2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARAITZ
Hirigintza-ordenantza, berotegiak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Araizko Udalak, 2026ko urtarrilaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Araizko udalerriko berotegiak arautzen dituen hirigintza-ordenantza.
Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta 2026ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 24an, eta Udalaren iragarki-taulan. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu, eta, ondorioz, ordenantza behin betiko onetsita gelditu da.
Osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Araitzen, 2026ko apirilaren 17an.–Alkatea, José Manuel Zubillaga Muguerza.
HIRIGINTZA-ORDENANTZA, ARAIZKO UDALERRIKO BEROTEGIAK ARAUTZEN DITUENA
Zioen azalpena
Hirigintza-aholkularitza jaso ondoren, ikusi da definizio nahasiak daudela instala daitezkeen berotegiei buruz, eta indarrean dagoen planeamenduan ez dagoela definizio egokirik.
1. artikulua. Helburua.
Hori dela eta, ordenantza honek berotegien erregulazioa ezarri nahi du, indarrean dagoen planeamenduaren puntu batzuk osatzeko eta/edo zehazteko eta, horrela, gaizki-ulertuak saihesteko. Gainera, egokitu nahi da egungo egoerara, une historikora eta lekura.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Udalerri osoari dagokio aplikazio-eremua, indarrean dagoen planeamenduan zehaztutakoaren arabera (hurrengo puntuan zehazten da).
3. artikulua. Indarrean dagoen araudia (berotegiei dagokienez).
3.1. Lurzoru urbanizaezina:
43. artikulua. Erabilera eta jarduera bateragarrien taula lurzoru urbanizaezinean.
ERABILERA ETA JARDUERA BATERAGARRIEN TAULA LURZORU URBANIZAEZINEAN | BABESTU BEHARREKOA | INGURUMEN ALDETIK BALIOA DUEN LURZORUA | NATURA ALDETIK USTIATZEKO BALIOA DUEN LURZORUA | KULTUR BALIOA DUEN LURZORUA | PAISAIA ALDETIK BALIOA DUEN LURZORUA | ARRISKUEI AURREA HARTZEKO LURZORUA | AZPIEGITURETARAKO LURZORUA | GORDE BEHARREKOA | INGURUMEN ALDETIK BALIOA DUEN LURZORUA | NATURA ALDETIK USTIATZEKO BALIOA DUEN LURZORUA (ibarretako laboreak eta larreak) (1) (9) | KULTUR BALIOA DUEN LURZORUA | NATURA ALDETIK USTIATZEKO BALIOA DUEN LURZORUA (goi-mendiko larreak eta ekoizpen-balioko basoak) (9) | GARAPEN EREDUA ZAINTZEKO LURZORUA | AZPIEGITURETARAKO LURZORUA | JARDUERA BEREZIETARAKO LURZORUA |
Erabilerak eta eraikuntzako jarduerak | | | | | | | | | | | | | | | |
Berotegi desmuntagarriak | | PR | PR | PR | PR | PR | -- | | A(5) | A | PR | A | -- | A | A |
ERABILEREN ETA JARDUEREN SAILKAPENA: P. Jarduera baimenduak. A. Jarduera baimengarriak. PR. Jarduera debekatuak. (1) Kategoria honetan Intzako Landa Auzo Tradizionala izenekoa dago zedarriturik. (5) Jarduera debekatuak azaleratze eta malkarretan. (9) Gordeko dira nekazaritza eta abeltzaintza arloko erabilerari tradizioz lotutako elementuen ezaugarriak, non ezaugarri nagusiak baitira larreak eta zuhaitz sakabanatuko zuhaiztiak, heskaiak edo lauzaz eginiko itxiturak. |
45. artikulua. Eraikuntzako jarduerak eta erabilerak. Etxebizitzarik gabeko eraikuntzak.
A.–ERAIKUNTZA MOTAK. ZERRENDA.
6.–Mintegiak eta berotegi desmuntagarriak.
B.–MOTAK ERAIKUNTZA BERRIETAN. EZARPENERAKO BALDINTZAK.
6.–Mintegiak eta berotegi desmuntagarriak.
Mintegiak: lursail batean landareak eta zuhaitzak landatu eta hazi egiten dira behin betiko tokira aldatu aurretik. Horretarako, lursailaz gainera, daitekeena da igeltserotzako hormatxoz eta kristalez egindako eraikuntza txikiak behar izatea.
Berotegi desmuntagarriak: landareak hotzetik babesteko plastikoak edo bestelako elementuak dituzte, behin-behinekoak eta desmuntagarriak; ez dute igeltserotzako hormarik.
Lurzatiaren gutxieneko azalera = 300 m².
Lurzatiaren gehieneko okupazioa = %50.
3.2. Hiri-lurzorua - Eraikingintza-ordenantza.
3.2.1. 1. ordenantza partikularra. G1 eraikingintza-multzoa - BABESTU BEHARREKOA (5. artikulua) 11. eransk. Eraikuntzarik gabeko eremu pribatuak.
Baimentzen dira berotegi desmuntagarriak, baldin eta ez badute inpaktu negatiborik eragiten kokapenagatik, tamainagatik, itxuragatik edo garbitasun-egoeragatik.
3.2.2. 2. ordenantza partikularra. G2a eta G2b eraikingintza-multzoak- BIRGAITZEA / BERRITZEA eta BIZITEGI ERAIKUNTZA BERRIA (6. artikulua). 9. eransk. Eraikuntzarik gabeko eremu pribatuak.
Baimentzen dira berotegi desmuntagarriak, baldin eta ez badute inpaktu negatiborik eragiten kokapenagatik, tamainagatik, itxuragatik edo garbitasun-egoeragatik.
4. artikulua. Definizioak.
4.1. Berotegia: prestatutako barrutia, non aldatu gabe mantentzen baitira tenperatura, hezetasuna eta gainerako giro-baldintzak, mesede egiteko landareen hazkuntzari eta hazien ernetzeari.
UNE-EN13031-1 Berotegiei buruzko Europako Arauaren arabera, berotegitzat hartzen da landareak lantzeko eta/edo babesteko erabiltzen den egitura bat, eguzki-erradiazioa baldintza kontrolatuetan transmititzen laguntzen duena, landareak garatzeko giroa hobetze aldera, eta pertsonak barnean lan egin ahal izateko tamaina duena, nekazaritza-jarduerak egite aldera.
4.2. Berotegi desmuntagarria: egitura arin eta eramangarria duen berotegi bat; haren elementuak behin-behinekoak edo desmuntagarriak dira.
5. artikulua. Berotegiek bete behar dituzten ezaugarri partikularrak.
5.1. Berotegiak paratzea baimenduko da, baldintza hauekin:
Araitzen berotegi desmuntagarriak soilik baimenduko dira, baldin eta ez badute inpaktu negatiborik eragiten kokapenagatik, tamainagatik, itxuragatik edo garbitasun-egoeragatik (Udalaren irizpideen arabera).
Berotegiek gehieneko azalera hauek izanen dituzte:
Lurzoru urbanizaezinean, berotegiak nekazaritza-jarduera bati lotuta daudenean, gehieneko azalera arautuko da orain arte bezala, 45. artikuluan definitzen denaren arabera:
Lurzatiaren gutxieneko azalera = 300 m²; lurzatiaren gehieneko okupazioa = %50.
Lurzoru urbanizaezinean eta hiri-lurzoruan, berotegiak autokontsumorako berotegiak direnean: 50 m².
Berotegiaren gehieneko garaiera, kanpoaldetik, tokirik garaienean (gailurra), izaten ahalko da 3,5 metrokoa. Forma onargarriak: tunel erakoa edo bi isurkikoa.
Estaldurako material onargarriak: polietilenoa (plastikoa) edo polikarbonatoa, kolorerik gabekoak eta gardenak, igeltserotzako irtengunerik gabe.
Berotegiak ez du zimendurik izanen, ainguratzeak soil-soilik.
6. artikulua. Izapidetzea.
6.1. Berotegiak < 15 m² baditu.
Eskabideak egin beharko dira baliatuz erantzukizunpeko adierazpenaren eta/edo aurretiazko komunikazioaren prozedura, zeina arauturik baitago uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: deskribapena, aurrekontua eta krokisa (kokapena, oinplanoa eta altxaera).
6.2. Berotegiak < 50 m² baditu, (Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legearen arabera, eraikuntzatzat hartzen ez direnak).
Eskabideak egin beharko dira baliatuz erantzukizunpeko adierazpenaren eta/edo aurretiazko komunikazioaren prozedura. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria:
–Memoria teknikoa, teknikari eskudun batek idatzia.
–Aurrekontu xehatua.
–Kokapen plano/krokis kotatua (muga, bide, eraikin, erreka eta abarretara bitarteko distantziak).
–Oinplanoaren, altxaeraren eta sekzioaren planoa/krokisa.
6.3. Berotegiak < 50 m² baditu.
Eskabideak egin beharko dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan araututako lizentziaren bidez (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Proiektu tekniko osoa, teknikari eskudun batek sinatua eta dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia.
7. artikulua. Ikuskapena.
Araizko Udalak begiratuko du ea berotegiek ongi funtzionatzen duten eta itxura ona eta garbitasun egokia duten, inpaktu negatiborik izan ez dezaten; orobat, ikuskapenak egiten ahalko ditu.
8. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.
Araizko Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoarekin (horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Iragarkiaren kodea: L2605745