2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MIRANDA ARGA
Ordenantza, Ordezko betearazpenen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Miranda Argako Udalak, 2026ko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituen ordenantza (2026ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 17an).
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez).
Miranda Argan, 2026ko maiatzaren 7an.–Alkatea, M.ª Pilar Ibero Pérez.
ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA BETEARAZTEKO AGINDUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua.
Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz (delako legea martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen tasa eta prezio publikoen arloan).
Zerga-egitatea
2. artikulua.
1. Zerga-egitatea da honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea:
a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea, baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek –edo pilaketaren arduradunek– kentzeko agindua bete nahi ez edo horren aurka egiten badute.
b) Betearazteko aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa eta, oro har, Udalaren ordenantzak nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpen-eginbideak.
c) Obren udal-lantaldearen zerbitzu bereziak, partikularrek eraginak.
2 Ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzuak ez izan interesdunek eskatuak, interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek edo, bereziki, haien mesederako diren horiek, eta, orobat, ondasunak berreskuratzeko presa dela medio eman beharreko zerbitzuek, edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio.
3. artikulua.
Udalak zilegi izanen du, betiere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Presako kasuetan, eta kontratazio-araudian xedaturikoarekin bat, udal-zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.
Tasaren sortzapena
4. artikulua.
Ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten den momentuan berean, eta zilegi da eskatzea ordaindu daitezela konturako nahiz zatikako likidazioak.
Subjektu pasiboa
5. artikulua.
Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hots, honako hauek:
a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egitateen erantzuleak, bai eta zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.
b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.
c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.
Zerga-oinarria
6. artikulua.
Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:
a) Betearazteko agindua: egin beharreko obraren baloraziotik helduko dena.
b) Ordezko betearazpena: egin den exekuzioaren kostu osoa, honako hauen arabera zehaztua:
1.–Zerbitzu egitean parte hartzen duten pertsonen lanaren kostua, barnean direla zuzendaritza-, zaindaritza- eta kontrol-zerbitzuak.
Arkitekto, aparejadore edo kasuan kasuko teknikarien elkargoak tarifatutako ordainsariak dituzten bestelako teknikarien esku-hartzea beharrezkoa bada, kasuan kasuko lanbide-elkargoaren tarifa ofizialen arabera zehaztuko da zerga-oinarria.
Gainerakoetan, langileek zenbat denbora egin eta zer kategoriatakoak izan, halakoxea izanen da haien kostua, zerbitzu egiteko unean indarra duten soldaten arabera baloratua.
2.–Baliabide material suntsikorren kostua, Udalak erosi dituen kostuan baloraturik, erakunde hornitzaileen fakturetan oinarrituta.
3.–Udalak laguntza edo zerbitzua enpresa pribatu batekin kontratatu badu, enpresa pribatuak aurkezten duen faktura edo likidazioa egotziko da, aldez aurretik Udaleko teknikari eskudunek aztertu eta txostena egin ondoren.
Kudeaketa-arauak
7. artikulua.
Obren kasuan, Udalak zilegi izanen du kautelazko likidazioak aldez aurretik egitea, tasen zenbateko zenbatetsien adinakoak. Ordainarazpena eta bilketa ordenantza fiskal orokorrean jasotako moduan eginen dira. Obrak burututakoan, tasak likidatuko dira, eta, soberakinik bada, eskatu edo bihurtuko dira.
Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek pertsona edo erakunde erantzuleen artean zatitu edo banatzea edo, erabiltzaile nahiz errentari gisa, borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.
Arau-hauste eta zehapenak
8. artikulua.
Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aitzinean; hori guztia, kontuan harturik zer dagoen xedatuta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan.
Azken xedapena.–Indarrean sartzea.
Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta indarrean egonen da harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluak indarrean izanen dira.
TARIFEN ERANSKINA
I. epigrafea.–Betearazteko aginduak.
Karga-tasa izanen da hirigintzako lizentzien tasendako ezarritakoa.
II. epigrafea.–Ordezko betearazpenak.
Tasa izanen da zerga-oinarriaren %125.
Iragarkiaren kodea: L2606725