1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
52/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 21ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horietan arreta emateko behar diren langileak 2026ko maiatzaren 28rako iragarritako greba deialdia dela eta.
Greba deialdia egin da 2026ko maiatzaren 28rako. Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.
Begien bistako segurtasun arrazoiengatik, ezinbestekoa da Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzea, zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu publikoak direlako babes zibilaren arloan. Izan ere, zerbitzu horiek beharrezko berme dira larrialdi egoerei aurre egiteko, etengabe eskuragarri daudelako eta espezializatuta daudelako.
Justizia Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, bidezkoa da Justizia Administrazioari dagozkion funtsezko zerbitzuak ematea bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak zehaztea, zerbitzuaren etenaldiak herritarrei kalte konponezina ekar diezaiekeen alderdietan, dela haientzako babes jurisdikzionala ezinezkoa egiteagatik, dela herritarrek auzitegietan jardutean behar duten segurtasun juridikoaren printzipioaren aurkako egoera bat sortzeagatik; izan ere, bi kasuetan, Konstituzioaren 24. artikuluak bermatzen duen benetako babes judizialerako eskubidea urratuko litzateke. Ildo horretan, Justizia Zuzendaritza Nagusian gutxieneko zerbitzutzat hartu behar dira herritarrei eta profesionalei organo judizial eta fiskaletara iristea errazten dietenak, bai eta Justizia Administrazioaren funtsezko zerbitzuekiko lankidetza atzeratu ezin deneko kasuak ere.
Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,
AGINTZEN DUT:
1. 2026ko maiatzaren 28rako iragarrita dagoen grebarako deialdia dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuan:
–Barne Zuzendaritza Nagusia.
- Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua.
- Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria.
- Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.
- SOS Nafarroa Ataleko burua.
- Segurtasun arloko teknikari bat.
- Gelako buruak: gelako buru bat, eguneko txandan.
- Koordinazioko operadore laguntzaileak: 7 goizeko txandan eta 8 arratsaldekoan.
- Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua.
- Ofizialorde bat Nafarroa osorako.
- Ofizialorde edo sarjentu zentral bat.
- Eskualdeko ofizialorde edo sarjentu bat.
- Iruñeko suhiltzaile-etxe zentrala, egoitza: Iruña: 7 pertsona, kaboen eta suhiltzaileen artean.
- Iruñeko suhiltzaile-etxe zentrala, egoitza: Cordovilla: 11 pertsona, kaboen eta suhiltzaileen artean.
- Tuterako suhiltzaile-etxea: 5 pertsona, kaboen eta suhiltzaileen artean.
- Altsasuko, Aurizko, Lizarrako, Lodosako, Nabaskozeko, Oronozko, Zangozako, Tafallako eta Azkoiengo suhiltzaile-etxeetan: 4 pertsona bakoitzean, kaboen eta suhiltzaileen artean.
- Erreskate Teknikorako Taldeko 2 kide.
–Justizia Zuzendaritza Nagusia.
- Langileriaren eta Erregistroaren Bulegoa: administrari bat.
- Akreditazioetarako eta Herritarren Arretarako Bulegoa: zerbitzu orokorretako 2 langile.
- Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala: soinuaren eta ikus-entzunezko baliabideen teknikari bat.
- Mantentze-lanen Bulegoa: mantentze-lanetako ofizial bat.
- Justiziako Gizarte Zerbitzua: autopsietako laguntzaile bat (Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutua).
- Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala: psikologo bat edo gizarte-langile bat.
2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.
3. Foru agindu hau Greba Batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Lan Harremanen Atalari, Barne Zuzendaritza Nagusiari, Justizia Zuzendaritza Nagusiari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.
Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 21ean.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2607560