ordezkariaren txostena ikusita betiere.
Enpresak laneko arriskuen prebentzioari buruz egindako azterketarekin bat etorriko dira jantziak.
Arropa berritu eginen da, langileak kaltetutako edo hondatutako pieza zerbitzuaren arduradunari eman aurretik, behar beste aldiz (aldagelako edozein EPI).
Ikusmen mugak dituzten langileei behar bezala graduatutako betaurrekoak emanen dizkie enpresak, betiere gutxienez 6 hilabeteko kontratua badute eta beren lanposturako babes-betaurrekoak (EPIak) behar badira. Lanpostuen ebaluazioaren arabera, lan eginkizunak betetzeko babes betaurrekoak erabili behar ez baditu, enpresa ez da behartuta egonen betaurreko graduatuak ematera.
11. artikulua. Prestakuntza.
Enpresak garrantzi handia ematen dio plantilla osatzen duten pertsonen prestakuntzari eta gaitzeari, haien hobekuntza profesionala lortze aldera, ahantzi gabe giza eta adimen arloko oinarrizko prestakuntza.
Enpresak Prestakuntza Plan bat eginen du urtean bitan, zerbitzu bakoitzaren erantzuleek eta langileek oro har egindako ekarpenekin. Langileen ordezkari izendatutakoek berretsi behar izanen dute plan hori, eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan onetsiko du ondotik administrazio kontseiluak. Lanpostu bakoitzaren prestakuntza beharrak zehaztuko ditu agiri horrek, baita haien finantzaketa eta kronograma ere.
Prestakuntza batzorde bat sortuko da, zerbitzu bakoitzaren erantzuleez –edo arduradunez, erantzulerik ezean–, langileen ordezkariez eta enpresako zuzendaritzaz osatuta. Batzorde horrek prestakuntza planaren garapenean parte hartuko du, eta prestakuntza ekintzen jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu.
Seihilekoko prestakuntza ekintzak adostuko dituzte, eta langileen eta zuzendaritzaren arteko desadostasunik balego, administrazio kontseiluak hartuko du behar den erabakia.
12. artikulua. Eskubide eta berme sindikalak.
Langileen delegatuek 15 ordu izanen dituzte hilero karguari dagozkion kudeaketak eta jarduketak egiteko. Kreditu hori hiru hiletik behin kontatuko da, eta pertsona batek edo batzuek izanen dute erabiltzeko aukera. Orduak ahalik eta aurrerapenik handienaz eskatuko dituzte zerbitzuaren funtzionamendua berrantolatu ahal izateko.
Plantillari lanorduetan informazioa emateko eskubidea izanen dute, enpresari jakinarazi ondotik, ordutegia zerbitzuen funtzionamenduan eraginik txikiena izateko egokituta betiere.
13. artikulua. Aparteko haborokinak.
Hitzarmen honek ukitutako langileek aparteko bi eskersari jasotzeko eskubidea izanen dute (uztaila eta abendua); lanpostu bakoitzean ezarritako soldata kontzeptuen gainean, antzinatasuna barne hartuta, kalkulatuko dira horiek.
14. artikulua. Osasun azterketa.
Langile orok eskubidea izanen du urtean osasun azterketa bat izateko; legez ezarritako probez osatuta egonen da azterketa hori, ikusmena eta entzumena neurtzeko probak barne, eta PSA antigeno prostatiko espezifikoaren proba ere eginen zaie 45 urtetik goitiko gizonezkoei, eta mamografia 45 urtetik goitiko emakumeei.
15. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.
Lanerako behar duten segurtasun materiala enpresak emanen die langileei. Era berean, enpresak lanpostuz aldatuko du lanagatik osasuna hondatu zaion langilea, lanpostu egokirik baldin badago eta zentro ofizial bateko txosten medikoa ikusi ondotik. Osasuna hondatu zaion langile orok ez du galera ekonomikorik izanen lanpostuz aldatzeagatik, ez du lanbide kategoria galduko eta ez du horren ondorioz inolako kalterik izanen ere.
Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dezaten, nahikoa eta egokia, beren lanpostuan antzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera. 35. artikulua: prebentzioko ordezkaria langileen ordezkarien artetik hautatuko da, eta hauek dira haren eskumenak:
1. Enpresako zuzendaritzarekin elkarlanean aritzea, prebentzio ekintza hobetzeko.
2. Lan arriskuak prebenitzeko arautegia betetzeko, langileen lankidetza sustatzea zein bultzatzea.
3. Enpresaburuaren kontsultak jasotzea, lege honen 33. artikuluak aipatutako erabakien inguruan, eta erabaki horiek bete baino lehenago.
4. Lan arriskuak prebenitzeko arautegia bete dadin, zaintza eta kontrol lanak egitea.
Langileen ordezkari bat baino gehiago badago, haietako bat izendatuko da prebentzioko ordezkari, haren proposamenaren eta adostasunaren ondotik.
Prebentzio batzorde bat sortuko da, enpresaren ordezkari batez eta zerbitzu bakoitzeko ordezkari batez osatuta (hondakinak, administrazioa eta urak), eta kontratatutako prebentzio enpresaren aholkularitza izanen du. Enpresako prebentzioko ordezkariak ere parte hartuko du batzorde horretan.
Organo hori biltzen denean, enpresaren prebentzio zerbitzuak parte hartuko du aholkulari gisa, eta arriskuen ebaluazioari buruzko txostena eta urteko plangintza proposamen bat eginen ditu. Arriskuen prebentzioari buruzko urteko aurrekontuko partida bat jasoko du enpresak.
Prebentzio batzordeak jarraipen bilera bat eginen du hiru hilean behin urteko helburuak betetzen ari direla gainbegiratzeko, eta bilkura bakoitzaren akta eginen du. Enpresaren prebentzio zerbitzuak betetze mailari buruzko txostena eginen du urtero; prebentzio batzordeak baliozkotu eta argitaratuko du txosten hori.
16. artikulua. Aurreikuspen sozialeko fondoa.
Enpresak aseguru poliza bat izenpetuko du; jardunean diren langile guztiak babestuko ditu poliza horrek heriotzako eta baliaezintasun iraunkorreko arriskuetatik. Polizan aurreikusten diren diru-kopuruak urtero eguneratuko dira, Nafarroako KPIa kontuan hartuta.
–Heriotza, lan istripu baten ondorioz: 57.066,99 euro.
Laneko istripuaren ondoriozko ezintasun erabatekoa: 85.600,46 euro. (2024an eguneratuta).
17. artikulua. Aurrerakinak.
Nominaren kontura aurrerakinak ematen ahal dira, hileko soldata adinakoak. Ematen diren aurrerakinak ondorengo nominan konpentsatuko dira, enpresak eta langileak aurrerakina itzultzeko beste mota bateko epeak adostea galarazi gabe.
18. artikulua. Erantzukizuneko asegurua.
Enpresak erantzukizun aseguru bat itunduko du, enpresako edozein langilek bere laneko jardueraren ondorioz izan dezakeen erantzukizunari aurre egiteko.
19. artikulua. Sarrera-barne igoera.
Sortzen diren lanpostu hutsak edo lanpostu berriak deialdi bidez beteko dira. Lehenik, plantillako langileen arteko barne igoeraren bidez, eta prozesu horren bitartez lanpostu hori betetzerik ez balego, deialdi publiko bidez eginen da, betiere gaitasun, merezimendu eta publikotasun printzipioak betez.
Hitzarmena Interpretatzeko Batzorde Mistoa artikulu horren arabera egiten diren barne sustapeneko deialdien aurretik bilduko da.
20. artikulua. Erretiro partziala.
Bere antolaketa ahalmenak erabiliz eta funtzionamendu beharrek ezartzen dituzten mugen barnean, erretiro partziala hartu nahi duten langileen eskaerak, kasuak kasu, aztertuko ditu enpresak.
Enpresak ez badu langilearen eskaera aintzat hartzen, enpresaren administrazio kontseilura jotzen ahalko du langile horrek, eta, alderdiei entzun ondotik, haien arteko adostasuna lortzen saiatuko da kontseilua.
21. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasuna kontatu eta ordaintzeko, eskala honetan ezarritakoari kasu eginen zaio. Bosgarren hirurtekoa beteta, 14 euro gehituko zaizkie zenbateko horri.
–Lehen hirurtekoa betetzean, 43 euro gordin hilean.
–Bigarren hirurtekoa betetzean, 72 euro gordin hilean.
–Hirugarren hirurtekoa betetzean, 99 euro gordin hilean.
–Laugarren hirurtekoa betetzean, 120 euro gordin hilean.
–Bosgarren hirurtekoa betetzean, 142 euro gordin hilean.
22. artikulua. Gidabaimena kentzea.
Langilearen errua izan gabe, enpresako ibilgailua gidatzen ari dela, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik langileari gidabaimena kentzen bazaio, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, ausarkeriazko zuhurtziagabetasuna edo asmo txarrik izan ez bada betiere, bitarte horretan enpresak beste lanposturen batean egokitzea galarazi gabe. Gainera, enpresak behar diren baliabideak jarriko ditu langileak lanpostura joateko aukera izan dezan.
Era berean, aurreko puntuan adierazitako egoerengatik langileari isuna jartzen bazaio edo punturik kentzen bazaio, enpresak konpromisoa hartzen du isuna ordaintzeko, puntuak berreskuratzeko ikastaroagatik dagokion zatia ordaintzeko eta, era berean, langileek ikastaro horietan ematen dituzten orduak konpentsatzeko, orduz ordu.
Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabetasunik edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak beste lanpostu batean egokitzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariak ordainduz. Gidabaimena berreskuratzen duenean, lehengo lanpostura itzuliko da.
Langileek gidabaimenean galdutako puntuak lehenbailehen berreskuratu beharko dituzte, artikulu honen lehenengo eta hirugarren paragrafoetan ezarritako onurak baliatu nahi badituzte.
23. artikulua. Diziplina neurriak.
23.1. Ohartarazpen formala.
Ohartarazpen formala ez da zehapena. Ohartarazpena enpresako zuzendaritzak egin dezake norbaiten falta arinaren berri duenean, lehenbizikoz egina bada. Horrelakoetan ohartarazpen formala eginen zaio langileari. Falta astuntzat jotzen bada, egindakoaren inguruabarrak baloratuko dira.
23.2. Falten kalifikazioa.
Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, hurrengo artikuluetan ezarritako falten eta zehapenen mailaketari jarraikiz. Falta arin bat zehatzeko espedientea abiarazi aurretik, zuzendaritzak informazio prozedura hasten ahal du ukitutako alderdiei entzuteko eta espedientea abiaraztea egokia den ala ez baloratzeko.
23.3. Falten mailakatzea.
Langileak eginiko faltak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz faltaren tamaina eta garrantzia: arina, astuna edo oso astuna.
–Falta arinak. Honako hauek joko dira falta arintzat:
a. Bidezko arrazoirik gabe lanera berandu iristea, ez hiru aldiz baino gehiagotan, hilabete baten barnean.
b. Lanera huts egin bada horren arrazoia ez jakinaraztea aldez aurretik edo, txandaren hasieran bederen, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo jakinaraztea ezinezkoa izan dela egiaztatzen denean. Antolaketa arloan behin eta berriz kalte larria eginez gero, lankideei oztopo edo beharrezko ez diren gastuak sortuz, falta hori astuntzat har daiteke.
c. Lantokitik ateratzea, bidezko arrazoirik izan gabe. Horren ondorioz, enpresari, erabiltzaileei edo lankideei nolabaiteko kaltea sortzen bazaie edo istripuren bat eragiten bada, falta hau astuntzat edo oso astuntzat har daiteke, kasuaren arabera.
d. Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.
e. Garbitasunik eza lokaletan eta instalazioetan, bai eta dokumentazioa ordenaturik ez izatea ere.
f. Baja eta/edo altako partea ez aurkeztea hiru eguneko epean. Lizentziak hartzeko eskatzen diren egiaztagiriak ez aurkeztea.
g. Bizilekuz aldatzearen berri ez ematea enpresari.
h. Familian gertatu aldaketak ez jakinaraztea behar den garaian, enpresako langileriaren administrazioa zuzen eramateko beharrezkoa baita.
i. Jendea behar den adeitasunez eta arduraz ez hartzea.
j. Lanorduetan jolasean edo denbora pasa ibiltzea.
k. Lanpostura bertaratzeko prestasunik ez izatea. Falta astuntzat hartzen ahalko da 60 eguneko aldian bi aldiz edo gehiagotan prestasunik ez izatea.
–Falta astunak. Falta astunak honako hauek dira:
a. Hogeita hamar eguneko epean hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea justifikatu gabe.
b. Nagusiei ez obeditzea laneko edozein arlotan, lana arrazionalizatzeko metodo berriak oztopatzea edo eragoztea barne, bai eta laneko parteak, asistentziako kontrolarenak, etab. betetzeari uko egitea. Langileak eskatzen ahal du aginduak idatziz jasotzea ahal den lasterren.
c. Urtebetean falta arin bat baino (puntualtasuna alde batera utzita) gehiago egitea, nahiz eta desberdinak izan, eta langileari hitzezko kargu-hartzea ez den zehapena jarri izan bazaio.
d. Agintzen zaion lana eskas egitea, beharrezkoa den ardurarik izan gabe, alferkeriaz, arretarik gabe, nagikeriaz, zabarkeriaz edo zerbitzuaren funtzionamendu onari kalte egiten dioten lanak saihestuz. Axolagabekeria edo trakeskeriaren ondorioz enpresari edo erabiltzaileari oztopo edo kalterik sortuz gero, egileari falta oso astunaren zehapena jartzen ahal zaio.
e. Agintekeria, errespetu falta, iraina, hitzen bidezko tratu txarrak lankideen, menpekoen, nagusien, erabiltzaileen edo lanarekin zerikusia duten hirugarrenen kontra.
f. Beste langile bat lanean agertu dela simulatzea, haren ordez sinatuz edo haren absentzia estaliz. Berriz eginez gero, falta oso astuntzat joko da.
g. Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Segurtasun eta higiene arauak ez betetzea agindutako lanean. Arriskuan jartzen bada menpekoen, lankideen edo hirugarrenen osasuna, edo instalazioetan matxura izateko arriskua sortzen bada, falta oso astuntzat jotzen ahal da. Nolanahi ere, lanean zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da nahitaezkoak diren segurtasuneko arropa eta tresnak ez erabiltzea. Era berean, arlo honetan aplikatzekoa den legerian adierazten direnak.
h. Entitatearen erremintak, baliabideak edo instalazioak norberaren probetxurako erabiltzea, lanalditik kanpo edo/eta enpresatik kanpo eta horretarako beharrezko baimenik izan gabe.
i. Jarduera profesional publikoetan nahiz pribatuetan aritzea, zuzendaritzak bateragarritasunari buruzko baimena eman ezik.
j. Arrazoirik gabeko errendimendurik eza.
k. Egun batean lanera ez joatea, justifikatutako arrazoirik gabe.
–Falta oso astunak. Falta oso astunak honako hauek dira:
a. Bidezko arrazoirik gabe sei hilabetean hamar aldiz edo gehiagotan berandu iristea.
b. Lanaldian lan partikularretan aritzea.
c. Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.
d. Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua.
e. Gaixotasun edo istripuaren itxurak egitea. Falta dagoela joko da, halaber, langile bat bajan egon eta bere egoerari ez dagozkion lan edo jardueretan aritzea. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
f. Lanorduetan horditurik eta drogak hartu ondoko egoeran egotea.
g. Laurogeita hamar eguneko aldian bi egun edo gehiagotan lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
h. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
i. Istripu larriak eragitea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.
j. Erantzukizuneko lanpostuan lana bertan beheiti uztea, bidezko arrazoirik eman gabe.
k. Lankideei, nagusiei, menpekoei, erabiltzaileei edo lanarekin zerikusia duten hirugarrenei eraso egitea.
l. Menpeko, lankide nahiz nagusiei jazarpen sexuala edo sexuan oinarritutako jazarpena egitea lanean, baita jazarpen moral edo psikologikoa egitea ere.
m. Falta astunak behin baino gehiagotan egitea, mota desberdinetakoak izan arren, zehatu baldin badira betiere.
n. Osasun arazoengatik lanpostuz aldatua izan eta hala ere, aldaketa egiteko arrazoi izandako lanpostuaren antzeko batean aritzea.
o. Enpresari edo beste lankideei ebastea edo lapurtzea, bai eta beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo beste edozein lekutan zerbitzua ematen aritzean.
p. Laneko Segurtasun eta Osasun arauak ez betetzea, gai honetaz legeriak ezarritako tipifikazioari dagokionez.
23.4. Zehapen prozedura:
–Ahalmenak:
a. Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz. Falta astun eta oso astunengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, zehapena jartzeko arrazoiak eta data adierazita. Zehapenak irizpide hauen arabera mailakatu eta ezarriko dira:
1. Falta nolakoa den eta bere inguruabarrak.
2. Inplikatuek zein mailatan parte hartu duten eta haien erantzukizuna.
3. Mankomunitateari, erabiltzaileei, hirugarrenei eta/edo lankideei eragindako kalteak.
4. Falta errepikatzea edo berrerortzea.
5. b. Falta astun eta oso astunengatik jartzen dituen zehapen guztien berri emanen die enpresak langileen legezko ordezkariei.
–Falta arinak:
a. Falta arinengatiko zehapenak, enplegu eta soldata gabe uztea ez badakarte, enpresako zuzendaritzak jarriko ditu, idatziz arrazoituta egintza bakar batean.
b. Falta arinengatiko zehapena, berarekin enplegu eta soldata gabe uztea badarama, falta astunengatik eta oso astunengatik jartzen denean erabiltzen den prozeduraren bidez gauzatuko da.
–Falta astunak eta oso astunak:
Falta arinengatik enplegu eta soldata gabe uzteko zehapena jartzeko, eta orobat falta astunengatik eta oso astunengatik, diziplina espedientea tramitatu beharko da beti.
Kargu sindikalak edo ordezkaritzakoak dituzten langileek faltaren bat egiten badute, zehapen espedientea legez ezarritakoaren arabera tramitatuko da.
–Espedientea irekitzeko aldia:
a. Zuzendaritzaren agindua beharko da diziplina espedientea irekitzeko, baina ahalmen hori besteren bati eskuordetzen ahal dio.
b. Prozedurari abiarazpen-idazkiaren bidez emanen zaio hasiera, karguen agiriaren bidez, alegia, zehaztapen hauek, bederen, bilduz:
1. Zehapena ekar dezaketen gertakarien azalpena.
2. Ustez inplikatutako langileak.
c. Karguen agiria ondoko hauei bidaliko zaie, berehalakoan eta batera:
1. Ukitutako langileei.
2. Langileen eta sindikatuen ordezkariei.
–Garapen fasea:
a. Falta astunen eta oso astunen kasuan, karguen agiria aurkeztuz gero, 10 egun baliaduneko epea izanen da bidezko iruditzen diren deskarguen edo alegazioen agiria aurkezteko.
b. Espedientea irekitzean langileari laguntza ematen ahal diote langileen edo sindikatuen ordezkariek edo/eta legelariak.
c. Langileen ordezkariek edo sindikatuetakoek bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahal dituzte arestian aipatu epean.
d. Eskaera egiten duen langileari entzunaldia emanen zaio espedientean, eta langileen ordezkarien edo/eta legelariaren laguntza izan dezake.
–Espedientea azkentzeko aldia:
a. Prozesu hori bukaturik, zuzendaritzak ebazpena emanen du, honako hauek, bederen, bildu behar dituena:
1. Frogatu diren gertakarien azalpen labur eta zehatza.
2. Deskargu agiriari buruzko balorazioa.
3. Aplikatu beharreko legezko arauak.
4. Gertakarien kalifikazioa.
5. Dagokion ebazpena.
b. Zuzendaritzak bere ebazpena idatziz jakinaraziko dio ukitutako langileari. Halaber, bere ebazpenaren berri emanen die langileen ordezkaritza sindikalari, horretarako ezarritako prozeduraren bidez.
23.5. Zehapenak:
–Sailkapena:
Langileei faltak egiteagatik jartzen ahal zaizkien gehieneko zehapenak:
a. Falta arinengatik:
1. Hitzezko kargu hartzea.
2. Idatzizko kargu hartzea.
3. Egun batetik hirura bitartean enplegua eta soldata gabe uztea, puntualtasun falten kasuan izan ezik.
b. Falta astunengatik:
1. Enplegu eta soldata gabe uztea, lau egunetik hamabost egunera bitartean.
c. Falta oso astunengatik:
1. Enplegu eta soldata gabe uztea, hamasei egunetik hirurogeira bitartean.
2. Lanpostua aldatzea.
3. Kategoriaz edo lanpostu mailaz igotzeko desgaitzea 3 urtetik behetiko aldirako.
4. Lanetik botatzea.
–Zehapena betetzea:
Enpresako zuzendaritzak zehapena noiz bete behar den erabakiko du hilabete baino gehiago atzeratu gabe zehapena irmo bihurtzen denetik kontatuta. Irmo bihurtzen da zehatua ados dagoelako, ekintzaren iraungipenagatik edo epai irmoko ebazpen judizialaren ondorioz.
–Preskripzioa:
a. Honako hauek dira preskripzioko epeak:
1. Falta arinak: hamar egun.
2. Falta astunak: hogei egun.
b. Falta oso astunak: hirurogei egun. Epe horiek kontatzen dira enpresak faltaren berri izaten duenetik.
c. Aipatu epeak eten eginen dira instruitzen den espedientearen edozein egintzaren kariaz, baldin eta, osotara, sei hilabete baino gehiago luzatzen ez bada espedientatutako langileak errurik izan gabe edo alderdien arteko itunak salbu.
–Deuseztapenak:
Falta guztiak espediente pertsonaletan agerraraziko dira. Hala ere, falta arinak urte baten buruan deuseztatuko dira (puntualtasun faltak, berriz, urte natural bakoitzaren bukaeran), falta astunak bi urteren buruan eta falta oso astunak lau urteren buruan, berriro egiten ez badira betiere.
Epeak zehapena jarritako egunetik hasiko dira kontatzen.
24. artikulua. Oporrak, enpresako langile guztientzako xedapenak.
Langile guztiek eskubidea dute 27 lanegun izateko oporretarako.
Urte bakoitzaren urtarrilaren 31 baino lehen, langile bakoitzak oporren eskaera egin beharko dio zerbitzuaren erantzuleari, eta azken horrek ebatziko du izan litezkeen bat-etortzeez, zerbitzuaren premiak eta I. eranskinean ezarritako bateraezintasunak aintzat hartuta.
Aldaketak onartzen ahalko ditu zerbitzuaren erantzuleak, baldin eta 15 egun lehenago jakinarazten badituzte eta horretarako aukera baldin badago, betiere zerbitzuko gainerako langileen oporren egutegiak errespetatuz.
Opor egunak aurreikusitako aldian erabili ezin izan badituzte laneko istripuaren, gaixotasun arruntaren edo gaixotasun profesionalaren ondorioz haiek erabili aurretik edo bitartean bajan egoteagatik, beste data batean gozatuko dituzte egun horiek, etenaldia akitu ondotik, urte naturala burutu balitz ere.
Enpresaren oporren egutegian finkatuta dagoen langile baten oporraldia haurdunaldiaren, erditzearen edo titia ematearen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoerarekin edo haurdunaldiaren ondoriozko etenaldiarekin bat etortzen bada, langileak eskubidea izanen du oporrak etenaldia bukatu ondoren hartzeko, urte naturala bukatu baldin bada ere.
Langile guztiek eskubidea dute urte bateko oporrak hurrengo urteko urtarrila burutu baino lehen hartzeko.
25. artikulua. Berdintasun printzipioa.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek bete-betean bat egiten dute emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioarekin, eta bazterkeria oro gaitzetsi eta lanean aukera-berdintasuna izateko eskubidea aitortzen dute. Lege horretan ezarritakoarekin bat, enpresak tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar du lan esparruan, eta xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu beharko ditu. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu beharko ditu, lan arloko legerian zehazten den moduan.
Enpresak barneko Berdintasun Plan bat du, alderdi guztiek onartuko dutena, bai eta garatzen diren neurri guztiak ere. Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute Berdintasun Planean ezarritako neurriak garatzen jarraitzeko, helburu guztiak bete eta neurri horiek finkatu arte, bai eta Berdintasun Plana berritzeko ere, betetze mailak hala ezartzen duenean. Hori guztia Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan, bai eta martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuan, Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko presako neurrienean, araututako moduan.
Enpresak Reconcilia zigilua du, eta 2024ko azaroan onartu zuen II. Kontziliazio Plana. Zigiluak 2 urteko indarraldia izanen du (2025-2026), eta langileen esku jartzen ditu familia, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko hainbat neurri. Neurriak hitzarmenean jasotakoen maila berekoak dira, eta, beraz, enpresak nahitaez bete beharrekoak dira.
Langileek 38 neurri dituzte, eta "Kontziliazio neurrien fitxak" dokumentuan (II. eranskina) jaso dira. Kontziliazio talde bat egonen da jarraipena eta ebaluazioa egiteko. II. Kontziliazio Planean jasotako kontziliazio neurri guztiak indarrean mantenduko dira indarraldia agortzen denean, eta kontziliazioari buruzko konpromisoa berretsiko da. Nolanahi ere, indarraldia agortutakoan, Reconcilia zigilua eguneratzea sustatuko da.
Enpresak konpromisoa hartzen du martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan, baita martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuan ere, lanaldia murrizteko eskubideei buruz, amatasun eta aitatasun baimenei buruz eta abarrei buruz ezarrita dagoena betetzeko.
–Laneko arriskuen prebentzioa eta lan osasuna.
Osasunaren zaintzak eta laneko arriskuen prebentziorako neurriek genero ikuspegia barne hartuko dute, kontuan hartuta laneko arriskuek eta lanak eragindako patologiek modu desberdinean eragiten dietela gizonei eta emakumeei. Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartu dute, lan osasunari lotuta, egungo egoera ebaluatzeko eta gai horretan aurrera egiteko behar diren aldaketak egiteko. Zenbait neurri proposamen: arrisku psikosozialak ebaluatzea (estresa, antsietatea, osasun mentala, etab.), osasun azterketak egitea dagokion sexua eta ugalketa osasunaren alderdiak kontuan hartuta, langileei laneko arriskuen prebentzioan prestakuntza ematea, jazarpen sexuala eta sexuan oinarritutako jazarpeneko protokoloari buruzko prestakuntza ematea...
Enpresak jazarpen sexualari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko protokoloa du, 2020an egina. Konpromisoa hartzen du protokoloa berritzeko, langileei gai horri buruzko prestakuntza emateko eta dokumentua zabaltzeko.
Enpresak konpromisoa hartzen du langile guztiei jakinarazteko Berdintasun Plana, Kontziliazio Plana, Jazarpen eta Sexu Arrazoiengatiko Protokoloa eta onar daitezkeen beste neurri batzuen berri. Dokumentu guztiak txantiloiaren eskura egonen dira, kontsultatu ahal izateko. Langile berrientzako Harrera Planean ere sartuko dira.
26. artikulua. Behin-behineko kontratua.
Produkzioaren inguruabarren ondoriozko kontratuak hamabi hilabete arte iraun dezake, hemezortzi hilabeteko tarte batean, Langileen Estatutuak dioen bezala.
27. artikulua. Lanaren antolaketa.
Enpresak eskubidea du bere jarduera behar bezala antolatzeko, zerbitzuaren eskakizun berrietara egokitze aldera. Eginkizunen izaeragatik posible den lanpostuetan, telelanaren eskaerei erantzunen zaie, baldin eta gehienez ere astean egun batez planteatzen badira, eta kasu zehatza onartu ondoren, enpresako zuzendaritzak kasu bakoitzaren bideragarritasuna eta egoerak aztertu ondoren.
Ur eta hondakinen zerbitzuen arloko goitiagoko esparruko hitzarmenekin bat, bidezkoa da subrogazio klausula hau txertatzea.
Baldin eta SAV–AIZ SL enpresak Izarbeibarko Mankomunitateari Etxeko Hondakinen Gaikako Bilketa eta Uraren Ziklo Integraleko Zerbitzuak ematea dakarren kudeaketa enkargua, eskuordetzea, lagapena, errentamendua eta abar azkentzen bada, eta zerbitzua ematen duen enpresaren titulartasuna aldatzen bada edo zerbitzua beste enpresa edo erakunde publiko bati esleitzen bazaio, subrogatu beharra izanen du horrek eta hartu beharko ditu SAV–AIZ SL enpresako langileak.
Hitzarmenean, enpresako itunean langileek aitortuta dituzten oinarrizko soldata, antzinatasuna eta gainerako eskubide laboral eta sindikalak zein baldintza pertsonalak guztiz, izaera pertsonalaz eta uko egin ezinezko moduan errespetatu eta atxikiko ditu.
4/2019 Foru Legeak, otsailaren 4koak, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarakoak, enpresako langileentzako bermeak jasotzen ditu Izarbeibar-Nobenera eskualdea sortzeko prozesuaren ondotik, 371. artikuluan: Udalez gaindiko entitateak eskualdeetan sartzeko prozesurako legezko bermeak.
28. artikulua. Lanaldia eta lan egutegia Zerbitzuak arautzea.
Hitzarmenaren indarraldiko urteetan honako lanaldi hau egonen da: 3, Hitzarmenaren indarraldiko urteetan honako lanaldi hau egonen da:
2024. urtean, 1655 ordukoa izanen da lanaldia.
2025. urterako, 1651 ordukoa izanen da lanaldia.
2026. urterako, 1647 ordukoa izanen da lanaldia.
2027. urtean, 1647 ordukoa izanen da lanaldia.
Urteko lanaldia proportzionalki banatuko da urteko lanegunen artean eguneko lanaldia lortzeko.
Hitzarmen hau baino maila goitiagoko araudi batek lanaldi txikiagorik xedatuz gero, horri jarraikiko zaio.
Enpresak, zerbitzuaren beharrak direla-eta, akordiorik egiten badu langile batzuekin eguneko lanaldi handiagoak egin ditzaten, akordio horren berri emanen zaie langileen ordezkariei, eta urteko kopurua ez da inoiz ezarritakoa baino handiagoa izanen.
Urteko lan egutegi bat eginen da zerbitzu bakoitzerako, eta horren berri emanen zaie langileei eta langileen ordezkariei urte bakoitzeko urtarrilaren 15a baino lehenago.
Honako hau izanen da lanpostuan sartzeko ordutegia:
–Zerbitzu orokorrak eta administrazioa: malgutasunez sartzen ahalko dira goizeko 7:00etik 9:30era bitartean.
–Uren zerbitzua: goizeko 7:00etan edo 7:30ean sartuko dira, argi naturalaren arabera.
- Ur zerbitzuan, udako ordutegia eta neguko ordutegia egutegian ezarritako egun batean adieraziko dira. Maiatzaren 1etik irailaren 15era.
–Hondakinen gaikako bilketa zerbitzua: goizeko 6:30ean sartuko dira.
–Gares eta Larragako garbiguneko arreta zerbitzua: astearte eta ostegunetan 10:00etatik 19:30era lanaldi zatituarekin, eta larunbatetan lanaldi oso eta jarraituan emanen da arreta zerbitzua, 8:00etatik 14:30era.
- Lanaldiaren barruan sartuta egonen da lekualdaketetarako behar den denbora. Ordutegi horiek aldatzen ahalko dira emandako zerbitzua handitzen edo aldatzen bada.
–Instalazioen garbiketa: enpresako langileek egiten badute, enpresak ezarriko du haren ordutegia, betiere lan horretan aritzen diren peioi kategoriako langileekin aurretiaz akordioa lortzen badu.
Eguneko lanaldiaren barruan 20 minutuko etenaldi bat egiten ahalko da, eta benetako lantzat hartuko da hori.
29. artikulua. Prestasuneko osagarria.
Kontuan hartuz SAV–AIZ SL enpresari esleitu zaion eginkizuna zerbitzu publikoa dela, ezinbesteko kasuak, matxurak, langileen ordezkapena, presako konponketak behar dituzten matxurak eta antzekoak gertatzen direnean, beren garrantziagatik atzera ezin daitezkeenak, egoera horiei konponbidea emanen dieten langileak behartuta daude beren lanpostuan berehala agertzera, behin lokalizatu ondoren.
Baldin eta, arrazoi horrengatik, oporretan edo orduen konpentsazioko atsedenean dagoen langile bati enpresako zuzendaritzak lanpostura agertzeko eskatzen badio, oporretatik edo ordu konpentsazioko denboratik galdutakoaren bikoitzarekin konpentsatuko zaio. Gastu gehigarriak baditu, hala nola oporrak ordainduta, garraio publikoko txartelak ordainduta, etab., zenbateko hori ere ordainduko zaie ordainketa frogagiriak aurkeztu ondotik.
30. artikulua. Hitzarmen honetan jaso gabeko aurreko eskubideak ezabatzea.
Hitzarmen hau sinatuz indargabetutzat jotzen dira bertan aitortu gabeko akordio eta eskubide guztiak. Gainera, hitzarmen honetan aitortutako bestelako hobekuntzen mesedetan, ezabatu egiten da erretiroagatiko laguntza publikoa.
2. ATALA.–LAN BALDINTZA BERARIAZKOAK, UR ZERBITZUAN ARITZEN DIREN LANGILEEI APLIKATZEKOAK
31. artikulua. Guardiak.
Ur Zerbitzuan gutxieneko zerbitzu iraunkorra ezarriko da; hori horrela, iturgintzako lantaldeko pertsona batek pertsona bilagailua izanen du, eta teleagintea gainbegiratuko du elektromekanikako lantaldeko beste batek. Langile horiek lokalizatzeko moduan eta lanera agertzeko prest egonen dira ezarritako aldian.
Bi langile horiek, segurtasunagatik, elkarrekin harremanetan egonen dira, irteera bakoitza egin aurretik haren berri emateko. Elkarri lagunduko diote, orobat, gaueko ordutegiko irteeretan, hirigunetik urruti dauden instalazio edo sareetarako irteeretan eta konfinatutako eremuetara edo lana bakarrik egitekotan arriskua ekar lezaketen bestelako eremuetara sartzean.
Lanalditik kanpoko presako lan horietan ematen diren orduak aparteko ordutzat hartuko dira.
Guardia zerbitzuak 18 euro/eguneko ordainsaria izanen du astelehenetik ostiralera, eta 45 euro/egunekoa, larunbat, igande eta jaiegunetan.
Guardia aldiak aste osoan izanen dira eta txandaka eginen dituzte. Ur zerbitzuaren arduradunak eginen du bere lantaldearen txandakatzea, eta ur zerbitzuaren erantzuleak, berriz, Elektromekanikako guardiak izendatuko ditu; biek ala biek langileen prestakuntza eta zeregina gauzatu ahal izateko gaitasuna kontuan izanen dituzte horretarako, eta ahaleginduko dira lanaren bidezko banaketa egon dadin.
Ur zerbitzuan iturgintzako kategoriako ofizialek eginen dituzte guardia aldiak oro har, baina, ofizial batek epe luzeko ezintasunen bat izanen balu, errefortzu gisa arituko den beste batez ordeztuko da hori (pertsona horiek izanen dira uraren prebentzioko arduraduna edo teknikaria).
Teleaginteko guardiak, berriz, elektromekanikako kategoriako 1. mailako 3 ofizialek eginen dituzte oro har, baina, ofizial batek epe luzeko ezintasunen bat izanen balu, errefortzu gisa arituko den beste batez ordeztuko da hori. Oro har, guardia kopurua modu ekitatiboan banatuko da 3 ofizialen artean, hau da, %33,3 bakoitzak.
Elektromekanikako guardia egiten ari denean teleaginte eta telekontrol sistema etxetik gainbegiratu behar duen langileari, denbora horren ordainetan, egun 1 emanen zaio guardiako aste bakoitzeko. Gehienez sortu ondorengo hiru hilabeteen buruan konpentsatu beharko du denbora hori. Hala ere, lantaldean 2 elektromekaniko bakarrik baldin badaude, eta kanpoko enpresa bakar batek ere ez badio laguntzen zerbitzuari, 14. astetik 26. astera arte (aste hori barne) elektromekanikoek egindako guardia bakoitzeko guardia plusaren %15 kobratuko dute. Zenbateko hori kobratuko da, halaber, teleagintea gainbegiratzen ematen den denboragatik (14. astetik 26. astera).
Lanaldi arruntetik kanpoko abisuei erantzuteko langileak bere autoa erabili behar badu, kilometrajea hitzarmenean ezarritako prezioan ordainduko zaio, bere etxetik lantokirako joan-etorriengatik. Horretan ematen diren ordu horiek aparteko ordu izanen dira. Astean guardian dauden langileek enpresaren ibilgailua eramaten ahalko dute etxera, izan litezkeen abisuei bizkorrago erantzun ahal izateko.
Hori guztia dela eta, ezabatu eginen da orain arte ezarritako erretena; horregatik, urtebeteko probaldia aurreikusten da guardien banaketa horretarako, hitzarmena sinatzen denetik aitzina zenbatzen hasita. Aldi horren ondotik, hitzarmenaren interpretaziorako batzorde mistoa bilduko da, testua finkatzeko edo aurreko idazketara itzultzeko, eta berriz negoziatuko dira guardiei lotutako zenbateko ekonomikoak.
32. artikulua. Gaueko ordutegian ihesak antzemateko kanpainarako aurreikusitako lanak.
Kanpainan aurreikusitako premien ondorioz, zerbitzu hori gaueko ordutegian egiten duen langilea zeregin horretan aritutako orduak, urteko lanaldiaren ondorioetarako, ohikoak halako bi izanen balira bezala zenbatuko dira. Era horretan, gaueko lanaldia osoa bada, egun horretan bertan goizean eta lan egindako gauaren ondotikoan hartuko da atseden.
33. artikulua. Jaiegunen konpentsazioa.
Zerbitzu hori urteko egutegian zehaztutako jaiegunetan egiten duten langileei lanean emandako orduak urteko lanaldiaren ondorioetarako zenbatuko zaizkie, eta langileak aukeran izanen du ordu horiek dirutan edo atseden denboran konpentsatzea.
Dirutan, ordu arruntaren kostuaren balioa bider 2,25 egin ondotik ateratzen den lanorduko zenbatekoa ordainduko zaie. Konpentsazioa atseden denboran bada, berriz, bi ordu eta hamabost minutu emanen zaizkie jaiegunean lan egindako ordu bakoitzeko, zerbitzuaren premien mende betiere.
Zerbitzu hori egiteko, txandak paratuko dira langile guztientzat, borondatezko atxikipenak salbu. Jaiegunetan egindako orduak ez dira, inola ere, aparteko ordutzat hartuko, salbu eta 5. artikuluan adierazitako salbuespenezko egoeretan egin baldin badira.
34. artikulua. Bilketa berezietarako igandeetako irteerak.
Udalen eskariz igandeetan egiten diren bilketa bereziei dagokienez, 44 euro gordineko ordainsaria jasoko dute langileek irteera bakoitzeko, eta jaiegunetako aparteko ordutzat hartuko dira konpentsazioaren ondorioetarako. Langile batek bere ibilgailua erabiltzen badu ohiko bizilekutik lantokirako joan-etorria egiteko, hitzarmenean jasotako zenbatekoa ordainduko zaio.
I. ERANSKINA.–OPOR, ORDU KONPENTSAZIO ETA NORBERAREN GAUZETARAKO BAIMEN ETA ABARREN ONDORIOZKO ABSENTZIAK ALDI BEREAN GERTATZEKO BATERAEZINTASUNAK
Zerbitzua behar bezala eskaintzea bermatu behar da beti, baina kondizio horiek aldatzen ahal dira bajak, hitzarmeneko baimenak edo bestelako egoera bereziak badaude.
Bateraezintasuna duten bi langilek aldi bera eskatzen badute, bien arteko adostasuna lortzen saiatuko da. Adostasunik lortu ezean, zozketa eginen da, eta zozketa horretan ateratzen den pertsonak izanen du lehentasuna egunak hautatzeko.
I.–Ur zerbitzua.
1.–Iturgintza:
Giza taldea:
- Ur zerbitzuaren arduradun 1.
- Ur zerbitzuaren prebentzioko teknikari 1.
- Iturgintzako 4 ofizial, 4 laguneko taldea gutxienez:
- Ur zerbitzuaren arduradun 1 edo ur zerbitzuaren prebentzioko teknikari 1.
- Iturgintzako 2 ofizial.
- Ur zerbitzuan giza lantalde gisa jasotako edozein kategoriatako langile 1.
2.–Elektromekanika: Elektromekanikako 3 ofizialen lantaldea:
- Gutxieneko lantaldea: Elektromekanikako ofizial 1.
II.–Hondakinen zerbitzua.
- Peoi kategorian kontratatutako langileak: 4tik 3 arituko dira lanean beti.
- Peoi-gidari gisa kontratatutako langileak: 6tik 4 arituko dira lanean beti.
- Hondakin zerbitzuaren arduraduna eta gidatzeko ofiziala edo lantaldeko buru izendatutako peoi-gidaria: bat arituko da lanean beti.
- Ingurumeneko teknikaria eta zerbitzuaren alboko administrari-ofiziala: bat arituko da lanean beti.
III.–Bulegoetako zerbitzua.
Giza lantaldea 2025:
- Administrazioko arduradun 1.
- 5 Administrari-ofizial.
Gutxieneko lantaldea: Administrari-ofizial gisa jasotako edozein kategoriatako 2 langile.
–Bateraezintasuna dago bulego teknikoko eta idazkaritzako erantzuleen artean, dirulaguntza duten espedienteen jarraipenerako beharrezkoak direnean soilik.
Iragarkiaren kodea: F2606801
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
