101. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151/2026 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Espartza Zaraitzuko eta Bidankozeko udal mugarteak aldatzeko espedientea hastea, jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako udalak sortu eta ezabatzeko prozesuak, baita beren mugarteak aldatzekoak ere, foru lege horretan eta berau garatuko duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

Arau horren 2. apartatuak adierazten du aipatutako prozesuetako xedeak hauek izan behar dutela:

"a) Udal eskumeneko zerbitzuen eskaintza hobetzea.

b) Kasuan kasuko toki entitateen kudeaketa ahalmena handitzea.

c) Udal mugarteak errealitate fisiko, demografiko, urbanistiko eta kulturaletara egokitzea.

d) Tokiko arazoetan herritarren partaidetza erraztea eta zerbitzuak benetan ematen direla bermatzea.

Era berean, arauaren hirugarren apartatuak xedatzen duenez, udalak sortu eta ezabatzeko prozesuek, baita mugarteen aldaketek ere, ezin izanen dute inoiz ere ekarri hirigune jarraitu bat udal mugarte batean baino gehiagotan zatitzea.

Arauaren 15. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du, halaber, udal mugarteak alda daitezkeela, besteak beste, udal bat edo batzuen lurraldearen zati bat banatu eta beste bati edo batzuei gehitzeko, eta 2. apartatuak, berriz, ezartzen du gisa horretako aldaketak egiteko beharrezkoa dela mugarteak mugakideak izatea.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du udal mugarteak aldatzeko prozesua, 15.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, herritarren, interesdun diren udalen edo Nafarroako Gobernuaren ekimenez abiatu daitekeela. Ekimena abian jarri ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak jarraitu beharreko prozeduran honako hauek egin behar dira: espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean jartzea, ukitutako udal eta kontzejuei entzunaldia ematea epe horretan berean, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpena jasotzea, Estatuko Administrazioari horren berri emanda. Udal mugarteen aldaketaren gaineko ebazpena ematea Nafarroako Gobernuari dagokio.

Kasu honetan, proposatutako aldaketaren jatorria dago Espartza Zaraitzuk eta Bidankozek beren herri-basoak mugatzeko hartutako erabaki batzuetan. Erabaki horiek jaso ziren Zaraitzu Espartzako eta Erronkariko Ibaxaren Batzordeko herri-basoak mugatzeko erabakiaren aktan. Bi entitateek sinatu zuten 2020ko uztailaren 30ean, lekuko zirela Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko basozainak. Erabaki horietan, dena den, basoak mugatu ziren, ez besterik, eta erabakiok ez zuten izaera jurisdikzionalik. Hortaz, ez zuten eraginik izan inplikatutako udal mugarteetan.

Horiek horrela, 2025aren amaieran eta 2026aren hasieran, Espartza Zaraitzuk eta Bidankozek bilera batzuk egin zituzten, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren aholkularitzapean. Bilerotan hitzartu zuten basoei buruzko 2020ko erabakietan finkatutako lerroa izanen zela bi udalerrien arteko muga. Orobat, ezarri zen beharrezkoa zela landa-laneko beste jardunaldi bat egitea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko teknikariak gidatuta, zehaztasun kartografikoa emateko 2020an finkatutako lerroari.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren arabera, bilatzen den egokitzapen geometrikoak badu udal mugarteen aldaketaren izaera, batetik, dauzkan helburuengatik (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legearen 13.2 artikuluko b eta c letrak) eta, bestetik, apurtu egiten duelako indarrean diren titulu juridikoetan islatutako errealitatea.

Prozedura horrek, bada, soilik eraginen die 1928ko Mugaketa Akta Zaharrean jasotako hiru mugarte-marrei, eta akta horretako hiru nodo egituratzaileek indarrean jarraituko dute. Hortaz, ondoko udal mugarteak (Orontze, Ezkaroze eta Sartze) ez dira aldatuko, inplikatutako udalekin partekatzen dituzten mugarte-marrek beren jatorrizko tokian jarraituko baitute. Dena den, marra horien kokalekua zehaztu beharko da.

Bat etorriz Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), espedientean honako hauek bildu dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta, eta erregelamenduan eskatzen den gainerako dokumentazioa, bai eta proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6/1990 Foru Legearen 13., 14. eta 15. artikuluetan aldaketarako aurreikusitako oztopoetatik bat ere ez dagoenez, bidezkoa da espedienteari hasiera ematea eta jendaurreko tramitea eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitea betetzea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Horrenbestez, aurretik azaldutakoarekin bat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Espartza Zaraitzuko eta Bidankozeko udal mugarteak aldatzeko espedientea hastea.

2. Jendaurrean jartzea espedientea hori eta entzunaldia ematea Espartza Zaraitzuko, Bidankozeko, Orontzeko, Ezkarozeko eta Sartzeko udalei. Azkenik, entzunaldia emanen zaie Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalari.

3. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu entitateei entzunaldia emateko tramitearen epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Horrenbestez, espedientea aztergai egonen da Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Arrieta kalea 12-4.a, Iruña).

4. Ebazpen hau aipatutako entitate guztiei jakinaraztea, bai eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Atalari eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari ere.

5. Ebazpen hau Geografia Institutu Nazionalaren Eskualde Zerbitzuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian argitaratzea.

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-057.26.006

6. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari agintzea espedientearen instrukzioa bere gain har dezala hurrengo izapideetan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 7an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2606804