2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURCHANTE
Gutxieneko zerbitzuak, Pequeños Gigantes de Murchante haur-hezkuntzako eskolarako ezarritakoak, 2026ko maiatzaren 7rako deitutako greba orokorra dela-eta
EBAZPENA, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak emana, 2026ko maiatzaren 7rako gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena Pequeños Gigantes de Murchante 0-3 urte bitarteko haur-hezkuntzako eskolarako, egun horretarako deitutako greba orokorra dela-eta.
Macario Manuel Jarauta Simón, Murchanteko Udaleko alkate udalburua.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira; hala xedatu du Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro.
Pequeños Gigantes de Murchante 0-3 urte bitarteko haur-hezkuntzako eskolako zuzendariak aditzera eman du eskolako langile guztiek dutela greba egiteko asmoa, eta horren berri eman du 2026ko maiatzaren 5ean Murchanteko Udaleko sarrera-erregistroan aurkeztutako 602. eskabidearen bidez.
Botere publikoei dagokie bermatzea hezkuntzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak, eta, hori helburu, prebentzio-neurriak ezarriko dituzte, eta behar diren zerbitzuak emanen direla ziurtatuko dute. Izan ere, greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek ezin dira babesik gabe geratu.
Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, bermatzea funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.
Hori dela-eta, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetatuz betiere, gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea ere bermatuta egon dadin, horrela betez Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak.
Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, jarraikiz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da behar diren neurriak hartzea oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).
Horrenbestez, kontuan hartuz honako hauek xedatutakoa: Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoak, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 58.b) artikuluak; eta eman zaizkidan eskudantziak erabiliz, hots, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 h) artikuluak emandako eskudantziak,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Ondotik azaltzen diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira, Pequeños Gigantes de Murchante 0-3 urte bitarteko haur-hezkuntzako eskolan zerbitzuak ematen dituzten langile guztiek eginen duten greban:
a) Zuzendaria.
b) Hezitzaile bat, lanaldi osoan.
c) Hezitzaile bat, lanaldi erdian.
d) Garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat, lanaldi osoan.
Bigarrena.–Lehen zenbakian aipatu gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzua ematen ez badute edo hartan edozein aldaketa eginez gero, legearen kontrakotzat joko da ondorio guztiekin, eta zerbitzua bete ez edo hura aldatzen dutenek erantzukizuna izanen dute; hori guztia bat etorriz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin.
Hirugarrena.–Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
Laugarrena.–Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren ediktu-taulan, eta honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.
Bosgarrena.–Ebazpen honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Murchanten, 2026ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Macario Manuel Jarauta Simón.
Iragarkiaren kodea: L2606651