Iragarkia
101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2142E/2026 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntza bat deitzea onesten baita, eta 2026rako gastua baimentzen, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta enplegua sustatzeko, enpresa horietan inbertsioak eginda. DDBN kodea: 883317.
Laneratzeko eta gizarteratzeko enpresek jarraipena egin eta babesa zein laguntza emateko bidea ematen dute. Horiei esker, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan diren pertsonek ohitura sozial eta laneko ohitura batzuk hartuko dituzte, eta, hortaz, lana topatzeko aukera gehiago izanen dituzte, ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko jarduera ekonomiko baten bidez.
Deialdi honen helburua da enpresa horiei dirulaguntza batzuk eskuratzeko aukera ematea, inbertsioak egiteagatik. Horrek aukera emanen die epe luzera handitzeko, errentagarritasuna hobetzeko eta lehiakor izaten jarraitzeko, eta, horrez gain, eragiketa batzuk zabaldu ahal izanen dituzte, baita produktu eta zerbitzuak berritu, arriskuak dibertsifikatu eta baliabideak optimizatu ere.
2025-2028 aldirako Nafarroako Enplegu Planaren 1. helburua honako hau da: enplegu-zerbitzuak eskatzen dituzten langileen eta langabeen enplegagarritasuna hobetzea, eta enplegua lortzeko dituzten aukerak handitzea. 1.5 esku-hartze eremua, zehazki, honi buruzkoa da: enplegu babestua sustatzea enplegu-zentro berezietan eta laneratze enpresetan. Ildo horretan, 2025-2028 aldirako Enplegu Politika Aktiboen Planak ekintza bat proposatzen du laneratze enpresen jasangarritasuna mantentzeko neurriak bilatzeko.
Deialdi honetan oinarri arautzaileak bildu dira, zeinak prestatu dira bat etorriz azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan jasotako irizpideekin. Jarduera ekonomikoa gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak (ibilgetua, makinak, informatika, altzariak edo ibilgailuak) diruz lagungarriak izanen dira. Proiektu guztien artetik baloratuko dira, bereziki, enplegua sortzeari, enpleguaren kalitateari eta ondoko laneratzeari bultzadarik handiena ematen dieten horiek.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du dirulaguntzak kasuan-kasuan onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz emanen direla, eta oinarri horiek eta dagokion deialdia modu ofizialean argitaratu behar direla. Foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen du, orobat, dirulaguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubidea izanen dela.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2026rako dirulaguntzen deialdia onestea Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko.
2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 210.000 euroko gastua baimentzea, 2026rako gastuen aurrekontuko "Gizarteratze eta laneratze enpresetan inbertsioak egiteko laguntzak" izeneko 950001 96100 7709 241206 (E) partidaren kargura, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresei dirulaguntzak emateko, enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten dituzten inbertsioetarako. DDBN: 883317.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta jarduketa esparrua.
Oinarri hauen xedea da Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei, inbertsioak egiteagatik, dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, haien lehiakortasuna indartzeko eta jarduera gara dezaten eta enplegua sor dezaten laguntzeko.
Oinarri hauen babesa izateko, Gizarteratze eta Laneratze Enpresek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak.
2. Jarduketa diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak izanen dira enplegua sortzen edo ekonomia-jarduera berriak sortzen laguntzeko egiten diren inbertsioak.
3. Enpresa onuradunak.
3.1. Gizarteratze eta laneratze enpresak izan daitezke oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun, kalifikazio hori behin-behinekoz jasotzen dutenetik aurrera.
4. Enpresa onuradunen betebeharrak.
4.1. Enpresa onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezartzen diren debekuetatik bakar bat ere ez urratzea. Hori "erantzukizunpeko adierazpen" baten bidez frogatu beharko du dirulaguntza eskatzen duen entitateak edo zentroak.
5. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
Diruz lagundu ahal izateko, inbertsioek beharrezkoak izan behar dute, eta jarduera gauzatzeko soilik erabiltzekoak. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Azaroaren 1etik urriaren 31 bitarte egindako inbertsioak izatea, eta urte bereko azaroaren 5a baino lehen ordainduak izatea.
b) Inbertsio kontzeptu bakoitzerako gutxieneko zenbatekoa ezartzen da, 400 eurokoa (BEZa kenduta) unitate bakoitzeko, ulertuta unitatea dela multzo homogeneo funtzional bat eta ez haren elementuak edo zatiak.
c) Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak ere finantzatzea, gutxienez inbertsioaren %20 jarrita.
6. Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Aurreikusitako gastu diruz lagungarriak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, ordaindu eta frogatuko dira fakturen edo froga-balio bera duten kontabilitate agirien bidez.
Dirulaguntza honen ondorioetarako, ibilgetuan kontzeptu hauetan egiten diren inbertsioak joko dira gastu diruz lagungarritzat:
a) Ibilgetua egokitzea edo moldatzea.
b) Makineria eta tresnak.
c) Ekipo informatikoak. Telefono mugikorrak ez dira sartzen.
e) Altzariak.
f) Aplikazio informatikoak edo lizentziak erostea, baldin enpresaren jarduerari loturik badaude zalantzarik gabe. Ez dira sartzen hurrengo urteetako mantentze lanak.
g) Ibilgailuak.
Industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak bakarrik joko dira babesteko modukotzat, hau da, beren fitxa teknikoan ezarrita duten sailkapen kodearen hasiera 03, 04, edo 06 ez dutenak.
6.2. Ez dira ibilgetuetako inbertsiotzat joko "renting" edo "leasing" bidez finantzatzen direnak, ezta aplikatzekoak diren zergen likidazioagatik dagokion zenbatekoa ere.
6.3. Eskuratzen diren ondasunak berriak edo bigarren eskukoak izaten ahalko dira; azken kasu horretan, hornitzailea erabilitako ondasunak saltzen edo egokitzen diharduen enpresa izan beharko da; bestela, 3 eskaintza aurkeztu beharko dira, aukera ekonomikoena hautatzen dela frogatzeko. Ondorio horietarako, eskuratzen diren eraikin eta bestelako eraikuntza erabiliak aktibo finko material berritzat joko dira.
6.4. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina entitate ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Kontu horiek justifikatzeko, dagozkien oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Horretarako, fakturen, aurrekontuen edo inbertsioaren proformako fakturen fotokopiak aurkeztuko dira, bai eta hornitzailearen hautaketa egiaztatzen duen azalpen-agiri batena ere.
7. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80koa ere izaten ahal da, eta 10.500 eurokoa gehienez, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa bakoitzeko.
Hortik aurrera oraindik kreditu eskuragarririk baldin badago, soberako kopurua lortutako puntuen proportzioan banatzen ahalko da, gehienez 10.000 euro entitate bakoitzeko, betiere %20ko gutxieneko finantza-kidetza portzentajea eta 14 e) oinarrian baloratutako tartea errespetatuz.
8. Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.
8.1. Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa bakoitzak inbertsioetarako laguntza eskaera bakarra aurkezten ahalko du.
8.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Organo kudeatzaileak, oinarri hauetan ezarritakoa kontuan harturik, eskatutako aldi osorako onartuko du dirulaguntza.
Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako eskaerarik.
8.3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.
8.4. Eskaera aurkezteak berekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZek entitate eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.
Orobat, berekin dakar baimena ematea beste administrazio publiko batzuek kontsulta eta egiazta ditzaten entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa). Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, aipatutako pertsonaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.
9. Non aurkeztu.
Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuz.
10. Aurkeztu beharreko agiriak.
10.1. Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak jaso nahi dituzten enpresek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Egin beharreko inbertsioaren proiektua (III. eranskina), informazio hau adierazita:
–Ondasuna eskuratzearen, enpresaren jardueraren eta eskuratze horren beharraren justifikazioaren arteko lotura azaltzen duen memoria.
–Kontzeptu diruz lagungarrien zerrenda, egin beharreko inbertsioaren proformako fakturak erantsita edo, inbertsioa egina badago eskaera aurkeztu aurretik, haien fakturak erantsita.
–Sortutako edo sortu beharreko lanpostuen kopurua, dirulaguntzen xedeko epean, eta inbertsioak enplegua sortzearekin duen loturaren justifikazioa.
–Errolda-ziurtagiria, hala badagokio, 14 a) oinarrian ezarritakoaren arabera.
–Adierazi zenbat pertsona laneratu behar diren, 14 c) oinarrian ezarritakoaren arabera.
–Azaltzea, zehatz-mehatz, zer negozio-ildo berri aurreikusten diren, baldin halakorik bada.
–Zentroaren finantzaketa berekiaren ehunekoa.
b) Erantzukizunpeko adierazpena:
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. (I. eranskina).
–Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik ez duela eskatu dioen berariazko adierazpena, hala bada; orobat, helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari idatziz jakinarazteko konpromisoa ere. Adierazpen horretan, halaber, laguntza-eskaeraren aurreko hiru urteetan jasotako "de minimis" araubideko laguntza guztiak jasoko dira, bai eta eskatutakoak ere, baldin eta ebatzi zain badaude. (II. eranskina).
c) Lehenago Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik ez badu inoiz jaso, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izeneko inprimakia, banku entitateak behar bezala betea.
10.2. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.
11. Dirulaguntza emateko prozedura.
11.1. Norgehiagokakoa izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.
11.2. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 14. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.
11.3. Berdinketa gertatuz gero, 14. oinarriaren arabera, a) irizpidean puntuaziorik altuena duen entitateak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, c) irizpidean puntu gehien lortu dituenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, b), e) eta d) irizpideetan puntu gehien lortu dituztenek izanen dute lehentasuna, hurrenkera horretan. Berdinketak jarraitzen badu, dirulaguntzaren eskaeraren egunen eta orduen hurrenkerak ezarriko du lehentasuna.
11.4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, organo emaileak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta oinarri hauetan ezarritako gainontzeko baldintzak betetzen baditu.
11.5. Instrukzio organo eskudunak aukera emanen dio lehentasun ordenaren arabera dirulaguntza guztia lortzen ez duen eskatzaileari proiektua berriz formulatzeko; hori eginda, puntuazio bera lortzen jarraitu beharko du balorazioan.
12. Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.
Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.
Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren eskaerak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.
Balorazio Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:
–Batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.
–Batzordekidea: Enpleguko Inklusioaren Ataleko burua.
–Batzordekidea: Enpleguko Inklusioaren Ataleko teknikari bat.
–Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
13. Prozeduraren ebazpena.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:
–Entitate onuradunen zerrenda.
–Ukatutako eta onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, aurrekontu-izendapenik ez egoteagatik ukatu direnak berariaz adierazita.
–Lortutako puntuazioa eta eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.
–Guztira onartutako diru kopurua.
Eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
14. Baloraziorako irizpideak.
Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:
a) Enplegua sortzea: 25 puntu gehienez.
10 puntu emanen dira enpresak diruz laguntzen ahal den aldian kontratatu duen edo kontratatzeko asmoa duen langileetatik bazterketa egoeran dagoen langile bakoitzeko.
Ekitatea bultzatzeko eta enpresek, neurriaren arabera, kontratatzeko duten erraztasuna orekatze aldera, kontratatutako pertsona horiengatik enpresak lortzen dituen puntuen batura biderkatuko da zuzenketa-faktore batez (jarraian adieraziko da), eta hori izanen da apartatu honetako guztizko puntuazioa.
Enpresaren neurria zehazteko, kontuan izanen da gizarteratzeko zenbat langile dituen urriaren 31n.
GIZARTERATZE BIDEAN DIREN LANGILEAK | ZUZENKETA-FAKTOREA |
1-4 langileko enpresak | 1 |
5-10 langileko enpresak | 0,9 |
11-30 langileko enpresak | 0,8 |
30 langile baino gehiagoko enpresak | 0,7 |
Kontratazio horiek gizarteratze -prozesuan diren langileen kopurua handitu behar dute kontratatzen diren hilabetean.
Horretarako, aztertuko da enpresak gizarteratze-prozesuko zenbat langile dituen kontratazioa egin den hilabetearen azken egunean, eta gisa horretako zenbat langile zeuzkan 2025eko urriaren 31n. Baldin gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa egun horretatik aurrera kalifikatu badute halakotzat, kontuan hartuko da gizarteratze-prozesuko zenbat langile zituen enpresak behin-behinekoz kalifikatu zuten unean.
Beste 5 puntu gehitu ahal izanen dira, baldin eta kontratatutako pertsonetako bat 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean erroldaturik badago kontratazioaren unean. Bost puntu horiei ez die eragingo enpresaren tamainaren araberako zuzenketa-faktoreak, eta gehienez ere 25 puntu batzen ahalko dira.
b) Sortutako enpleguaren kalitatea: 10 puntu.
Gehienez ere 10 puntu emanen dira a) letran adierazitakoaren arabera kontratatu diren pertsonekin sinatutako kontratuengatik, betiere horien hasierako batez besteko iraupenak kontuan hartuta, eta taula honen arabera:
12-23 hilabete | 4 puntu |
24-36 hilabete | 10 puntu |
c) Gizarteratzea eta laneratzea: 20 puntu gehienez ere.
5 puntu emanen dira gizarte-bazterketako egoeran dagoen pertsona bakoitzeko, baldin eta gutxienez 3 hilabeteko lan-kontratua sinatu badu, aurreko 15 egunetatik zenbatzen hasita, eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresan baja eman ondoko 15. egunera arte. Kontuan hartuko dira epe diruz lagungarrian gertatu diren laneratzeak.
Ekitatea bultzatzeko eta enpresek, neurriaren arabera, kontratatzeko duten erraztasuna orekatze aldera, kontratatutako pertsona horiengatik enpresak lortzen dituen puntuen batura biderkatuko da zuzenketa-faktore batez (jarraian adieraziko da), eta hori izanen da apartatu honetako guztizko puntuazioa.
Enpresaren neurria zehazteko, kontuan izanen da gizarteratzeko zenbat langile dituen urriaren 31n.
GIZARTERATZE ETA LANERATZE BIDEAN DIREN | ZUZENKETA-FAKTOREA |
1-4 langileko enpresak | 1 |
5-10 langileko enpresak | 0,9 |
11-30 langileko enpresak | 0,8 |
30 langile baino gehiagoko enpresak | 0,7 |
Ez da laneratze kasutzat joko laneratzeko ibilbidea jarraitzeko kontratatzen den langilearen kasua.
d) Jarduera berriak sortzea: 5 puntu.
Inbertsioak jarduera berri bat sortzea helburu duenean 5 puntu emanen dira; hau da, negozio-ildo berriak sortzea helburu duenean.
e) Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak ere proiektua finantzatzea: 20 puntu gehienez.
–Enpresak inbertsioaren %21 eta %30 bitarteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.
–Enpresak inbertsioaren %31 eta %40 bitarteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.
–Enpresak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 20 puntu.
Irizpide horiek aplikatuta 25 puntura iristen ez diren proiektuak ezetsi eginen dira.
15. Onuradunen betebeharrak.
Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.
c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, dirulaguntza ematen denetik, non eta entitate onuradunak ez duen ezinbesteko arrazoiren bat justifikatzen. Kasu horretan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahikotzat jo beharko ditu arrazoi horiek ebazpen baten bidez. Inbertsioa erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.
Era berean, balorazioa egiteko aintzat hartu diren lanpostu berriak kontratua egin eta bi urtez bederen mantendu beharko dira. Baldin kontratatutako pertsonari baja ematen bazaio, beste pertsona batek ordeztu beharko du hilabeteko epean, baja hartu duen pertsonaren baldintza berberetan. Ordezkatze hori jakinaraziko da.
d) Dirulaguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan nahiz onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan, eta bereziki inbertsioa mantentzeari buruzkoetan, edozein aldaketa izanez gero, haien berri ematea gertatu eta hilabeteko epean.
e) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten diren adierazpen guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela agertu beharko da, eta araudian ezarritako publizitate betebehar guztiak bete beharko dira.
f) NL-NEZi komunikatzea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Komunikazio hori egiteko 15 eguneko epea egonen da, laguntza lortzen edo helburuak aldatzen diren unetik, eta justifikazioa egiteko epea bukatu baino lehen jakitera eman beharko da betiere.
g) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak 4 urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, dirulaguntzaren justifikaziotik hasita. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, NL-NEZi igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.
h) Laguntzen jarraipena egiteko behar den informazio guztia NL-NEZi eta kontrolerako beste edozein organismo eskuduni ematea, behar diren kontrolak onartzea eta dagokion auditoreari laguntzea.
i) Gardentasun betebeharrak:
i.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauetako bat gertatzen bada:
1) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa urteko 20.000 eurotik gorakoa izatea.
2) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZi zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako; ez guztizko batura.
16. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
Dirulaguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:
16.1 Emandako dirulaguntzaren %50eko ordainketa partzial bat egiten ahalko da inbertsioa egiteko epea bukatu baino lehen, enpresak justifikatzen badu aurreikusitako inbertsioaren %50 egin eta ordaindu duela.
16.2. Erakunde onuradunak osorik gauzatutako inbertsioa justifikatu ondoren.
Ordaintzeko eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzearen adierazpena (I. eranskina).
–Bestelako laguntzei eta "de minimis" araubideko laguntzei buruzko adierazpena (II. eranskina).
–Egindako inbertsioaren memoria zehatza.
–Gastuen zerrenda. Horrekin batera, fakturen kopiak eta dagozkien ordainagiriak aurkeztu beharko dira, hau da, banku-transferentziak, karguak edo banku-laburpenak. Txekea ez da onartzen ordainagiri gisa.
–14. oinarrian ezartzen diren eta baloratu diren kontzeptuen justifikazioa.
–2. eskuko ondasunen kasuan: egiaztagiri bat aurkeztu beharko da, zeinetan adierazten baita ezen hornitzailea enpresa bat dela, erabilitako ondasunak saltzen edo egokitzen dituen enpresa bat; edo, halakorik ez bada, 3 eskaintza aurkeztu beharko dira.
Erakundeak ordaintzeko eskaera eta agiriak aurkeztu beharko ditu uneko urteko azaroaren 5a baino lehen. Epez kanpo aurkeztuz gero, kobratzeko eskubidea galduko du interesdunak.
17. Jarraipena eta kontrola.
Onuradunek honako egiaztapen lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharrekoak, behar diren finantza-kontrolekoak eta legez bidezko diren gainerakoak.
Inbertsioaren ondorioz sortutako lanpostuak mantentzen diren ikusteko jarraipen berezia eginen da.
Egiaztapen horiek egin ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ixteko behar den ebazpena emanen du.
18. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Inbertsioetarako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako Nafarroako Gobernuak ematen ahal dituen bestelako laguntza edo dirulaguntzekin. Bateragarriak izanen dira beste edozein entitatek emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin; kontuan hartu beharko da, betiere, haien zenbatekoak ezin izanen duela egindako inbertsioaren %100 gainditu.
19. Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.
19.1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
19.2. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatzen ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.
19.3. Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa komunikatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du.
19.4. Inbertsio proiektuan proposatu eta balorazioan aintzat hartutako zerbait betetzen ez bada, emandako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, edo, kasua bada, dagokion ordainketa egitea galaraziko du. Ez-betetze horiengatik, dirulaguntzaren %2 kenduko da balorazioan oker esleitutako puntu bakoitzeko.
19.5. Baldin 15. oinarriko c) eta d) puntuetan adierazitako ordezkatze edo jakinarazte epeak betetzen ez badira, jasotako zenbatekoen %5 itzuli beharko da, dagozkion interesekin batera.
19.6. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren ondoriozko betebeharrak betetzen ez badira, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu.
20. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
20.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
20.2. Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
21. Publizitatea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
22. "De minimis" araubidea.
22.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2832 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresei emandako "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 750.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipaturiko erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
22.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste "de minimis" laguntzak aitortu behar dituzte.
23. Onetsitako proiektuen aldaketak.
23.1. Proiektuak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu aurretik, horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, haietarako baimena eman dezan.
Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Proposatutako aldaketa hasi baino lehen aurkeztu beharko da.
23.2. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, NL-NEZek ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko duena, kasua bada, egindako aldaketen garrantziaren proportzioan betiere.
Aldaketa ez funtsezkotzat jotzen bada, organo kudeatzaileak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.
24. Araudi osagarria.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2606265
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
