106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20/2026 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, 2026an Nafarroako arrantza-barruti publikoetan eta espezie exotikoen kontrol-tarteetan arrantza-zaindariak kontratatzeko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN kodea: 904925.

Nafarroako Arrantza Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legearen 39. artikuluan ezartzen denez, arrantza-jarduera sustatzeko eta ibai-habitata hobetzeko, laguntza ekonomikoak ezar daitezke arrantza-jarduera zaintzeko eta kudeatzeko lanetarako, arrantza kudeatzeko planetan eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoetan hartutako neurriak garatzeko eta espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak ezartzeko.

Nafarroan, arrantza-barruti publikoen eta karramarro exotikoen kontrol-tarteen administrazioa Arrantza Elkarte/Sozietateek kudeatzen dute. Kudeaketa-lan horiek egiteko, funtsezkoa da arrantza-zaindari baten laguntza.

Ikusita Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren txostena, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. 2026an Nafarroako arrantza-barruti publikoetan eta espezie exotikoen kontrol-tarteetan arrantza-zaindariak kontratatzeko laguntzen deialdia onestea.

2. Arrantzale-elkarteei arrantza-zaindariak kontratatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 2026ko aurrekontuko 740003/74300/4809/456300 partidaren kontura (Arrantza-barrutiak kudeatzen dituzten erakundeentzako laguntzak).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan daude eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-contratacion-de-guardas-de-pesca-en-cotos-publicos-y-tramos-de-control-de-especies-exoticas), honela deritzon tramitea baliatuta: "2026an Nafarroako arrantza-barruti publikoetan eta espezie exotikoen kontrol-tarteetan arrantza-zaindariak kontratatzeko laguntzen deialdia".

7. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (DDBN) erregistratzea.

8. Ebazpen hau igortzea Foru Ogasuneko Kontu Hartzailetza Ordezkariari, Ekonomia Gaietarako Bulegoari eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, dagozkion ondorioetarako.

9. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKINA.–NAFARROAKO ARRANTZALEEN ELKARTE/SOZIETATEENTZAKO 2026KO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, ARRANTZA-ZAINDARIAK KONTRATA DITZATEN

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako arrantza-barruti publikoak eta/edo espezie exotikoen kontrol-tarteak administratzen dituzten elkarte/tokiko sozietateei 2026an emanen zaizkien laguntzak arautzea.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Nafarroan arrantza-zaindariak kontratatzeko laguntzaren helburua da langile profesionalen presentzia egonkorra sustatzea eta barruti edo espezie exotikoen kontrol-tarte horietan arrantzaren jarraipena eta kontrola bermatzea.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

Onuradun izan daitezke Nafarroako arrantzaleen tokiko elkarte/sozietateak, Nafarroako arrantza-barruti publikoen eta espezie exotikoen kontrol-tarteen administrazioaren adjudikaziodun badira, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

3.2. Laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiten den unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio eskabidean (I. inprimakia) baimena ematen diola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsulta ditzan.

3.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

3.4. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak arrantzaren arloko arau-hauste administratibo astun edo oso astunen erantzule gisa edo ingurumen arloko beste edozein legeren erantzule gisa zehatuak ez izatea azken bi edo hiru urteetan, hurrenez hurren, arau-hauste administratibo astun edo oso astunen kasuan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Ondorio horietarako, adierazitako epearen barruan administrazio bidean irmo bihurtu diren zehapen-ebazpenak bakarrik hartuko dira kontuan.

Eskabide berean dagoen erantzukizunpeko adierazpena (I. inprimakia) aurkeztuko da, baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek, eta deialdia ebatzi arte mantendu beharko dira.

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Laguntzak 2026an Nafarroako arrantza-zaindari gisa jarduteko langileak kontratatzeagatiko kostuen zati bat finantzatzera bideratuko dira, ehiza-barruti publikoetan eta espezie exotikoen kontrol-tarteetan arrantza-jardueraren zaintza- eta jarraipen-lanak eginez, hori barruti bakoitzeko Arrantza Kudeatzeko Plan Teknikoetan eta arrantzaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera egiten dela bermatzeko, bai eta barrutia prestatzeko eta mantentzeko jarduerekin lotutako beste eginkizun batzuk ere.

Baldintza hauek bete beharko dira:

–Kontratatuak eduki beharko du ehiza- eta arrantza-zaindari titulua, landazainarena edo parekidea den beste bat.

–Kontratatuak ez du, deialdi honek hartzen duen aldian, desgaitua egon behar arrantzarekin lotutako jardueretarako.

–Nafarroako barruti publikoetako kudeaketa- eta administrazio-lanetan arrantza-zaindariek egiten dituzten lanak baino ez dira diruz lagunduko:

  • Ehiza-barrutietako eta espezie exotikoen kontrol-tarteetako arrantzari buruzko datuen kontrola.
  • Zaintza.
  • Garbiketa-lanak, seinaleztapenaren mantentze-lanak eta espezie exotikoen barrutiak eta kontrol-tarteak kudeatzearekin lotutako beste azpiegitura batzuk.
  • Ehiza-barrutiak antolatutako arrantzari eta arrain-espezieen ezagutzari buruzko prestakuntza-jardueretan laguntzea.
  • Nafarroako Gobernuan arrantzaren arloko eskumena duen departamentuarekin lankidetzan aritzea espezie exotikoak kontrolatzeko barrutiaren edo tartearen ibaiko arrantza-kontroletan.

Eskabidean (I. inprimakia) adierazi beharko da kontratatutako lanaren zer ehuneko dagokion arrantza-zaintzako berezko zereginei.

5. oinarria.–Kredituak eta aurrekontu banaketa.

Deialdi honetako laguntzei erantzuteko, 4. oinarrian ezarritakoaren arabera, 20.000 euroko aurrekontua dago, 2026ko aurrekontuko 740003/74300/4809/456300 partidaren kargura (Arrantza-barrutiak kudeatzen dituzten erakundeentzako laguntzak).

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Zaindariendako dirulaguntzaren zenbatekoa laguntzen xede den aldirako soldata gordinaren %75 izanen da gehienez, eta 6.500 euro gehienez kontratatutako zaindari bakoitzeko.

Nolanahi ere, dirulaguntzak eman eta ordaintzeko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomiko aski izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio. Ezarritako epearen barruan aurkeztutako azken eskaera bakarrik hartuko da kontuan.

7.2. Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira. Deialdiaren fitxan sartu behar da, esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-contratacion-de-guardas-de-pesca-en-cotos-publicos-y-tramos-de-control-de-especies-exoticas.

Halaber, eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten ahalko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo beste administrazio publikoetako erregistro elektronikoetan, baldin eta aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira.

Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.

–Eskatzen den dokumentazioa:

  • I. inprimakia.–Eskabide-inprimakia, datuak kontsultatzeko baimena eta erantzukizunpeko adierazpena dituena, behar bezala beteta eta laguntza eskatzen duen elkarteko buruak sinatuta.
  • Entitate eskatzaileak, laguntzak lehen aldiz jaso behar baditu edo horiek ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, kontua erregistratu beharko du Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Banku kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" fitxan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
  • Indarrean dagoen kontratua, iraupena eta garatu beharreko eginkizunak zehazten dituena. Kontratuan ez badaude zehaztuta eginkizunak, barrutia kudeatzen duten elkarteek edo tokiko sozietateek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non zehaztuko baitira eginkizunak eta kontratutik zenbat denbora eskaintzen zaien diruz lagungarriak diren jarduerei (4. oinarrian daude jasota).
  • Ehiza- eta arrantza-zaindari titulua, landazainarena edo parekidea den beste bat.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirua emanen zaien eskabideen artean banatuko da, 6. oinarrian ezarritakoari jarraituz. Emakidaren xede diren eskabide guztiei erantzuteko diru nahikorik ez badago, dirua modu proportzionalean banatuko da, eskabide bakoitzetik onetsitako aurrekontuaren arabera.

9. oinarria.–Ebaluazio organoa.

Neurri honetan ezarritako laguntzak emateko prozeduretan, instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari dagokio.

Eskaerak aztertu ondoren, Zerbitzuko teknikariek beharrezkotzat jotzen dituzten jarduerak eginen dituzte eskatutako inbertsioen egokitasuna zehazteko.

10. oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ebaluazioa egin ondoren, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpideen arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ebazpen-proposamena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio, txosten batekin batera. Txosten horretan jasoko da tokiko entitate onuradunek betetzen dituztela dagozkien dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak, eta deialditik kanpo geratu direnen zerrenda bat aurkeztuko du, baldintzak beteta, eta horren arrazoiak zehaztuko ditu.

Ebazpen-proposamenean, onetsitako eskabideei erantzunen zaie, eta dagozkien dirulaguntzak adjudikatuko dira, zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu bidez ebatziko dira, eskabideak aurkezteko epea akitu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere eta, nolanahi ere, dirulaguntzei buruzko foru legerian aurreikusitako epea akitu baino lehen.

Laguntzak emateko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. oinarria.–Ekintzak aldatzea.

Aurkeztutako eskabideak aldatzen ahalko dira, baldin eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko aurreikusitako epearen barruan aldatzen badira.

12. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak entregatzeko azken eguna 2026ko azaroaren 27a izanen da, egun hori barne.

Ahal dela, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, eta JPG fitxategiak saihestuko dira.

Dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo beste administrazio publiko batzuetako erregistroetan, baldin eta aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira, eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaio.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lan-araubideko kontratazioen kasuan:

–2026ko martxotik azarora bitarteko nominen kopia.

b) Zerbitzuak emateko kontratazioen kasuan:

–Egindako gastuen fakturak, datu fiskalak dituztenak, bai hornitzailearenak bai Nafarroako arrantzaleen tokiko elkartearenak/sozietatearenak, 2026ko martxotik azarora bitarte.

–Bankuko ordainagiriak. Zenbatekoak bat etorri beharko du dagokion fakturarekin.

Agiriak jatorrizkoak edo kopiak izaten ahalko dira.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Instrukzio organoak behar diren kontrolak eginen ditu, egiaztatzeko betetzen direla deialdi honen oinarriak. Kontrol horiek egiteko, instrukzio-organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio-iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko unean dagoen informazioaren arabera.

Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen bada beheranzko desbideratzeak daudela entitate onuradunak aurkeztutako eskaerarekin alderatuta, ordainketa aipatu egiaztapenei egokituko zaie.

Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, frogatzen duena entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

Dirulaguntzaren onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte.

Bestelako dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko, horren berri eman beharko zaio organo emaileari.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztuko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera (3. inprimakia). Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun-betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura dirulaguntzak jasotzen dituztenen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera (6. eta 7. artikuluak), aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordaintzen ahalko, ezta aurrerakinak ere eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Ebazpen honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateak, Estatuak edo Europar Batasunak helburu berarekin ematen dituen bestelako dirulaguntzekin. Hori dela eta, dirulaguntza jasotzen duenak proiektu honetarako edo xede bererako emandako laguntzaren berri eman beharko du, jakin bezain laster.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

INPRIMAKIAK

Beharrezko inprimakiak eskuragarri daude tramiteen katalogoan, dagokion fitxan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-contratacion-de-guardas-de-pesca-en-cotos-publicos-y-tramos-de-control-de-especies-exoticas

1. INPRIMAKIA–Nafarroako arrantzaleen tokiko elkarteentzako 2026 laguntzen eskabidea.

2. INPRIMAKIA.–Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda.

3. INPRIMAKIA.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua.

Iragarkiaren kodea: F2606951