Iragarkia
101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
44E/2026 EBAZPENA, apirilaren 22koa, zeinaren bidez onesten baita graduatu ondoko beka bat emateko deialdia. Beka Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Atalean aritzeko da, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduko tituludunentzat. DDBN kodea: 902631.
Idazkari tekniko nagusiaren ustez, interes orokorrekoa da unibertsitate-tituludunen prestakuntza sustatzea, eta, beraz, proposatzen du graduatu ondoko beka bat emateko deialdia egitea. Beka Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Atalean aritzeko da, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduko tituludunentzat, bai eta titulazio baliokidea edo goragokoa dutenentzat ere, baldin eta titulazio horrek barne hartzen baditu nekazaritza-laboreak ezagutzera bideratutako irakasgaiak.
Agindutako prestakuntza jarduera balio handiko esperientzia profesionala da, bide ematen diona bekadunari gaitasun teknikoak eskuratzeko honako arlo hauetan: lehen sektoreari aplikatutako estatistika, informazio geoerreferentziatuaren kudeaketa, landa-inguruneetako lana eta Foru Komunitateko landa-garapeneko eta ingurumeneko politiken ezagutza.
Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea graduatu ondoko beka bat emateko deialdia. Beka Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Atalean aritzeko da, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduko tituludunentzat, bai eta titulazio baliokidea edo goragokoa dutenentzat ere, baldin eta titulazio horrek barne hartzen baditu nekazaritza-laboreak ezagutzera bideratutako irakasgaiak. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta daude.
2. Gehienez ere 48.919,79 euroko gastua baimentzea, zeina egotziko baitzaie 2026ko gastuen aurrekontuko "700000-70100-4809-411103 Bekak" partidari, eta horren baliokide diren eta 2027ko, 2028ko, 2029ko ekitaldietan horretarako gaituko diren partidei, baldin eta horretarako kreditu egoki eta nahikorik bada, honela:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
2026ko aurrekontu orokorretako "700000-70100-4809-411103 Bekak" partida | 2026 | 11.841,03 |
2027ko aurrekontu orokorretako partida, 2026ko "700000-70100-4809-411103 Bekak" partidaren baliokidea | 2027 | 15.848,04 |
2028ko aurrekontu orokorretako partida, 2026ko "700000-70100-4809-411103 Bekak" partidaren baliokidea | 2028 | 15.908,04 |
2029ko aurrekontu orokorretako partida, 2026 "700000-70100-4809-411103 Bekak" partidaren baliokidea | 2029 | 5.322,68 |
GUZTIRA | 48.919,79 | |
Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguaren eta Gizarte Segurantzaren indarreko aginduari jarraikiko zaio, non garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren gaineko legezko arauak.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Atalari eta Langileria Atalari.
5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 22an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia, Tania Bernaldo de Quirós Miranda.
I. ERANSKINA.–DEIALDIA, BEKA BAT EMATEKO, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUKO LANDA ETA INGURUMEN ESTATISTIKAREN ETA INFORMAZIOAREN ATALEAN ARITZE ALDERA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea prestakuntza beka bat emateko, norgehiagokako araubidean, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduko tituludunentzat, bai eta titulazio baliokidea edo goragokoa dutenentzat ere, baldin eta titulazio horrek barne hartzen baditu nekazaritza-laboreak ezagutzera bideratutako irakasgaiak; beka Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuko Estatistika Atalean aritzeko izanen da, nekazaritzako elikagaien, basogintzaren eta ingurumenaren sektoreko estatistika-datuak bildu, tratatu eta aztertzearekin lotutako prestakuntza jarduerak egiteko.
2. oinarria.–Iraupena.
Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2026ko apirilaren 1etik 2027ko apirilaren 1era bitarte. Beka luzatzen ahalko da, Nekazaritzako Estatistiken Atalak eskatuta, iraupen bereko aldietarako eta gehienez ere hiru urte egin arte; betiere, aurrekontu-krediturik badago.
3. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.
Deialdi honetarako zenbatekoa 15.779,16 eurokoa da; 11.823,12 euro egotziko dira 2026ko gastuen aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura, eta 5.274,72 euro 2027ko aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada bi aurrekontuetan.
4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Beka izanen da hileko 1.250 euro gordinekoa, gehi hileko 63,68 euro, gizarte-segurantzako kuotari dagozkionak, edo horren zati proportzionala, kasua bada. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguaren eta Gizarte Segurantzaren indarreko aginduari jarraikiko zaio, non garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren gaineko legezko arauak.
Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. oinarria.–Tutoretzak.
5.1. Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Atalak tutore bat izendatuko du, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.
5.2. Tutoreak bekadunari aginduko dizkio egin beharreko lanak, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
6. oinarria.–Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
7. oinarria.–Betebeharrak.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaituak ez egotea.
d) Nafarroan bizitzea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Espainiako agintariek eman edo homologatutako titulu hauetako bat izatea:
i. Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua.
ii. Titulazio baliokidea edo goragokoa, baldin eta titulazio horrek barne hartzen baditu nekazaritza-laboreak ezagutzera bideratutako irakasgaiak.
Tituluak izan behar du deialdi hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko hiru urteen barruan lortutakoa.
f) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
g) B motako gidabaimena edukitzea.
h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.
i) Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
8. oinarria.–Balorazio baremoa.
Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, betiere, gutxienez 6 puntu lortzen dituzten izangaien artean.
Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak (20 puntu arte, gehienez ere):
8.1. Ikasketa espedientea (gehienez ere 9 puntu).
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituen kasuan, haien kalifikazioa zehazten ez denean, "nahikoa" gisa baloratuko dira. Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifikazioa izaten ahal duten kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
Ez dira baloratuko 1,5 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (4 puntuko eskalan).
Puntuazioa honela baloratuko da:
Atal honen emaitza izanen da 2 dezimaletara biribildutako puntuazioa (P), "x" zenbakiaren ordez espedienteko batez besteko puntuazioa jarri ondotik.
P = f(x) = | (x - 1,5)(puntu_bitartea) | + min |
nota_bitartea |
–Puntu_bitartea:
Atal honetan, berez, 3 puntu emanen zaizkie hasieratik espedientean 1,5 puntuko batez besteko nota dutenei, eta gainerako puntuak linealki banatuko zaizkio lortutako notari. Beraz, banatu beharreko gainerako puntuak 3tik 9ra bitartekoak dira; hortaz, bitartea da (9-3=6).
–Nota_bitartea:
Atal honetan kalifikatzen duten noten bitartea da 1,5etik 4ra bitartekoa. Beraz, tarte horren bitartea da (4-1,5=2,5).
–min:
1,5 puntuko kalifikazio zehatza dutenek puntuazio baliogabea lortzea saihesteko, ezartzen da 3 puntuko gutxieneko puntuazioa.
P = f(x) = | (x - 1,5)6 | + 3 |
2,5 |
8.2. Prestakuntza ikastaroak, egin beharreko lanarekin lotutakoak (gehienez ere 5 puntu):
Ez dira kontuan hartuko 15 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ezta beka eskatzeko frogatutako titulazioan jasotakoak ere (titulazio bat baino gehiago izanez gero, hemen sartzen ahal da titulazio osagarrian jasotako prestakuntza).
Baloratuko da prestakuntza ikastaroak edo ziurtapenak aurkeztea honako arlo hauetan; 0,5 puntu emanen dira 15 eskola-orduko, eta gehienez ere 5 puntu:
–Geografia-informazioko sistemak (GIS) eta kartografia:
- QGISen erabilera.
- Nekazaritzari, basogintzari edo ingurumenari aplikatutako analisi espaziala.
- Geruzen, ortoargazkien eta kartografia tematikoaren kudeaketa.
–Landa laneko datu bilketaren metodologia:
- datu bilketa nekazaritza- eta baso-ustiategietan.
- Nekazaritza- eta ingurumen-inkestak.
- GPSa erabiltzea gailu mugikorretan.
- Datuen balidazioa eta kalitate-kontrola.
–Nekazaritzako eta basogintzako ezagutza teknikoak:
- landare-ekoizpena eta hazkuntza-sistemak.
- Nekazaritza-ustiategien egitura.
- Oinarrizko baso-kudeaketa.
- Nafarroako landa-ingurunea eta lurraldea ezagutzea.
–Tresna informatiko teknikoak:
- Excel aurreratua / LibreOffice Calc.
- Estatistika-softwarea (R, SPSS, etab.)
- Python programazio-lengoaia.
- Datu-baseak eta informazioaren tratamendua.
–Txosten teknikoak egitea:
- txosten estatistikoak eta teknikoak idaztea.
- Emaitzak interpretatzea.
- Datuak eta ondorioak argi aurkeztea.
Beste prestakuntza batzuk: gehienez 0,1 puntu deialdiaren xedearekin bat datorren 50 orduko prestakuntzako.
Egiaztagirien kopiaren bidez frogatu beharko da prestakuntza. Aurkezten den dokumentazioan, egindako orduen edo kredituen kopurua agertu beharko da.
Jasotako prestakuntza egindako kredituen kopuruaren bidez frogatzen bada, prestakuntza eman duen entitateak egindako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, egindako kredituen orduko baliokidetasuna adierazten duena.
Administrazioak beretzat gordetzen du aurkezturiko dokumentuetako edozeinen jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia prozedurako edozein fasetan eskatzeko eskubidea.
8.3. Prestakuntza genero berdintasunean. (gehienez ere 1 puntu eskuratzen ahalko da)
Emakumezkoen eta gizonezkoen aukera berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza: 1 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
- 600 ordutik gorako prestakuntza: 1 puntu.
- 400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 0,75 puntu.
- 200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 0,5 puntu.
- 20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 0,25 puntu.
8.4. Bekak eta beste ikerketa proiektu batzuk (metagarriak, gehienez ere 3 puntu).
Lanbide jarduerak:
–Ikerketa bekak garatzea (eskatutako titulazioa egin bitartean edo gero): 0,5 puntu urte bakoitzeko.
–Ikerketa azterlan edo proiektuetan parte hartzea –8.2 epigrafean jaso gabeak–, garatu beharreko zereginei lotuta: 1,5 puntu urtebeteko iraupena duen ikerketa proiektu edo azterlan bakoitzeko.
Urteen kopurua ez bada osoa, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
8.5. Hizkuntzak (metagarriak, gehienez ere 2 puntu).
Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik, bai eta euskara ere; hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
–A2 maila: 0,20 puntu.
–B1 maila: 0,30 puntu.
–B2 maila: 0,5 puntu.
–C1 maila: 0,75 puntu.
–C2 maila: 1 puntu.
Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa-espedientearen 8.1 atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, 8.2 atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.
Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.
Esperientzia frogatuko da administrazio edo enpresa kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztuz; bertan, emandako zerbitzua eta datak adieraziko dira.
9. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.
9.1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
9.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), eta beharrezkoa izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako identifikazio digitaleko sistemaren bat izatea.
–Ziurtagiri digitala.
–NAN elektronikoa.
–NANa + Ogasuneko PINa.
–Cl@ve.
Modalitate honetan aurkeztutako eskaerei dagokienez, gomendatzen da "Oharrak" atalean adieraztea eskaera Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Atalari zuzentzen zaiola.

Bestela, aurrez aurre aurkezten ahalko dira eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.
9.3. Eskaera aurkeztu beharko da deialdiaren II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, agiri hauekin batera:
a) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia.
b) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.
c) Alegatutako merezimenduak frogatzeko dokumentazioa, dagokion oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
d) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo kopia soilaren bidez frogatuta.
e) Nortasun-agiri nazionalaren (NANa), atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZa) edo identifikazio-agiri baliokidearen kopia.
f) Nafarroan duela gutxienez urtebete bizi dela frogatzen duen erroldatze ziurtagiria.
g) B motako indarreko gidabaimenaren kopia.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
9.4. Epe barruan aurkeztutako eskaerak ez baditu betetzen betebeharrak, edo harekin batera ez bada aurkezten nahitaezko dokumentazioa, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena jakinarazi ondoren.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
9.5. Eskatzaileek helbide elektroniko bat eman beharko dute komunikazioetarako eta jakinarazpenetarako.
9.6. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarri guztiak onartzea.
9.7. Kudeaketa organoak edozein unetan eskatzen ahalko du aurkeztutako kopiak benetakoak direla egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak aurkezteko.
10. oinarria.–Ebaluazio batzordea: osaera eta bekak emateko prozedura.
10.1. Eskaerak jaso ondoren, ebaluazio batzordeak, instrukzio organoa den aldetik, ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari. Kide hauek izanen ditu:
–Batzordeburua: Elvira Torondel López. Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Ataleko burua.
–Batzordekidea: Enrique Labiano Zabalza. Nekazaritzako ingeniari teknikoa.
–Batzordekidea: Elena Zugasti Laseca. Nekazaritzako ingeniari teknikoa.
–Idazkaria: izendatzen den idazkaritza tekniko nagusiko administrazio publikoko teknikaria (adar juridikoa).
Batzordekideren bat ez badago edo gaixorik badago, ordezko izanen dira Landa eta Ingurumen Estatistikaren eta Informazioaren Ataleko beste batzuk, deialdi honetan eskatzen den titulazioa edo goragokoa dutenak.
10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
10.3. Lortutako puntuazioaren arabera lehena den izangaiari beka ematea proposatuko du ebaluazio batzordeak, eta organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, zeina loteslea izanen baita.
10.4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ebazpen bidez emanen da beka.
Ebazpenak adieraziko du nori eman zaion, eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.
10.5. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.
10.6. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
10.7. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.
10.8. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.
11. oinarria.–Jabetza intelektuala.
Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.
12. oinarria.–Jardueraren hasiera eta uko egitea.
12.1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan. Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.
12.2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak betetzea.
13. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
13.1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen).
13.2. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
d) Onuradunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.
e) Onuradunek egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko dute. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.
14. oinarria.–Onuradunaren eskubideak.
14.1. Onuradunari tutore bat esleituko zaio, zeinak eginkizun zehatzak ezarriko dizkion, ordutegiak finkatuko dituen eta begiratuko duen bekadunek betebeharrak eta jarduerak betetzen dituzten, haren ardura izanen baita bekadunak gainbegiratzea.
14.2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
14.3. Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.
14.4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.
15. oinarria.–Kalte-ordainak.
Bekadunek eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.
16. oinarria.–Kalteengatiko erantzukizuna.
Administrazio Publikoa izanen da bekadunek beren prestakuntza jardueran beste batzuei eragiten dizkieten kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunek dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izaten ahal duten erantzukizuna eskatzea.
17. oinarria.–Bekaren amaiera.
Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:
a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.
b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.
c) Bekari probetxurik ez ateratzea.
d) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
18. oinarria.–Araubide juridikoa.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
19. oinarria.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
II. ERANSKINA.–LANDA ETA INGURUMEN ESTATISTIKAREN ETA INFORMAZIOAREN ATALERAKO PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIA
DATU PERTSONALAK | ||
Lehen deitura: | Bigarren deitura: | |
Izena: | NANa: | |
Jaioteguna: | Lekua: | |
Helbidea: | ||
Herria: | PK: | |
Telefonoa: | Helbide elektronikoa: | |
IKASKETA DATUAK | ||
Titulazioa | ||
Noiz eman eta/edo eskatu zen titulua: | ||
Zein urtetan hasi zuen karrera: Zein urtetan bukatu zuen karrera: Batez besteko nota: | ||
Unibertsitatea: | ||
PRESTAKUNTZA IKASTAROAK | ||
Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: | ||
Lan profesionala: Entitatea: Denbora: Bekaldiak: Entitatea: Denbora: Proiektua: Entitatea: Denbora: | ||
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluko betebeharren gaineko adierazpena:
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeari dagokionez, adierazten dut ez nagoela artikulu horretan bekaren onuradun izateko ezarri diren debeku-egoeretatik bakar batean ere.
Iruñean, (e)ko aren (e)(a)n
ESKATZAILEAREN SINADURA
Iragarkiaren kodea: F2606400
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
