1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
151E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Nekazaritzako Elikagaien Artisautzako Arauak eta, orobat, aldatzen baita Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Errepertorioa.
Maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen da Nafarroan nekazaritzako elikagaien artisautza. I. eranskinean, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Errepertorioa jasota dago.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendiko kontseilariaren 1994ko azaroaren 14ko Foru Aginduaren bidez, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Errepertorioa aldatu zen, eta 9. lanbidea gehitu: "Mistela, arropea eta ardo mindua egitea".
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendiko kontseilariaren 1995eko maiatzaren 2ko Foru Aginduaren bidez, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Errepertorioko 2. lanbidearen idazketa aldatu zen.
2000. urteko maiatzaren 29ko Ebazpenaren bidez, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzako Arauak onetsi ziren, errepertorioan sartutako zenbait ogibideri buruzkoak. Arau horiek ogibide horietan diharduten artisauen eskarmentuaren isla dira. Proposamenak Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeari igortzen zaizkio, organo horrek onets ditzan.
Horiek horrela, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak, 2025eko martxoaren 11n egindako 53. bilkuran, erabaki zuen garagardoari buruzko arauaren 4. artikulua aldatzea, eta jasotzea Irish moss delakoaz gain (hori zegoen jasota arauan), beste klarifikatzaile batzuk ere erabiltzen ahalko direla klarifikatze-prozesuan.
Orobat, 2025eko ekainaren 30ean egindako 54. bilkuran, erabaki zuen proposamena egitea bermutari buruzko artisautzako arau berria onesteko.
Arau berria sartuko da 2. ogibidean ("Sagardoa, likoreak, pattarrak eta hartzidura naturaleko ardo aparduna egitea").
Arau berria txertatu ahal izateko, egokitzat jotzen da 2. eta 9. lanbideen izenak aldatzea eta arau teknikoak berrantolatzea, honela:
- 2 "Sagardoa, garagardoa, likoreak eta pattarrak egitea".
- 2.1. Sagardo naturala.
- 2.2. Belar- eta fruta-likoreak.
- 2.3. Garagardoa.
- 9. "Ardoa eta mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egitea".
- 9.1. Hartzidura naturaleko ardo aparduna.
- 9.2. Bermuta.
Orobat, proposatzen da 4. ogibidea ("Gaztak, gaztanberak eta mamiak prestatzea") eta 7.a ("Haragi-kontserbak, pateak, hestebeteak eta urdaia prestatzea") aldatzea, hobeki jaso ditzaten orain arte garatu diren arau teknikoak edo etorkizun hurbilean garatu asmo direnak. Honela geratzen dira idatzita:
- 4. Gaztak eta esnekiak prestatzea.
- 7. Haragikiak prestatzea.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Errepertorioa aldatzea. Errepertorioa jasota dago Nekazaritzako Elikagaien Artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuaren I. eranskinean.
2., 4., 7. eta 9. ogibideak honela deituko dira:
- 2. lanbidea "Sagardoa, garagardoa, likoreak eta pattarrak egitea".
- 4. lanbidea "Gaztak eta esnekiak prestatzea".
- 7. lanbidea "Haragikiak prestatzea".
- 9. lanbidea "Ardoa eta mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egitea".
2. 2000. urteko maiatzaren 29ko Ebazpena aldatzea; haren bidez, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzako Arauak onetsi ziren.
Hartzidura naturaleko ardo apardunaren araua 2. lanbidetik 9. era aldatzea, izen honekin: "9.1. Hartzidura naturaleko ardo aparduna".
Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arauen artean, garagardoari buruzkoa aldatzea. Arau horren eduki berria jasota dago Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak 2025eko martxoaren 11n egindako 53. bilkurako aktan.
3. Bermutari buruzko artisautzako arau berria onestea eta 9. ogibideko ("Ardoa eta mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egitea") 9.2 atalean sartzea. Arau horren eduki berria jasota dago Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak 2025eko ekainaren 30ean egindako 54. bilkurako aktan.
Arau horiek Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira, esteka honetan:
http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/2345/Registro-de-Empresas-Artesanales-Agroalimentarias documentación
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua. Horretarako, hilabeteko epea dago, indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeari eta INTIA SAri, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 18an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
Iragarkiaren kodea: F2607196