Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LIZARRA
Aldaketa, taxi zerbitzua arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena
Lizarrako Udalak, 2026ko urtarrilaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Taxi zerbitzua arautzen duen udal ordenantzan.
Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 10ean, eta Lizarrako Udalak, 2026ko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, jendaurreko aldian aurkezturiko alegazioak ebatzi zituen; hala bada, ordenantza behin betiko onetsi, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.
Lizarran, 2026ko maiatzaren 11n.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.
LIZARRAKO UDALERRIAN TAXI ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
2005eko uztailaren 16an indarrean jarri zen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea, eta lege horren testura, hain zuzen, egokitu behar dute Nafarroako udalerrietako taxi zerbitzuak arautzen dituzten ordenantzak.
Gero ikusi zen beharrezkoa zela zenbait alderdi eguneratzea, hala nola lizentzien ikus-onespenak, zerbitzuak egitea kontratatutako langileekin, ibilbideen liburua, ibilgailuak berritzea, zehapen araubidea eta abar. Gainera, 2010eko maiatzean, estatuan indarrean jarri zen Bide Segurtasunari buruzko Lege berria, eta hori aipatu legean sartu beharra dago. Hori dela eta, Foru Legea Estatuko legedira egokitzeko eta Nafarroan taxiaren zerbitzua hobetzeko asmoz, Taxiari buruzko Foru Legea aldatu zen, uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legearen bitartez.
Aldaketa horri jarraikiz, 27. artikuluak ezartzen duenez, udalak edo baterako zerbitzurako eremuan eskuduna den toki-erakundeak salbuesten ahalko du taximetroa eta modulua eramateko betebeharretik.
2013ko abenduaren 12ko osoko bilkuran erabakita, taximetroa eramatetik salbuesten dira Lizarrako taxilariak behin-behinean, harik eta taxiaren jarduera hirian arautzen duen erregelamendua onesten den arte, horrek ezertan galarazi gabe Udalak hura aldatzeko duen ahalmena, bidezkotzat joz gero.
Arlo honetako legedian eginiko azken aldaketak ekainaren 30eko 8/2025 Foru Legearen bidez egin dira (Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duena). (2025eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 4koa).
Foru lege horrek, gainera, honako hau ezartzen du bigarren xedapen iragankorrean ("Ordenantzak egokitzeko epea"):
Lege-aldaketa honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epea izanen dute udalerriek edo Baterako Zerbitzurako Eremu batean eskumena duten toki-entitateek, taxi-zerbitzuei buruzko beren ordenantzak lege-aldaketa honetan xedatzen denera egokitzeko.
Ordenantza honek bost titulu ditu, bai eta xedapen iragankor bat, bi azken xedapen eta xedapen indargabetzaile bakarra ere.
Lehen tituluak ordenantzaren xedea arautzen du, bai eta haren aplikazio eremua eta eskumena duen administrazioa ere.
Bigarren tituluak arautzen ditu lizentziak, zerbitzua egiteko gaitasuna ematen duten tituluak diren aldetik; lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna; haien indarraldia, ikus-onespena, etendura eta azkentzea; lizentzien eskualdatzea, bai eta lizentzien erregistroaren sorrera ere.
Hirugarren tituluak arautzen ditu zerbitzua egiteko baldintzak, eta alde horretatik zehazten du zein diren jardueran aritzeko baldintzak, gidarienak, ibilgailuenak eta zerbitzua egiteko moduarenak.
Laugarren tituluak arautzen du zerbitzuaren gaineko ikuskapena, bai eta erabiltzaileen erreklamazioak ere.
Bosgarren tituluak arautzen ditu ikuskatzeko organoak, arau-hausteak eta zehapenak.
LEHEN TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Ordenantza honen xedea da Lizarrako udal-mugartean osorik egiten diren hiriko taxi zerbitzuak arautzea.
2. artikulua. Administrazio eskuduna.
Lizarrako Udalari dagokio Lizarrako udal-mugartean taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea.
3. artikulua. Definizioak.
–Turismo-ibilgailua: 9 eserlekura bitarteko ibilgailuek (gidaria barne), hirigunean edo hirigunetik kanpo, udal tarifak aplikatuz egiten dituzten zerbitzuak.
–Hiriko taxi zerbitzua: oso-osorik udal bakar baten mugartean egiten diren taxi zerbitzuak.
–Hiriarteko taxi zerbitzuak: aurreko letrako definizioan sartzen ez diren taxi zerbitzu guztiak.
4. artikulua. Printzipio orokorrak.
Ezertan ukatu gabe indarreko legedian oro har ezarririk dagoena, Lizarrako udalerrian taxi zerbitzuaren jarduera egitea printzipio hauen mende dago:
–Lizarrako Udalak horretarako gaitutako titular pribatuek ematen dute garraio publikoaren zerbitzua.
–Taxi zerbitzuaren plangintza eta sustapena, beste garraiobide publiko batzuekin koordinaturik.
–Lehia mugatua taxiaren sektorean, administrazioaren esku-hartzearen ondorioz, oinarria izanik interes publikoaren beharrezko bermea.
–Oreka zerbitzua nahikoa izatearen eta jarduera errentagarria izatearen artean.
BIGARREN TITULUA.–LIZENTZIAK
I. KAPITULUA.–LIZENTZIA GAITASUNA EMATEN DUEN TITULU GISA
5. artikulua. Lizentziak.
1. Hiriko taxi zerbitzua udal-mugartean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aurretiaz.
2. Lizentzia eskuratzeko, ibilgailuek eta lizentziaren titularrak bete behar dituzte ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak.
3. Lizarrako Udalari dagokio Lizarrako udalerrian taxi zerbitzuaren lizentzia emateko eskumena.
II. KAPITULUA.–LIZENTZIA KOPURUA
6. artikulua. Lizentzia kopurua.
1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorrari dagokionez, Lizarran aplikatuko da Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8.etik 11.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa.
2. Erreferentzia-indize orokorra aldatuko da, aldatzea bidezkoa bada, lege horren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
III. KAPITULUA.–LIZENTZIAK EMATEKO ARAUBIDEA ETA HAIEN TITULARTASUNA
7. artikulua. Emateko prozedura.
1. Udalak emanen ditu hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentziak, lehiaketa bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.
2. Udalak lehiaketa deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira bete beharreko prozedura eta adjudikazioetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeriarik eza. Nolanahi ere, emateko prozeduran jarduketak eginen dira emakumea taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
3. Lehiaketa egin ondoan, puntu berdinketarik bada zenbait lehiakideren artean, eta haien kopurua eman daitezkeen lizentzien kopurua baino handiagoa bada, gelditzen diren lizentziak emanen dira deialdiaren oinarrietan zehazten den gisara.
4. Deialdian ezartzen den epean, taxi lizentziaren adjudikaziodunak dokumentazioa aurkeztu beharko du, zeinaren bidez frogatu beharko baitu betetzen dituela lizentzia emateko eskatzen diren baldintzak; bereziki, ibilgailuak edukitzeari, aseguru-kontratazioari eta, kasua denean, kontrataturiko gidariari buruzkoa.
5. Egokitutako ibilgailuen lizentzia. Lizarrako Udalak, taxi lizentziak emateko lehiaketaren deialdian, Taxiari buruzko Foru Legean ezarritakoa beteko du ibilgailu egokituendako lizentzien ehunekoari dagokionez.
8. artikulua. Lizentzien titulartasuna.
1. Lizentziaren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, egitatezko edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren arabera.
Inor ezin da izan lizentzia bat baino gehiagoren titularra.
2. Taxi lizentzia baten titularra izateko baldintzak:
a) Pertsona fisikoa izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu batekoa.
c) Ibilgailua edukitzea, eta hala frogatzea, dela jabetzan, errentan hartua nahiz antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bidez.
d) Indarrean dagoen legerian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloetako betebeharrak betetzea.
e) Taxia gidatzeko baimena edukitzea, eta hala frogatzea, une bakoitzean indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren araberakoa.
f) Erantzukizun zibila estalita edukitzea, eta hala frogatzea, zerbitzuan gertatzen diren kalteengatik, halakorik gertatuz gero, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.
9. artikulua. Ibilgailuen atxikipena, jardueraren hasiera.
1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin bati atxikiko zaio. Ibilgailua matrikularen bidez edo bastidore zenbakiaren bidez identifikatuko da.
2. Lizentzien titularra behartuta dago zerbitzua egiten hastera 60 egun naturaleko epean gehienez, lizentzia behin betiko adjudikatu zaiola jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.
IV. KAPITULUA.–LIZENTZIEN INDARRALDIA, IKUS-ONESPENA, ETENDURA ETA AZKENTZEA
10. artikulua. Indarraldia.
1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira betiere.
2. Udalak noiznahi begiratzen ahalko du ea betetzen diren taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak, eta horretarako horien gainean beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkie titularrei aurretiaz.
11. artikulua. Ikus-onespena.
1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez, Udalak urtero egiaztatzen du betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, bai eta hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere; hori guztia, ezertan galarazi gabe Udalak ikuskapena noiznahi egiteko duen ahalmena.
2. Alkatetzaren ebazpen baten bidez arautuko dira lizentziak ikus-onesteko behar diren izapideak, agiriak eta gainerako baldintzak.
3. Ordenantza honen aurkako arau hausterik egin baldin bada, ikus-onespena emateko nahitaezko baldintza izanen da, betiere, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana.
12. artikulua. Etendura.
1. Lizentziaren titularrek lizentzia etetea eskatzen ahalko dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua egitea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.
2. Eteteko eskaerarekin batera, aurkeztu beharko dira eskatzeko oinarri den egoeraren frogagiriak.
3. Ulertuko da baietsiak direla etenduraren edo eszedentziaren eskaerak, baldin eta hilabeteko epean Udalak ez badu berariazko ebazpenik eman, lizentziaren titularrak eskaera aurkezten duen egunetik zenbatzen hasita.
4. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluaren kasuan, lizentzia etenda geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.
13. artikulua. Azkentzea.
1. Taxi lizentziak legeetan ezartzen diren arrazoiengatik azkenduko dira:
a) Titularrak uko egitea, Lizarrako Udalari zuzendutako idazki baten bidez.
b) Errebokatzea, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzeagatik, edo ordenantza honen V. tituluan zehazten diren arau-hauste oso astunetan berrerortzeagatik.
c) Errebokatzea, egokitasun arrazoiak direla-eta. Eskubidea egonen da kasuan kasuko kalte-ordain ekonomikoa jasotzeko, eta, hura kalkulatzeko, jarraikiko zaie balio erreala zehazteko parametro objektiboei.
d) Iraungipenaren deklarazioa, honako kasu hauetan:
–Ez bada zerbitzurik egin 90 egunean, lizentzia eman zenetik zenbatzen hasita.
–Zerbitzua eteten bada 30 egunean baino gehiagoan, edo ondoz ondokoak ez diren hirurogei egunetan 12 hilabeteko epean. Ondorio horietarako, atsedenaldiak eta oporrak ez dira kontuan hartuko, ez eta Udalak lizentzia eteten duen aldiak ere.
–Zerbitzua berriz hasten ez bada lizentziaren etenduraren epea bukatu eta hilabetera.
2. Lizentziak iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da, eta hura izapidetuko da, interesdunak berme handiagoa izan dezan, zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz.
3. Prozedura abiarazteko eskumena duen organoak, prozedura izapidetu bitartean, hartzen ahalko ditu azken ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko egokitzat jotzen dituen behin-behineko neurriak, hala nola lizentzia eskualda dadin debekatzea edo ibilgailua prezintatzeko agintzea.
4. Lizentzia errebokatzen bada egokitasun arrazoiak direla-eta, iraungitzeko behar den espedientea ireki aurretik, eskainiko da titular interesdunek beren lizentziari uko egiteko aukera, zer baldintzatan errebokatuko den, horiexetan beretan.
V. KAPITULUA.–LIZENTZIAK ESKUALDATZEA
14. artikulua. Eskualdatzea.
1. Udalak aurretiaz baimena emanik eskualdatzen ahalko dira hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, baldin eta eskuratzaileak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.
2. Ez da baimenduko lizentzia bat eskualdatzea, ez badira bi urte baino gehiago iragan eskualdatzailea horren titular bihurtu zenetik.
Muga hori ez da aplikatuko erretiroaren edo heriotzaren kasuan, edo taxilari lanetan aritzeko ezintasun iraunkorra duela deklaratzen bada.
3. Erretiroaren kasuan, lizentziaren titularrak gehienez ere 4 urte izanen ditu lizentzia hori eskualdatzeko.
4. Lizentziaren titularra hiltzen bada, oinordekoek taxi lizentziari dagozkion eskubideak eta betebeharrak bereganatuko dituzte, eta lizentzia ustiatzen ahalko dute, frogatzen badute ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela; edo, bestela, hirugarren bati eskualdatzen ahalko diote, artikulu honetan ezarritakoa betez.
5. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako jarduketa hauek egitea:
a) Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezean.
b) Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei eutsi beharko die ibilgailu berriak, ibilgailua lizentziarekin batean eskuratu ezean.
c) Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu Lizarrako Udalak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, egin baldin badu Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen eta ordenantza honen aurkako arau hausterik, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.
6. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko, baldin eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badaude, edo enbargo baten eraginpean, debekua edo enbargoa kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ez da baimenduko, era berean, baldin eta lizentziaren titularrak Udalarekin kitatu gabeko zorrak baditu taxi zerbitzuaren jarduerarekin loturik.
7. Eskualdatzeko eskaera batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira behar diren agiriak, frogatzeko eskuratzaileak betetzen dituela ordenantza honen 9.2 artikuluko baldintzak.
8. Agiri horiek aurkeztuta, Udalak bi hilabeteko epea du ebazpena emateko. Ulertuko da eskualdatzeko eskaerak baietsi direla Udalak ez badu berariazko ebazpenik eman epe hori bukatzen denerako.
9. Lizentzia eskualdatzen duena ez da 5 urtean izaten ahalko beste lizentzia baten titular.
10. Lizentziaren eskualdatzea doakoa edo kostu bidezkoa izan daiteke. Kostu bidez eskualdatuz gero, lizentzia eskuratzen duenak Lizarrako Udalari jakinarazi behar dio zenbatekoa izan den eskualdatzea.
11. Lizarrako Udalak lizentziak eskualdatzeko tasak ezarriko ditu ordenantza fiskaletan.
VI. KAPITULUA.–LIZENTZIEN ERREGISTROA
15. artikulua. Lizentzien erregistroa.
1. Lizentziak Lizarrako Udalaren erregistro batean inskribaturik egonen dira, eta hartan jasoko da:
a) Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.
b) Lizentzia adjudikatzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.
c) Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena, halakorik bada, adierazita baimena zein egunetan eman zen eta noiz arte balio duen.
d) Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; noizkoa duen matrikula eta zer egunetan atxiki zen lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) noiz arte balio duen eta noizkoa duen azken azterketa; ibilgailuaren aseguruaren datuak, eserleku kopurua, ibilgailua egokiturik dagoen ala ez aulki gurpildunean doazen erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.
e) Soldatapeko gidaria, halakorik bada, eta haren identifikazio datuak, lan araubidea, eta dedikazio mota, jarraikiz Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluari.
f) Ibilgailuan diren bestelako elementuak, hala nola GPSa, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bestelako segurtasun neurriak.
g) Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.
h) Lizentziaren gainean dauden kargak, halakorik bada.
i) Lizentzien ikus-onespenak, aparteko azterketak, halakorik bada, adierazita zein egunetan egin ziren eta noiz arte balio duten, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez.
j) Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.
k) Zerbitzu berezietarako baimenak eta ezar daitezkeen beste batzuetarakoak, adierazita noiz eman zen baimena eta noizko balio zuen.
l) Lizentziari dagozkion beste datu batzuk, hala nola etendurak, eskualdatze baimenduak eta haien zenbatekoa, lizentziaren azkentzea, etab.
2. Taxi lizentzien erregistroetako datuen tratamenduari eta lagapenari dagokienez, bete beharko da administrazio erregistroei eta datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudian ezarritakoa.
HIRUGARREN TITULUA.–ZERBITZUA EGITEKO BALDINTZAK
I. KAPITULUA.–JARDUERA ETA GIDARIAK
16. artikulua. Zerbitzua egitea.
1. Lizentzien titularrek beren kasa edo soldatapeko langileen bidez eman dezakete zerbitzua.
2. Soldatapeko langileak kontratatu aurretik, Udalaren baimena beharko da. Bi aldeen arteko ahaidetasuna dela-eta, kontratatutako pertsona ezin denean alta emanda egon Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, langile autonomoen araubide berezian egon beharko du alta emanda.
Langileak kontratatzeko baimen eskaerak onetsitzat joko dira, baldin Udalak ez badu berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi hilabeteko epean.
3. Lizentziaren titularrak gehienez ere soldatapeko gidari bat kontratatzen ahalko du lan gutxiko orduetarako, asteburu, jaiegun eta jaiegun-bezperetarako, gertakari berezietarako, herriko jaietarako edo antzekotarako.
4. Soldatapeko langileak urtean guztira egiten duen zerbitzu denborak ez du gainditzen ahalko lizentziaren titularrak egiten duena.
5. Gertatzen bada titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra edo berak zerbitzua egitea eragozten duen beste edozein egoera, soldatapeko langileak kontratatzen ahalko dira lizentzia aldi baterako ustiatzeko, aurreko apartatuan ezarritako baldintza bete beharrik izan gabe; egoera horiek, betiere, behar bezala frogatu beharko dira. Betiere, egoera horren gehieneko iraupena ez da izenen bi urte baino gehiagokoa.
6. Kontratu motek eta kontratatuko langileek bat eginen dute indarreko legedian eta Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin.
17. artikulua. Dedikazioa jardueran.
1. Taxi zerbitzua egitean jarraitutasuna bermatzeko, lizentziaren titularrek zerbitzua eginen dute taxilarien elkarteak zerbitzua antolatzeko urtero ematen dituen arauei jarraikiz (ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren gaineko arauak), Lizarrako Udalak hura onetsi ondoren.
2. Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bestelako xede publiko edo profesionaletarako erabiltzea.
II. KAPITULUA.–IBILGAILUAK
18. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.
1. Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak:
a) Ibilgailuek turismotzat sailkatuta egon behar dute beren ezaugarri teknikoen fitxan, eta izan behar dituzte indarreko araudian eskatutako ezaugarriak; gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonendako egokituriko ibilgailuek berariazko baldintza eta zehaztapenak bete behar dituzte.
b) Gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak.
c) Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz izanen kirol auto batenak.
d) Ibilgailuek bidaiariak sartzeko 4 ate izanen dituzte, sarrera errazekoak, normal irekitzekoak edo ate gidaridun bidez irekitzekoak; betiere, prestaturik egonen dira, atzeko eserlekuei dagokienez, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan, aurreko eserlekuetatik aparte.
e) Salbuespenez, mugikortasun urriko pertsonak eramateko egokituriko ibilgailuek atzeko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahalko dute pertsona horiek aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, indarrean dagoen legediari jarraikiz, taxiek izan dezaten aulki gurpildunean dauden bi bezero jasotzeko bezainbateko edukiera.
f) Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.
2. Lizentzien titularrek lizentziari atxikitako ibilgailua modernoago batekin edo baldintza hobeagoko beste batekin ordezteko, ordenantza honetako baldintzak bete behar dituzte, eta udal honen baimena lortu.
3. Mota guztietako gailu teknologikoak paratu daitezke zerbitzua hobetzeko.
4. Udalak atal hauen gainean ematen ahalko ditu arauak:
a) Motorizazioa.
b) Tarifen sistemaren instalazioa.
c) Konexioen zigiluak.
d) Zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatzea.
19. artikulua. Ibilgailu egokituak.
1. Ibilgailu egokituen ezaugarriak bat etorriko dira horiei buruz indarrean dagoen araudiarekin.
2. Taxi egokituak mugikortasun urriko pertsonen zerbitzurako izanen dira lehentasunez, baina ez erabilera horretarako soil-soilik.
20. artikulua. Ezaugarriak.
1. Ibilgailuaren kolorea hainbat tonutakoa izan daiteke, baldin eta ez badu kolore deigarririk. Banda zeru-urdin bat izan behar dute, 10 cm-ko zabalera eta 50 cm-tik gorako luzera duena, gidariaren atean eta gidari-lagunaren atean. Halaber, ibilgailua zer lizentziari dagoen atxikirik, horrexen zenbakia ere jarri behar da.
2. Ibilgailuaren barneko zein kanpoko aldean, haren lizentziaren zenbakia paratuko da, erabiltzaileak ikusteko moduko tokian. Orobat, ibilgailuaren barnean ikusteko moduko tokian, plaka bat ezarriko da eserleku kopurua agertuko duena.
3. Udalak zehaztuko du zein izanen diren erakundearen nortasun korporatiboaren bereizgarrietan taxiek eraman beharko dituzten ezaugarriak eta zein tokitan.
4. Ibilgailu egokituek, ekotaxi izenekoek, ordezkapenak egiteko taxi-ibilgailuek eta ezaugarri bereziak dituzten ibilgailuek –hala nola txartel irakurgailua eta GPSa– bereizgarri osagarri bat eramanen dute Udalak erabakitzen dituen tokietan eta ezaugarriekin.
5. Udalak zehaztuko ditu zer tokitan ezarriko den, eta zer ezaugarrirekin, irratien edo zerbitzua kontratatzen duten bestelako enpresen informazioa, ibilgailuaren barnean nahiz kanpoan.
21. artikulua. Agiriak.
1. Taxi zerbitzua egiten duten ibilgailuek agiri hauek eduki beharko dituzte beti, erabiltzaileen eskura nahiz zerbitzua zaintzeko ardura duten udal zerbitzuen eskura:
A.–Ibilgailuari buruzkoak:
–Udal txartela, Lizarrako Udalak emana.
–Halakorik izanez gero, hiriarteko zerbitzuak egiteko garraio baimena, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak emana.
B.–Gidariari eta ibilgailuari buruzkoak:
–Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra nahiz soldatapekoa izan.
–Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.
–Ibilgailuaren matrikula.
–Gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, behar izatera, kontratu araubidea (lanaldi osoan, lanaldi partzialean, etab.).
–Erantzukizun zibileko asegurua.
C.–Zerbitzuari buruzkoak:
–Ibilbideen liburua, Legearen 26 bis artikuluan ezartzen diren baldintzen arabera.
–Ordenantza honen ale bat.
–Une bakoitzean indarrean dauden tarifak, ibilgailuaren barnean ikusgai egon behar dutenak.
–Erreklamazio liburua.
–Ordainagirien txeketegi bat, Udalak zigilatua, betiere lizentzia zenbakia inprimaturik edo zigilaturik edukiko duena.
–Lizentziari loturiko beste batzuk, hala nola txartelaren bidezko ordainketa, etab.
22. artikulua. Modulua eta taximetroa.
1. Titularrak salbuetsita gelditzen dira taximetroa eta modulua eramatetik lizentziei atxikitako ibilgailuetan.
2. Lizentzia horien titularrak beharturik daude ikusgai jartzera une bakoitzean indarrean dauden tarifak.
23. artikulua. Ibilgailuen antzinatasuna eta haiek berritzea.
1. Taxi lizentzia eta baimen berriei bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten ibilgailuak baizik ez zaizkie atxikiko. Antzinatasuna lehen matrikulaziotik hasita neurtuko da.
2. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahal du lizentziari atxikitako ibilgailua eta, nahitaez, ibilgailuak 10 urte egin baino lehen. Epe hori 2 urte luzatzen ahalko da, ibilgailua behar bezala mantentzen bada osasungarritasunaren eta segurtasunaren aldetik.
Ekotaxien eta eurotaxien bereizgarria duten ibilgailuen kasuan, berritzeko gehieneko antzinatasuna izanen da hamabi urtekoa lehen matrikulaziotik aurrera, eta beste bi urte luzatzen ahalko da, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badira.
3. Ibilgailua berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Gainera, proposatutako ibilgailuak izan beharko du berritu nahi den ibilgailuak baino antzinatasun txikiagoa, bete beharko ditu zerbitzuak egiteko eskatzen diren baldintza eta ezaugarri guztiak, eta sailkaturik egon beharko du "zero emisio" edo "ECO" bereizgarriaren arabera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroko sailkapenari jarraikiz, edo, gutxienez, bat etorri beharko du honela sailkaturik dauden edo baliokideak diren ibilgailuekin: A, B edo C, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren sailkapenaren arabera.
4. Eskaerak izapidetuko dira urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berritzera, haren egokitasunik eza behar bezala frogatua bada eta, horren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorrerako desegokia bada.
6. Lizentzia duen ibilgailua egokitua bada, horren ordezko ibilgailua ere egokitua izanen da.
24. artikulua. Publizitatea ibilgailuetan.
1. Taxi lizentzien titularrek publizitatea kontratatu eta erakusten ahalko dute ibilgailuetan, bai barneko aldean bai kanpokoan. Kanpoaldean, publizitate hori alboetako atzeko ateetan edo ibilgailuaren atzeko aldean baino ezin da paratu. Gisa horretan, bide segurtasunari buruz indarra duen araudia beteko da, ibilgailuaren estetika zainduko da, ez da ikuspena galaraziko, ez eta arriskurik sortuko ere, eta paisaiaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izanen da.
2. Indarrean dagoen araudiarekin bat, berariaz debekatzen da ibilgailuan publizitate sexista edo pertsonaren duintasunari eraso egiten dion bestelako publizitate oro, edo Konstituzioan aitorturiko balio nahiz eskubideak urratzen dituena, bai eta prostituzioarekin zerikusia duena ere. Halaber debekatzen da osasun fisiko edo mentalerako kaltegarriak diren produktu edo zerbitzuen publizitatea, hala nola tabakoarena, alkoholarena, estupefazienteena edo jokoarena.
Zehazki, publizitate-debekua aplikatu behar da, jarraikiz Apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzko udal ordenantza indardunean ezarritakoari.
25. artikulua. Ekotaxiak.
Eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez, baldintzak ezartzen ahalko dira ekotaxien kalifikazioa eta bereizgarria emateko gutxiago kutsatzen duten motor eta erregaien programetan sartzen diren taxi ibilgailuei.
III. KAPITULUA.–ZERBITZUA EGITEA
26. artikulua. Geralekuak.
1. Geratzeko puntua hiri honetako Antso Azkarraren kalean finkatzen da.
Adierazitako kokapena aldatzeko, Udalak entzunaldia emanen die taxi zerbitzuko profesionalei eta zerbitzuaren erabiltzaileei, parte-hartze hobea lortzeko erabakitzen den moduan.
2. Luzera aparkatu beharko da.
3. Taxi ibilgailuak iritsi ahala kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskariari, salbu eta bertan diren taxi-gidariek bestelakorik adosten badute edo beste ibilgailuren bat erabili behar bada ibilgailua ezinduendako egokiturik egoteagatik edo edukiera handiagoa izateagatik.
4. Ulertzen da autoak libre daudela puntu horretan geldirik daudenean, eta gidariak beharturik daude zerbitzua egitera eskatzen duen orori, hala hirian nola hiri artean.
5. Ez da zilegi geralekuan gelditzea, ibilgailua jardunean ez badago.
27. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.
Interesdunak zerbitzua eskatzen ahalko dio zerbitzuan eta libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaria onartu beharko du, eta taxia gelditu, baldin eta ez badu bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten, ibilgailuari kalte egiten edo geralekuaren funtzionamendu arrunta oztopatzen.
Desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ezin izanen du zerbitzua eskatu taxien geraleku hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo beste erabiltzaileren bat taxiaren zain.
Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik jaso bidaiari-garraioetako geltokien inguruetan, edo tarteka erabiltzaile anitz biltzen diren beste instalazio batzuen inguruetan, baldin eta gisa horretara eragozten badute taxi geralekuetan zain dauden erabiltzaileak jasotzeko ohiko funtzionamendua.
28. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.
Arau orokor gisa, erabiltzaileek geralekuan lehen tokian dagoen taxia hartu behar dute, bertan diren taxilari guztiek besterik adostu ezean; beste ibilgailu bat hartzen ahalko da mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailu egokituaren beharra dela-eta edo ibilgailuaren edukiera dela-eta.
Betiere, mugikortasun urriko pertsonek izanen dute, erabiltzaile gisa, ibilgailua aukeratzeko lehentasuna.
29. artikulua. Zerbitzua kontratatzea.
Taxi zerbitzuak egin behar dira ibilgailuaren edukiera osoa kontratatuta.
30. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.
1. Lizarrako taxi zerbitzua asteko egun guztietan eginen da.
2. Nahitaezkoa da geralekura joatea. Hartara urte osoan joan beharko da, salbu eta atsedenaldi egunetan, oporretan edo ezinbesteko arrazoi batengatik. Taxilarien elkarteak arautuko du hori libreki, baina Lizarrako Udalaren baimena beharko du.
3. Lizentzien titularrek nahitaez jarri eta zaindu beharko dute telefono bat geralekuan, eta hartara egiten diren deiei erantzun. Une horretan geralekuan daudenak izanen dira agindu horren urraketaren erantzuleak.
4. Gaueko zerbitzua. Nahitaezkoa da gaueko zerbitzua egitea. Horretarako ibilgailu bat egonen da aurkitzeko moduan, gauero eta txandaka. Zerbitzu hori lizentzia emateari lotuta dago. Ulertuko da betebehar hori onartzen dela lizentzia ematen den unetik aurrera. Taxilarien elkarteak izendatuko du txandaka nork egiten duen zerbitzu hori, eta Udaltzaingoaren Alorrari. Ordutegia 21:00 - 07:00 bitartekoa da, abenduaren 24an eta urtarrilaren 1ean izan ezik.
5. 63 urte betetzean, lizentzien titular diren taxilariak salbuetsita geldituko dira gaueko guardiaren zerbitzutik.
6. Gaueko zerbitzua txandakatuko da gutxienez 8 taxilari titularren artean. Beharrezkoa balitz, guardia egitetik salbuetsita dauden taxilari titularrak ere txandakatuko lirateke behar hori betetzeko.
31. artikulua. Zerbitzuaren hasiera, eta zerbitzua ordaintzeko prozedurak.
1. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:
–Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.
–Txartelaren bidezko ordainketa, halakoa duten ibilgailuetan.
2. Nahitaezkoa izanen da egindako zerbitzuaren ordainagiria ematea, erabiltzaileak hala eskatzen badu.
3. Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, honako bide hauek erabiliko dira:
–Ordainagirien inprimagailua baliatuz, halakoa duten ibilgailuetan.
–Udalak zigilatutako ordainagirien txeketegia baliatuz.
32. artikulua. Itxaronaldia.
1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahalko dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordubeteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidariak zerbitzu hori bukatutzat jotzen ahalko da, salbu eta bestelakorik adostu bada.
2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora muga baino laburragoa bada.
3. Zerbitzua telefonoz edo gisako bide baten bitartez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxaroteko eskubidea izanen du, taxi-gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.
33. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonak.
Lizarrako Udalak, bere legezko betebeharrak betetzeko, sustatuko du erabiltzaile guztiek izan dezaten taxi zerbitzua erabiltzeko aukera, eta, bereziki, sustatuko du mugikortasun urriko erabiltzaileendako egokitutako ibilgailuak egon daitezen.
Desgaitasuna duten erabiltzaileek zilegi izanen dute, behar izanez gero, laguntza-txakurra berekin eramatea; arrazoi horrengatik ezin izanen da zerbitzua ukatu, ez eta zerbitzuaren prezioa igo ere.
Halaber, banakako ordainketarekin kontrataturiko eserlekukako zerbitzuei dagokienez, desgaitasuna duten erabiltzaileek zilegi izanen dute lagundurik joatea, laguntzaile den pertsona batekin joateko beharra dutela frogatzen dutenean. Horrek ez du zerbitzuaren prezioaren igoerarik ekarriko.
IV. KAPITULUA.–TARIFAK
34. artikulua. Tarifak.
Bi motatan banatuko dira zerbitzuen prezioak:
a) Hirikoak: Lizarrako hirigunean egiten diren zerbitzuak. Taxilarien tokiko elkarteak urtero jakinaraziko dio Lizarrako Udalari zer hiriko tarifa proposatzen duen zerbitzua egiteagatik. Lizarrako Udalak, hilabetean, ebazpena emanen du proposamen hori onesteko. Epe hori iragandakoan, ebazpenik eman ez badu, onetsitzat joko da proposamena.
b) Hiriartekoak: Lizarrako hirigunetik kanpo egiten diren zerbitzuak. Nafarroako Gobernuko Garraio Departamentuak ezartzen ditu hiriarteko tarifak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaraturik.
Gaueko eta jaiegunetako zerbitzuak %25 igotzen ahalko dira.
LAUGARREN TITULUA.–IKUSKAPENA ETA ERREKLAMAZIOAK
I. KAPITULUA.–ZERBITZUAREN IKUSKAPENA
35. artikulua. Azterketak.
Ibilgailuen azterketak.
a) Aldez aurreko azterketa.
Ezin izanen du zerbitzurik egin beharrezko baimenik ez duen ibilgailuak. Horretarako, udal organo eskudunak aldez aurretik aztertuko du zertan diren haren segurtasuna, kontserbazioa eta dokumentazioa.
b) Ohiko azterketak eta azterketa bereziak.
Ordenantza honen xedeko ibilgailuek eginen dituzte urteko ohiko azterketa eta udal organo eskudunak deitutako bestelako aparteko azterketa guztiak. Egiten zaizkien azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzurik eman harik eta ikusitako akatsak konpondu arte, eta ikuskapen zerbitzuek hala berretsi arte.
II. KAPITULUA.–ERREKLAMAZIOAK
36. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.
1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori izanen da Lizarran hiriarteko garraioari eskatzen zaionaren berdina, eta bat etorriko da kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoarekin. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Lizarrako Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahalko du, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.
2. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, 10 eguneko epean egoki iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.
37. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.
Gidariek, zerbitzu bakoitza bukatu eta gero, ibilgailu barnea arakatuko dute, egiaztatzeko ea erabiltzaileari bere gauzarik ahantzi zaion. Hala bada, udal bulegoetan utzi beharko du, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.
BOSGARREN TITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
I. KAPITULUA.–IKUSKATZEKO ORGANOAK
38. artikulua. Ikuskatzeko organoak.
Lizarrako Udaltzaingoari dagokio hiriko taxi zerbitzuak zaintzea eta ikuskatzea.
II. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK
39. artikulua. Arau-hausteak. Administrazio erantzukizuna.
1. Arau-hauste administratiboak dira indarreko Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak urratzen dituzten egiteak eta ez-egiteak.
Arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.
2. Taxi-zerbitzuei buruzko arauak hausten direnean, honako hauei egotziko zaie administrazio erantzukizuna:
a) Baldin arau-haustea egin bada beharrezkoa den lizentzia edo baimenaren babespean egindako taxi zerbitzuetan jardutean, erantzukizuna lizentzia edo baimenaren titularrari egotziko zaio.
b) Baldin arau-haustea egin bada besteren izenean emandako lizentzia edo baimenen babespean egindako taxi zerbitzuetan jardutean, erantzukizuna lizentzia edo baimena erabili duen pertsona fisiko edo juridikoari egotziko zaio, bai eta lizentzia edo baimenaren bere izenean emanda daukan pertsonari ere, salbu eta frogatzen badu ez duela bere adostasuna adierazi.
c) Baldin arau-haustea egin bada behar den lizentzia edo baimenaren babesik gabe egindako taxi zerbitzuetan jardutean, erantzukizuna ibilgailuaren titularrari edo gidariari egotziko zaio.
d) Baldin arau-haustea egin bada taxi-zerbitzua hitzartzean edo aurretiaz erreserbatzean, erantzukizuna egotziko zaie zerbitzuaren hitzartzea edo aurretiazko erreserba egiten duten irratiak kudeatzen dituzten elkarteei edo bestelako pertsona fisiko edo juridikoei.
e) Baldin arau-haustea egin badute erabiltzaileek eta, oro har, aurreko apartatuetako kasuetan egon ez baina aipatu arauen eraginpeko jarduerak egiten dituzten hirugarren batzuek, erantzukizuna egotziko zaio arau urratuaren xede den pertsona fisiko edo juridikoari, edo kasuko arauek berariaz erantzule egiten dutenari.
2. Administrazio erantzukizuna eskatuko zaio aurreko apartatuetan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoei, horrek ezertan galarazi gabe legez bidezkoak diren akzioak aurrera eramatea arau-haustea gertatu zen unean ibilgailua gidatzen zuen pertsonaren aurka, edo arau-hausteak materialki egozten ahal zaizkien beste pertsona batzuen aurka.
40. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Arau-hauste oso astuntzat joko dira honako hauek:
a) Taxi zerbitzuak egitea beharrezko lizentzia, baimena edo ikus-onespena izan gabe.
b) Taxi zerbitzuak egitea pertsonen segurtasunerako arrisku larria eta zuzenekoa sortzeko moduan; bereziki; taxia gidatzea mozkorturik edo sorgorgarrien eraginpean.
c) Uko edo traba egitea Udaltzaingoko ikuskapen zerbitzuen jardunari.
d) Beste baten izenean emandako lizentzia edo baimenak erabiltzea.
e) Kontuan hartuta zerbitzuaren hiriko izaera edo hiriarteko izaera, ez betetzea arlo horretan eskumena duen administrazioak ezarritako zerbitzu-betebeharrak.
f) Taxi zerbitzua egiten duen pertsona ez izatea lizentziaren edo baimenaren titularra, edo hark kontrataturiko pertsona bat, edo, taxi gidari profesionalaren baimena behar delarik, baimen hori ez duen pertsonak taxi zerbitzua egitea.
g) Taxi lizentzia eskualdatzen denean, eskuratzaileak Lizarrako Udalari ez jakinaraztea eskualdaketaren zenbateko ekonomikoa horretarako ezarritako epean, edo zenbatekoari buruzko datu faltsuak jakinaraztea.
h) Ez betetzea kontratatzen diren langileendako ordenantza honetan ezartzen den araubidea.
i) Mugikortasun urriko pertsonak diskriminatzea.
j) Taxi zerbitzua egitea ibilgailuan doazen erabiltzaileen kopurua handiagoa denean indarrean dagoen araudiak baimendutako eserleku kopurua baino.
k) Bost arau-hauste arin egitea bost hilabetean, edo bi arau-hauste larri hamabi hilabetean.
41. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:
Lizentzia edo baimenari atxikitako ibilgailua ez den beste bat erabiltzea zerbitzuak egiteko, salbu eta hori arau-hauste oso astuna bada, aurreko artikuluko a) letran ezarritakoaren arabera.
a) Ez betetzea lizentziaren funtsezko baldintzak, salbu eta hori arau-hauste oso astuntzat jotzen bada. Honako hauek joko dira funtsezko baldintzatzat: lizentziaren titular izateko eskakizunak eta, gainera, lizentzia eman duen udalerriaren barnean turismo-ibilgailuetan hiriarteko zerbitzuak ematen hastekoak, legean ezarritako salbuespenak izan ezik; ibilgailuaren edukiera osorik kontratatzea, hala eska daitekeenean; ibilgailuari eskatzen zaizkion baldintza teknikoak betetzea, bai eta segurtasunekoak edo antzinatasunekoak ere, eta zerbitzua egiteko baldintzak kontrolatzeko instalatu beharreko tresnak instalatzea eta funtzionamendu egokian edukitzea; eta tarifen araubidea betetzea.
b) Zerbitzuak egitea baimenari dagokion lurralde-eremutik kanpo.
c) Kontrolerako nahitaezko dokumentazioa ez izatea, edo hura faltsutzea.
d) Zerbitzuan egonik, erabiltzailearen eskariari kasurik ez egitea, edo hasitako zerbitzua bertan behera uztea bukatu baino lehen, salbu eta bidezko arrazoiak daudenean.
e) Ez edukitzea erabiltzaileek erreklamazioak egin ditzaten eduki behar den agiria, edo erabiltzaileei ez ematea, edo haiek eskuratzeko trabak jartzea, bai eta erabiltzaileen erreklamazio edo kexak administrazioari ezkutatzea edo berandu jakinaraztea ere, bidezko arrazoirik izan gabe.
f) Ez ematea Udalari nahitaez jakinarazi behar zaizkion datuen berri.
g) Baimendu gabeko bereizgarriak eramatea ibilgailuko edozein tokitan.
h) Ez betetzea ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren araubidea, edo ezartzen diren nahitaezko zerbitzuena.
i) Hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea bezeroekiko harremanetan, edo oinezkoen nahiz beste ibilgailuen gidarien kontra .
j) Geralekuan aparkatzea zerbitzuan egon gabe.
k) Behar bezala ez erabiltzea lizentziari edo baimenari atxikitako ibilgailua aldi baterako ordezteko den ibilgailua.
l) Zerbitzuak egitea aplikatu beharreko araudia bete gabe.
m) Aurreko apartatuetan aurreikusi gabeko beste edozein arau-hauste, lurreko garraioa arautzen duten legeetan astuntzat jotzen bada.
n) Ez betetzea Ibilgailuen publizitateari buruz ordenantzaren 24.2 artikuluan ezarritako debekuak.
o) Ez ematea hitzartutako edo aurretiaz erreserbatutako taxi zerbitzu bat, salbu eta bidezko arrazoiak daudenean.
42. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arintzat joko dira honako hauek:
a) Zerbitzuak egitea ibilgailuan eduki gabe horretarako legezko gaitasuna ematen duten agiriak edo egiten ari den garraio mota behar bezala egiaztatzeko eska daitezkeen agiriak, salbu eta arau-hauste hori oso astuntzat jo behar den kasuetan.
b) Ez eramatea ibilgailuan behar diren bereizgarriak, edo nekez ikusteko moduan eramatea, eta bereizgarri horiek modu desegokian erabiltzea.
c) Ez edukitzea beharrezko tarifa-taulak eta erabiltzaileei erakutsi behar zaizkien gainerakoak.
d) Ez errespetatzea erabiltzaileen eskubideak, salbu eta errespetu-falta hori arau-hauste astun edo oso astuntzat jotze bada.
e) Lizarrako Udalari ez ematea, ordenantza honetan ezarritako epean, ibilgailuan ahantzitako gauzen berri.
f) Ez betetzea ibilgailuetako publizitateari buruz ezarritako arauak.
g) Zerbitzua egiteko ibilbide desegokiak hautatzea, edo erabiltzailearen interes ekonomikoen kalterako direnak, edo erabiltzaileak agindutakoari entzungor egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.
h) Zabar jokatzea norberaren edo ibilgailuaren garbitasunean.
i) Aurreko artikuluan azaltzen diren arau-hausteetako edozein, baldin haren izaeragatik edo inguruabarrengatik, astuntzat hartu behar bada. Inguruabar horiek frogatu beharko dira eta ebazpena arrazoitu.
j) Lizentzien titularren helbide aldaketa ez jakinaraztea, ez eta erregistroan agertu behar diren bestelako datu edo inguruabarrak ere, edo beste arrazoi bat dela-eta Lizarrako Udalari horren berri eman behar bazaio.
43. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.
Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute; astunek, bi urteren buruan, eta arinek, urtebeteren buruan, arau-haustea egiten den egunetik hasita betiere.
Zehapen prozedura abiatzean eten eginen da preskripzio epea, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehapen espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.
44. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinen zehapena izanen da ohartarazpena eta/edo 100 eurotik 300 eurora bitarteko isuna; arau-hauste astunena, 300,01 eurotik 1.300 eurora bitarteko isuna, eta arau-hauste oso astunena, 1.300,01 eurotik 2.600 eurora bitarteko isuna. Isunaren zenbatekoa muga horien barnean zehazteko, kontuan hartuko da arau-hausteak gizartean zer nolako eragina duen, intentzionalitaterik egon den, zenbaterainoko kaltea eragin den eta berrerortzerik gertatu den.
2. 40. artikuluko a) edo b) letretako arau-hausteak egiten direnean, zehapena ezartzeaz gain, garraiorako erabiltzen den ibilgailua prezintatzen ahalko da, eta lizentzia edo baimena kendu, gehienez ere urtebeterako.
3. Atzematen denean taxi batek zerbitzua egiten duela beharrezko lizentziarik edo baimenik gabe, zilegi izanen da ibilgailua berehala geldiaraztea.
4. Berrerortzea da urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
5. Aurreko paragrafoetan xedatutakoak ez du ezertan galaraziko lizentzia baliogabetzea, ez badira betetzen ordenantza honetan definitzen diren funtsezko baldintzak.
6. Zehatzeko ahala erabiltzea ezertan galarazi gabe, Udalak agintzen ahalko du ibilgailuetatik ken dadila ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez duen edozein publizitate-iragarki. Aditzera emanen du, orobat, errekerimendua betetzen ez bada, zilegi izanen dela egunean 60 euroko hertsapen-isuna ezartzea. Hertsapen-isunak independenteak izanen dira, eta bateragarriak egindako arau-haustearen ondorioz bidezko diren zehapenekin.
45. artikulua. Organo eskudunak.
Lizarrako Udalak du ordenantza honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzeko eskumena, Lizarrako udalerriaren barneko hiriko taxi zerbitzuei dagokienez.
Hiriarteko taxi zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuak ezarriko ditu zehapenak, legez edo erregelamendu bidez horretarako eskumena duten organoen bitartez.
46. artikulua. Zehapen prozedura.
1. Zehapen prozeduraren ebazpena urtebeteko epean jakinarazi behar da, prozedura hasten den egunetik hasita.
Epe hori iraganik, espedientea iraungitzat deklaratu beharko da, eta jarduketa guztiak artxibatu.
2. Foru lege honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko prozedura bat etorriko da xedaturik dagoenarekin administrazio prozedura erkideari buruzko legedian eta zehapen prozedurari buruzko foru araudian. Hala behar denean, kontuan hartuko dira lurreko garraioaren arloan indarrean dagoen araudian edo ordenantzetan dauden zehaztapenak.
3. Administrazio bideari amaiera eman dioten ebazpenen bidez ezarritako isunak ordaintzea nahitaezko baldintza izanen da lizentziak ikus-onesteko, lizentzien eskualdaketarako baimen administratiboa emateko eta arau-haustea egitean erabiltzen ari ziren ibilgailuak berritzeko baimen administratiboa emateko.
4. Zehapen espedientearen hasiera jakinarazi eta hurrengo hamabost egunak igaro baino lehen arau-hausleak bere borondatez isuna ordaintzen badu, diru zenbatekoa ehuneko 25 murriztuko da. Ordainketak ekarriko du salatutako egitateak onestea, uko egitea alegazioak aurkezteari eta prozedura bukatzea; hala eta guztiz ere, berariazko ebazpena eman beharko da.
Diruzko zehapena ordaintzen baldin bada zehapen ebazpena eman aurretik, amaiera emanen zaio prozedurari, eta horixe jaso beharko da zehapen-ebazpenean. Nolanahi ere, zehapenak diruzkoak ez diren ondorioak ekartzen baditu, prozedurak jarraitu beharko du bukatu arte, zehapen osagarri horri dagokionez.
Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikagarriak izanen dira arlo horretan indarra duten xedapenak eta, modu osagarrian, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean jartzea.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe gelditzen dira Lizarrako Udalaren Osoko Bilkurak lehenago taxi zerbitzuari buruz onetsitako udal erregelamenduak.
Iragarkiaren kodea: L2606895
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
