Iragarkia
101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
246/2026 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez unitate administratibo batzuk sortzen baitira, Justizia Administrazioak Nafarroako Foru Komunitatean duen antolamendu esparruan eraturik geldituko direnak.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439. artikuluak, urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak emandako idazketan, unitate administratiboak sortzeko aukera ezartzen du, baldin eta, Bulego Judizialaren parte izan gabe, Justizia Administrazioaren antolamendu esparruan eratzen badira justiziako zerbitzu publikoaren funtzionamendurako beharrezkoak edo komenigarriak diren zerbitzuak emateko, hortik kanpo daudelarik Justizia Administrazioko kidegoetako funtzionarioei dagozkien eginkizun prozesalak.
Justizia arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek halako unitate administratiboak ezartzen ahalko dituzte, zein bere esparruan, honako eginkizun hauetan aritzeko, besteak beste: buruei laguntza emateko, giza baliabideak antolatzeko eta kudeatzeko –justizia arloan haien gaineko eskumena badute–, bai eta bitarteko informatikoak, teknologia berriak eta bestelako baliabide materialak antolatu eta kudeatzeko ere. Horretarako, autonomia-erkidegoei dagokie unitate administratibo horiek diseinatzea eta antolatzea, zehaztea kasuan kasuko administrazio publikoan nola txertatuko diren eta zer jarduketa esparru eta atxikipen hierarkiko izanen duten, bai eta lanpostuak ezartzea eta abian jarri eta funtzionatzeko behar diren kredituak esleitzea ere.
Manu horren 4. apartatuan xedatutakoaren arabera, Justizia Ministerioak eta eskumenak bereganatuak dituzten autonomia-erkidegoek zehaztuko dituzte unitate administratibo horietako lanpostuak, zein bere esparruan; eta lanpostu horiek betetzen ahalko dituzte Justizia Administrazioaren, Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoetako administrazioen zerbitzura dauden funtzionarioek, baldin eta lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badituzte.
Unitate administratiboetako lanpostuak Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden funtzionarioek betetzeko aukera hori ezarrita dago, halaber, aipatu lege organikoaren 520.1 artikuluan, baita 476.i, 477.f eta 478.h artikuluetan ere, zeinetan arautzen baitira, hurrenez hurren, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoen eginkizunak, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoenak eta Laguntza Judizialeko Kidegoenak.
Bestalde, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 521. artikuluan ezartzen da ezen, V. eta VI. liburuetan aipatzen diren kidegoetako funtzionarioak antolatzeko eta haiek kasuan kasuko unitateetan sartzeko, lanpostuen zerrendak onetsi beharko direla. Zerrenda horiek publikoak izanen dira. Horrez gain, xedatzen da zerrenda horiek aditzera eman beharko dituztela unitateetako lanpostu guztien kopurua, eta honako hauek jasoko dituztela: lanpostuaren izendapena, lekua, eskatzen diren baldintzak eta lanpostuaren osagarri orokorra zein berariazkoa. Azkenik, beste zehaztapen batzuk aipatzen dira, beharrezkoak eta aukerakoak, lanpostuen zerrendetan agertuko direnak edo agertzen ahalko direnak.
Justizia Administrazioak erronka handiak ditu aurretik, bai arlo teknologikoan bai antolakuntzakoan; horregatik da beharrezkoa Justizia Administrazioko kidegoetako langileez osatutako unitate administratiboak sortzea, Justiziako Zuzendaritza Nagusiari laguntza emateko esleitutako eginkizunak garatze aldera; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruko organo judizial eta fiskalei bitarteko informatikoak eta teknologikoak, giza baliabideak eta baliabide materialak ematen dizkio.
Azaldutako guztiagatik, oinarri harturik Justizia Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuko zuzendariak egindako proposamena, zeina prestatu baita Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen Negoziazio Mahai Sektorialean ordezkaritza handiena duten sindikatuekin negoziatu ostean, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan esleitutako eskumenak, honako hau ebazten dut: bi unitate administratibo sortzea –Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboa eta Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboa– Justizia Administrazioak Nafarroako Foru Komunitatean duen antolamendu esparruan, horien atxikipen funtzionala zehaztea eta lanpostuen zerrendak onestea, honako artikulu hauekin bat:
1. artikulua. Aplikazio-eremua.
Justizia Administrazioaren antolamendu esparruan eratu dira Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboa eta Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboa, eta beren eginkizunak garatuko dituzte Justizia Administrazioak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparruan dituen organoetarako.
2. artikulua. Atxikipen funtzionala.
Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboa, eginkizunei dagokienez, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Azpiegitura Judizialen Zerbitzuko Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikiko zaio.
Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboa, eginkizunei dagokienez, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuari atxikiko zaio.
Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako langileak, sortu berri diren unitate administratiboetan zerbitzu ematen badute, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuari lotuko zaizkio eskumenei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 471. artikuluan ezarritako baldintzetan.
3. artikulua. Eginkizunak.
1. Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboa lankidetzan arituko da Justizia Zuzendaritza Nagusiko Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalarekin, hots, laguntza emanen dio esleiturik dituen eginkizunetan, Justizia Administrazioari bitarteko informatiko eta teknologikoak emateari dagokionez.
2. Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboa lankidetzan arituko da Justizia Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuarekin, hots, laguntza emanen dio esleiturik dituen eginkizunetan, Justizia Administrazioaren antolakuntza eredua jarraitu, monitorizatu eta kontrolatzeari dagokionez, bai eta Justiziako giza baliabideak antolatu eta kudeatzeari dagokionez ere.
Bi unitate administratiboak osatzen dituzten lanpostuetako eginkizunen xehetasunak ebazpen honen III. eranskinean jaso dira.
4. artikulua. Lanpostuak betetzea.
Unitate administratiboetako lanpostuak Justizia Administrazioko kidegoetako langileek beteko dituzte, lanpostuen zerrendetan zehazten diren prozeduren bidez; zerrendak ebazpen honi erantsi zaizkio.
Antolakuntza aldetik dauden beharren arabera eta erabilgarri dagoen aurrekontuarekin bat beteko dira unitate administratiboetako lanpostuak.
5. artikulua. Langileen estatutu juridikoa.
Justizia Administrazioko langileek zerbitzu ematen badute Justizia Administrazioaren antolamendu esparruan sortu berri diren unitate administratiboetan, kide diren kidegoko estatutu eta araubide juridikoari eutsiko diote, lanaldiari, lan ordutegiari, baimenei, oporrei eta lizentziei dagokienez ere.
6. artikulua. Ordainsarien araubidea.
Justizia Administrazioko kidegoetako langileek Justizia Administrazioaren antolamendu esparruan sortu berri diren unitate administratiboei atxikitako lanpostuak betetzen badituzte, ebazpen honi erantsi zaizkion lanpostuen zerrendetan ezarritako ordainsariak jasoko dituzte.
7. artikulua. Lanpostuen zerrenda
Onesten dira Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboko eta Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboko lanpostuen zerrendak; ebazpen honen I. eta II. eranskinak dira.
Xedapen gehigarri bakarra.–Finantzaketa
Ebazpen honen bidez sortzen diren unitate administratiboak Justizia Administrazioaren aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, gastu aldaketarik egin gabe.
Azken xedapena.–Indarrean jartzea.
Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko apirilaren 30ean.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.
I. ERANSKINA.–JUSTIZIA ADMINISTRAZIOARI LAGUNTZA TEKNOLOGIKOA EMATEKO UNITATE ADMINISTRATIBOA
Kudeaketa zentroa: Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusia.
Autonomia-erkidegoa: Nafarroako Foru Komunitatea.
Udalerria: Iruña.
Destinoko zentroa: Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboa.
KOD. | LANPOSTUAREN IZENA | LANGILE | OSAGARRI | BERARIAZKO OSAGARRIA* | LANPOSTU | KIDEGOA | MAILA | SARBIDEA | JATORRIZKO | BETEBEHARRAK | BALORATUKO DIREN | OHARRAK |
Koordinatzailea | 1 | 4.390,20 3.732,36 | 16.910,74 14.426,63 | Berezia | Kudeaketa P. eta A. Izapidetze P. eta A. | B C | Izendapen askea | Justizia Adm. | 141, 184, 195, 218, 592, 593 | |||
Informazio sistemetako teknikaria | 2 | 4.390,20 3.732,36 | 16.119,22 13.635,11 | Berezia | Kudeaketa P. eta A. Izapidetze P. eta A. | B C | Berariazko lehiaketa | Justizia Adm. | 141, 184, 195 eta 593 | |||
(*) Koordinatzailearen lanpostuari esleitutako berariazko osagarriak 11 puntu ditu, eta informazio sistemetako teknikaren lanpostuari esleitutako berariazko osagarriak, 9 puntu; puntuaren balioa aurrekontu ekitaldi bakoitzerako ezarriko da. | ||||||||||||
Merezimenduak:
–Arlo hauetako ezagutzak.
141 Informatika.
184 Estatistika.
195 Proiektuen kudeaketa.
218 Administrazio-kudeaketa.
–Esperientzia:
592 Lantaldeen zuzendaritza.
593 Aplikazio informatiko judizialen kudeaketa.
II. ERANSKINA.–JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN BERRIKUNTZAKO ETA EFIZIENTZIAKO UNITATE ADMINISTRATIBOA
Kudeaketa zentroa: Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusia.
Autonomia-erkidegoa: Nafarroako Foru Komunitatea.
Udalerria: Iruña.
Destinoko zentroa: Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboa.
KOD. | LANPOSTUAREN IZENA | LANGILE KOPURUA | OSAGARRI | BERARIAZKO OSAGARRIA* | LANPOSTU | KIDEGOA | MAILA | SARBIDEA | JATORRIZKO | BETEBEHARRAK | BALORATUKO DIREN | OHARRAK |
Koordinatzailea | 1 | 4.390,20 3.732,36 | 16.910,74 14.426,63 | Berezia | Kudeaketa P. eta A. Izapidetze P. eta A. | B C | Izendapen askea | Justizia Adm. | 141, 184, 195, 218, 592, 593, 595, 596. | |||
Berrikuntzako eta efizientziako teknikaria | 1 | 4.390,20 3.732,36 | 16.119,22 13.635,11 | Berezia | Kudeaketa P. eta A. Izapidetze P. eta A. | B C | Berariazko lehiaketa | Justizia Adm. | 141., 195., 218., 593., 595. eta 596. artikuluak. | |||
Dokumentuen kudeaketako laguntzaile teknikoa | 1 | 3.732,36 2.804,52 | 13.635,11 13.005,48 | Berezia | Izapidetze P. eta A. Laguntza Judiziala | C D | Berariazko lehiaketa | Justizia Adm. | 141, 593, 597, 598. | |||
(*) Koordinatzailearen lanpostuari esleitutako berariazko osagarriak 11 puntu ditu, eta berrikuntzako eta efizientziako teknikariaren eta dokumentuen kudeaketako laguntzaile teknikoaren lanpostuei esleitutako berariazko osagarriak, 9 puntu; puntuaren balioa aurrekontu ekitaldi bakoitzerako ezarriko da. | ||||||||||||
Merezimenduak:
–Arlo hauetako ezagutzak.
141 Informatika.
184 Estatistika.
195 Proiektuen kudeaketa.
218 Administrazio-kudeaketa.
–Esperientzia.
592 Lantaldeen zuzendaritza.
593 Aplikazio informatiko judizialen kudeaketa.
594 Ikus-entzunezko baliabideak erabiltzea eta martxan jartzea.
595 Prestakuntza planen kudeaketa.
596 Prestakuntzako edukien kudeaketa.
597 Artxiboen kudeaketa.
598 Dokumentuen kudeaketa.
III. ERANSKINA.–EGINKIZUNAK
Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboa atxikirik dago, eginkizunei dagokienez, Azpiegitura Judizialen Zerbitzuko Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari, eta koordinatzaile lanpostu bat eta informazio sistemetako teknikarien bi lanpostu ditu; atal horrek berezko dituen eginkizunen garapenean lagunduko du, hots, Justizia Administrazioari bitarteko informatiko eta teknologikoak ematearekin loturiko eginkizunetan. Beraz, honako hauek dira berezko eginkizunak, etorkizunean ezartzen ahal direnak galarazi gabe:
–Koordinatzailea.
- Lantaldearen eginkizunak koordinatzea, bertsioen probei dagokienez bereziki.
- Justiziako Laguntza lantaldearekin eta Nafarroako Gobernuko Sistemen lantaldearekin koordinatzea eta komunikatzea, Avantiusen bertsio batzuetan atzemandako "bug" delakoak aztertu eta konpontzeko.
- Lankidetzan aritzea lantaldeak eratzeko eta laguntza ematea Avantiusen proiektu ebolutiboak definitzeko.
- Proiektuen Atalarekin komunikatzea eta artekari lanak egitea.
- Informazio sistemetako teknikariaren lanposturako ezarritako eginkizun guztiak.
–Informazio sistemetako teknikaria.
- Proiektuen Atalari laguntza ematea, identifikatzeko hobekuntza informatikoak ezarian-ezarian ezartzeko ekimenak Justiziako zerbitzu publikoaren egitura guztian.
- Ebolutiboetan kontuan hartu beharreko balizko hobekuntzak bideratzea, azter daitezen.
- Esleitzen zaizkion intzidentziak kudeatzea, intzidentziak epaitegi eta auzitegien kudeaketan laguntzeko informazio sistemetakoak direnean.
- Justizia Ministerioko tresnak: Acceda, SIRAJ.
- Enplegatu publikoaren ziurtagiriak. Ziurtagirien gaineko informazioa, nola lortu eta instalatu, eta antzekoak.
- Kudeaketa prozesaleko sistemaren bertsioak gainbegiratzea, onetsi eta abian jartzeko.
- Laguntza ematea eta lankidetzan aritzea, eginkizunei dagokienez, ebolutiboen gaineko bileretan eta kudeaketa prozesaleko sistema beste zerbitzu batzuekin bateratzeko bileretan, bai eta tresna berriak ezagutzeko "demo" delakoetan ere, eta ondoren erabiltzaileei informazioa ematea.
- Bertsioen probak egitea, zuzenketak, HF Avantiusen, eta erabiltzaileendako abisuak kudeatzea.
- Erabiltzaileei informazioa eta laguntza ematea bertsio aldaketak egin ostean: informazio oharrak, arreta telefonikoa eta beste.
- Avantius aplikazioaren akatsen (bug-ak) azterketa eta jarraipena egitea, kontrola egiteko eta ondoren, Tracasak, zuzenketa.
- Justiziako Zerbitzu Publikoaren egiturari laguntza ematea, informazio sistemen funtzionamenduari dagokionez.
- Avantiusen txantiloiak sortzea eta aldatzea, Gobernuko Idazkaritzaren protokoloaren arabera.
- Magistratuen edo legelarien altak eta bajak kudeatzea Avantiusen, hala titular berrien kasuan nola ordezkapenen kasuan.
- Arreta telefonikoa eta aurrez aurrekoa Avantius kudeaketa prozesaleko sistemaren gainean eta harekin zerikusia duten aplikazioen gainean (PSP, OJM) zalantzak dituzten erabiltzaileei. Epaiketa azkarren agenda kontuak.
- Herritarrek gai judizialen gainean egiten dituzten informazio- eta ziurtagiri-eskaerak kudeatzea.
- Proiektuen Atalari laguntzea Justiziako langileendako urteko prestakuntza planak gauzatzen.
- Lankidetzan aritzea, eskatzen zaizkion gaietan, Gobernuko Idazkaritzarekin.
- Proiektu informatikoen Jarraipen Batzordean jorratzen diren gaietan parte hartzea.
- Administrazio Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak eskatzen dizkion lantaldeetan parte hartzea.
- Gainbegiratzea Justiziako laguntza funtzionaleko lantaldearen eginkizunak eta tiketen kudeaketa.
- Avantiusen intzidentziekin loturiko HGTren tiketak kudeatzea: esku hartzen dutenen bateratzea/zuzenketa eta erabiltzaileek jakinarazitako akatsei buruzko tiketak irekitzea eta haien jarraipena egitea, azkar eta modu eraginkorrean konpon daitezen, batez ere lehentasunezko zerbitzuetan, guardiako eta erregistrokoan, esaterako.
- Erabiltzaileei informazioa ematea, ondoren, konponbideari buruz eta/edo kasu bakoitzerako planteatutako arazoari aurre egiteko aukerei buruz.
- Balioztatu daitezkeen intzidentzien azterketa egitea, konponbide teknikoa edozein dela ere.
- Proiektuen Atalak eskatzen dizkion txostenak egitea, Kudeaketa Prozesaleko Sistemari loturik edo eskatzen zaizkion beste tresna edo gairi buruz.
- Nafarroako organo judizialetan administrazio judizial elektronikoa garatzen laguntzea.
- Unitate partekatuan (X) erabiltzaileentzat eskuragarri dagoen informazioa kudeatzea: Avantius aplikazioari buruzko informazioa, guardietako egutegiak, Justizia Ministerioko aplikazioei buruzko informazioa eta Justiziako langileen ohiko lanerako jakingarria den bestelakoa.
Justizia Administrazioaren Berrikuntzako eta Efizientziako Unitate Administratiboa atxikirik dago, eginkizunei dagokienez, Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuari, eta koordinatzaile lanpostu bat, berrikuntzako eta efizientziako teknikariaren beste bat eta dokumentuen kudeaketako laguntzaile teknikoaren hirugarren bat ditu; zerbitzu horrek berezko dituen eginkizunen garapenean lagunduko du, hots, Justizia Administrazioaren antolakuntza eredua jarraitu, monitorizatu eta kontrolatzeari loturiko eginkizunetan, bai eta Justiziako giza baliabideak antolatu eta kudeatzeari loturikoetan ere. Beraz, honako hauek dira berezko eginkizunak, etorkizunean ezartzen ahal direnak galarazi gabe:
–Koordinatzailea.
- Unitate Administratiboaren lantaldea koordinatzea.
- NUMO (Antolamendu eredu berria) delakoaren adierazle gakoen jarraipena, azterketa eta txostenak egitea.
- Atal eskuduneko buruaren zuzendaritzapean, aginte-taulen monitorizazio eta jarraipen etengabea egitea, Justizia Administrazioak Nafarroan dituen bulego eta zerbitzuetan ezarritako antolaketa egituren jardunaren adierazle gakoen bidez.
- Aldian behingo txostenak egitea lortutako datuekin.
- Txosten horiek dagokion jarraipen batzordeetan aurkeztea, Zuzendaritzaren eskumenekoak diren erabaki estrategikoak edo taktikoak hartzen laguntzeko.
- Zuzendaritzak hartutako erabakien ondoriozko efizientzia- eta hobekuntza-proiektuak zuzentzea eta gauzatzea.
- Justizia Administrazioari Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboarekin koordinatzea (unitate hori Azpiegitura Judizialen Zerbitzuko Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikita dago, eginkizunei dagokienez).
- Atal eskuduneko buruaren zuzendaritzapean, Laguntza Teknologikoa Emateko Unitate Administratiboarekin koordinatzea bi unitateen esku dauden proiektuen kudeaketa eta haien jarraipena.
- Administrazio Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak edo bestelako Jarraipen Batzorde batzuek eskatzen dizkioten lantaldeetan parte hartzea.
- Unitate administratiboek funtzionarioei, entitateei, erakundeei eta Justizia Administrazioarekin harremana duten barneko zein kanpoko beste eragileei zuzentzen dizkieten komunikazio ekintzak koordinatzea.
- Informazio bilketa egitea barneko informazio-beharrei buruz (unitate administratiboak) eta funtzionarioen beharrei buruz (Justizia Administrazioak Nafarroan dituen bulegoak eta zerbitzuak).
- Aldizkako Komunikazio Plana gauzatzea, hala barnean nola kanpoan egin behar diren ekintzekin eta jakinarazi beharreko informazioekin.
- Datuak biltzea eta laguntza ematea zerbitzuko memoriak prestatzean.
- Esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak gauzatzea, Justizia Administrazioaren giza baliabideak antolatu eta kudeatzearekin lotura dutenean.
- Berrikuntzako eta efizientziako teknikariaren lanposturako ezarritako eginkizun guztiak.
–Berrikuntzako eta efizientziako teknikaria.
- Justizia Administrazioko Kidegoetako funtzionarioen prestakuntza planaren beharrak aztertzea, plana diseinatzea eta gauzatzea, eta haren jarraipena egitea.
- Atal eskuduneko buruaren zuzendaritzapean, justiziako langileek prestakuntza arloan dituzten beharrak aztertzeko ekintzak gauzatzea eta horiek aztertu eta baloratzea.
- Prestakuntza proposamenak diseinatzea (urteko prestakuntza plana prestatzea), Justizia Administrazioko langileen gaitasunak hobetzeko.
- Prestakuntza plana gauzatzea, ikastaroen fitxak prestatuz, hizlariak eta lekuak bilatzea eta deialdien berri ematea.
- Prestakuntza planaren jarraipena egitea, izen-emateak, gogobetetasunari buruzko inkestak eta emaitzen txostenak kudeatuz.
- Prestakuntzarako esleitutako aurrekontu partidaren kontrola eta jarraipena egitea.
- Koordinatzaileari laguntzea Justizia Administrazioak Nafarroan dituen bulego eta zerbitzuetan ezarritako antolaketa egituren jardunaren adierazle gakoen monitorizazio eta jarraipen etengabea egiten.
- Laguntza ematea organo horietan (aginte-taulak) aritzen diren langileen jardunaren adierazle gakoak aztertzen.
- Laguntza ematea jardunaren gaineko jarraipen-txostenak egiten.
- Organo horien efizientzia hobetzeko ezarri behar diren ekintzak proposatzea.
- Koordinatzaileari laguntzea unitate administratiboek funtzionarioei, entitateei, erakundeei eta Justizia Administrazioarekin harremana duten barneko zein kanpoko beste eragileei zuzentzen dizkieten komunikazio ekintzetan.
- Eskatzen zaion lantaldeetan parte hartzea, Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalarekin, Administrazio Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoarekin, edo antolamendu ereduari loturik sortzen diren beste proiektu batzuetan.
- Esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak gauzatzea, Justizia Administrazioaren giza baliabideak antolatu eta kudeatzearekin lotura dutenean.
–Dokumentuen kudeaketako laguntzaile teknikoa.
- Laguntza ematea Iruñeko Artxibo Judizial Nagusiko arduradunari.
- Laguntza ematea agiriak sortzen dituzten organo judizialei mailegurako, espedienteak itzultzeko eta dokumentazioa kontsultatzeko zerbitzuaren artan.
- Agiriak sorten dituzten bulegoetako dokumentazio-transferentzien espedienteak antolatzen, erkatzen, kutxetan sartzen eta gordailuko apaletan kokatzen laguntzea.
- Mailegatutako espedienteak aldizka berrikusten eta artxibo-gordailuko espazioak kudeatzen laguntzea.
- Dokumentazioa ateratzeko prestaketa lanetan laguntzea, Agiri Judizialak Suntsitzeko Batzordeak ebaluaturik fisikoki ezabatu behar direnean.
- Artxibo-gordailuetako inguru-baldintzak kontrolatzea eta agirien zainketa prebentiboko beste ohiko eginkizunak.
- Ikustaldien CD formatuko grabaketak egiaztatzen eta erkatzen laguntzea.
- Justiziako langileek duten ezagutza kudeatzea.
- Kontrola eta jarraipena egitea Justizia Administrazioko langileek behar den informazioa eduki dezaketen sareko unitateetan (prestakuntza bideoak, inprimakiak, eskuliburuak eta beste).
- Koordinatzaileari eta berrikuntzako eta efizientziako teknikariari laguntzea esleitzen zaizkion eginkizunetan.
- Esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak gauzatzea, Justizia Administrazioaren giza baliabideak antolatu eta kudeatzearekin lotura dutenean.
Iragarkiaren kodea: F2606614
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
