1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
31/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, ANFAS enpresan iragarritako greba dela-eta.
Javier Santesteban Elizalde jaunak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2026ko maiatzaren 11n Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan erregistratutako idazkiaren bidez, jakinarazi zuen greba deialdi bat egin dela ANFAS enpresan, maiatzaren 23ko 08:00etatik 21:00etara eta maiatzaren 27ko 08:00etatik 20:30era.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere. Horregatik, gutxieneko zerbitzu horiek ezartzean kontuan hartu behar dira proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioak.
Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna dutenei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, gaixotasun mental bat dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta daudenei.
Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.
Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak ere, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba-orduetan.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenengoa.–ANFAS enpresan maiatzaren 23ko 08:00etatik 21:00etara eta maiatzaren 27ko 08:00etatik 20:30era egitekoa den greban, errespetatu beharko dira, grebaren xede den eremuan, erabiltzaileen oinarrizko premiei erantzutea xede duten zerbitzuak, honako hauei dagokienez: zainketa pertsonala, elikadura, komunikazioa, lekualdatzea, kontrola eta babesa. Beraz, aisialdiko programekin lotutako jarduerak alde batera utziko dira.
Zehazki, iragarritako grebaren arloan, arreta horiek bermatzeko, gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira:
–Laguntza handiko etxebizitzak: langile baten etengabeko arreta, zentrotik kanpora egiten diren eguneko jardueren orduetan izan ezik, jarduera horien ondorioz erabiltzaile bakar bat ez bada gelditzen pisu funtzionalean.
–Laguntza moderatuko eta laguntza gutxiko etxebizitzak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe. Jaiegunetan arretarik izaten ez duten etxebizitzetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko beharrezkoak diren zuzeneko arretarako langileak beharko dira.
Bigarrena.–Foru agindu hau igortzea ELA sindikatuari eta ANFAS enpresako zuzendaritzari.
Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.
Laugarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 19an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2607442