103. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2026-2027 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdi bat, Nafarroako tokiko lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko. DDBN kodea: 895495.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren bidez (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 22koan), oinarriak onetsi ziren aplikatu beharreko prozedura ezartzeko laguntzak ematean Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren maiatzaren 19ko 10E/2025 Foru Aginduaren bidez, partzialki eguneratu dira oinarri arautzaile horiek.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen berekiak eta herritarrentzat interesgarriak diren programa gehiago izan daitezela, programazio horrek onura soziala baitakarkie Nafarroako bizilagunei.

Deialdi honek lau berritasun dakartza aurreko deialdiaren (2025-2026) aldean:

1. Programa bakoitzak izan behar duen gutxieneko saio kopurua txikitu da, 16 kapitulutik 12 kapitulura; neurri hori hartu da deialdiko aurrekontua, 2021etik aldatu ez dena, ikus-entzunezko ekoizpenaren kostuen gorakadarekin bat egokitzeko.

2. Ordainsarien gastuengatiko mugak igo dira, argitaratu den Nafarroako 2025. urteko KPIaren zenbatekoaren arabera eguneraturik.

3. Konturako ordainketa mugatuko da deialdiaren bidez finantzatzen diren bi ekitaldietako lehenengorako. Aldaketa hau egiten da aurreko deialdietako espedienteen kudeaketak hartaraturik, tramitazioa azkarrago egiteko eta telebista operadoreen eskariak konturako ordainketen lehenbizikoa izaten duelako xede.

4. Eskaerak aurkezteko edukiari eta epeari dagokienez, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nafarroa.eus atarian deialdia tramitatzeko eskura egonen den fitxaren bidez, deialdiaren baldintzei buruzko 3.1 puntuan aipatzen den dokumentazioarekin batera.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 5. oinarria aplikatuz, beharrezkoa da ebazpen bat ematea 2026ko irailaren 1ean hasi eta 2027ko abuztuaren 31n bukatuko den aldirako urte anitzeko deialdi bat irekitzeko asmoz, bai eta deialdiaren baldintzak ezartzea ere. 2021. urteaz geroztik egiten den bezala, dirulaguntzaren aldia bat dator telebistetako programazio-parrillen aldiekin, horrela modu efizienteagoan estaltzen dira, batetik, udazkenero berritzen den programazio aldia –urritik ekainera–, eta, bestetik, udarako programazio berezia –uztailetik irailera–.

Deialdi honen aurrekontua (450.000 euro) aurreko deialdiarena beste da.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak egindako txostena; Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpenaren bitartez eskuordeturiko ahalmenaz erabiliz; eta bat etorriz Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluan xedatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. 2026-2027 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdi bat onestea, Nafarroako tokiko lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

2. Deialdiaren baldintzak ezartzea, bat etorriz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 5. oinarriarekin. Foru agindu horren bidez, oinarriak onesten dira lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak ematean aplikatu beharreko prozedura ezartzeko. Baldintza horiek ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira.

3. Deialdi hau finantzatzeko, 450.000 euroko urte anitzeko gastua erreserbatu eta baimentzea, urteko banaketa honen arabera: 100.000 euro indarrean dagoen gastu-aurrekontuko "Nafarroako tokiko telebistak. Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak" izeneko 060003 06100 4709 921500 partidaren kargura, eta 350.000 euro partida horri jarraituko dion eta 2027ko gastu-aurrekontuan onetsiko den partidaren kargura, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzea.

5. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 11n.–Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria. Eskuordeturiko eskumena erabiliz (Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpena), Javier Solano Marzo.

2026-2027 URTEETARAKO LAGUNTZEN URTE ANITZEKO DEIALDIAREN BALDINTZAK, NAFARROAKO LURREKO TELEBISTA DIGITALEKO (LTD) LIZENTZIA PRIBATUEN TITULARREK IKUS-ENTZUNEZKO EDUKIAK EKOIZTEKO

1.–Diruz lagungarriak diren ikus-entzunezko proiektuen kategoriak.

Diruz lagungarriak diren proiektuen bi kategoria ezarri dira, eskatzaileek beren emisio-lizentzia zein barrutitarako jaso duten, horren arabera zehaztuak:

–A kategoria: Iruñeko LTDaren tokiko barrutiko ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak.

–B kategoria: Nafarroako LTDaren gainerako tokiko barrutietako ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak.

2.–Laguntzen gehieneko zenbatekoen mugak, kategoria eta onuradun den telebista bakoitzeko.

325.000 euro bideratuko dira A kategorian aurkeztutako proiektuetarako, eta 125.000 euro B kategorian aurkeztutako proiektuetarako.

A kategoriako onuradun batek jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza ezin izanen da 200.000 eurotik gorakoa izan, eta B kategoriakoen kasuan ez da 75.000 eurokoa baino handiagoa izanen.

Bi kategorietan, gehienez ere 25.000 eurokoa izanen da dirulaguntza programa bakoitzeko.

3.–Eskaeren edukia eta haiek aurkezteko epea.

3.1. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, nafarroa.eus atarian deialdia tramitatzeko eskura egonen den fitxaren bidez. Fitxa horretan bertan eskuratzen ahalko da eskaeraren eredua. Eskaerarekin batera, telebista operadore eskatzaileak justifikatu beharko du behar diren bitartekoak dituela –bereak edo sareko operadore bati kontratatuak– ,seinalea hedatzeko emisio-lizentzia zein barrutitarako duen, barruti horrek estaltzen duen esparru osoan.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

4.–Proiektuak gauzatzeko epea eta diruz lagundutako programen emanaldiak.

Proiektuak gauzatzeko epea 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Gauzatzeko epe horretan ekoiztutako programen emanaldiak 2026ko irailaren 1etik 2027ko urriaren 31ra bitarte programatu beharko dira. Dirulaguntzaren xede den programazioa emateko datak adierazi beharko dira laguntza-eskaerarekin batera entregatu beharreko memorian.

Proiektu bakoitzak gutxienez 20 minutuko 12 saioren ekoizpena bermatu beharko du.

5.–Soldata diruz lagungarrien gehieneko muga.

Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezin izanen dira izan ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Programako arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 4.347 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.478 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.898 euro.

6.–Dirulaguntza ordaintzeko eta frogagiriak aurkezteko epeak.

6.1. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 8.2 oinarriaren arabera, deialdi honetan onuradun diren telebistek aplikatzekoa den araudian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxa erabiliz, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatura egokitua, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso aurretik.

6.2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.2 oinarriarekin bat etorriz, deialdi honetan onuradun diren telebistek dagokien dirulaguntza aldez aurretik ordaintzeko eskatzen ahalko dute, deialdiak hartzen dituen bi aurrekontu-ekitaldietako lehenbizikoaren kargura:

–2026ko gastu-aurrekontuari dagokion aurrerakina deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan eskatzen ahalko da, aurreko paragrafoan aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete ondoren. Ordainketa hori egiteko 100.000 euroko gastua onesten da, eta aurrerakina eskatzen duten telebisten artean banatuko da, eman zaien laguntzaren proportzioan.

–2027ko gastuen aurrekontuari dagokion aurrerakina 2027ko otsailaren 28ra arte eskatzen ahalko da, egun hori barne. Ordainketa hori egiteko, 350.000 euroko gastua onesten da, baldin eta kreditu nahikoa badago, eta aurrerakina eskatzen duten telebisten artean banatuko da, eman zaien laguntzaren proportzioan.

Bi aurrerakinen eskaerari dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa baliabide egokien gabezia frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. 2027ko ekitaldiari dagokion aurrerakina eskatzen duten operadoreek, gainera, 2026ko ekitaldiaren kargura aurreratu zaien gastua egin dela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 11. oinarrian eskatutako xehetasunarekin bat etorriz.

Halaber, laguntza hau jasotzeak dakartzan betebeharrak beteko direla bermatzeko eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenarekin bat, eskatutako aurrerakina adinako banku-abala eratu dela frogatu beharko da.

Hala ere, 2026ko eta 2027ko ekitaldiei dagozkien konturako bi ordainketa egiten ahalko dira, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.2 oinarriarekin bat etorriz, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren maiatzaren 19ko 10E/2026 Foru Aginduan onetsitako testu berriaren arabera. Foru agindu horrek partzialki eguneratzen ditu oinarri arautzaile horiek, laguntzak emateko erabilgarri dauden aurrekontuak hobeki gauzatuko direla bermatzeko.

Onuradunek ez badute 10.2 oinarrian aurreikusitako ordainketa aurreratua behar den epean eskatu, onuradunak konturako ordainketa bat eskatu beharko du, laguntza hauek finantzatzeko 2026ko ekitaldian onetsi zaion gastu osoari dagokiona. Eskaera hori 2026ko abenduaren 2an erregistratu beharko du beranduenez, egun hori barne. Konturako ordainketa hori aurrerakintzat hartuko da, eta justifikatzeko dauden pertsonal gastuen eta gastu arrunten zerrenda bati erantzun behar diote; gastu horiek diruz lagundutako jardueran jada gauzatutako zatiari buruzkoak izanen dira. Horrelako kasuetan, ez da beharrezkoa izanen justifikatzea diru-funtsen hornidura egitea beharrezkoa dela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, eta bermerik ere ez da eskatuko.

6.3. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.1 oinarriaren arabera, telebistek 2027ko irailean aurkeztu beharko dute (irailaren 30ean beranduenez) emandako dirulaguntza gauzatu izana justifikatzen duen dokumentazioa, bai eta azken ordainketa egiteko eskaera ere, kasua bada. Dokumentazio hori zein den Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 11. oinarrian zehaztuta dago.

6.4. Dirulaguntzaren azken justifikazioa: onuradunek 2027ko irailaren 30era arte (egun hori barne) izanen dute dirulaguntzaren azken ordainketaren eskaera erregistratzeko, 6.2 oinarrian aurreikusitako aurrerakina eskatu ez badute.

6.5. 2026-2027 urteetarako deialdi honen ordainketa eskaera guztiak honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Diruz lagundutako ikus-entzunezko ekoizpenaren gauzatze-memoria; emititutako programak adierazi beharko dira, emisio datak eta guzti, bai eta datu ekonomikoak ere, langile-egitura, lanpostuen xehetasunak eta langile bakoitzaren kategoria zehaztuta.

b) Gastuak justifikatzeko taula. Entitate onuradunak taula bat prestatu beharko du, eta hartan jaso diruz lagundutako aldian egiazki egindako gastuen zerrenda, kontabilitate-multzotan ordenaturik; banan-banan adieraziko du gastua zuzenekotzat edo zeharkakotzat jotzen den. Taula horretan zerrendatzen diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3 eta abar). Gastuak justifikatzeko taula euskarri informatikoan beteko da (Excel), eta harekin batera, beste fitxategi batean, eskaneaturik aurkeztuko dira gastu horiek egiaztatzeko fakturak edo froga-balio bereko bestelako dokumentuak, justifikazio taularekin bat etorrita zenbakiturik. Zenbaki ordena horri jarraituz, hirugarren fitxategi informatiko bat aurkeztu beharko da, non jasoko baitira aurkeztutako fakturak ordaindu edo konpentsatu direla frogatzeko agiriak.

c) Ordainsari-kostuen zerrenda. Gizarte Segurantzako gastua justifikatzeko, langileen zerrenda nominalak (LZN, lehen TC1 zena) eta kotizazioen likidazio ordainagiri ofizialak (KLO, lehen TC2 zena) aurkeztu beharko dira, eta horiek banku-kontu bidez ordaindu izanaren egiaztagiriak.

d) Amortizazio gastuak justifikatzeko elementu horien erosketa fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Halaber, entitatearen arduradunak sinatutako idatzi bat erantsiko da, non adieraziko baita gastuak bat datozela dirulaguntzaren entitate onuradunak kontabilitatean ofizialki erregistraturik dituen inbertsioekin; bertan aipatuko da, baita ere, dirulaguntzaren bat jaso den edo ez ondasun amortizagarrien erosketa finantzatzeko.

e) Laburpen taula, diruz lagundutako aldiari dagozkion guztizko gastuak sailkaturik, Excel formatuan; zuzeneko gastuak eta zeharkakoak bereizita agertuko dira, baita azpikontratazioa ere.

f) Diruz lagundutako ikus-entzunezko ekoizpena garatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatzen badira, azpikontratistek egindako fakturek behar besteko xehetasunak izan beharko dituzte kostuak zer jarduerari egozten zaizkion argi eta garbi identifikatzeko; autonomoen kasuan, adierazi beharko dute EJZn alta hartuta dauden eta atxikipena duten, edo atxikipenetik salbuetsita daudela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, Ogasuneko egiaztagiriarekin (Nafarroakoa, Estatukoa edo beste).

7.–Ez-betetzeak.

Laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak osorik edo partez bete ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, jasotako laguntza osorik edo partez itzuli beharko du entitate onuradunak, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz; berandutze-interesak ere eskatuko zaizkio, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2606937