1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
28E/2025 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko monolitoa Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta inskribatzeko prozedurari.
Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du "Nafarroako Memoria Historikoaren Tokia" izeneko figura.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko erabakiarekin.
Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko inskripzioa egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta, hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aintzatespen berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.
Nafarroako Memoriaren Institutuaren iritziz, Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko monolitoak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien katalogoan sartzeko baldintzak betetzen ditu, eta, horregatik, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa deklaratu eta inskribatzeko prozedurari.
Vicente Lamberto eta Maravillas Lamberto aita-alabak, Larragako bizilagunak, 1936ko abuztuaren 15ean hil zituzten. Vicente UGTko afiliatua zen, eta armatutako bizilagun batzuek atxilotu zuten. Haren 14 urteko alaba Maravillasek harekin joan nahi izan zuen, zer gertatuko zitzaion jakin nahian. Deierrira eraman, Iruñela ingurura, eta bertan erail zituzten, egungo NA-120 errepideko 12. kilometrotik hurbil zegoen harizti batean. Krimen hartan ankerkeria nabarmeneko gertaerak daude: Maravillasen adina, ia haurra baitzen, baina horrek ez zuen salbu utzi erailketatik, ez eta hil aurreko bortxa sexualetik ere; dena aitaren aurrean gertatu zen; hilotzak tokian bertan utzi zituzten, ehortzi gabe, eta animaliek kaltetu zituzten... Inguru horretan, azaldutako erreferentzia batzuei jarraikiz, zenbait tokitan prospekzioak egin badira ere, gaur arte ez da posible izan haien gorpuak aurkitu eta desobiratzea.
2022an, Maravillasen jaiotzaren mendeurrenaren harira, Deierriko Udalak aho batez onetsi zuen monolito bat paratzea Ibirikun, eta Pello Iraizoz eskultoreari egin zion enkargua. Eskultura hori da Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu nahi den elementua.
Espedientean jasota daude Nafarroako Memoria Institutuaren proposamen txostena, bai eta txosten juridikoa ere, Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko monolitoa Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuarekin lotuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko monolitoa Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta inskribatzeko prozedurari, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2025-0004 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes araubidea mantenduko da deklaratu eta inskribatzeko espediente hau tramitatzen den bitartean. Nolanahi ere, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera araubidea, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
3. Inskribatzeko espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko beste prozedura bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
4. Ebazpen hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora, Nafarroako Memoriaren Institutura eta jakinaraztea Deierriko Udalari eta Ibirikuko Kontzejuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen direnetik hasita.
Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 14an.–Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.
ERANSKINA
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):
Ibiriku Deierri. Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko eskultura.
Katastroko erreferentzia: 310000000001665887HU.
Kodeak: 36-30-1-1.
Ondasunaren ukitutako zatiak:
Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko eskultura.
Zehaztapen kartografikoa (IDENA):
579937,4733207,709
579937,4733206,709
579936,4733207,709
Balioen identifikazioa:
Vicente eta Maravillas Lambertoren atxiloketak eta erailketak ezin hobeki erakusten dute matxinatuek 1936ko uztailean hasitako garbiketa politikoaren basakeria: batera ageri dira arrazoi politikoek egindako errepresaliak, emakumeen kontra baliatutako genero indarkeria espezifikoa, epaiketaz kanpoko erailketa, eta gorpuak abandonatuta uztea, ehorzketa klandestinoa bera ere ukatuta. Gertaera haien aurrean, gogoeta kritikoa eta salaketa egiteko arrazoiak daude II. Errepublikaren kontra altxatu zirenek erabili zuten bidegabeko bortxa izugarriaz, beren kontrario politikoak desagerrarazi beharreko etsaitzat hartu baitzituzten.
Titulartasuna:
Lursaila: Ibiriku Deierriko Kontzejua. IFKa: P3149200B.
Eskultura: Deierriko Udala. IFKa: P3126000C.
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:
Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.
Kautelazko babes-neurriak:
Ez dira behar.
Iragarkiaren kodea: F2505775