101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

231E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuari agintzeko hartako langileak izan daitezen Osasun Departamentuaren bulegoetan irisgarritasuna egokitzeko obren esleipen-prozedurako kontratazio-mahaiko mahaikide tekniko eta ordezko; Osasun Departamentuaren bulegoak Iruñeko Amaia kaleko 2A zenbakian daude eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak sustatu ditu lanak.

Osasuneko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 139E/2026 Ebazpenaren bidez, Iruñeko Amaia kaleko 2A zenbakian dauden Osasun Departamentuaren bulegoetan irisgarritasuna egokitzeko lanak egikaritzeko proiektua onetsi zen.

2026ko apirilaren 10ean, kontratua kudeatuko duen unitateak proposatu du adierazitako kontratuko egokitze-lanei ekitea eta esleipen-prozedura hastea espedientearen ohiko tramitazioaren eta prozedura irekiaren bidez, 514.396,08 euroko balio zenbatetsiarekin, Osasuneko zuzendari nagusia delarik kontratazio-organoa.

Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 50. artikuluko 5. apartatuan xedatzen denez, nahitaezkoa izanen da kontratazio-mahai bat eratzea 200.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten lanen kontratu publikoak esleitzeko.

Kontratazio-mahaiek lege horren 4. artikuluko aplikazio-eremu subjektiboan jasotako erakundeek egiten dituzten kontratu publikoetan duten esku-hartzeari dagokionez, aipaturiko 50. artikuluko 1. apartatuan, kontratazio-mahaia kide anitzeko organo independente bat dela adierazi ondotik, aurreikusten da kontratazio-organoaren mendeko langileek osatu beharko dutela, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun den langile bat dela idazkari, eta dagokion gaiaren alorreko teknikariak izan beharko dutela, kontrol ekonomikoaren funtzioa esleitzen zaion pertsonaz gainera. Ondotik, aukera ematen du, salbuespen gisa, eta espedientean justifikatuta, kontratuko jardueraren sektorean esperientzia duten administraziotik kanpoko pertsonak mahaikide tekniko izendatzeko.

Haren osaera 2/2018 Foru legearen 134. artikuluan sakontzen da, zehazten baitu kontratazio-mahaia organo profesional espezializatu bat dela, kontratazio-organoari laguntzekoa, eta haren kide izanen direla mahaiburua eta adjudikazio boterearen zerbitzuko langileen artetik izendatutako lau mahaikide, gutxienez. Halaber, mahaikideetako bi kasuan kasuko kontratuaren arloko teknikari espezializatuak izanen direla, beste bat kontu-hartzaile ariko dela, eta laugarrena Zuzenbideko lizentziaduna edo graduduna izanen dela, titulazio hori behar duen lanpostu batean diharduena, eta idazkari lanak eginen dituela.

Gainera, 50.2 artikuluan adierazten da kontratazio-mahaia osatzen duten pertsonen izendapena Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu beharko dela eta modu iraunkorrean edo modu espezifikoan egiten ahalko dela kontratu bat edo gehiago esleitzeko.

Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak ez du kontratazio-mahaia mahaikide teknikoaren profilarekin osatzeko moduko teknikari kualifikaturik.

2026ko maiatzaren 6an, kontratua kudeatuko duen unitateak proposatu du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuari egitea kudeaketa-esleipena, hango langileek parte har dezaten adierazitako lanen kontratazio-mahaian. Langile hauek proposatu dira mahaikide tekniko eta ordezko mahaikide izateko:

–Mahaikide tekniko lehena: María Goñi Cebrián andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko burua.

–Ordezkoa: Ana María González Vicente andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Administrazio Zerbitzuko burua.

–Mahaikide tekniko bigarrena: Javier Cía Sorbet jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko arkitekto teknikoa.

–Ordezkoa: Beatriz Gastesi Irañeta andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko arkitekto teknikoa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatzen denez, erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa eta jarduteko ahalmen osoa dituena bere xedeak betetzeko, eta, 2. artikuluaren arabera, Osasun Departamentuari atxikirik dago, eta departamentu horren esku gelditzen dira Estatutuetan, foru-legedian eta antolamendu juridiko administratiboan esleitzen zaizkion ahalmenak.

Bestalde, 171/2015 Foru Dekretuaren 50. artikuluak dioenez, Azpiegituren Zerbitzuak Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendariordetzaren mende jarduten du, eta, besteak beste, funtzio hauek izanen ditu: «b) Obrak egiteko proiektuak prestatu eta gainbegiratzea. c) Eraikin eta instalazioen kontrol teknikoaren kostua aztertu eta kudeatzea, eta obra, ekipamendu, instalazio eta mantentze-lanetarako inbertsioen aurrekontua administratzea eta emaitzen ebaluazioa egitea. d) Obretarako eta laguntza teknikorako kontratuak nola gauzatzen diren kontrolatzea.».

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan, autoantolaketa administratiboko teknika gisa ezartzen da kudeaketa-esleipenaren tresna juridikoa.

1. apartatuan hau adierazten da: Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dute beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun-arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, eta horretarako, hurrengo apartatuetan xedatutakoari jarraituz jokatuko dute.

Organo esleitzailea atxikia dagoen departamentu bereko beste organo bati edo haren mendeko erakunde edo entitate publiko bati kudeaketa-esleipena egiteari dagokionez, 2. apartatuan xedatzen da beharrezkoa izanen dela departamentuaren titularra den pertsonak emandako baimena, zeinak, gainera, aginduaren araubide juridikoa jaso beharko baitu, 5. apartatuari jarraikiz.

Bestalde, 6. apartatuak dioenez, kudeatze-esleipenaren baimena edo esleipen hori formalizatzen duen hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azkenik, 7. apartatuak gomendioen irismena mugatzen du, eta esaten du ez direla kudeatze-esleipenen xede izaten ahalko indarreko kontratu-legedian arautzen diren kontratuek dituzten berezko prestazioak. Kasu honetan ez da halakorik gertatzen, proposaturiko kudeaketa-esleipena ez baita sartzen Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 3. artikuluan xedaturiko aplikazio-eremu objektiboan, eta, horrenbestez, ez baititu xedetzat lege horren 27. artikuluan eta hurrengoetan jaso eta definituriko kontratu tipikoen prestazioak. Soil-soilik, espezializazio teknikoa eta ezagutza nahikoak dituzten bi langileren lankidetza eta aholkua izatea da kontratazio-mahaia osatzeko, halako moldez non kontratazio-mahai horrek efikaziaz eta kaudimenez gauzatzen ahalko baititu foru-lege horren 51. artikuluan aurreikusitako funtzioak eta foru-lege horretan berariaz aurreikusten diren gainerakoak.

Horregatik guztiagatik, kontratazio-mahaia baliozko moduan eratzeko moduko langile kualifikaturik ez dagoenez, beharrezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuari agintzea bere langileak izan daitezen mahaikide tekniko eta ordezko kontratazio-mahai horretan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

HONAKO HAU AGINTZEN DUT:

1. Osasun Departamentuaren mendeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzua erakunde autonomoari agintzea langile hauen parte-hartzea xeda dezan Osasun Departamentuaren bulegoetan irisgarritasuna egokitzeko obren esleipen-prozedurako kontratazio-mahaiko mahaikide tekniko eta ordezko izateko; Osasun Departamentuaren bulegoak Iruñeko Amaia kaleko 2A zenbakian daude eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak sustatu ditu lanak.

–Mahaikide tekniko lehena: María Goñi Cebrián andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezkoa: Ana María González Vicente andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Administrazio Zerbitzuko burua.

–Mahaikide tekniko bigarrena: Javier Cía Sorbet jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: Beatriz Gastesi Irañeta andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko arkitekto teknikoa.

2. 1. puntuan adierazitako pertsonak gaitzea, kontratazio-organoak mahaikide tekniko eta ordezko izendatzen dituenean, kargu horientzat Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 51. artikuluan eta harekin bat datozenetan aurreikusten diren funtzioak eta legeek esleitzen ahal dituzten gainerakoak betetzeko.

3. 1. puntuan adierazitako lanen kontratua esleitzeko proposamena formulatzearekin batera agortuko da agindu honen indarraldia, Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 51. eta 136. artikuluekin bat etorriz.

4. Agindu honek izaera administratiboa du, eta ez dakar berekin eskumenaren titulartasunaren lagapena, ezta haren elementu substantiboena ere; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuaren giza baliabide propioekin garatuko denez, ez dago horretarako gastuaren aurrekontu-egozpenik.

5. Foru-agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.6 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

6. Foru-agindu honen berri jakinaraztea adierazitako pertsonei, eta foru-agindu hau helaraztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Azpiegituren Zerbitzuari, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari, Osasun eta Farmazia Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasun Zuzendaritza Nagusiari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2606839