95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27E/2025 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta inskribatzeko prozedurari.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du "Nafarroako Memoria Historikoaren Tokia" izeneko figura.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Foru lege horren 2. artikuluko 1.c) eta 2. apartatuetan ezartzen denez, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien kategorietako batean sartuko dira Frankismoan preso egon zirenen bortxazko lanak baliatuz eraikitako herri-lanak, bai eta beste edozein toki ere, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, erakundeek eta administrazio publikoek gerora sortutakoa errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa.

Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko inskripzioa egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta, hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aintzatespen berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoriaren Institutuaren iritziz, Iruritatik Artesiagara doan errepideak eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskulturak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien katalogoan sartzeko baldintzak betetzen dituzte, eta, horregatik, bidezkoa da hasiera ematea biak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa deklaratu eta inskribatzeko prozedurari.

Errepide hori Pirinioak gotortzeko lanen parte izateko eraiki zen, tropak eta armak zeharkako haranen artean errazago mugitzeko, sarbide zaileko eremuetan. Errepide horiek eraikitzeko, preso errepublikarren bortxazko eskulana erabili zen. Preso horiek inolako prozedura judizialetan kondenatu ez bazituzten ere, erregimen politiko berriarekiko atxikipen falta leporatu zitzaien. Hala, Irurita-Artesiaga-Eugi errepidean, 15 kilometro baino luzeagoa den bide zatian, 18. eta 159. Langileen Batailoiak eta Soldadu Langileen 12. Diziplina Batailoia aritu ziren lanean 1939tik 1941era bitarte. 1.750 preso inguruk zulatu, pikatu eta zelaitu zuten mendate hori. Gehienak, %80 inguru, Valentzia aldekoak ziren, hainbat herritakoak. Barrakoietan bizi izan ziren, Meakakoan, adibidez.

2009an, Gerónimo de Uztariz Institutuaren, Memoriaren Bideak elkartearen eta Baztango Udalaren ekimenez, Iruritako herriarekin elkarlanean, Mikel Iriarte artistaren "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura paratu zen Artesiagako gainean. Artelanak Iruritatik Eugira doan errepidea eraiki zuten Frankismoaren presoak gogoratzen ditu, eta, horrekin batera, helburu du askatasunaren defentsan sufritu zuten pertsona guztiak omentzea, eta gogoratzea eta haiei erreparazioa eta eskerrak ematea. Elementu hori da Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu nahi dena.

Espedientean jasota daude Nafarroako Memoriaren Institutuaren proposamen-txostena eta txosten juridikoa, Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta Nafarroako Memoriaren Lekuen Erregistroan inskribatzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuarekin lotuta, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta inskribatzeko prozedurari, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2025-0003 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Behin-behinean, berehala eta zuzenean aplikatzea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritako babes araubidea. Babes araubidea mantenduko da deklaratu eta inskribatzeko espediente hau tramitatzen den bitartean. Nolanahi ere, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera araubidea, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatzeko espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko beste prozedura bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora, Nafarroako Memoriaren Institutura eta Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira.

5. Baztango Udalari eta Iruritako biztanle-entitate bakunari jakinaraztea, eta hilabeteko epea ematea entzunaldi publikorako, jakinarazpenaren egunetik hasita.

6. Ebazpen hau eta bere eranskina jakinaraztea Gerónimo de Uztariz Historia Ekonomiko eta Sozialaren Institutuari eta Memoriaren Bideak elkarteari, "Bidegabeko Bidea" eskulturaren sustatzaile diren aldetik, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen den egunetik hasita.

Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 14an.–Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

"Bidegabeko Bidea" eskultura. Artesiagako gaina.

Katastroko erreferentzia: 310000000001469635AF.

Kodeak: 73-1-E.

NA-1740 errepidea, Iruritatik Artesiagara, 0 km-tik 13. km-ra.

Katastroko erreferentzia.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

"Bidegabeko Bidea" eskultura.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

620071,4769603,805

620074,4769601,805

620072,4769598,805

620068,4769600,805

620071,4769602,805

Balioen identifikazioa:

Bortxazko lanak Francoren erregimenak errepresiorako gehien erabilitako moduetako bat izan ziren, eta ongi erakusten dute erregimenarekiko atxikipenik ez zuen pertsona oro zigortzeko asmoa zuela, pertsona haiek inolako deliturik egin gabeak baziren ere. Pirinioak gotortzeko zeharkako errepideak eraikitzeko lanetan aritutako presoen kasuetako bat da hau, Irurita eta Artesiaga arteko errepidean aritu ziren 1.750 presoena, bizi baldintza gordinak jasan zituztelako.

1939tik 1941era bitarte gertatutakoa gogoratzeko, eta aitortza eta erreparazioa eman nahian, "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura jarri zen Artesiagako lepoan, Baztango Udalak, Iruritako herriak, Gerónimo de Uztariz Institutuak eta Memoriaren Bideak elkarteak sustatuta.

Titulartasuna:

Lursaila: Baztango Udala - IFKa: P3105000H.

Eskultura: Geronimo de Uztariz Historia Ekonomiko eta Sozialaren Institutua - IFKa: G31145774.

Errepidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira behar.

Iragarkiaren kodea: F2505776