103. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VILLATUERTA

Lekualdatze-lehiaketa, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat

Alkatetzak 2026ko maiatzaren 15ean emandako 76/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza huts bat betetzeko lekualdatze-lehiaketaren bidez, funtzionarioen araubidean jardun dezan Villatuertako Udalaren zerbitzuan. Plazak 3. kodea du plantilla organikoan.

Deialdia gauzatzeko, aplikatu beharreko araudian eta oinarri hauetan ezarritakoa beteko da.

OINARRIAK

1. oinarria. Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da, lekualdatze-lehiaketaren bidez, betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza huts bat, funtzionarioen araubidekoa eta C mailakoa, lanaldi osoan aritzeko. Plazak 3. kodea du plantilla organikoan.

1.2. Izendapenak Villatuertako Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen denetik aitzina.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Deialdiko plaza bete gabe geratzen bada, deialdi bat eginen da, zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat betetzeko oposizio-lehiaketa bidez, funtzionarioen araubidekoa eta C mailakoa, Villatuertako Udalaren zerbitzuan jardun dezan.

2. oinarria. Aplikatu beharreko araudia.

Honako arau hauetan ezarritakoa beteko da lekualdatze-lehiaketa honetan: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, onesten dituena Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

3. oinarria. Lanpostuaren betekizunak eta eginkizunak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko, ondoko beharkizunak bete beharko dira, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuen jabetza hartzeko unean:

a) Villatuertako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailan egotea, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea.

Zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta plaza behin betiko esleituko zaie.

3.2. Aurreko baldintzak deialdiaren hirugarren oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Izangaiek, gainera, hautapen prozesuak irauten duen bitartean ere bete beharko dituzte hirugarren oinarri honen 1. apartatuan aipatutako baldintzak. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3.3. Lanpostuaren eginkizunak.

–B motako gidabaimena behar duten ibilgailuak gidatzea.

–Langileen zuzeneko arduraduna izanen da, bai finkoena bai behin-behinekoena eta azpikontratatuena, honako lan hauei atxikirik daudenean: zerbitzu anitzetako alorreko lanei, orotariko mantentze-lanetako obrei, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan egindako deialdiei, enplegu sozial babestuari, gizarteratzeari eta abarrei.

–Bere esku dituen langile guztien artean lan eta zeregin guztiak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, ordutegien eta lan egutegiaren kontrola barne.

–Udalaren instalazioetan Udalaren mendeko langileen lanak eta funtzionamendua kontrolatuko ditu, eta Udalaren zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko du.

–Jai, kultura, kirol eta antzeko arloetako ekitaldiak bukatzeko, garatzeko eta prestatzeko lanak antolatzea eta gauzatzea.

–Hirigintza alorretik eskatzen zaizkion lanak, honako hauek jartzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko: hesiak, seinaleak, agertokiak, karpak eta bestelako elementuak.

–Eratzen ahal diren lantalde guztiak koordinatuko ditu, zerbitzua hobeki kudeatu eta eraginkorrago izan dadin.

–Bere kargurako langileak garaiz etortzen eta lanera agertzen diren kontrolatuko du, eta ikusitako hutsen berri emanen dio arduradunari.

–Egin beharreko lanen hurrenkera ezarriko du, hirigintza eta obren arduradunarekin bat etorrita.

–Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak eta abar zaindu eta kontrolatuko ditu.

–Materialak, lan egiteko arropa eta abar erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzeko ardura izanen du.

–Zerbitzu anitzetako langileei dagozkien lanak gainbegiratu, antolatu eta kontrolatuko ditu, bai eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion eginkizun guztiak ere.

–Langile aski dagoen kontrolatuko du, eta kontratazioak proposatuko ditu oporretarako, bajetarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako.

–Bandoak zabaltzeko eta herritarrei jakinarazpenak banatzeko lanak eginen ditu, bai eta administrazio antolamenduan laguntzeko bestelako lanak ere.

–Herriko kaleen eta udalaren eraikin eta instalazioen garbiketa lanak eginen ditu.

–Lorategien eta kaleko zuhaitzen, pasealekuen eta gune edo finka publikoen mantentze-lanak eginen ditu.

–Igeltserotza, zurgintza, pintura, iturgintza eta elektrizitate lanak eginen ditu, baita zailtasun tekniko handia edo bitarteko handiak behar ez dituzten bestelako lanak ere.

–Hilerria zaindu eta haren mantentze-lanak eginen ditu.

–Udal-mugartean zaintza eta ikuskaritza lanak eginen ditu, honako hauei dagokienez: trafikoaren antolamenduari, aparkatzeari, obra lizentziei, kale argiteriari, eremu publikoaren okupazioari, landazaintzari eta abarrei.

–Laneko arriskuak prebenitzeko udal plana betetzen eta aplikatzen dela begiratuko du, bere kargura dauden mantentze-lanetako langileei dagokienez.

–Laneko segurtasun eta higiene arauak betetzen direla begiratuko du.

–Udalaren erregelamendu, ordenantza, bando eta ebazpenak betearaziko ditu, baita gainerako xedapen eta egintzak ere.

–Bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion guztiak.

4. oinarria. Eskabideak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu behar dira, Villatuertako Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez; Villatuertako Udalaren egoitza orokor elektronikoan dago eskura (https://sedeelectronica.villatuerta.es).

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Izangaiek, eskabidearekin batera, alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagiriak aurkeztu behar dituzte (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Villatuertako Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, deialdia egin duen organoak zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta justifikatu beharko dituzte, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Ez da inolaz ere onartuko adierazitako epearen ondoren ezer gehitzea.

5. oinarria. Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Villatuertako Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (toki entitatearen atarian).

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://sedeelectronica.villatuerta.es

5.3. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (toki entitatearen atarian).

5.4. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzi ondoren, Villatuertako Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (toki entitatearen atarian).

5.5. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Villatuertako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, adierazteko lehiaketako lanpostua bete gabe utzi dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María José Calvo Meca, Villatuertako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Cristian Arina Apesteguía, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

1. epaimahaikidea: Francisco Javier Zúñiga Lacruz, Jurramendiko Mankomunitateko mantentze-lanetako teknikaria.

1. ordezkoa: Eduardo Yániz Álvarez, Servicios de Montejurra SAren mantentze-lanen taldeko burua.

2. epaimahaikidea: José Manuel Lozano, Jurramendiko Mankomunitateko mantentze-lanen arduraduna.

2. ordezkoa: Nicolás Ulibarri Iparraguirre, Jurramendiko Mankomunitateko kudeatzailea.

Epaimahaikide idazkaria: Maider Ariz Monreal, Villatuertako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Javier Araujo Herreros, Deierriko Udaleko idazkaria.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin eta abstentziorako arrazoiren bat badago, urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7. oinarria. Merezimenduen balorazioa.

7.1. Kalifikazio-epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

Antzinatasuna zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan, Villatuertako Udalean, puntu bat urteko: 40 puntu gehienez.

Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Deialdi-argitalpenaren eguna eta gero egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

7.2. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo agiri bidez frogatu ez denik.

7.3. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

7.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu partaideek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (toki entitatearen atarian), eta bost egun balioduneko epea irekiko du, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek aukera izan dezaten erreklamazioak egiteko eta eskubidekotzat jotzen duten guztia alegatzeko.

Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://sedeelectronica.villatuerta.es

7.5. Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez.

8. oinarria. Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

8.1. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, argitara emanen ditu behin betiko puntuazioak Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (toki entitatearen atarian). Orobat, izangaien zerrenda igorriko dio organo deitzaileari, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, izenda daitezen deialdiko plaza kopuruan kabitzen diren lehiakideak, betiere gainditu badute eskatzen den gutxieneko puntuazioa, eta plaza kopuruan sartuko dira aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

9. oinarria. Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Villatuertako Udaleko alkate udalburuak dagozkien plazak esleituko dizkie lehiakideei, eta aginduko du esleipen hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (toki entitatearen atarian).

9.2. Izendaturiko lehiakideek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten zaienetik, salbu eta organo deitzaileak izendapenean egun jakin bat ezartzen badu horretarako.

10. oinarria. Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Villatuertako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsak betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@villatuerta.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien edo deialdia aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Villatuertan, 2026ko maiatzaren 14an.–Alkate udalburua, María José Calvo Meca.

I. ERANSKINA.–LEKUALDATZE LEHIAKETAREN DEIALDIA. PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

Izen-deiturak: ...............................................................................................................................; NANa: ...............................; jaioteguna: ................................; jaioterria: .............................................; nazionalitatea: ...................................................; helbidea: .............................................................................................................................; posta-kodea: ........................; telefonoa: .........................................; eta helbide elektronikoa: ...........................................................................................................................

Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera aurkezten ditudala deialdian parte hartzeko eskatutako agiriak.

Eskabidearekin batera, lehiaketa-faserako merezimenduen kopiak aurkezten ditudala, deialdiaren 4.3 oinarrian aurreikusitakoaren arabera beharrezkoa bada.

Lanpostu honetarako izendatu nindutela (adierazi):

Administrazio-egoera (adierazi dagokizuna):

Jardunean. Borondatezko eszedentzia.

Zerbitzu berezietan. Nahitaezko eszedentzian.

Eszedentzia berezia.

Lanpostuaz jabetu zinen eguna: Alorra:

................................................... ...........................................................................

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea deialdi honetan: zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat betetzeko deialdia, lekualdatze-lehiaketaren bidez. Lanpostua funtzionarioen araubidekoa da, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratu zen: .................. zenbakia, ........................................................................................................ egunekoa.

Villatuertan, 2026ko.......................................ren ........... (e)(a)n.

(Sinadura)

DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA.

Tratamenduaren arduraduna: Villatuertako Udala. Xedea: deialdiko lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea. Eskubideak non erabili: Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak eta beste batzuk baliatzen ahalko dira, deialdiaren 10. oinarrian adierazitako gisan eta honako hauetan eskuragarri dagoen informazio gehigarrian adierazitakoaren arabera: www.villatuerta.com egoitza elektronikoko gardentasun-atarian eta dpd@villatuerta.com helbidean.

Iragarkiaren kodea: L2607150