Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
223E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira 2026ko laguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoen ustiategiei. DDBN kodea: 904187.
Su-gorrina Erwinia amylovora bakterioak eragindako gaixotasuna da, larriki eragiten diena arrosazeoen familiako fruta-arbolei (udareondoari, esaterako) eta espezie basati eta apaingarri batzuei. Gaixotasuna oso oldarkorra da: loreak, hostoak eta kimuak zimeltzen ditu, eta, azkenik, adar eta kimuak osorik lehortzen ditu.
Ez dago gaixotasun hori sendatzeko tratamendurik. Arriskua dagoenean, beraz, neurriak konbinatu behar dira, direla prebentziokoak (txertaka eta barietate erresistenteak aukeratzea), direla profilaktikoak (inausteko materiala garbitzea, eskuak desinfektatzea, txingorraren aurkako sarea erabiltzea), direla prebentziozko tratamendu fitosanitarioak. Infekzioa gertatu ondoren, infektatutako adarrak eta zuhaitzak kendu behar dira, hedatzea saihesteko.
Nafarroan, 1996an detektatu ziren gaixotasun horren lehen fokuak ipar-mendebaldean, eta, gero, azkar hedatu zen Nafarroako lurralde osora. 2012an, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 25eko 450/2012 Ebazpenaren bidez, su-gorrina ofizialki ezarritako gaixotasun gisa deklaratu zen Foru Komunitateko lurralde osoan.
Azken urtean, tenperaturaren eta hezetasunaren baldintzek gaixotasuna hedatzen lagundu dute, eta horrek galera ekonomiko handiak eragin ditu Nafarroako fruta-ustiategietan.
Egoera horren aurrean, beharrezkoa da nekazarientzako laguntza ekonomikoak prestatzea, su-gorrinak ukitutako landareak erauzteak dakartzan kostuak konpentsatzeko eta nekazariei azken urtean izan dituzten galera ekonomikoak jasaten laguntzeko.
Laguntza hauek "de minimis" laguntzatzat hartuko dira, eta emanen dira bat etorriz honako honetan xedatutakoarekin, deusetan ukatu gabe aplikatu beharrekoak diren zuzenbide nazionaleko eta Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenak: Batzordeak 2024ko abenduaren 10ean emandako 2024/3118 (EB) Erregelamenduan, zeinaren bidez aldatzen baita 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Oinarri arautzaileak onestea 2026. urteko laguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoen ustiategiei, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ezarritako moduan.
2. Laguntzen deialdi bat onestea Nafarroako Foru Komunitatean su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoen ustiategietarako, bat etorriz 2024/3118 (EB) Erregelamenduan ezarrita dagoenarekin (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
3. 250.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko 710000-71200-4700-412100 partidaren kontura (Kalte-ordainak landareak erauzteagatik), betiere aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa badago.
Baimendutako kredituari 150.000 euroko gehieneko zenbatekoa gehitzen ahalko zaio, eta gehikuntza hori eraginkorra izanen da baldin eta baimentzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzeagatik. Kreditu gehigarri hori organo eskudunak baimenduko du, eta deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko da. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari.
8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 5ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–NAFARROAN SU-GORRINAK (ERWINIA AMYLOVORA) UKITUTAKO UDAREONDOEN USTIATEGIEI 2026. URTEKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenbizikoa.–Xedea eta aplikazio eremua.
Ebazpen honen xedea da arautzea nola eman 2026ko dirulaguntzak Nafarroako Foru Komunitatean su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoen ustiategiei, ukitutako landareak 2025eko otsailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 31ra bitartean erauzteko kostuak ordaintzeko.
Bigarrena.–Helburua
Dirulaguntza hauen helburua da sostengua ematea su-gorrina gaixotasunak ukitutako udareondoen ustiategiei, horren ondoren haien laborantza bideraezina baita, gaixotasunarekiko erresistenteagoa den beste ekoizpen mota batera alda daitezen, halako moldez non zuhaitzen ekoizpen-jarduerari eustea lortuko baita ustiategi horiek dauden eremuetan.
Hirugarrena.–Araubide juridikoa.
Laguntza horiek "de minimis" araubideari atxikita egonen dira, zeina ezarrita baitago Batzordearen 2024ko abenduaren 10eko 2024/3118 (EB) Erregelamenduan (haren bidez 1408/2013 (EB) Erregelamendua aldatu zen, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean.
Laugarrena.–Onuradunak.
4.1. Pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke ebazpen honetan jasotako dirulaguntzen onuradun, baldin eta deialdia argitaratzen den egunean inskribatuta badaude Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eta/edo Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eta bosgarren oinarrian onargarritasunari buruz ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
4.2. Pertsona onuradunek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.
b) Laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiten den unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatze aldera, interesdunari jakinarazten zaio eskabidean (II. eranskina) baimena ematen diola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko. Hala ere, onuradunak zilegi du baimen hori espresuki ukatzea, eta kasu horretan dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.
d) Kondenatuta ez egotea administrazio-ebazpen irmo baten bidez edo epai judizial irmo baten bidez, baldin eta zehapenak edo zigorrak dirulaguntzarik lortzeko debekua badakar.
Eskaeran berean dagoen erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina) aurkeztuko da, baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek, eta deialdia ebatzi arte mantendu beharko dira.
Bosgarrena.–Onargarritasunaren baldintzak.
5.1. Honako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak izaten ahalko dira onuradunak:
a) Inskribatuta egotea Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, bat etorriz abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuarekin (haren bidez ezartzen eta arautzen dira nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritza-ekoizpenaren Informazio Sistema), baita autonomia erkidegoko nekazaritza ustiategien erregistroan eta nekazaritza ustiategiaren koaderno digitalean ere, eta/edo
b) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, horrela baitago arautua Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan, deialdia argitaratzen denean.
c) Ustiapenean udare-ekoizpenerako lurzatiak (Pyrus communis) 2019ko abenduaren 31tik aurrera eduki izana, eta horiek 2025eko otsailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 31ra bitartean erauzi izana.
5.2. Ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu ustiategietan honako hauek dituzten eskatzaileek:
a) Udareaz bestelako laboreak, edozein motatakoak, nahiz eta su-gorrinak eragin.
b) Errotik ateratzeko unean 20 urte baino gehiago dituzten udareondoen sailak.
c) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eta/edo Nekazaritza Ustiategien Erregistroan jaso gabeko udareondoen sailak.
Seigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.
6.1. Jarduketa hauetako baterako edo birako bakarrik ematen ahalko dira su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoen ustiategientzako 2026ko laguntzak:
a) Ontzi-erako udareondoak erauztea.
b) Besorako sistemako udareondoak erauztea.
6.2. 2025eko otsailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 31ra bitarte eginiko erauzketak izanen dira diruz lagungarriak.
6.3. Ez da diruz lagunduko ukitutako landareen erauzketa partziala.
Zazpigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
7.1. Kreditu erabilgarriaren barnean, dirulaguntzaren banakako zenbatekoa honela zehaztuko da:
a) Ontzi-erako udareondoak erauzteko, 1.000 euroko laguntza ezartzen da hektareako.
b) Besorako sistemako udareondoak erauzteko, 1.500 euroko laguntza ezartzen da hektareako.
7.2. 25.000 euro da onuradun bakoitzari eman dakiokeen gehieneko laguntza.
Nolanahi ere, dirulaguntzak eman eta ordaintzeko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomiko aski izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.
Onuradun bakoitzari ematen zaion "de minimis" laguntza ez da 50.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan, ezta Espainiako mugatik gorakoa ere, hala xedatuta baitago Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. eta 3. puntuetan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). Zenbatekoa hortik gorakoa izanez gero, aurreikusitako laguntza muga horietara murriztuko da.
Zortzigarrena.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa noiz eta nola aurkeztu.
8.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio. Ezarritako epearen barruan aurkeztutako azken eskaera bakarrik hartuko da kontuan.
8.2. Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira, atarian argitaratutako deialdiaren fitxaren bidez:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-explotaciones-de-peral-afectadas-por-el-fuego-bacteriano-2026
Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bakarra adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita Nekazaritza Zerbitzuaren eta eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.
8.3. Eskatzen den dokumentazioa.
a) II. eranskina.–Eskaera-inprimakia, datuak kontsultatzeko baimena eta erantzukizunpeko adierazpena dituena, behar bezala betea eta laguntza eskatzen duenak sinatua. Hala dagokionean:
–Eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua.
–Pertsona juridikoen bazkideen zerrenda.
b) III. eranskina.–Egindako jarduketen zerrenda. Egindako jarduketen justifikazio-kontua, non adieraziko baitira erauzketaren lursailak, erauzitako laborea, landaketaren modalitatea eta erauzketaren azalera. Ahal dela, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, eta JPG fitxategiak saihestuko dira.
Eskatzaileak, laguntzak lehen aldiz jaso behar baditu edo horiek ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, kontua erregistratu beharko du Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Banku kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" fitxan:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
Eskaera eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoan, egiaztatuko da oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen diren edo ez.
Bete ezean, gehienez 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari, eta ohartaraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazpen elektroniko bidez jakinaraziko zaio, eta gaitutako helbide elektroniko bakarrean (GHEb) kontsultatzen ahalko da.
Interesdunak ez daude behartuta edozein administrazioren aurrean aurkeztu diren dokumentuak aurkeztera, baldin eta dokumentuek aldaketarik izan ez badute eta lau urte baino gehiago igaro ez badira aurkeztu zirenetik. Halakoetan, aski izanen da adieraztea noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
Interesdunak ez daude behartuta edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztera, dokumentu horiek aurkeztea nahitaezkoa izan edo aukerakoa izan, baldin eta eskuratzeko edo kontsultatzeko baimena eman badute. Interesdunek baimena ukatzen badute, berariaz egin beharko dute, eta kasuan kasuko dokumentuak aurkeztu.
Salbuespen gisa, dokumentazio hori lortzea ezinezkoa den kasuetan, instrukzio-organoak eskatzen ahalko dio interesdunari aurkez dezala, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluari jarraituz. Era berean, administrazioak dokumentuen egiazkotasunari buruzko zalantzak dituenean, eskatzen ahalko du jatorrizkoak aurkezteko.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko balorazio-irizpideak.
Dirulaguntza horiek norgehiagokako prozedura arruntaren bidez izapidetuko dira, eta bat etorriz publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin.
9.1. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:
a) Nekazari gazteak. 8 puntu gehienez.
8 puntu emanen zaizkie eskaera aurkezten duten egunean 41 urte beteta ez dituzten eskatzaileei.
Eskatzailea pertsona juridikoa baldin bada, eta lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute bazkide gisa, arestiko puntuazioa aplikatuko da, gazteak kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.
b) Ustiategi mota 5 puntu gehienez.
Puntuazio hauek emanen zaizkie eskatzaileei laguntza-eskaera aurkezten den egunean, baldin eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan duten katalogazioa bada lehentasunezko ustiategiarena edo ogibide nagusia nekazaritza duenarena.
–Lehentasunezko ustiategiak. 5 puntu
–Ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona fisikoa. 3 puntu
c) Erauzketaren azalera. 2 puntu gehienez.
10 hektareatik gorako azalerako erauzketa egiten duten eskaerek 2 puntu lortuko dituzte.
9.2. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie su-gorrinak ukitutako udareondoak erauzteko azalera handiena duten eskaerei.
Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada eskaera onargarri guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.
Hamargarrena.–Instrukzio-organoa.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko prozeduren instrukzioa.
Hamaikagarrena.–Laguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
11.1. Instrukzio-organoak bere kabuz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik; hori guztia, norgehiagokako prozedurari jarraikiz. Nekazaritza Zerbitzuko langileek landa-bisitak eginen dituzte, bai eta beharrezkotzat jotzen dituzten jarduketak ere, erabakitzeko ea eskatutako jarduketak egokiak diren.
Aurkeztutako eskaerei dagokienez, instrukzio-organoak proposatuko du dirulaguntza ematea edo, hala badagokio, ukatzea. Dirulaguntza emateko ebazpenean, ekintzak gauzatzeko baldintza espezifikoak jasotzen ahalko dira. Ukatu eginen dira ikuspuntu teknikotik egokiak ez diren ekintzak eta deialdi honen oinarrietan ezarritakora egokitzen ez direnak.
11.2. Nekazaritza Zerbitzuak, espedienteak ikusita eta aurrekontu-baliabideen arabera, Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalaren bidez, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eginen du, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio. Ebazpen-proposamen horren bidez, laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.
11.3. Aurrekontuan diru aski ez egoteagatik instrukzio-organoak proposatzen badu eskatutako laguntza baino zenbateko txikiagoa ematea, onuradunari eskatzen ahalko zaio eskaera birformulatzeko, gauzatu beharreko jarduketak zenbateko horretara egokitzeko.
Birformulatutako eskaerak instrukzio-organoaren adostasuna lortu ondoan, eskaera hori, egindako jarduera guztiekin batera, organo eskudunari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.
Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.
Hamabigarrena.–Laguntza emateko ebazpena.
Ebazpen-proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.
Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira beti.
Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako "de minimis" araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.
Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, eta adieraziko da zer puntuazio eman zaion eskatzaile bakoitzari, 8. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Halaber, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik bada, eta zergatik ezetsi diren.
Eskaerak aurkezteko azken egunetik bi hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, zeinak jasoko baititu emandako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak.
Laguntzak emateko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarri bezala.
Dirulaguntzaren prozedura ebazteko ezarritako epea iragandakoan ez bada berariazko ebazpenik eman, ulertuko da eskaera ezetsi egin dela.
Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
Hamahirugarrena.–Uko egitea.
13.1. Onuradunek uko egiten ahalko diote emandako dirulaguntzari, gehienez ere zazpi egun balioduneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
13.2. Uko egiteko eskaerak Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalera bidaliko dira, eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein erregistro eta baliabide elektronikoren bidez aurkeztuko dira.
Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.
Instrukzio-organoak behar diren kontrolak eginen ditu, egiaztatzeko betetzen direla deialdi honen oinarriak. Kontrol horiek egiteko, instrukzio-organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio-iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horietan "in situ" bisitak egiten ahalko dira, ekintzak behar bezala gauzatzen direla egiaztatzeko.
Instrukzio-organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen bada beheranzko desbideratzeak daudela entitate onuradunak aurkeztutako eskaerarekin alderatuta, ordainketa aipatu egiaztapenei egokituko zaie.
Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.
Egiaztagiriak azterturik, Nekazaritza Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusira, bai eta, horrekin batera, txosten bat ere, frogatzen duena entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela.
Hamabosgarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak
Dirulaguntzaren onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte.
Bestelako dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko, horren berri eman beharko zaio organo emaileari.
Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Hamaseigarrena.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.
16.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, esteka honetan dagoena: gardentasunari buruzko adierazpena.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
16.2. Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du informazio hori, eta telematika bidez aurkeztuko da, esteka honen bidez: Gardentasunari buruzko adierazpena; honako eredu hauen araberako dokumentuak erantsiko dira:
–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, eranskinean dagoen eredua erabiliko da, esteka honetan eskuratzen ahal dena: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamazazpigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez emandako estatu-laguntzekin.
Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Nekazaritza Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.
Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
18.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (https://www.navarra.es/eu/hasiera), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.
18.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
18.3. Batasuneko estatuek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu horretako edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
Batzordeak aldez aurretik idatziz eskatuz gero, kasuan kasuko estatuak behar den informazio guztia helarazi beharko dio, hogei egun balioduneko epean edo eskaeran ezartzen den epe luzeago batean, zehaztu ahal dezan erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren, eta, bereziki, edozein enpresak erregelamendu honen edo beste "de minimis" erregelamendu batzuen arabera guztira jaso duen "de minimis" laguntza.
18.4. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
II. ERANSKINA.–Nafarroan su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoak erauzi diren ustiategietarako laguntza-eskaera. 2026. urtea.
III. ERANSKINA.–Su-gorrinak (Erwinia amylovora) ukitutako udareondoen ustiategiei laguntzak emateko deialdiaren barnean, Nafarroan 2025eko otsailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 31ra bitartean egindako jarduketen zerrenda.
Eskaera-ereduak (II. eta III. eranskinak) laguntzen fitxan aurki ditzakezu:
Iragarkiaren kodea: F2606875
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
