103. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 21ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzen baitira gizarte zerbitzuen esparrurako, 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik 15:00etara Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egitekoa den greba dela eta.

LAB sindikatuak grebarako deia egin du 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik 15:00etara. Grebak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langile guztiei eraginen die (lan-kontratudunei eta funtzionarioei).

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek berehalako erantzuna ematen dute zainketaren beharretan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, gaixotasun mental bat duten pertsonei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu horietan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak ere, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba-orduetan.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko beharrak beren kasa eta zuzenean aurrera eraman ezin dituzten pertsonei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.

Azkenik, Departamentuko Erregistroa zainduko duen pertsona bat egotea ere aurreikusten da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Estatuko araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko prozedurari buruzko foru araudiak herritarren eskaerak aurkezteko aitortzen duten eskubidea erabiltzen ahalko dela bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Aurretik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Greba Batzordeari igorri dio Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen eskumenen eremurako gutxieneko zerbitzuen proposamena, azter dezan.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Grebarako eskubidea baliatuz 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik 15:00etara Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egitekoa den greba dela eta, grebaren xedeko esparruetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:

A) Zentroen eremuan:

Adinekoei egoitza-arreta emateko Lizarrako Santo Domingo zahar etxean eta Iruñeko El Vergel zahar etxean, desgaitasuna duten pertsonei arreta integrala emateko Iruñeko San Jose zentroan eta Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzeko asmoz, zehazki, zainketa pertsonalari, elikadurari, komunikazioari, joan-etorriei eta kontrol eta babesari loturiko arloetan (alde batera gelditzen dira, beraz, programei eta aisialdiari loturiko jarduerak), gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira:

–Jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

B) Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7):

Pertsona batek nahitaez egon behar du Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Erregistro Orokorrean.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau Greba Batzordeari eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 21ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2607580