1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
34/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 21ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Elizondoko Benito Menni ospitalean egoiliarrek jaso beharreko funtsezko gutxieneko arreta-zerbitzuak arautzen dituena.
Eva Arrieta Insausti andreak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2026ko maiatzaren 25etik ekainaren 25era arteko greba-deialdiaren berri eman du, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan 2026ko maiatzaren 14an erregistratutako idazki bat aurkeztuz. Greba maiatzaren 25ean hasiko da, 08:00etan, eta ekainaren 26an bukatuko da, 08:00etan, aipatutako egunetako txandak bete ondoren, Elizondoko Benito Menni ospitalean.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da funtsezko zerbitzu publikoak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriz xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona zaurgarriak hartzen dituzte beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, zainketa hori gabe kalte larriak eragiten ahal zaizkielako osasunean.
Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua funtsezko zerbitzua dela gizartearentzat, eta, haren hartzaileen ezaugarriengatik –gaixotasun mentala, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez–, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak bizitzeko ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta, funtsean, botere publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek bizitzeko behar dituen zerbitzuak.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari.
Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenbizikoa.–Elizondoko Benito Menni ospitalean 2026ko maiatzaren 25etik ekainaren 25era arte iragarritako greba egitean (2026ko maiatzaren 25ean hasiko da, 08:00etan, eta ekainaren 26an bukatuko da, 08:00etan, aipatutako egunetako txandak bete ondoren), errespetatu beharko dira, grebaren xede den eremuan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematea bermatuko duten zerbitzuak, hau da, zainketa pertsonalak, elikadura, komunikazioa, lekualdatzea, kontrola eta babesa; horietatik kanpo daude, hortaz, programekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak.
Xede horrekin, eta zentroaren okupazioa kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuak honako hauek izanen dira:
2026KO MAIATZAREN 25ETIK EKAINAREN 25ERA ARTEKO GREBA |
PSIKOGERIATRIAKO LAG., BAZTAN: | 6/5 |
LAGUNTZAILEA, BIDASOA: | 4/5 |
GAUETAKO LAGUNTZAILEA: | 4 |
PME-KO LAGUNTZAILEA: | 5/5 |
ERIZAINA: | 2/1/1 |
FARMAZIA: | Zerbitzua gutxienez txanda batean eman beharko da maiatzaren 25ean, 27an eta 29an eta ekainaren 1ean, 3an, 5ean, 8an, 10ean, 12an, 15ean, 17an, 19an, 22an eta 24an, non farmaziako profesional bat eta farmaziako laguntzaile bat arituko baitira. |
ARDURADUNAK: | Guardia ez-presentziala. |
GARBIKETA, BAZTAN: | 2/1 |
GARBIKETA, BIDASOA: | 1/1 |
SUKALDEA: | 2/1 |
GARBITEGIA: | Gutxienez bi pertsonak eman beharko dute zerbitzua goizeko txandan, salbu eta maiatzaren 30ean eta ekainaren 6an, 13an eta 20an, non pertsona bakarra arituko baita, eta maiatzaren 31n eta ekainaren 7an, 14an eta 21ean (igandeak), non gutxieneko zerbitzurik ez baita ezarri arropa garbiketarako. |
HARRERA-LEKUA: | 1/1 |
MEDIKUAK: | Guardia ez-presentziala. |
MANTENTZE-LANAK: | Guardia ez-presentziala. |
Bigarrena.–Foru agindu hau Eva Arrieta Insausti andreari jakinaraztea, ELA sindikatuaren ordezkaria den aldetik, jakinarazpenetarako helbidean (Kolon pasealekua 27, 20302 Irun) eta posta elektronikoz (evaarrieta@ela.eus).
Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (helbidea: Bordaxurialde karrika 4 P, 31700 Elizondo).
Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.
Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 21ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2607581