101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, Solera Navarra enpresan iragarritako greba dela-eta.

Javier Santesteban Elizalde jaunak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, Solera SLU enpresaren eta Ensanche II eguneko zentroaren greba-deialdi baten berri eman du, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan 2026ko apirilaren 30ean erregistratutako idazki bat aurkeztuz. Greba-deialdia egin da egun hauetarako: 2026ko maiatzaren 11rako, 12rako, 13rako eta 14rako (maiatzaren 11ko 06:00etan hasiko da, eta maiatzaren 14ko 19:00etan bukatu) eta 2026ko maiatzaren 18rako, 19rako, 20rako eta 21erako (maiatzaren 18ko 06:00etan hasiko da, eta maiatzaren 21eko 19:00etan bukatu).

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da funtsezko zerbitzu publikoak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriz xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna dutenei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, gaixotasun mental bat dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta daudenei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak ere, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba-orduetan.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.

Eguneko arreta-zentroak arreta soziosanitarioko baliabide integral bat dira, mendekotasun- edo hauskortasun-egoeran dauden adinekoei zuzenduak. Horietan, esku-hartzeak ez dira oinarrizko beharrak estaltzera mugatzen (elikadura, higiene pertsonala, garbiketa edo garraioa), jarduketa terapeutikoak, errehabilitaziokoak eta estimulazio funtzionalekoak ere barne hartzen dituzte.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena helarazi zaie bai deialdiak ukitzen duen entitateari eta bai deialdia egin duen sindikatuari, greba-batzordearen ordezkaria den aldetik. Azken horrek aurkeztu dituen alegazioetara etorrita, adierazi behar da eguneko arreta-zerbitzua ez dela familiari atseden emateko zerbitzu bat besterik ez; aitzitik, gizarte zerbitzuen zorroak bermatzen duen prestazio bat da, eta, 69/2008 Foru Dekretuak berak adierazten duenez, xedea du arreta ematea oinarrizko premia pertsonal eta terapeutikoetan eta errehabilitazio eta gizarte eta kultur arlokoetan, eta gisa hartara ohiko ingurunean gelditzea errazagoa egitea eta zaintzaileei laguntza ematea. Adierazi den bezala, arreta horrek zenbait jarduketa eskatzen ditu (terapeutikoak, errehabilitaziokoak eta estimulazio funtzionalekoak), bermatuko dutenak arreta egokia emanen zaiela mendekotasuna dutenei, hartara hobetzeko haien bizi-kalitatea eta mantendu edo areagotzeko haien autonomia fisikoa eta kognitiboa ingurune seguru batean, egunez, eta atzeratzeko egoitza batean sartzeko unea. Hori dela eta, grebarako eskubidea erabiltzeak aukera ematen du zuzeneko arretako langileen ratioak handitzeko edo teknikarien kopurua murrizteko, eta ekarriko du ohiko programazioa aldatzea edo are neurri batean murriztea ere, baina ez hura erabat ezabatzea edo teknikaririk ez egotea, are gehiago kontuan izanda greba-egoera denbora luza daitekeela eta horrek erabiltzaileen bizi-kalitateari eragin liezaiokeela.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Solera Navarra enpresan iragarritako greba egitean, errespetatu beharko dira, grebaren arloan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei erantzutea xede duten zerbitzuak. Oinarrizko behar horiek dira zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako, eta, beraz, kanpo geratuko dira aisialdiko programekin lotutako jarduerak. Greba-deialdia egin da egun hauetarako: 2026ko maiatzaren 11rako, 12rako, 13rako eta 14rako (maiatzaren 11ko 06:00etan hasiko da, eta maiatzaren 14ko 19:00etan bukatu) eta 2026ko maiatzaren 18rako, 19rako, 20rako eta 21erako (maiatzaren 18ko 06:00etan hasiko da, eta maiatzaren 21eko 19:00etan bukatu).

Era berean, oinarrizko arretez gain, oinarrizko esku-hartze terapeutikoak bermatu beharko dira, bai eremu funtzionalean, bai eremu kognitiboan eta psikosozialean.

Zehazki, iragarritako grebaren arloan, arreta horiek bermatzeko, gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira:

–Zentroaren zuzendaritza edo koordinazioa: gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, eta teknikarien %50. Gainera, behar izanez gero, zentroko sukalde zerbitzua eta garbiketa eta higienea bermatzeko langile nahikoak. Gainera, garraio zerbitzua mantendu beharko da, greba-ordu horietan beharrezkoa bada.

Bigarrena.–Foru agindu hau igortzea ELA sindikatuari eta Solera Navarra SLU enpresaren zuzendaritzari.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Laugarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 8an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2606881