Iragarkia
101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
41E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, deialdi hau onesten duena: "Laguntzak, euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko 2026. urtean". DDBN kodea: 902569.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.
Legezko eginbehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik dituen eginkizunetako bat da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea informazioaren eta komunikazioaren teknologietan eta sare sozialetan, eta Nafarroan hori garatzeko programak abiaraztea, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.
Horrenbestez, komenigarritzat jo da 2026. urtean euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko laguntzak ematea, norgehiagokako araubidearen prozedura baliatuz.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: "Laguntzak, euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko 2026. urtean".
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002-B3200-4709-334102: (E) Laguntzak, euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko | 2026 | 50.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Aholkularitza Atalera, Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
LAGUNTZAK, EUSKARAZKO BIDEOAK SORTU ETA SARE SOZIALETAN ZABALTZEKO 2026. URTEAN
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da arautzea nola eman euskararen erabilera sustatzeko laguntza batzuk, zeinen helburua izanen baita Nafarroan kokatutako enpresek, autonomoek eta profesional liberalek euskarazko bideoak berariaz sortu eta sare sozialetan zabaltzea 2026. urtean.
Euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko proiektuak, eta proiektuei dagozkien gastuak, 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 1era bitarte (bi egunak barne) gauzatu beharko dira.
Honako hauek ez dira dirulaguntzaren xede izanen:
a) Beste helburu baterako sortutako bideoen zatiak.
b) Eduki ez-originalak edo plagiatuak.
c) Nagusiki merkataritzari eta politika edo hauteskunde arloko gaurkotasunari loturiko helbururen bat duten edukiak.
d) Industria diskografikoko musika-bideoak edo bideoklipak.
e) Balio demokratikoen kontra doazen edukiak.
f) Non argitaratu diren, plataforma horretako erabilera arauak erabiltzen ez dituzten edukiak.
g) Beste deialdi batzuetan dirulaguntza jaso duten proiektuak.
2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Profesional eta enpresa hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:
a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.
b) Zuzenbide pribatuko pertsona juridikoak, irabazi-asmoa dutenak (merkataritza-sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko bestelako edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitatea).
Pertsona edo entitate horiek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta egon behar dute eta helbide fiskala bertan izan.
2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisikoek eta enpresek ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZa) epigraferen batean alta harturik egon beharko dute eskaera aurkezteko unean; alta emanda egotearen gaineko agiriak kasuan kasuko udalak eman beharko du, edo, kasua bada, subjektu pasibo gisa salbuetsita dagoela egiaztatu beharko da.
2.3. Nortasun juridikorik ez duten entitateek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.
2.4. Dirulaguntzaren hartzaileen artetik kanpo utzi dira:
a) Nafarroako administrazio publikoak, baita haren erakundeak, entitateak, fundazioak edo mendeko partzuergoak ere.
b) Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.
c) Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden enpresa edo profesionalak.
e) Zehapen administratibo irmoak edo kondena-epai irmoak betetzen ari diren entitateak, edo zehapen edo kondena-epai bat bete zain daudenak, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak egiteagatik edo onartzeagatik.
3.–Aurrekontu-baliabideak.
Deialdi honetara bideratutako aurrekontua 50.000 eurokoa da, zeina ordainduko baita 2026ko aurrekontuko partida honen kargura: B30002 B3200 4709 334102 "(E) Laguntzak, euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko".
4.–Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.
4.1. Laguntzen modalitateak eta zenbatekoa:
Bideoak sortzea eta zabaltzea lagunduko da diruz, honako modalitate eta zenbatekoekin bat:
A modalitatea: Pertsona fisikoak. Modalitate honek 30.000 euroko zuzkidura du.
B modalitatea: Pertsona juridikoak. Modalitate honek 20.000 euroko zuzkidura du.
Pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak euskarazko bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko proiektu bakar bat aurkeztuko du. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa onartutako aurrekontuaren %100 artekoa izan daiteke, baina inola ere ez 5.000 eurotik gorakoa.
Modalitateetako batean soberakinik bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten beste modalitateko eskatzaileen artean banatuko da.
4.2. Gastu diruz lagungarriak:
Gastu diruz lagungarriak izanen dira bideoak sortu eta sare sozialetan zabaltzeko proiektuaren garapenarekin lotura dutenak, inbertsioak ez badira:
a) Langile gastuak: proiektuari egotziko zaizkio langileek proiektuan benetan emandako denboraren araberako gastuen parte proportzionalak.
b) Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.
c) Ekoizpen gastuak: gidoia, diseinua, soinua, argiak eta bestelakoak, diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta daudenak.
d) Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta komunikaziorako gastuak.
e) Dirulaguntzaren xedearekin zuzenean lotutako beste gastu batzuk, proiektuari proportzioan egozten ahal zaizkionak eta balorazio batzorde teknikoaren oniritzia dutenak.
Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu edo konpentsatu ezin den kasuetan izan ezik.
5.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Pertsona juridikoek telematikoki aurkeztu beharko dituzte eskaerak nahitaez, eta pertsona fisikoek, ahal dela, ere bai (edo, bestela, 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz), Nafarroako Gobernuaren atarian gaituta dagoen izapide elektronikoaren bitartez. Identifikatzeko ziurtagiri digitala eduki beharko da:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskarazko-bideoak-sortzeko-eta-sare-sozialetan-zabaltzeko-laguntzak-enpresentzat-eta-profesionalentzat
5.2. Dirulaguntza eskaera osorik betetzen ez bada edo eskatzen den nahitaezko dokumentazio guztia erantsi ez bada, entitate interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren dokumentuak aurkezteko, hamar egun balioduneko epean zuzenketa errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Halaber, adieraziko zaio, zuzenketa egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatuko dela dagokion ebazpena eman ondoren.
5.3. Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta agiriak ere, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz tratatuko dira: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta gainerako legeria aplikagarria. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.
5.4. Honako agiri hauek eskatuko dira eskaera aurkezteko unean:
a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).
b) Ziurtagiria, kasuan kasuko Udalak emana, frogatzen duena ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZa) alta hartuta dagoela eskaera aurkezteko unean, edo, kasua denean, subjektu pasibo gisa salbuetsita daudela egiaztatu beharko dute.
c) Eskatzailea pertsona fisikoa edo juridikoa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:
a. Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, kasua bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakiarena, hurrenez hurren.
b. Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.
c. Merkataritza sozietateen kasuan: eraketa eskrituraren kopia edo, kasua denean, estatutuen aldaketarena, eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren eta identifikazio fiskaleko kodearen kopiak.
d) Egoitza fiskala eta soziala Nafarroan dutela frogatzen duen agiria (edo Euskarabideari inguruabar hori egiaztatzeko baimena ematea).
e) Proiektuaren deskripzio-memoria (II. eranskina).
6.–Baloraziorako batzorde teknikoa.
Prozeduraren instrukzioa Aholkularitza Atalak eginen du; eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, norgehiagokako araubidean, eta baloraziorako batzorde teknikoak egindako ebaluazioa aintzat hartuta, ebazteko proposamena emanen du.
Baloraziorako batzorde teknikoak aztertuko ditu aurkeztutako eskaerak, teknikoki eta aurrekontuaren aldetik egokiak diren begiratuta, eta baloratu eginen ditu. Batzordearen irizpena loteslea izanen da, eta honako hauek osatuko dute:
–Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu izanen dena, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Aholkularitza Ataleko burua edo hark eskuordetutako pertsona.
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat.
–Aholkularitza Ataleko teknikari bat, idazkari lanetan arituko dena; hitza eta botoa izanen ditu.
Balorazio batzordeak kanpoko aholkularitza teknikoa jasotzen ahalko du; kanpoko aholkulariek dirulaguntza eskaerei buruzko aholkularitza teknikoa emanen dute, eta hitza izanen dute, baina botorik ez. Halaber, eskaerak behar bezala baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu.
7.–Eskaerak baloratzeko baldintza orokorrak eta irizpideak.
Aurkeztutako proiektuek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Bideoak euskaraz sortuko dira oso-osorik (salbuespena izan daitezke beste hizkuntza batzuetan egindako aipamen puntualak).
b) Proiektuak gutxienez 20 segundo irauten duen 3 bideo hartuko ditu barne gutxienez (bideoen gehieneko iraupena kasuan kasuko sare sozialak ezarritakoa izanen da).
c) Bideoak bi sare sozialetan zabaldu beharko dira, gutxienez.
d) Bideoek euskarazko azpitituluak izanen ditu txertaturik.
e) Aipatu beharko da bideoak sortzeko laguntza jaso dela Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuarengandik eta Nafarroako Gobernuarengandik (bideoak deialdia argitaratu baino lehen sortu badira, zilegi izanen da horiek editatzea aipamena eransteko).
Aipatutako baldintza orokor horiek ez betetzea deialditik baztertua izateko arrazoia izanen da.
Bi modalitateetako proiektuak 50 puntuz baloratuko dira gehienez ere, eta deialditik kanpo geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.
Baloraziorako batzorde teknikoak aurkeztutako proiektuen deskripzio memoriak aztertuko ditu (II. eranskina), eta proiektu bakoitzari puntuazio bat esleituko dio, 0 eta 50 puntu bitartekoa, honako balorazio irizpide hauei jarraikiz:
a) Grabazioaren kalitatea (bideoa eta audioa) 5 puntu gehienez.
a. Irudiaren kalitatea: 3 puntu gehienez.
b. Soinuaren kalitate teknikoa: 2 puntu gehienez.
b) Eginen diren bideoen kopurua. Gutxieneko hirugarren bideotik aurrera, 3 puntu emanen dira bideo bakoitzeko, gehienez ere 15 puntu arte.
c) Bideoak sare sozialetan zabaltzeko plana. Puntu bat emanen da bideoa zabalduko den sare sozial bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu arte.
d) Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa: 15 puntu gehienez.
e) Proiektuaren helburu komunikatiboak (baloratuko da balio demokratikoak, parekideak, inklusiboak eta aisialdi osasungarrikoak hedatzea): 5 puntu gehienez.
f) Bideoaren eduki linguistikoaren kalitatea eta kantitatea: 5 puntu gehienez.
a. Hizkuntza akatsik ez egotea: 2 puntu gehienez.
b. Bideoaren edukiaren euskarazko portzentajea: 3 puntu gehienez.
Baloraziorako batzorde teknikoak zilegi izanen du proposamen batzuk ez onartzea, baldin eta originaltasun falta atzematen bazaie edo beste proposamen batzuekin antzekotasun nabarmena badute, ekonomikoki bideraezinak edo inkoherenteak badira argi eta garbi edo haien eduki linguistikoa eskasa bada.
8.–Laguntza emateko ebazpena.
Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta, halaber, deialdiaren fitxan argitaratuko da.
Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, administrazio-prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
Ustezko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, administrazioaren isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio-prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: plangintza@navarra.es.
9.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsona edo entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoek izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
b) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
c) Dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik eta 2026ko azaroaren 9ra arte, honako hauek aurkeztea, ahal dela erregistro telematikoaren bitartez:
a. Proiektua diruz lagundutako aldian zehar garatu izanaren memoria, proiektuaren justifikazio ekonomiko xehea barne hartzen duena. Memoria horretan jaso beharko dira egindako bideoak zabaltzeko sare sozialetan egindako argitalpenetarako estekak.
b. Egindako gastuak justifikatzeko faktura bateratua (BEZa kanpo). Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.
Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei gastuen, diru-sarreren edo dirulaguntzen banku-ordainketen jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.
10.–Dirulaguntza ordaintzea.
Organo kudeatzaileak 9. oinarrian eskatutako dokumentazioa berrikusi ondoren, behar bezala justifikatu diren laguntzen zenbatekoak ordainduko dira, inskripzio-orrian zehaztutako kontu zenbakian (I. eranskina).
11.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.
12.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
13.–Oinarri arautzaileen eranskinak.
a) I. eranskina: Eskaera-orria.
b) II. eranskina: Proiektuaren deskripzio memoria.
Inprimakien ereduak tramiteen katalogoko fitxan daude eskuragarri:
Iragarkiaren kodea: F2606346
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
