Iragarkia
106. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
303E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak onesten dituena dirulaguntza deialdi baterako, zeinaren bidez laguntzak ematen baitira honako hauei egin zaizkien tratamenduak osatzeko: hartutako kalte zerebralak edo antzeko patologia neurologikoak dituzten haurrei eta 23 urtetik beherako helduei, edo 23 eta 26 urte bitarteko helduei, baldin eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaie, aintzat hartuta bi kasuetan 18 urte bete baino lehen egon behar dutela diagnostikatuta. Tratamenduek 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean (biak barne) eginak behar dute. DDBN kodea: 905910.
2026ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuan 511000 51100 4809 311107 partida dago jasota, "HKZ eta antzeko patologia neurologikoak dituztenentzako laguntzak, 23 urtetik beherakoei edo %65eko desgaitasuna duten 26 urtetik beherakoei zuzenduta" izenekoa.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatutako 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituztenek honako hauetan egindako gastuak erabat edo partzialki estaltzeko: fisioterapia, terapia okupazionala, irensketaren errehabilitazioa, ikusmen terapia, psikologia, neuropsikologia eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuak. Gastuek 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean (biak barne) eginak behar dute. Hartutako kalte zerebralak edo antzeko patologia neurologikoak dituztenak haurrak eta 23 urtetik beherako helduak izanen dira, edo 23 eta 26 urte bitarteko helduak, baldin eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaie, aintzat hartuta bi kasuetan 18 urte bete baino lehen egon behar dutela diagnostikatuta.
Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, Osasun Departamentuaren dirulaguntzen lerroen barruan, 70.000 euroko edo gutxiagoko zenbatekoaz.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago adostasuna eman duela Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuak.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Gehienez ere 70.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko "HKZ eta antzeko patologia neurologikoak dituztenentzako laguntzak, 23 urtetik beherakoei edo %65eko desgaitasuna duten 26 urtetik beherakoei zuzenduta" izeneko 511000 51100 4809 311107 partidaren kargura.
2. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, haien bidez erabat edo partzialki ordaintzeko hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituztenek honako hauetan egindako gastuak: fisioterapia, terapia okupazionala, irensketaren errehabilitazioa, psikologia, neuropsikologia, ikusmen terapia eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuak. Gastuek 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean (biak barne) eginak behar dute. Hartutako kalte zerebralak edo antzeko patologia neurologikoak dituztenak haurrak eta 23 urtetik beherako helduak izanen dira, edo 23 eta 26 urte bitarteko helduak, baldin eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaie, aintzat hartuta bi kasuetan 18 urte bete baino lehen egon behar dutela diagnostikatuta.
3. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
5. Agintzea ebazpen hau eta eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 14an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
ERANSKINA.–DIRULAGUNTZAK, HARTUTAKO KALTE ZEREBRALA EDO ANTZEKO PATOLOGIA NEUROLOGIKOAK DITUZTENEN TRATAMENDUEN GASTU JAKIN BATZUK OSATZEKO. DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK. GASTUEK 2025EKO UZTAILAREN 1ETIK 2026KO EKAINAREN 30ERA BITARTEAN (BIAK BARNE) EGINAK BEHAR DUTE, ETA HARTUTAKO KALTE ZEREBRALAK EDO ANTZEKO PATOLOGIA NEUROLOGIKOAK DITUZTENAK HAURRAK ETA 23 URTETIK BEHERAKO HELDUAK IZANEN DIRA, EDO 23 ETA 26 URTE BITARTEKO HELDUAK, BALDIN ETA 23 URTE BETE AURRETIK %65EKO DESGAITASUN MAILA EDO HANDIAGOA AITORTU BAZAIE, AINTZAT HARTUTA BI KASUETAN 18 URTE BETE BAINO LEHEN EGON BEHAR DUTELA DIAGNOSTIKATUTA
1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.
Dirulaguntzen bidez erabat edo partzialki estaliko dira ondoren aipatzen diren gastuak, 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egin direnak hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituztenen premiak asetzeko. Zehazki, hartutako kalte zerebralak edo antzeko patologia neurologikoak dituztenak haurrak eta 23 urtetik beherako helduak izanen dira, edo 23 eta 26 urte bitarteko helduak, baldin eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaie, aintzat hartuta bi kasuetan 18 urte bete baino lehen egon behar dutela diagnostikatuta.
a) Diziplina hauetako saioak:
i.–Fisioterapia.
ii.–Terapia okupazionala.
iii.–Irensketaren errehabilitazioa.
iv.–Psikologia eta/edo neuropsikologia.
v.–Ikusmen terapia, baita bergentzia- edo egokitze-akatsengatikoa. Akats horiek berariaz azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko da, Oftalmologiako mediku espezialista batek emana. Ikusmen terapia aipatzea ez da nahikoa arrazoi izanen diruz lagungarritzat jotzeko.
b) Laguntza produktuak.
i.–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak; halakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen duten edo haientzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, eta balio duena parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, entrenatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko, edo eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan dituzten gabeziei, mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren gida honetan daude jasota: "Jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua, mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko: autonomia pertsonalerako laguntza produktuak".
Kanpo gelditzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatzen duen material ortoprotesikoa.
Terapia horiek honelakoak izan behar dute:
–Homologatuak eta eraginkortasun frogatukoak.
–Profesionalek emanak; terapia bakoitzerako (fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia, psikiatria, pedagogia, logopedia eta optika-optometria) beharrezkoa den titulazioa eduki beharko dute, hots, tratamendu horretarako behar den akreditazioa edo prestakuntza.
–Jarduera sanitarioak egiteko baimendurik dauden zentroetan eginak.
Autonomiarako laguntza produktuei dagokienez:
–Produktua zertarako den, arlo horrekin zerikusia duen espezialitateko profesional fakultatiboak preskribatu beharko ditu, edo erabiltzea komenigarria dela agindu.
Dirulaguntza honek onura publikoa du egokia delako hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologiak diagnostikatuta dituzten haurren eta 26 urtetik beherako helduen tratamendua osatzea, ezarritako baldintzei jarraikiz, adierazitako behar horiei dagokienez.
2.–Deialdiaren zenbatekoa.
Deialdi honek 70.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2026ko gastuen aurrekontuko "HKZ eta antzeko patologia neurologikoak dituztenentzako laguntzak, 23 urtetik beherakoei edo %65eko desgaitasuna duten 26 urtetik beherakoei zuzenduta" izeneko 511000 51100 4809 311107 partidaren kargura finantzatuta.
Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, Osasun Departamentuaren dirulaguntzen lerroen barruan, 70.000 euroko edo gutxiagoko zenbatekoaz.
3.–Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek betetzen dituztenak izaten ahal dira onuradun:
–Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoa izatea, neuropediatrako edo neurologiako profesional batek diagnostikatua, pertsonaren adinaren arabera. Antzeko patologia neurologiko bat izanez gero, diagnostiko-kodean berariaz jaso beharko da hartutako bizkarrezur-muineko lesioa edo kalte zerebral estrukturala, neuroirudi proba baten bidez objektibatua, eta adierazi garuneko egiturazko lesio hori zuzenean dagoela lotuta nahasmendu neurologikoarekin, azpiko kausa zer unetan gertatu den gorabehera.
–Esku-hartze terapeutikoa jasotzeko edo laguntza produktuak erosteko unean, 23 urtetik beherakoa izatea, edo 26 urte baino gutxiago eta %65eko desgaitasun maila edukitzea –23 urte bete aurretik aitortua–, eta, edozein kasutan, diagnostikoa 18 urte bete baino lehen jaso izana.
–Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea, hots, 2026ko ekainaren 30a baino lehen, onuraduna egiazki eta modu jarraituan bizi izana, urte batez, Nafarroako Foru Komunitatean. Onuraduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Behar bezala akreditatua dagoen eta onuradunaren arretan inplikatua dagoen profesional batek gomendatu behar du fisioterapia, terapia okupazionala, irensketaren errehabilitazioa, psikologia, neuropsikologia eta ikusmen terapia egitea edo autonomia pertsonalerako laguntza produktuak erabiltzea.
–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.
4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.
4.1. Interesdunak berak eska dezake laguntza, edo haren legezko ordezkariak edo ordezkari judizialak, indarreko legeria zibilaren arabera.
4.2. Eskaerak onuradunaren izenean egon behar du beti, eta aurkezten duena ordezkaria izanen da.
4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 3an hasiko da, eta urte bereko uztailaren 3an bukatuko.
4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan dagoen fitxaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003 Iruña), Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari zuzendutako eskaeraren bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, igorri aurretik jar daitezen, lehen orrialdearen idazpuruan, aurkezpen datuak, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.
4.5. Baldin eta eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Atalak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
4.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.–Betebeharren frogagiriak:
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Onuradunaren nortasun-agiri nazionalaren edo identifikazio-agiriaren fotokopia.
b) Onuradunaren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasunaren data eguneratua adierazita (eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenago emana, gehienez ere), edo, kasua bada, asilo-eskubidea onartu izanaren ebazpena.
c) Onuradunak hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologiko bat duela adierazten duen txosten medikoa (patologia berariaz adierazita), neuropediatriako edo neurologiako profesional batek egina, onuradunaren adina kontuan hartuta dagokionaren arabera.
Txostenak zehaztasunez jaso beharko du diagnostikoari lotutako sintomatologia.
Antzeko patologia neurologiko bat izanez gero, txostenak zehaztasunez jaso beharko du antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia, eta, halaber, patologia horrek berariaz agertu behar du antzeko patologien diagnostiko-kodean, hartutako bizkarrezur-muineko lesio edo kalte zerebral estruktural gisa, neuroirudi proba baten bidez objektibatua.
d) Organo eskudunak aitortutako desgaitasun-ziurtagiria, baldin eta onuradunak 23 eta 26 urte artean baditu eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaio.
e) Txosten bat, non adieraziko baita komenigarria dela tratamendua edo autonomia pertsonalerako laguntza produktua, eta zein diren haren helburuak. Behar bezala akreditatuta dagoen eta onuradunari emandako arretan parte hartzen duen profesional batek egindako txostena izan behar du.
f) Terapiaz arduratu den profesionalaren txostena, terapia deskribatu eta lortutako emaitzak ebaluatzen dituena (laguntza eskatutako garaikoak barne).
Profesional berak agindu eta eman badu tratamendua, txosten bakar bat egiten ahalko da.
6.2 oinarrian aipaturiko batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
g) Ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa:
a) Adingabeen kasuan:
–Familia-liburu osoaren kopia edo jaiotza-agiria, guraso-ahala duen gurasoaren NAN/AIZarekin batera.
–Ezkontza-deuseztasun, banantze edo dibortzio kasuetan: dibortzioaren epai judiziala eta berretsitako hitzarmen arauemailea, zaintza eta jagoletza esleitu zaiola egiaztatzen duena. Kasu horietan, zaintza duen gurasoaren NAN/AIZa aurkeztu beharko da.
–Tutoretzaren edo legezko ordezkaritzaren kasuan: guraso-ahalik ezean, tutorearen izendapena egiaztatzen duen ebazpen judiziala edo administratiboa, edo adingabearen legezko ordezkaritza edo harrera ezartzen duen dokumentua.
b) Desgaitasuna duten adin nagusikoen kasuan:
–Gaitasun juridikoa baliatzeko laguntza-neurriak zehazten dituen ebazpen judizialaren edo eskritura publikoaren kopia.
–Hala badagokio, egitatezko zaintzailea dela egiaztatzen duen dokumentazioa, indarrean dagoen legeria zibilaren arabera.
–Aurretiazko ebazpenik gabe ordezkari boluntario edo egitatezko zaintzaile gisa jarduten denean, erantzukizunpeko adierazpen bat erantsiko da; hartan adieraziko da indarrean daudela onuradunaren izenean jarduteko eskumenak, eta ados daudela gainerako legezko erantzuleak edo desgaitasuna duen pertsona, kasua bada.
h) Banku-titulartasunaren ziurtagiria edo transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin eta Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen zaion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko adierazitako banku-kontua aldatu bada. "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren inprimaki orokorrak" atalean egonen da eskuragarri:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
i) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez. Gutxienez honako datu hauek jaso beharko dira:
–Onuradunaren izen-abizenak.
–Materialaren hornidura edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.
–Laguntza produktua edo jasotako tratamendua. Tratamenduen kasuan, honako hauek adieraziko dira gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna, iraupena, saio horiek banakakoak ala taldekoak izan diren edo egindako esku-hartzea.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
j) Egindako ordainketaren frogagiria.
k) Deialdiko 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta edo errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emana, bidezkoa bada.
l) Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedaturikoaren arabera.
m) Eskatzailearen edo bere ordezkariaren baimena haren datu pertsonalak tratatzeko, eta erantzukizunpeko adierazpen bat, non adierazten baitu, batetik, betetzen dituela zerga-betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta, bestetik, baimena ematen duela Osasun Departamentuak egoki den informazioa eska diezaien Ogasun Publikoari eta Estatuko Administrazio Orokorrari.
Baldin interesdunak adierazpen hori izenpetu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
n) Eskatzailearen edo bere ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ez dira aurkeztu beharko a), c), d), g) eta h) puntuetan aipaturiko agiriak, baldin eta jadanik aurkeztu baziren dirulaguntza beraren aurreko deialdietan eta haietan adierazitako datuak aldatu ez badira.
6.–Dirulaguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Atalak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
–Concepción M.ª Moreno Sousa andrea, Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua, batzordeburua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Geno Ochando Ortiz andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.
–Sergio Aguilera Albesa jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Nerea Gorría Redondo andrea arituko da, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko arloko fakultatibo espezialista.
–Patxi Ander Galiano Ureña jauna, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa María Carmen Migueliz Beaumont andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko gizarte langilea.
–Susana Muro Arbizu andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria, batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Virginia Moneo Cornago andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko burua.
6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:
–Esku-hartzeetarako, gehieneko tarifa hauek ezarri dira:
- Fisioterapiako, terapia okupazionaleko, irensketaren errehabilitazioko, psikologiako, neuropsikologiako eta ikusmen terapiako banakako ordu bakoitza: 40 euro.
- Fisioterapiako, terapia okupazionaleko, irensketaren errehabilitazioko, psikologiako eta taldekako neuropsikologiako taldekako ordu bakoitza: 16 euro.
–Hilabete bakoitzean, fisioterapiako, terapia okupazionaleko, irensketaren errehabilitazioko, psikologiako, neuropsikologiako edo ikusmen terapiako gehienez 8 ordu lagunduko dira diruz, aipatutako terapia bakoitzeko.
–Laguntza produktuetarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa aurrekontu-lerro osoaren %10 izanen da, jasotako eskaeren artean hainbanatuta.
–Onuradun berak deialdian adierazitako esku-hartze mota eta/edo laguntza produktu bakar baten edo gehiagoren gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak elkarren artean.
–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta onuradun bakoitzarentzako esku-hartzeen eta/edo laguntza produktuen kostua hartuko dira aintzat, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren gainean. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2025ean eta/edo 2026an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.
–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontu-partidan gerakinik geratzen bada, ezarritako mugetatik gorako gastua (saio kopuruari dagokionez) egiaztatu duten onuradunen artean banatuko da, proportzioan egindako gastuaren arabera, betiere diruz lagundu daitezkeen gehieneko tarifak gainditu gabe.
–Dirulaguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.
7.–Ebazpena.
7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Atalak proposamena egin ondoren.
7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela uler dezakete. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak, modu anonimoan), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira.
Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), aipatutako deialdian.
8.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.
9.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.
Aurrekoa ezertan galarazi gabe, deialdi honetako helbururako eta xederako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratuz gero, horien berri izan bezain laster eginen da jakinarazpena eta, nolanahi ere, 2026ko uztailaren 3a baino lehen.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
10.–Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, sei hilabeteko gehieneko epean, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.
11.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako diren eta egindako esku-hartzearen edo erositako produktuaren guztizko kostua gainditzen duten beste dirulaguntza batzuk kobratu izana komunikatzen ez den kasuetan, bidezkoa izanen da kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzuli beharko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen den egunetik itzuli beharraren gainean erabakitzen den egunera arte sortutakoa.
12.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
13.–Datuen babesa.
Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago:
14.–Aplikatzekoa den araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta hura garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
Iragarkiaren kodea: F2607144
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
