95. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Lagun egiteko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lodosako Udalak, 2025eko otsailaren 6an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lodosako udalerrian lagun egiteko animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia argitaratu zen 2025eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 25ean.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hala ere, adierazi behar da ordenantza honek ez duela ondorio juridikorik izanen harik eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2025eko apirilaren 10ean.–Alkatea, Laura Remírez Noguera.

ORDENANTZA, LODOSAKO UDALERRIAN LAGUN EGITEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

SARRERA

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, eta urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren bidez haren erregelamendu bidezko garapena egin zenetik, animaliak babesteko ordenantzak eguneratu behar izan dituzte Nafarroako udalek, araudi berri horren arabera egokitzeko eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.

Geroago, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legea Estatuan indarrean sartzeak are beharrezkoago egin du indarrean dauden araudi guztiak bat etortzea.

Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak edukitzeko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animaliekin edo udalerrian dauden hiriko animalien koloniekin pertsonek dituzten harremanak.

–Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:

Udalen betebeharrak:

a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatu ematea eta mantentzea, eta katu-koloniak kudeatzea.

b) Baldintzak ezartzea honetarako: lagun egiteko animaliak edukitzeko etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan.

c) Kontrolatzea eta zaintzea beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak, egiaztatzearren zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.

d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.

e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.

f) Sustatzea animalien babesari buruzko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.

–7/2023 Legeak, martxoaren 28koak, Estatuko Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babestekoak, honako hauek ere ezartzen ditu:

a) Administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen esparruan, animaliak babesteko lurralde programak onetsi beharko dituzte, lege horrek ezarritako baldintzetan.

b) Toki-erakundeek Animalien Babesari buruzko Estatistikaren prestaketa koordinatuko dute eskumena duen ministerio departamentuarekin eta Estatuko Administrazio Orokorreko gainerako organo eskudunekin, autonomia erkidegoekin eta Ceuta eta Melilla hiriekin, Espainiako gizartean animalien babesak duen egoera ezagutzeko, eta erabakiak hartzeko, hura ebaluatze eta hobetze aldera.

c) Udalei dagokie galdutako eta abandonatutako animaliak jaso eta artatzea, eta animalien babeserako zentro batean kokatzea. Horretarako, larrialdiko zerbitzu bat eduki beharko dute, animalia horiek jaso eta albaitaritza-arreta emateko, eguneko hogeita lau orduetan. Kudeaketa hori udal zerbitzu eskudunek edo entitate pribatuek zuzenean egiten ahalko dute, baina, ahal den guztietan, animalien babeserako erakundeekin lankidetzan egiten ahalko da.

d) Legedi autonomikoan beste aurreikuspenik ez badago, tokiko administrazioari eta, subsidiarioki, autonomia erkidegokoari dagokio kudeatzea eta zaintzea babesgabe dauden edo kalteberatasun egoeragatik haien jabeek artatu ezin dituzten animaliak, hargatik eragotzi gabe erakundeen laguntza izatea behar bezala erregistratutako animaliak babesteko.

e) Toki-erakundeek hiri faunaren populazio kontrol ez-hilgarria lehenetsiko dute animalia babesaren arloko jarduera planetan, eta animalien eskubideak bermatuko dituzte.

f) Toki-erakundeek beren gain hartuko dituzte lege horretan jasotzen diren katu kolonien arloan tokiko administrazioak dituen eginkizun guztiak.

g) Toki-erakundeetako organo eskudunei dagokie animaliak babesteko zentroetako instalazioak eta horietan ostatatzen diren animaliak ikuskatzea eta zaintzea (bai modu iraunkorrean, aldi baterako edo igarotze moduan) bai eta albaitaritza zentroak, nukleo zoologikoak, egoitzak, animaliak hazi eta saltzeko zentroak, animaliak hezi eta aldi baterako zaintzeko zentroak edo animaliak ostatatzen dituen beste edozein establezimendu ikuskatzea eta zaintzea ere, edozein direla ere aterpearen iraupena, xedea eta animaliak garraiatzeko enpresak eta animaliak garraiatzeko enpresak.

h) Zehatzeko ahalmena erabiltzea kasuan kasuko udaletako organo eskudunei dagokie. Udal agintariek zehapenak ezarri eta lege honetan jasotako neurriak hartzen ahalko dituzte arau-hausteak udal espazio publikoetan egiten direnean edo toki titulartasuneko ondasunei eragiten dietenean, betiere gaiaren gaineko eskumena badute legedia espezifikoaren arabera. Udal ordenantzek zehaztapenak edo mailakatzeak sartzen ahalko dituzte lege honetan tipifikatutako arau-hausteen eta zehapenen koadroan.

Betebehar horiek arautuko dira ordenantza hauetan, alde batera utzi gabe honako eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:

–Atariko tituluak ezartzen ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta ordenantza garatzeko aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.

–1. tituluak zeinahi animalia udalerrian edukitzeko araubidea ezarriko du, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak edukitzeko mugak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun arauak.

–2. tituluak animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak arautzen ditu.

–3. tituluak animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako xedapen gehigarriak garatzen ditu: lagun egiteko animaliak, zakur potentzialki arriskutsuak, laguntza-zakurrak, ekidoak eta beste kasu batzuk.

–4. tituluak udalerriko hiriko animalien koloniak arautzen ditu.

–5. tituluak ezartzen du ordenantza honen zehapen araubidea: zehaztuko du zer arau-hauste ekarriko dituzten ez-betetzeek, eta ezarriko ditu zehapenak, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.

ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA.–UDAL ORDENANTZAREN XEDEA, ESPARRUA ETA PRINTZIPIO GIDARIAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da osatzea animalien babesari buruz Europako arautegian eta Estatu nahiz erkidegoetako legedian ezartzen den lege esparrua, udalaren eskumenetatik eratortzen den araudia ezarriz, animalien babesa eta haien eta herritarren arteko bizikidetza arautzeko udal-mugartean.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza honetako preskripzioak udal-mugarte osoan aplikatuko dira, lurralde esparru osoan gauzatu dadin udalak arlo horretan duen eskumena.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Oinarrizko printzipio hauek gidatuko dute ordenantza:

–Bermatzea animalien babes eta ongizate mailarik handienak.

–Edukitze arduratsua bermatzea.

–Sustatzea herritarrek animalien defentsan eta babesean duten parte-hartzea.

–Osasun eta segurtasun baldintza egokiak bermatzea udalerrian.

–Animalien jabe edo arduradunen eta ez direnen arteko elkarbizitza egokia bermatzea.

4. artikulua. Herritarrentzako informazioa.

Udal agintariek dibulgazio eta heziketa kanpainak egin behar dituzte, herritarren artean honako printzipio hauek sustatzeko eta printzipio horien bete beharraz kontzientziatzeko:

1. Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legediak animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruari buruzko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.

2. Sentsibilizatze eta sustapen kanpainak, animaliak arduraz edukitzeko, aintzat hartuta animalien behar etologiko eta fisiologikoak; dibulgazio kanpainak animaliak txertatzeaz eta identifikatzeaz, eta kontrolik gabeko ugaltzea eta abandonuak saihesteko hartu beharreko neurriez; eta, halaber, adopzioak sustatzeko kanpainak, baimendutako animalien babes-zentroetan.

3. Animalien babesean aritzen diren eta Nafarroako Gobernuaren organo eskudunaren entitate laguntzaileen aitortza jaso duten elkarteekiko lankidetza ekintzak sustatzea.

II. KAPITULUA.–DEFINIZIOAK

5. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren hauek:

–Animalien ongizatea:

Animalia baten egoera fisiko eta mentala, bizi den eta hiltzen den baldintzei dagokienez, Animalien Osasunaren Munduko Erakundeak zehaztutako moduan.

–Animalien babesa:

Animaliak babesteko, laguntzeko eta defendatzeko arau eta jardueren multzoa.

–Arduraz edukitzea:

Animalia baten jabeak edo arduradunak bere gain hartu behar dituen betebehar eta baldintzen multzoa, animalia bere behar etologiko eta fisiologikoen arabera babestea eta ongi egotea ziurtatzeko.

–Jabea:

Erregistro ofizialetan hala agertzen den pertsona, edo, titulartasun ofizialik ezean, inguruabar hori frogatzen ahal duena, titulartasuna eta jabaria frogatzeko zuzenbidean onartutako edozein metodoren bidez.

–Arduraduna:

Ez da jabea, baina animalia aldi baterako dauka edo eduki ohi du, eta horregatik da animaliaren arduraduna.

–Galdutako animaliak:

Jabea edo arduraduna edukita, halabeharrez ihes egin edo galdu diren lagun egiteko animaliak.

–Animalia abandonatuak:

Jabea duten lagun egiteko animaliak dira, aske dabiltzanak, itxita dauden lekutik ezustean alde egin dutelako edo jabeak edo arduradunak aske utzi dituelako, haien desagerpenaren berririk eman gabe agintari eskudunei. Halakotzat hartuko dira, halaber, harrera zentroetan jasotzen direnak eta jabeak edo arduradunak uko egiten dionean haiek berreskuratzeari.

–Animalia babesgabeak:

Lege honen esparruan babesgabetasun edo gaixotasun egoeran dagoen edozein animalia, haien jatorria edo espeziea edozein dela ere, inolako arretarik edo laguntzarik jaso gabe.

–Animalia basatiak / basa fauna:

Giza hautespenak geno/fenotipoan eraginik izan ez duen fauna espezie, subespezie eta populazioen multzoko kide den oro, haien jatorria edozein dela ere, naturala edo txertatua, espezie autoktonoen eta aloktonoen aleak barne, bai gatibutasunean daudenak, bai natura ingurunean aske daudenak. Lagun egiteko etxe abereak ez dira animalia basatitzat hartuko, ezta basapiztia egoerara itzuli badira ere.

–Hiriko fauna:

Espezie sinantropiko batekoa (giza ingurunera egokitua) den animalia ornodun oro, jabe edo arduradun ezagunik izan gabe, pertsonekin lurraldea partekatuz bizi dena, hiri eta herrietako hiriguneetan.

–Etxeko animaliak:

Pertsonekin hazi, ugaldu eta bizi ohi diren espezieetako animaliak. Mota honetan sartzen dira, halaber, haragi, larru edo gizakiarendako baliagarria den beste produkturen bat emateko abeltegietan hazten diren abereak, nekazaritzan erabiltzen direnak eta zamariak.

–Ekoizpenerako animaliak:

Animalia hauek dira hazten eta mantentzen direnak elikagaiak ekoizteko, edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko, edozein industria erabileratarako, edo bestelako merkataritza helburuetarako, edo irabazi amoz.

–Lagun egiteko animaliak:

Etxeko animalia edo basapiztia itxian (baldin espeziea lagun egiteko animalien zerrenda positiboan sartuta badago), gizakiak mantentzen duena, batez ere etxean, betiere ongizate baldintza onetan edukitzen ahal bada, bere behar etologikoak errespetatzen baditu, gatibutasunera egokitzen ahal bada, eta animalia horiek edukitzeko xedea ez bada kontsumitzea edo haien ekoizpenak aprobetxatzea, edo beste edozein erabilera industrial, merkataritza helburuko erabilera edo irabazi asmoko erabilera.

Edonola ere, zakurrak, katuak eta hudoak lagun egiteko animaliatzat hartuko dira, kontuan hartu gabe zertarako diren, non bizi diren edo nondik datozen.

Ekoizpeneko animaliak lagun egiteko animaliatzat hartuko dira, baldin eta, ekoizpen helburua galdu ondotik, jabeak erabakitzen badu lagun egiteko animalia gisa inskribatzea Lagun egiteko Animalien Erregistroan.

–Jarduera espezifikoetan erabiltzen den animalia:

Jarduera edo zeregin jakin batean aritzen diren lagun egiteko animaliak, hala nola hegazti harrapariak, artzain txakur eta azienda-zaintzaile txakurrak edo ehiza jardueretan erabiltzen diren txakur eta hudoak.

–Jarduera profesionaletan erabiltzen den animalia:

Lagun egiteko animaliak, lanbide edo lan ingurune batean beren arduradunarekin batera egiten den jarduera edo zeregin jakin batean jarduten dutenak, hala nola erreskate txakurrak, laguntza bidezko esku-hartzeetan erabiltzen diren lagun egiteko animaliak edo Segurtasun Indar eta Kidegoetako edo Indar Armatuetako animaliak.

–Laguntza txakurra:

Txakur horiek zeinak, hautaketa prozesu bat gainditu ondoren, administrazio eskudunak trebatu dituen desgaitasun fisiko edo psikikoren bat duten edo gaixotasunen bat duten pertsonei laguntzeko.

–Katu komunitarioak, kale katuak edo katu basatiak:

Felis catus espezieko banakoa, askatasunean bizi dena, baina lurralde bati lotua, eta gizakiek erraz landu edo mantendu ezin dutena, sozializazio maila txikia edo nulua izategatik, baina bere bizitza gizakien inguruan garatzen duena, bizirauteko.

Katu horiek dira katu-koloniak osatzen dituztenak, eta Udalaren ardura da haiek babestea.

–Katu ibiltariak edo alderraiak:

Jabearen etxetik kanpora ikuskapenik gabe irteten diren katuak. Hemen sartzen dira bai landa eremu eta baratzeetan edukitzen diren katuak, onuragarriak direlako eduki ere, bai kanpora ateratzeko aukera dutenak, bizi direlako bizitoki eremuetako etxe baxuetan, etxe atxikietan nahiz txaletetan. Animalia horiek hor daude norbaitek hala nahi duelako, eta beraz, haren ardura izanen dira identifikatzea, zaintzea, eta hirugarrenei eragiten dizkieten eragozpenak eta kalteak.

Katu horiek katu-kolonien inguruan ibiltzen dira askotan, baina ez dira koloniakoak.

–Katu galduak:

Jabea duten katuak dira, aske bizi direnak, itxita egon diren lekutik alde egin ondoren edo nahi gabe galdu ondoren.

–Katu-kolonia:

Gizarteratze maila baxua edo nulua izateagatik, gizakiek erraz zaindu edo mantendu ezin dituzten komunitateko katuen (kalekoak edo basatiak) taldea. Hiri edo landa ingurunean bizi dira, normalean elikagai eta babes iturri egokiak izatea bereizgarri duen kokaleku finko batean (publikoa edo pribatua).

–Katu-kolonien zaintzailea:

Pertsona partikularrak edo animaliak babesteko erakundeetara atxikitakoak, udal agintaritzak identifikatu eta baimendutakoak, borondatez erabakitzen dutenak katu-koloniak kudeatzeko metodo bati jarraitzea, baina ezin dira hartu katuen jabetzat edo arduraduntzat.

–HAA/I:

HAA/I metodoa (Harrapatu-Antzutu-Askatu/Itzuli) kale katuen kontrolerako metodoa da. Gauza da kolonia bateko katuak harrapatzea eta antzutzea, eta, ebakuntzaren ondoren suspertuta, berriz askatzen dira beren lekuan edo antzeko lekuren batean (agintari eskudunak behar bezala justifikatutako eta salbuespenezko kasuetan, animalia leku berera itzuli ezin denean).

–Animaliak babesteko zentroa:

Galdutako, abandonatutako, babesgabe utzitako edo konfiskatutako animaliak zaintzeko eta haiei ostatu emateko establezimendua, titulartasun publikokoa zein pribatukoa, hornitua dagoena animalia horiei arreta emateko azpiegitura egokiaz eta legez aplikatu beharreko baimenez.

–Animaliak babesteko erakundeak:

Autonomia erkidegoko edo Estatuko legeetan xedatutakoarekin bat etorriz, legez eratuta eta Animalien Babeserako Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta horien helburuak edo xedeak nagusiki animalien ongizatea eta babesa badira.

–Erakunde laguntzaileak:

Animaliak babesteko indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuarengandik erakunde laguntzaileen aitortza jaso duten erakundeak dira.

–Animalien adopzioa:

Abandonatutako, babesgabetutako edo konfiskatutako animalien jabetza transmititzea, animaliak babesteko zentro batek edo animalien babeserako erakunde batek hirugarren baten alde egina eta dagokion kontratuaren bidez formalizatua, indarrean dauden autonomia erkidegoko eta Estatuko araudiek ezarritakoaren arabera.

–Animaliak lagatzea:

Animalien titulartasuna partikularren artean eskualdatzea, indarrean dauden autonomia erkidegoko eta Estatuko araudiek ezarritakoaren arabera.

–Gune zoologikoa:

Lagun egiteko animaliak aldi baterako edo behin betiko hartzeko jarduerak egiten dituzten espazioak, baimena eta erregistroa behar dutenak. Definizio honetatik kanpo daude albaitaritza zentroak.

–Lagun egiteko animalien zentroak:

Gune zoologiko gisa erregistratutako establezimenduak dira, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, haien xedea denean lagun egiteko animaliak mantentzea, kostu bidez edo dohainik, salbu eta albaitaritzako klinika, zentro edo ospitaleak.

I. TITULUA.–ANIMALIAK EDUKITZEAREN ARAUBIDE JURIDIKOA

I. KAPITULUA.–EDUKITZEAREN MUGAK

6. artikulua. Animaliak edukitzearen aurretiko baldintzak.

1. Animaliak edukitzeko, oro har, jabeek edo arduradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Animaliak kontrol eta segurtasun neurri egokietan edukitzea, ihes egitea saihesteko eta arrisku egoerarik ez izateko, ez pertsonendako, ez beste animaliendako, ez eta beraiendako ere.

–Albaitaritza arreta egokia ematea, bermatzeko animaliaren osasun egoera fisiko eta psikologikorik onena.

–Administrazioak eman beharreko baimenak izatea eta oro har osasun eta segurtasun betebeharrak betetzea, legediak eta agintari eskudunek ezartzen dutenaren arabera.

–Edukitze baldintza horiek betetzea bermatzen duen espazio fisiko egokia izatea, higiene, osasun eta ongizate baldintza egokietan, zaindu, maneiatu eta tratatzeko, eta osasun arriskuak eta herritarrei eragozpenak saihesteko.

2. Ordenantza honen 3. tituluan xedatuari jarraikiz arautuko da nola eduki animalia espezifikoak.

7. artikulua. Animaliak edukitzearen gaineko ardura.

1. Animalia baten jabea edo arduraduna izanen da, halaber, honako hauei eragiten zaizkien kalte, galera edo eragozpenen erantzule, betiere aplikatu beharreko legediarekin bat etorriz, eta ez denean probokaziorik, hirugarren baten zabarkeriarik edo ezinbesteko arrazoirik: pertsonei, beste animalia batzuei edo gauzei, bide eta espazio publikoei eta natura inguruneari.

2. Animalien jabeen edo arduradunen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak ez ateratzeko, askatasunez eta inork eraman gabe, etxebizitza edo lokaletatik kanpora.

3. Bizitokitik edo zaintza-tokitik kanpora libre dabiltzan animaliak joko dira galdutzat edo abandonatutzat, eta udal zerbitzuek atzematen ahal dituzte.

8. artikulua. Debekuak.

1. Debekatuta dago animaliekin egitea animalien babesari buruz ezarritako lege esparruan debekatutako jarduerak, jarraikiz Europako Erkidegoko araudiari eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legeei.

Horiek ez betetzearen ondorioak eta dagozkien zehapenak izanen dira lege horietan edo, hala badagokio, aplikatzekoak diren udal ordenantzetan ezarritakoak.

2. Debekatuta daude, halaber, udal eskumenen barruan sartzen diren honako jarduera hauek:

–Animaliak gogaitzea edo harrapatzea (lagun egitekoak, etxekoak, kalekoak edo basatiak izan), salbu eta udalaren berariazko baimenarekin edo haien osotasuna arriskuan dagoen egoeretatik babesteko.

–Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile diren pertsonentzat, udalak behar bezala baimenduak eta egiaztatuak, ordenantza honetan jasotzen denaren arabera.

–Animaliak bideetan eta espazio publikoetan erakustea, abandonatutako edo galdutako animaliak lagatzea, adoptatzea edo hartzea ez den beste edozein helbururekin, animalien babeserako zentroen eta animalien babeserako entitateen bitartez, betiere dagokion udal baimenarekin.

–Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.

–Bide publikora ateratzen ahal diren animaliei pixa egiten uztea jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.

–Bide publikora ateratzen ahal diren animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietatik.

–Animalien presentzia duen edozein jarduera (azokak, zirkuak, ikuskizunak eta abar) gauzatzea dagokion udal baimenik gabe eta animalien babesari buruzko Europako Erkidegoko, autonomia erkidegoko eta estatuko araudian deskribatutako baldintzen arabera.

II. KAPITULUA.–ANIMALIAK ZAINTZEKO ETA MANTENTZEKO BALDINTZAK

9. artikulua. Animaliak zaintzeko eta mantentzeko gutxieneko baldintzak.

1. Animalien jabeek edo arduradunek tratatu beharko dituzte animaliak aintzat hartuz izaki sentikorrak direla, eta janari, ur, aterpe eta leku aski eman behar diete, aireztatze, hezetasun eta tenperatura baldintza egokietan, eta alferrikako sufrimendua saihesteko behar diren baldintzak eskaini, haien bizi beharrak asetzekoak eta haien ongizate fisiko eta psikikoa bermatzekoak, espezie bakoitzaren beharren arabera, eta honako baldintza hauen arabera:

–Ematea ur edangarri garbia eta klima baldintzetatik gordea eta janari aski eta orekatua, animalia nutrizio eta osasun egoera onean egon dadin. Bi hornidurak aldian-aldian berritu beharko dira. Ur eta janariaren ontziek animaliaren beharrak asetzeko adinakoak izan behar dute, eta kontserbatu behar dira behar bezalako garbitasun eta osasungarritasun baldintzetan.

–Leku, aireztapen, hezetasun, tenperatura eta argitasun egokiak izatea, animalien bizi beharrak asetzeko eta ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko adinakoak. Animaliaren gordelekuak iragazgaitza izan behar du, eta animaliari lesiorik ez eragiteko moduko materialez egina.

–Animalien gordelekuak garbi mantentzea, barnean dela haien kakak eta pixak bertatik kentzea egunero.

2. Espezie bakoitzaren baldintzei buruz indarrean dauden araudiek ezartzen dutenari kalterik egin gabe, honako ostatu baldintza hauek ezarri dira:

a) Animaliaren ohiko bizileku ezin izaten ahal dira ibilgailuak, kabina txikiak, argi-patioak, balkoiak, galeriak, azoteak edo aireztatzeko patioak, baldin animalia horien behar etologikoetarako baldintza egokiak ez badituzte.

b) Animaliak ezin edukitzen ahal dira kaiolan edo leku murritzean, barnean ezin badute mugitu edo mugimendua oso mugatua badute. Leku horiek egokiak izan behar dute animaliaren tamainaren eta pisuaren arabera.

c) Beren ezaugarri eta espeziearengatik etengabe kaioletan, akuarioetan, terrarioetan eta antzekoetan bizi diren animalien kasuan, espazio egokiak izan beharko dituzte tamainari, naturalizazioari eta ingurune aberasteari dagokienez, eduki ahal izateko.

d) Balkoi, terraza eta antzekoetan neurriak hartu behar dira animaliek ihes egitea galarazteko eta haien segurtasuna bermatzeko, batez ere litezkeen erorikoei edo egurats gorrian egoteari dagokienez, eta saihesteko haien gorozkiek eta/edo pixek fatxada edo/eta bide publikoa kaltetzea, edo inguruko auzokideei, goiko, beheko nahiz ondokoei, eragozpenik eragitea.

4. Lagun egiteko animalien zaintza espezifikoa ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago.

10. artikulua. Non kokatu, eta aldi baterako eusteko moduak.

Indarreko araubideetan ezartzen dira animalien kokapenerako eta lotzeko baldintzak, animalia motaren arabera (etxekoak, lagun egitekoak, ekoizpenekoak, etab.).

Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek arautuko ditu, bere artikuluetan, eusteko baliabideen antolaera, kokapena eta baldintzak.

III. KAPITULUA.–ANIMALIEN PRESENTZIA ETA BIZIKIDETZA BIDE PUBLIKOAN

11. artikulua. Eragozpenak auzokideei.

1. Animalien titularrak edo arduradunak behartuta daude behar diren neurriak hartzera auzokideei eragozpenik ez eragiteko animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz, nahiz animalia etxe barnean egon nahiz egon terrazetan, teilatu lauetan, galerietan, balkoietan, patioetan edo antzekoetan, finketan eta baratzeetan, merkataritzako lokaletan, abeltegietan edo animaliak gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.

2. Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan, eskumena duen agintaritzak egiaztatuta, zarata, usain edo bestelako arrazoiak direla-eta, udal agintaritzak ebazpen bidez erabakitzen ahalko du, indarrean dauden araudietan ematen zaizkion eskumenak baliatuta, auzokideen lasaitasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, eta horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

12. artikulua. Animaliak bide eta espazio publikoetan.

1. Etxeko animalien jabeek edo edukitzaileek une oro galarazi behar dute animaliek espazio publikoetan kalterik eragitea edo horiek zikintzea.

2. Debekatuta dago elikatzea hegazti kolunbiformeak (usoak), kaleko katuak eta beste edozein animalia, baimendutako elikagaiekin egiten denean izan ezik, horretarako berariaz akreditatutako pertsonen bitartez eta udalak baimendutako lekuetan.

3. Berariaz debekatuta dago metro bat baino gutxiago hurbiltzea, jaten ematea, atzematea, ukitzea, gauzak botatzea eta/edo nolanahi den ere eragozpena sortzea udalerriaren barruan dauden animaliei, bereziki egokitutako edo baimendutako lekuetan gordetzen diren animaliei. Hegaztiak arrautzak txitatzen ari diren garaian, debekatuta dago horretarako egokitutako lekuetara hurbiltzea.

4. Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia eta eusteko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.

5. Ekidoen kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia bide publikoan, ekidoendako xedapen espezifiko baten bidez.

13. artikulua. Garraioa, eta aldi baterako edukitzea ibilgailu partikularretan.

Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean bete behar dira honako arau hauek:

–Animaliek leku aski izan behar dute altxatzeko eta etzateko, leku batetik bestera eramaten dituen ibilgailuan.

–Garraiatzen direnean, animaliek babestuta egon behar dute, beren osasunari kalte egiten ahal dioten kanpoko klima baldintzetatik.

–Une oro, erabiliko dira trafikoaren arautegian ezarritako lotzeko moduak, beti galarazteko animaliak mugitzea eta, hala, gidariak arreta galtzea, edo eragoztea haren maniobra-gaitasuna edo ikuspena.

–Animaliak ibilgailuan sartzeko eta ateratzeko unean, behar diren sistemak eta baliabideak erabiliko dira, saihesteko haiei kalte edo sufrimendua eragitea eta haiek ihes egitea.

–Katuak edo hudoak garraiatzen direnean, une oro egonen dira "transportin" edo garraio-saskian sartuta.

–Ibilgailua aparkatuta badago, animalia barnean duela, labur eta modu puntualean egonen da aparkatuta, eta itzalpean, bermatzeko animaliak aireztatze eta tenperatuta egokiak dituela, arduraduna kanpoan dagoen bitartean.

Debekatuta dago animaliak ibilgailuaren maletategian itxita uztea, salbu eta ibilgailuaren bidaiari tokiarekin bat eginda dagoenean, eta betiere aurreko puntuetan adierazitako baldintzetan.

IV. KAPITULUA.–OSASUN ARAUAK

14. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Animaliaren jabeak edo arduradunak une oro bermatu behar dizkio garbitasun, osasun, ongizate eta segurtasun baldintza egokiak, espezie bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera.

2. Animaliaren jabeak edo arduradunak bermatu behar ditu gaixotasunak prebenitzeko, sendatzeko eta arintzeko tratamenduak, indarrean dauden Estatuko eta autonomia erkidegoetako araudietan ezarritakoaren arabera.

Albaitaritzako nahitaezko arretak barne hartu behar du, gutxienez, araudi horietan animalien gainean ezarritako aldizkako albaitaritza kontrola, eta kontrol hori jasota geratu behar da araudi horiek xedatzen duten moduan. Gainera, animalien jabe eta arduradunek gaixotasunak eta lesioak prebenitzeko eta sendatzeko tratamenduak emanen dizkiete, bai eta udal agintaritzak xedatzen dituen osasun neurriak aplikatu ere, haien esku-hartzea beharrezkoa den kasuetan.

3. Gaixotasun kutsagarriak deklaratu badira, animalien jabeek edo arduradunek bete beharko dituzte agintari eskudunek indarrean dagoen araudiaren arabera ezartzen dituzten osasun xedapenak.

15. artikulua. Albaitarien betebeharrak.

1. Albaitariek bete beharko dute Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legeek animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruan ezarritakoa, bai eta beren lanbide jardueraren berezko araudian ezarritakoa ere, honako hauei dagokienez: identifikazioari eta erregistroari, nahitaezko osasun azterketei, txertaketei, osasun dokumentazioari eta datu klinikoen fitxategiei, zaintza eta kontrol epidemiologikoari, animalien tratu txarren komunikazioei eta hiltzeko edo eutanasiarako protokoloei.

2. Baldin albaitariek eta albaitaritza-klinikek, lanean dihardutela, zoonosi guneen edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei komunikatu beharko diete berehala, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak.

3. Gainera, albaitarien, albaitaritza-kontsultategien, -kliniken eta -ospitaleen betebeharra da animalia erroldatuta dagoen udalari komunikatzea ezagutu dituzten ustezko tratu txarren kasuak.

16. artikulua. Animalien hilotzen kudeaketa.

1. Jabeari dagokio animalia baten hilotzaren kudeaketa, indarreko legediaren arabera, eta haren lege-betebeharra oinarrizko hiru betekizunetan zehazten da:

–Animaliaren hilotza ez abandonatzea.

–Hilotza deuseztatzea, indarreko legediak ezartzen duen bezala.

–Bere gain hartzea aurrekoa betetzeko beharrezkoak diren jarduketek eragindako kostuak.

2. Hildako animalia bat aurkituz gero, eta haren jabe edo arduradunik ez badago, udalak gorpua jaso beharko du, indarrean dauden autonomia erkidegoetako eta estatuko araudiek ezarritakoaren arabera.

Animaliaren identifikazioa ezinbestekoa da Administrazioak aurkikuntza jakinaraz diezaion jabeari, eta ondoren hark bere gain har ditzan dagozkion lege betebeharrak. Ildo horretatik, jabearen betebeharra eta eskubidea da animalia hilaren aurkikuntzaren berri izatea, eta betebehar hori udalari dagokio, jabea identifikatu eta lokalizatu ondoren. Animalia mikrotxip bidez identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko du udalak, haren balizko identifikazioari begira.

3. Establezimendu baimenduetan erraustuko da edo deuseztatuko da, beste edozein metodo baimendu erabiliz, animalia sakrifikatua edo arrazoi naturalengatik hila, edo, betiere, osasun agintariek araudi aplikagarrietan ezartzen dituzten espezifikazioen arabera.

II. TITULUA.–ANIMALIAK HAZTEA, SALTZEA ETA HAIEKIN BESTELAKO JARDUERAK EGITEA: ARAUBIDE JURIDIKOA

I. KAPITULUA.–JARDUERARAKO LIZENTZIAK

Honako hauek dira ordenantza honi atxikitako industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

–Animalien haztegiak.

–Animalien zaindegiak.

–Animaliak salerosteko dendak.

–Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

–Animaliak garraiatzeko zerbitzuak.

–Animaliendako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.

–Animalien hilerriak.

Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalatzeko eta funtzionatzeko lizentzia izapidetzeko, bete behar da animalien babesaren arloan eta jarduera sailkatuen eta ingurumenaren babesaren arloan ezarritako lege esparrua, jarraikiz Europako Erkidegoko araudiari eta Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeei, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak diren gainerako xedapenak betetzea.

II. KAPITULUA.–ANIMALIAK HAZI EDO SALTZEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUAK

Lagun egiteko animaliak merkataritza helburuekin hazi edo saltzen dituzten establezimenduek bete beharko dituzte Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legediak animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruan ezarritako baldintzak.

III. KAPITULUA.–LAGUN EGITEKO ANIMALIEN ZENTROAK

Lagun egiteko animalien zentroek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak dira, animalia baten jabeari edo arduradunari dagozkion betebeharrez gainera, eta araudietan ezartzen direnei kalterik egin gabe, animalien babesari dagokionez ezarritako lege esparruan jasotakoak, jarraikiz Europako Erkidegoko araudiari eta Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeei.

IV. KAPITULUA.–BESTE JARDUERA BATZUK ANIMALIEKIN

Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, baimena izan beharko dute, udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Jardueraren deskribapena.

–Pertsona edo entitate eskatzailearen izena, helbidea eta telefono zenbakia.

–Kokalekua.

–Jarduera zenbat denboratarako izanen den, gutxi gorabehera.

–Jarduerako animalien kopurua eta espezieak.

–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

–Instalazio elektrikoen buletina, behin-behineko hargunerako, behar izanez gero.

Nafarroako Gobernuan animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen gaietan eskumena duen departamentuak ebatziko du administrazioaren baimena, ikuskizun, azoka, erakusketa, lehiaketa, filmazio eta animaliekiko gainerako jardueretarako, indarrean dauden autonomia erkidegoko eta estatuko araudien arabera.

III. TITULUA.–AURREKO TITULUEI BURUZKO XEDAPEN ESPEZIFIKOAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN ESPEZIFIKOAK LAGUN EGITEKO ANIMALIENTZAT

17. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea etxebizitza partikularrean.

1. Oro har, familia nukleoan integratuta eduki behar dira lagun egiteko animaliak, betiere espeziearen arabera posible baldin bada, eta betetzen badira animaliaren eta pertsonen higiene, osasun, ongizate eta segurtasun baldintzak, bai eta auzokoei trabarik ez egitea ere.

2. Beren bizi kalitatearekin, tamainarekin edo espeziearen ezaugarriekin bateraezinak diren arrazoiak direla-eta familia nukleoan bizi ezin diren animaliek bizileku egokia izan beharko dute, haien tamainarekin bat datozen bizilekuekin eta eguraldi txarretik babesteko moduan, higiene eta osasun baldintza egokietan, egon dadin espezie eta arraza bakoitzaren berezko ezaugarriak garatu ahal izateko moduko giroa; animalia taldekoien kasuan, behar duten konpainia emanen zaie.

3. Aurreko apartatuan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, espazio irekietan ostatatu behar duten lagun egiteko animalien kasuan, haien jabe edo arduradunek neurri hauek hartu beharko dituzte:

a) Espazio horien barruan, animaliak eguraldi txarretik babestuko dituzten gelak egokitzea, haien forma eta ezaugarri teknikoak eta eraikuntzakoak arriskutsuak ez izateko moduan.

b) Animaliak eguzki erradiazioaren, euriaren edo muturreko hotzaren eraginpean luze ez egoteko moduan jartzea gelak.

c) Animaliaren neurri eta behar fisiologikoekin bat datozen gelak erabiltzea.

d) Animaliei ura eta janaria eskuratzeko aukera bermatzea, bai eta higiene eta osasun baldintza egokiak ere.

4. Etxe partikularretan lagun egiteko animaliak zaintzen ahalko dituzte lagun egiteko animaliak hazteko jardueraz arduratzen direnek eta dagokion erregistroan halakotzat inskribatuta daudenek. Hazkuntza hori Estatuko eta autonomia erkidegoko indarreko araudiek baldintzatuko dute, eta araudi horiek zehaztuko dute hazkuntza hori hazkuntza zentroen edo antzeko beste zentro batzuen lege betekizunen mende jarri beharko den. Edonola ere, lagun egiteko animaliak hazten diren espazioek, beren kategoriaren arabera, errespetatuko dituzte gune zoologikoei buruzko araudian jasotako espazio eta bizitoki baldintzak.

5. Etxebizitza partikular batean baimendutako animalien gehieneko kopurua, gune zoologikoaren lizentzia lortu ezean, izanen da araudi aplikagarrian xedatutako kopuruaren azpikoa. Irizpidea da animalia kopuru handiago batek osasun arriskua ekar lezakeela.

6. Animaliak ezin dira zaindu leku batean hertsiak modu iraunkorrean, eta bermatu beharko da kanpora ateratzeko modua dutela, animaliaren behar etologikoek eskatu ahala, non ez den tartean albaitariaren agindurik, edo agintari eskudunen debekurik, betiere, indarrean dauden araudiek ezartzen dituzten muga eta baldintzekin, ordenantza honetako gainerako artikuluak barne.

7. Animaliak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; aldian-aldian eta denbora batez bakarrik lotzen ahalko dira, arduradunaren begiradapean, eta bermatuta loturak kalterik egiten ez diela eta badutela aukera mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta gordetzeko.

8. Animaliak ez dira edukitzen ahalko arduradunek egoki gainbegiratu eta kontrolatu ezin dituzten lekuetan, eta beraz, ez dira ohituraz bakarrik uzten ahalko balkoietan, patioetan, terrazetan, azoteetan, trastelekuetan, sotoetan edo antzekoetan, jabea edo arduraduna etxean ez dagoenean. Etxebizitzara sartzeko askatasuna izan behar dute, eta beti izan behar dute janaria, ur garbia eta atseden hartzeko gordelekua.

9. Animaliak ezin dira etxean bakarrik utzi jabeak edo arduradunak jaramonik egin gabe, indarrean dauden Estatuko eta autonomia erkidegoetako araudietan ezarritakoa baino epe luzeagoan.

10. Animaliak ibili ohi diren leku eta espazio pribatuek behar besteko segurtasun baldintzak izan beharko dituzte, ihesaldiak edo barrutik edo kanpotik erasoak gertatzea saihesteko.

18. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea bide publikoan.

1. Animaliak behar bezala zaindu beharko dira beti, ihes egitea eragozteko.

2. Debekatuta dago animaliak sartzea umeen jolastokietan edo umeen erabilerarako bakarrik diren lorategietan, non ez den berariazko baimenik erakusten udalak jarritako errotuluetan.

3. Txakurrak ibili ahal izateko bide publiko guztietan, hiriko lorategietan, eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) beharrezkoa izanen da katez edo uhalez loturik egotea eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramatea.

Aurreko puntuan aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, beren aisialdirako, baina betiere inguruan etengabe baldin bada animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor.

Nolanahi ere, hozkadak edo aurreko jokabide erreaktiboak izan dituzten txakurrek edo arriskugarri izaten ahal direnek berariazko araudia bete beharko dute.

4. Animalia hezteko eta maneiatzeko, nahitaezkoa izanen da erabiltzen diren metodoek ez eragitea sufrimendurik edo tratu txarrik animaliei, eta bide publikoan eramateko orduan antsietate edo beldur egoerarik ez eragitea. Debekatuta dago animalientzat kaltegarri diren urkatze lepokoak, lepoko ziridunak eta elektrikoak erabiltzea. Lepoko elektrikoak erabiltzen ahalko dira halakoak beharrezkoak direnean animalia jakin baten trebakuntzan, betiere hala zehazten duenean albaitari edo teknikari batek txakurren jokabidea aldatzeko.

5. Debekatuta daude zakurrari ahoa irekitzea galarazten dioten muturrekoak.

6. Uhal luzagarriak ez luzatzea gomendatzen da jende asko dabilen lekuan, edo espaloian ibiltzean, leku zabalagoetara iritsi arte.

7. Animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez errespetatu behar dituzte inguruko errotulu informatiboetan ageri diren jarraibideak.

8. Debekatuta dago animaliak garbitzea edo gorputz-higieneko beste jarduera batzuk egitea bide edo espazio publikoetan eta iturrietan. Era berean, debekatuta dago iturrietan edatea, animaliaren ahoa uraren irteera puntuarekin kontaktuan egoten ahal bada.

9. Debekatuta dago bide eta espazio publikoetan txakurrak heztea eraso, defentsa, zaintza edo antzekoetarako.

19. artikulua. Zakurren aisialdirako eremuak (ZEC).

1. Udalak egokituko ditu lagun egiteko animaliendako leku erreserbatuak, solte ibil daitezen. Behar bezala seinaleztatuak, hesituak eta argiztatuak egonen dira, eta bermatuko ditu garbitasuna eta osasun-kondizioak, animalien aisialdirako, sozializaziorako eta haien behar fisiologikoak egiteko, garbitasun egoera egokian.

2. Eremu horietan animalien eta pertsonen segurtasuna bermatu beharko da, eta animaliek ihes egitea prebenitzeko ere egokiak izan beharko dute. Jabeek edo arduradunek haien animaliak zaindu beharko dituzte eta galarazi eremua partekatzen duten gainerako pertsonei eta animaliei eragozpenak eragitea.

3. Udalak prestatuko du zakurren aisialdirako eremuen funtzionamendurako gida bat, instalazioen baldintzak eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituena.

4. Nolanahi ere, erabilera arau hauek beteko dira:

–Animalia bat askatzea titularraren edo arduradunaren ez beste inoren erantzukizuna izanen da; eremu horietarako ezarritako arauak bete beharko dituzte, eta batez ere animalia zaindu, ez galtzeko edo ihes egiteko, eta eragozpenik ez eragiteko eremua partekatzen duten pertsonei nahiz animaliei.

–Eremu horiek erabiltzen dituzten pertsonen erantzukizuna izanen da beren animaliek gainerako animaliei, pertsonei edo ondasunei eragiten dizkieten kalteak.

–Animaliaren jabeak edo arduradunak jasoko ditu haren gorozkiak.

–Beste animaliekiko borrokak eta liskarrak galaraziko ditu.

–Animalia lotu gabe ateratzea saihestuko du.

–Eremua egoera onean mantenduko du.

–Instalazioa erabiltzeko ageri diren erabiltzaileentzako ohartarazpenak beteko ditu.

5. Beste eremu publiko batzuetan ere ezar daitezke zakurrak aske ibiltzeko lekuak, ez baldin badira arriskutsuak izan daitezkeen arrazakoak; behar bezala identifikaturik eta seinaleztaturik egonen dira, baina ez dute izanen itxiturarik eta ekipamendu espezifikorik, eta horietan zakurrak aske ibiltzen ahalko dira, leku horiei dagozkien arauetan berariaz ezarri bezala.

6. Zakur arraza potentzialki arriskutsuak beren araudi espezifikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira, eta debekatuta dago pertsona bakar batek arraza horietako bi zakurrekin edo gehiagorekin batera paseatzea.

20. artikulua. Lagun egiteko animalien presentzia establezimenduetan eta bestelako lekuetan.

1. Establezimendu publiko eta pribatuek, hotel ostatuek, jatetxeek, tabernek eta, oro har, edariak eta janariak kontsumitzen diren beste edozein establezimenduk, pertsonentzat, beste animalia batzuentzat eta gauzentzat arriskutsuak ez diren lagun egiteko animaliak elikagaiak elaboratzeko, biltegiratzeko edo manipulatzeko ez diren eremuetan sartzea errazten ahalko dute, osasun publikoari buruzko araudian edo araudi espezifikoan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

Animaliaren sarrera eta egonaldia onartzen ez badute, hori adierazten duen bereizgarria erakutsi beharko dute, establezimenduaren kanpotik ikusteko moduan.

2. Lagun egiteko animaliak eraikin eta lokal publikoetara sartzen ahalko dira, salbu debeku espresurik badago, behar bezala seinaleztatutako eta kanpotik ikusteko modukorik. Hala ere, gune jakin batzuk ezartzen ahalko dira eraikin horren barruan, animalientzako sarbide mugatukoak, baldin eta behar bezala seinaleztatuta eta ikusteko moduan badaude.

3. Aterpetxeek, babeslekuek, laguntza zentroek eta, oro har, gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei, etxerik gabeko pertsonei, genero indarkeriaren biktimei eta, oro har, antzeko egoeran dagoen edozein pertsonari arreta emateko establezimenduek erraztu eginen dute pertsona horiek eta lagun egiteko animaliak establezimendu horietara sartzea, salbu berariaz arrazoitutako arrazoi justifikatuetan.

Lagun egiteko animaliarekin sartzea ezinezkoa bada, akordioak sustatuko dira animaliak babesteko erakundeekin edo animaliak hartzeko proiektuekin.

4. Indar Armatuetako edo Segurtasun Indar eta Kidegoetako laguntza zakurrak establezimenduetara eta lekuetara sartzeko, haien legedia espezifikoa bete beharko da. Nolanahi ere, laguntza zakurrak edozein tokitara sartzen ahalko dira, laguntzen duten pertsonarekin batera.

5. Udalek sustatuko dute lagun egiteko animaliak parkeetara eta beste espazio publiko batzuetara sartzea, baldin arriskutsuak ez badira pertsonentzat, beste animalia batzuentzat edo gauzentzat. Eremu horietara eta beste batzuetara sartzeko aukera alde batera utzi gabe, udalek beti zehaztuko dituzte lagun egiteko animaliak bereziki ibiltzeko lekuak, batez ere zakurren kasuan.

6. Erabilera publikoko lokalen arduradunek beren irizpideen arabera debekatzen ahalko dute animaliak beren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea, eta establezimenduaren sarreran eman beharko dute horren berri edo animaliak onartzearen berri, ikusteko moduko leku batean. Debeku horretatik salbuetsita daude gida-, segurtasun- eta laguntza-zakurrak, eta antzeko eginkizunak dituzten beste batzuk, horretarako baimena dutela erakutsita.

Establezimendu bakoitzean aplikatzen den irizpide orokorra edozein dela ere, horietako arduradunek debekatzen ahalko dute animalia baten sarrera, beren tamainagatik, erasokortasunagatik, urduritasunagatik, itxura txarragatik edo bestelako edozein arrazoirengatik, bezeroentzako aztoragarriak edo beldurgarriak direla irizten badiote.

Sartzea eta bertan egotea baimenduta ere, animaliek kate edo uhalez lotuta egon behar dute. Hala ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakur arriskutsuek beti egon beharko dute uhal ez luzagarri batez edo katez lotuak, eta muturrekoa jarrita, indarrean dagoen legediaren arabera.

21. artikulua. Gorozkiak eta pixak.

Animalien jabeek edo arduradunek saihestuko dute une oro animalia horiek kalte egitea eremu publikoei, kaleei, atariei, sarrerei edo eraikinetako fatxadei, edo horiek zikintzea. Bereziki beteko dira honako jarraibide hauek:

–Debekatuta dago animaliek pixa egitea eraikinen fatxadetan, hiri-altzarietan eta ibilgailuen gurpiletan.

–Debekatuta dago zakurren eta beste animalien gorozkiak bide publikoan uztea, edo ibiltariek erabili beharreko lekuetan, batez ere umeen jolastoki eta parkeetan.

–Animalien gorozkiak berehala jaso beharko dira, ahal bada baliabide iragazgaitz eta estankoak erabiliz, eta zorro edo ontzi horiek dagokien zabor-edukiontzietan bota beharko dira.

–Halakorik gertatuz gero, berehala garbitu beharko da.

–Aurreko puntuak betetzeko, derrigorrezkoa izanen da, kalean lagun egiteko animalia bat daramanarentzat, edukitzea gorozkiak eta pixak biltzeko eta garbitzeko elementuak, hala nola gorozkiak biltzeko poltsak, eta ur botilak, garbitzeko produktu (baimenduak eta ez-toxikoak) diluituekin edo antzekoekin.

Arestiko xedapenak betetzen ez badira, udal agintaritzako agenteek animaliaren jabeari edo arduradunari kaltetutako elementuak berehala garbitzeko eskatzen ahalko diote, ukatu gabe aipatutako arau horiek ez betetzeagatik aplikatzen ahal diren zehapenak.

22. artikulua. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramatea.

1. Garraio publiko eta pribatuek erraztuko dute lagun egiteko animaliak sartzea, badin arriskurik eragiten ez badiete pertsonei, beste animalia batzuei eta gauzei, alde batera utzi gabe xedatutakoa osasun publikoari buruzko araudian, udal ordenantzetan edo berariazko araudian.

Hala ere, taxien zerbitzu publikoko edo gidaridun turismo ibilgailuen gidariek nahi badute ahalbidetuko dute lagun egiteko animaliak beren ibilgailuetan sartzea, behar bezala justifikatutako inguruabarrak daudenean salbu.

2. Gainerako garraiobideek beharrezko neurriak hartuko dituzte lagun egiteko animalien garraioa bermatzeko, baldin eta operadoreetako bakoitzak ezarritako sarbide baldintzetan garraiatzen badira, eta legeak eskatutako higiene, osasun eta segurtasun baldintzak errespetatzen badira.

3. Laguntza zakurrak, Indar Armatuetako edo Segurtasun Indar eta Kidegoetako zakurrak, garraio baliabideetara sartzea ez da hautazkoa izanen, eta ez dira sarbide kupoetan sartuko, halakorik egonez gero, eta berariazko legediaren arabera sartuko dira. Nolanahi ere, laguntza zakurrak edozein garraiobidetara sartzen ahalko dira, laguntzen duten pertsonarekin batera.

4. Nolanahi ere, animaliak garraiobide publikoetan sartzeko baldintzak izanen dira garbitasun eta osasun egoera onean izatea eta zerbitzuaren gainerako erabiltzaileei eragozpenik ez eragitea.

23. artikulua. Lagun egiteko animalien identifikazioa.

Lagun egiteko animaliak banan-banan identifikatuko dituzte horretarako gaitutako albaitariek, espezie bakoitzerako indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera. Animalien hasierako identifikazioa egin beharko da animalien babesari buruzko erkidegoko edo estatuko araudietan jasotako moduan. Lagun egiteko animalia guztien inskripzioa Nafarroako Lagun egiteko Animalien Erregistroan eginen da.

2. Animaliaren jabearen datuak aldatzen badira, edo jabea aldatzen bada, edo animalia hiltzen bada, informazio hori eguneratu egin beharko da dagokion erregistroan, albaitari baten bitartez, animalien babesaren arloan Estatuko eta autonomia erkidegoko legediak ezarritako epe eta baldintzetan.

3. Gomendatzen da lagun egiteko animaliek une oro eramatea, espazio edo bide publikoetan, identifikazio-plaka bat edo lepokoan egokitutako bestelako edozein euskarri, azalduko dituena animaliaren izena eta titularraren edo arduradunaren kontakturako telefono bat, hura lokalizatzeko, animalia galduz gero. Neurri hori ez da nahitaezkoa, baina lagungarria izanen da edozein pertsonak animaliaren jabea aurkitu ahal izateko, udalaren harrera zerbitzura jo beharrik gabe, eta animalia udalaren egoitzara eramatea saihestuz.

24. artikulua. Zer egin pertsonei edo beste animaliei lesiorik eraginez gero.

1. Pertsona bat lagun egiteko animaliaren baten erasoaren ondorioz lesionatu bada, udalaren osasun zerbitzuei emanen die horren berri eta, horretarako, medikuaren agiria erantsiko du.

2. Osasun zentroek eta medikuek, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animaliaren batek eragindako lesioak izan dituzten pertsonei, horren berri eman beharko diote udal agintaritzari.

3. Animaliek lesioak eragin badizkiete pertsonei edo beste animalia batzuei, eta lesio horiek amorrua transmititu badezakete beren ezaugarriengatik, edo animalia horrek amorrua izan dezakeela susmatzeko arrazoiak identifikatzen badira, albaitari ofizial edo gaitu batek kontrolatu beharko ditu. Etxeko animalien amorrua kontrolatzeko kontingentzia planaren arabera jokatuko da. Behaketa epea osasun publikoaren arloko agintaritza eskudunak adierazitako zentroan eginen da. Jabeak edo arduradunak hala eskatuta, lesioak eragin dituen txakur baten behaketa haren etxean egiten ahalko da. Jabeek edo arduradunek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

4. Hozkadak edo lesioak eragin dituen zakurraren jabea edo arduraduna beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoaren hartzaileari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskaera egiten dioten agintari eskudunei ere. Gainera, animalia atxiki beharko du, nahitaez, jarraitu beharreko prozedura xedatu arte, eta berariaz debekaturik dago animalia inora eramatea edo hiltzea. Haien betebeharra da, halaber, albaitariari komunikatzea animaliaren edonolako osasun edo portaeraren aldaketa.

5. Hozka egin duen edo lesioak eragin dituen animalia ez badago identifikatuta, edo ez badu jabe edo arduradun ezagunik, udalaren zerbitzu eskudunaren ardura izanen da hura bizirik atzematea eta haren osasun azterketa egitea animalien babeserako zentroan.

6. Jabeek edo arduradunek albaitaritzako profesional baten edo albaitari akreditatu baten zerbitzuetara joko dute, animaliaren egoerak hala eskatzen duenean.

25. artikulua. Lagun egiteko animalia abandonatuak eta galduak.

1. Udalerrian animalia abandonatu edo galduren bat izanez gero udalari jakinarazi behar zaio, indarreko araudiak ezartzen dituen epeetan. Udalaren erantzukizuna izanen da animalia biltzeko eta zaintzeko beharrezko jarduerak egitea. Jarduera horiek animaliak biltzeko zerbitzu iraunkor baten bidez eginen dira, eta hark erabateko prestasuna izan behar du ordutegiari dagokionez; zerbitzua Udalarena nahiz mankomunatua izan daiteke, edo Foru Komunitatearen Administrazioarekin hitzartua, edo tokiko beste erakunderen batekin, animalien defentsa eta babeserako elkarteren batekin, edo horretan aritzen diren pertsona juridiko edo fisikoekin, baldin agintaritza eskudunaren aitortza eta baimena badute.

2. Legedia autonomikoan beste aurreikuspenik ez badago, Lodosako Udalari, eta subsidiarioki, Nafarroako Foru Komunitateari, dagokio babesgabe dauden edo kalteberatasun egoerak direla-eta jabeek artatu ezin dituzten animaliak kudeatzea eta zaintzea, hargatik eragotzi gabe behar bezala baimendutako animalien babeserako erakundeen laguntza izatea.

3. Partikular batek animalia abandonatu edo galdu bat bere kabuz atzematen badu, udal zerbitzuak bertan ez daudelako, eta animaliaren edo pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan jartzen duen egoera bat eragozteko, edo premia handiko esku-hartzea eskatzen duen egoera bat dagoelako, animalia hori atzeman izana berehala jakinarazi behar dio udalari. Animalia jaso duen pertsonak bete beharko ditu udal zerbitzuek ematen dizkioten jarraibideak animalia aldi baterako zaintzeko, harik eta Udalaren zerbitzuei entregatu arte.

26. artikulua. Lagun egiteko animaliak animalien babeserako zentro publikoetan.

1. Animaliak babesteko behar bezala baimendutako zentro publikoek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Zakurren, katuen eta hudoen kasuan, animalia antzutzea adopzioan eman aurretik, edo antzutzeko edo ez ugaltzeko konpromisoa izenpetzea, baldin eta kirurgia egiteko adin edo baldintza nahikorik ez badago, albaitaritza irizpideen arabera.

b) Betetzea animaliak entregatzeko albaitaritzako gutxieneko baldintzak, bai eta indarreko araudi autonomikoan eta Estatukoan erregelamendu bidez ezarritako gutxieneko tratamenduak ere.

c) Animaliak entregatzea adopzio kontratu batekin eta indarreko araudiaren arabera identifikatuta.

d) Zaintzea ostatatutako animalien ongizate eta higiene eta osasun baldintza egokiak, espazioak egokiak direla, segurtasun neurriak, langileen trebakuntza, animalien erregistroa eta albaitaritzako arreta.

e) Boluntariotzako edota animalien babeserako erakundeekin lankidetzan aritzeko programak izatea, boluntariotzari eta asoziazionismoari buruz indarrean dagoen legediarekin bat etorriz.

f) Parte hartzea animaliak arduraz adoptatzeko sentsibilizazio eta sustapen programetan.

g) Espazio egokiak prestatzea salbuespenezko arrazoiak direla-eta jatorrizko kokalekura itzuli ezin izan diren katu komunitarioak ostatatzeko. Eremu horien ezaugarriak eta salbuespenezko baldintzak zehaztuko dira animaliak babesteko indarrean dagoen araudian.

h) Zentroan sartzen diren unean, identifikatzea eta erregistratzea identifikaziorik gabe biltzen diren animalia guztiak.

i) Adopzioan edo harreran emandako animalien jarraipena egitea, animalien ongizate baldintzak eta higiene eta osasun baldintzak betetzen direla egiaztatuz.

j) Animalien osasunean edo osasun publikoan eskumena duen agintaritzak agindutako nahitaezko berrogeialdi sanitarioen xede diren animaliak hartzea eta mantentzea, zentro bakoitzaren ahalmenen mugen barruan.

27. artikulua. Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.

1. Titulartasun publikoko egoitza zerbitzuek, haien ezaugarriek aukera ematen badute, eta modu progresiboan, lagun egiteko animalia baten jabe edo arduradun diren pertsonei bermatuko diete beren animaliarekin egoitza horietan egoteko aukera, Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeek animalien babesari buruz ezarritako lege esparruan ezarritakoaren arabera.

2. Udalak sentiberatasun berezia izanen du lagun egiteko animaliek adinekoekin eta behar bereziak dituztenekin duten funtzio sozialaren aurrean.

II. KAPITULUA.–ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ZAKURRENTZAKO XEDAPENAK

28. artikulua. Araubide orokorra.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrei, Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeek animalien babesari buruz ezarritako lege esparruan xedatutakoaz gain, aplikatuko zaie animalia mota horientzat onartutako berariazko araudia.

29. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Indarrean dauden xedapenen babesean arriskutsua izan daitekeen animalia gisa sailkatutako edozein animaliaren titularrek edo arduradunek berariazko lizentzia beharko dute animalia horiek edukitzeko, bai eta animalia horiek edukitzea eta horien jabe izatea arautzen duen araudian beharrezkoak diren betekizun eta baimen guztiak ere.

Lizentzia eskatu behar da animalia eskuratu aurretik, eta onartua izateko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunaren onespena beharrezkoa izanen da, Arau-hausleen Erregistroan kontsulta egin ondoren.

2. Lizentzia hori lortzeko, bete beharko dira lagun egiteko animalia potentzialki arriskutsuei buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoetako araudietan adierazitako baldintzak.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude animalia potentzialki arriskutsuen jabeak edo arduradunak, baldin eta eskatzailea udalerrian bizi bada edo animaliak salerosteko edo trebatzeko jarduera udalerrian egiten bada. Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek edo arduradunek, animaliak hiru hilabetez bederen udalerrian egon behar badu.

Arriskutsua izan daitekeen animaliaren titularrek edo arduradunek betebehar hori ezarrita ere, herritarrek udalari jakinarazten ahalko diote mota horretako animaliak dituzten pertsonak, titularrak nahiz arduradunak, badirela udalerrian, udalak legeen arabera bidezkotzat jotzen dituen ekintzak egin ditzan.

4. Lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen jarraitu beharko da. Hala ere, udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketa baten ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animalia baten titularrak edo arduradunak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo arduradunak ez duela betetzen baldintzaren bat, hasiera emanen zaie behar diren ekintzei.

III. KAPITULUA.–JARDUERA ESPEZIFIKOETAN ERABILTZEN DIREN ETA JARDUERA PROFESIONALETAN ERABILTZEN DIREN ZAKURRENTZAKO XEDAPENAK

30. artikulua.

1. Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legediak animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruan xedatutakoaz gain, araudi espezifikoa ere aplikatuko zaie, halakorik egonez gero.

2. Animalia horien ardura duten pertsonek animalia kontrolatzeko gaitasuna eta trebetasuna izan behar dute, eta galarazi behar dute herritarrei eragozpenak edo lesioak eragitea.

3. Zaintza zakurren kasuan, errotulu bat jarri beharko da ongi ikusteko moduko toki batean, zakurrak bertan egotearen arriskuaz ohartarazteko.

IV. KAPITULUA.–EKIDOENTZAKO XEDAPENAK

31. artikulua.

1. Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legediak animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruan xedatutakoaz gain, aplikatuko zaie haien araudi espezifikoa.

2. Debekatuta dago ekidoek edo animaliek tiratutako ibilgailuak bide publikoan gidatzea, oro har, organo edo aginte eskudunaren baimenik izan ezean. Bide publikoan dabiltzan ekido guztiek erantzukizun zibileko aseguru baten estaldura izan behar dute, eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.

3. Hiri eremuan, eta behar den baimena izanez gero, ibilgailu motordunen zirkulazio kode eta mugapen berak izanen dituzte, indarrean dauden zirkulazio erregelamenduen arabera.

4. Animaliak ezin dira eremu publikoan loturik utzi ikuskapenik gabe.

5. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari direlarik, bai eta ekidoak bide publikoan barna ibiltzen direlarik ere, debekatuta dago animaliei oinazea eragitea, edo edonolako jardunbiderik egitea edo elementurik erabiltzea baldin arriskua ekar badezakete animaliendako, zaldizkoendako, parte-hartzaileendako edo ikusleendako.

Honako hauek derrigorrezkoak izanen dira:

a) Animalia etengabe zaintzea eta kontrolatzea.

b) Segurtasun neurriak erabiltzea parte-hartzaileendako eta ikusleendako, batez ere babes-kaskoa erabiltzea, arautegiak hala ezartzen duen kasuetan.

c) Ekidoendako segurtasunerako eskura dauden neurriak erabiltzea.

d) Antolakuntzako kideek, parte-hartzaileek eta laguntzaileek nahitaezkoa dute baldintza hauek zuzen betetzea, eta animaliek tratu ona izateko behar diren baliabide guztiak erabiltzea.

V. KAPITULUA.–BESTELAKO XEDAPENAK

32. artikulua. Animaliak babesteko udal programa.

Udalak animalien babeserako programa bat eduki beharko du. Programa horrek animalien aurkako tratu txarrak desagerraraztera eta lagun egiteko animaliak abandonatzea murriztera bideratutako neurriak jaso beharko ditu. Halaber, honako alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Animalien esterilizazioa, gaixotasunen prebentzioa eta identifikazioa sustatzeko kanpaina publikoak zabaltzea.

b) Herritarrak kontzientziatzea, batez ere animalien arduradunak, animaliak errespetatzeari dagokionez, eta animaliak abandonatzearen edo tratu txarren aurka.

c) Lagun egiteko animalien adopzioa bultzatzea.

d) Katu-koloniak kudeatzeko programak ezartzea.

e) Herritarren heziketa, prestakuntza eta sentsibilizaziorako neurriak garatzea animalien tratu txarren, abandonuaren eta animalien hazkuntzaren aurka.

3. Programa hori, eta horren ebaluazioaren emaitzak, publikoak izanen dira.

33. artikulua. Animalien babesari buruzko estatistikak.

Udalak, animalien babesaren eta ongizatearen arloan eskumena duen ministerio departamentuari eman beharko dio bere eskumen esparruko animalien babesaren arloko informazioa, beharrezkoa baita Animalien Babesari buruzko Estatistika egiteko eta nazioarteko erakundeek eskatutako informazio estatistikoari erantzuteko, bai eta herritarrek informazio hori eskuratzea errazteko ere, animalien babesaren arloko Europako Erkidegoko, autonomia erkidegoko eta Estatuko araudian ezarritako baldintzetan.

IV. TITULUA.–UDALERRIKO ANIMALIA-KOLONIEN ARAUBIDE JURIDIKOA

I. KAPITULUA.–JABEEN ERANTZUKIZUNA

34. artikulua.

Orube edo etxebizitza itxi edo hustuen jabeen betebeharra da neurriak hartzea saihesteko haien barnean finkatzea katu herratu edo basati, uso edo bestelako animalien koloniak. Kolonia hori lehendik finkatua balitz, saihestu beharrekoa izanen da beste espazio batzuk kolonizatzea, eta handik kendu beharko balitz, ahal izanez gero, katuen kasuan, animaliak babesteko erakunde baten eskutik eginen da, eta lan hori animaliak babesteko indarreko arautegiaren arabera egiten dela bermatu beharko da, dagokion udal baimenaren bidez.

II. KAPITULUA.–HIRI-HEGAZTIEN POPULAZIOEN GAINEKO KONTROLA

35. artikulua.

1. Udalaren esku dago eremu publikoan animalien populazioen kontrol espezifikoak egitea, haien ugaritasunagatik edo ezaugarriengatik eragiten ahal badituzte osasun arazoak, eragozpenak, edo pertsonendako, ondasunendako, animaliendako edo ingurumenarendako kalteak.

2. Udalak lehentasuna emanen dio hiriko faunaren populazio kontrol ez-hilgarriari, animaliak babesteko jarduketa planetan, animalien ongizatea bermatuz. Hala, bide publikoan eta udalaren ekipamenduetan aplikatzen diren izurrite kontrolak izurriteen kontrol integratuaren printzipioetan oinarritutako programei jarraikiz eginen dira, lehentasuna emanez neurri prebentiboei eta animaliei minik edo kalterik eragiten ez dieten metodoei, Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeek animalien babesari buruz ezarritako lege esparruan xedatutakoaren arabera.

3. Hegaztien kasuan, hiriko habitata beretzat mesedegarriena den moduan betetzen dute haiek, eta beraz, bermatzearren arazoa epe ertain-luzera modu eraginkorrean kontrolatzen dela, gakoa da identifikatzea eta kontrolatzea haien janari-iturriak eta habiak egiteko lekuak.

4. Espazio pribatuen (etxebizitzak, eraikinak, orubeak, lursailak, etab.) jabeen erantzukizuna da horiek edukitzea garbitasun eta osasun baldintza egokietan, eta neurriak hartzea beren etxebizitzetan hegaztiak ez daitezen finkatu, ez dezaten habia egin edo ez daitezen ugaldu. Udalak informazioa emanen du jarduteko moduari buruz eta aurrera eraman daitezkeen ekintza zuzenei buruz.

5. Hegazti horien gehiegizko populazioa kontrolatzeko, saihestu behar da dauden hegazti espezieei jaten ematea eremu publikoetan. Udalak, hala ere, eta kasu jakin batzuetan, espezie jakin batzuk elikatzeko baimena zehazten ahalko du, horretarako eskura dauden bitartekoak erabiliz, dagokion seinaleztapena eginez eta baimena zabalduz, betiere baimendutako moduan eta tokietan.

6. Jakinez gero badela lekuren bat non usoek eragozpenak eragiten dituzten, komeni da horren berri ematea Udalari; esaterako, eraikin hutsen berri ematea.

III. KAPITULUA.–KATU-KOLONIEN GAINEKO KONTROLA

36. artikulua. Katu-kolonien ezarpena.

1. Katu komunitario edo basatien koloniak dira, ez jabe ez edukitzaile ezagunik ez dutenak; eremu publiko edo pribatu batean elkarrekin bizi direnak.

2. Udalerrian elkarrekin bizi diren eta kolonietan elkartu diren katuak hiri faunaren parte dira, eta horrenbestez, haien bizimodua errespetatu eta babestu behar da, eta, ahal den neurrian, dauden lekuan mantenduko dira, non ez den neurririk hartu behar auzokoendako eragozpenak saihesteko edo osasun publikoa eta ingurumena babesteko. Lekualdatze hori profesionalek bakarrik egin dezakete, edo erakunde baimenduetako kideek, betiere adituen gomendioei jarraikiz, eta udal zerbitzuen zaintzapean.

3. Pertsonek, katu-koloniekin duten elkarbizitza naturalean, haiek osatzen dituzten katu komunitarioen osotasuna, segurtasuna eta bizi kalitatea errespetatu beharko dituzte, bai eta haien kudeaketa programaren berezko janari eta babes instalazioak ere.

4. Zakurren jabe edo arduradunek neurriak hartu beharko dituzte txakurren presentziak ez dezan aldatu edo arriskuan jarri katu-kolonien eta katu komunitarioen osotasuna, ez eta zakurrentzako baliabideen osotasuna ere.

5. Debekatuta dago katu gehiago eramatea kolonietara, behar bezala justifikatutako udalaren berariazko baimenik izan ezean, eta betiere udal zerbitzuen eta kolonien kudeaketaren arduradunen ikuskapena tartean dela.

37. artikulua. Katu-koloniak kudeatzea.

1. Udalari dagokio katu komunitarioen kudeaketa, eta, horretarako, katu-koloniak kudeatzeko programa bat izan beharko du, arreta berezia eskainiz biztanleria pixkanaka murrizteari, lagun egiteko animalia gisa babesten jarraituz, animalien babesari buruzko autonomia erkidegoko eta Estatuko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Programak honako alderdi hauek jaso behar ditu gutxienez:

a) Katu komunitarioak zaintzeko herritarren lankidetza sustatzea.

b) Dagokion autonomia erkidegoko edo Estatuko erregistroan behar bezala inskribatuta eta baimenduta dauden animalien babeserako erakundeekin lankidetzan aritzea.

c) Katu komunitarioen osasun arretaren erantzukizuna bere gain hartzea, hala eskatzen badute, eta arreta hori albaitari elkargokideen zerbitzuen bidez ziurtatzea.

d) Leku pribatuetan dauden katu-kolonietan jarduteko protokoloak ezartzea, haien kudeaketa bide publikoko zehaztapen berak errespetatuz egin ahal izateko.

e) Udalerrian ezartzen diren katu-koloniak kudeatzeko programei buruzko prestakuntza eta informazio kanpainak ezartzea.

f) Katu komunitarioen populazioa kontrolatzeko planak ezartzea, honako irizpide hauei jarraituz:

1. Udal-mugarteko katuen mapeoa eta errolda egitea, kontrolatu nahi den biztanle kopuruaren araberako esterilizazio plangintza eta kontrola egiteko, katuen kopurua handitu ez dadin eta eraginkorra izan dadin.

2. Katuak esterilizatzeko programak, horretarako gaitutako albaitaritza profesionalen esku-hartzearekin, belarri-markaketa barne.

3. Koloniako osasun programa, albaitari elkargokideek sinatua eta gainbegiratua. Gutxienez, parasitoak hiltzea, txertoa jartzea eta udalaren ardurapeko mikrotxip bidez nahitaez identifikatzea barne.

4. Auzokideen arteko gatazkak kudeatzeko protokoloak.

g) Autonomia erkidegoetako edo Estatuko esparru protokoloetan ezarritako beste edozein.

h) Leku egoki bat ezartzea, behar besteko espazioarekin eta egokituta, behar izanez gero, katu komunitarioen kolonia aldi baterako kentzeko, behar bezala justifikatuta.

i) Katuak behar bezala identifikatuta eta antzututa ez dituzten arduradunak kontrolatzeko eta zigortzeko mekanismoak ezartzea, eta, beraz, haien animaliak katu komunitarioekin ugaltzea saihesteko beharrezko neurriak ez jartzea.

3. Animalien babeserako eta defentsarako erakunde laguntzaileek parte hartzen ahalko dute katu-kolonien kudeaketan, lankidetzarako hitzartutako itunen edo tresnen bidez, eta betiere udal zerbitzuen gainbegirada eta ikuskapena tartean dela.

4. Katu-koloniak zaintzeko boluntarioek, izan animalien babeserako entitateetakoak nahiz partikularrak, jaso beharko dute Udalaren prestakuntza eta berariazko baimena, eta identifikazio txartel bat izan beharko dute, eta beti aldean eraman, kolonietan haien eginkizunetan ari direnean.

5. Kolonien zaintza eta/edo elikadura zaintzaile-elikatzaileen ardura izanen dira, hala udal zerbitzuetako langileak direnean, nola udalak prestatu eta berariaz baimendutako boluntarioak direnean ere. Pertsona horiek laguntza emanen dute katuak atzemateko eta askatzeko kanpainetan, horretarako ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, herritarren kontzientzia eta koloniekiko bizikidetza harmoniatsua sustatzeko, ahalegina eginen da beste hainbat laguni ere animaliak zaintzeko aukera emateko, betiere artikulu honetan ezarritakoa betez, eta kolonien arduradunen baimena eta ikuskapena tartean direla. Horiek, nolanahi ere, horren berri eman beharko diote udalari, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, eta, bidegabetzat jotzen bada, baimen hori baliogabetu eginen dute.

6. Kontrolatutako kolonietako katuak pentsu lehorrarekin soilik elikatuko dira, hala dagokionean, eta pentsu lehorra leku babestuetan eta diskretuetan emanen zaie, auzokideei eragozpenik sortu gabe eta animalientzat arriskurik eragin gabe. Arreta bereziz zainduko da lekuaren garbitasuna, eta ondoren beti utziko da garbitasun eta osasun baldintza egokietan. Debekatua egonen da katuei jaten ematea elikatzeko puntu ezagun eta baimenduetatik kanpo, eta debekatua, halaber, katuei jaten ematea Udalaren identifikazioa eta baimena ez dutenek.

38. artikulua. Katu-kolonien populazioa kontrolatzea.

1. Udalak dokumentu batean ezarri beharko du katu-kolonien populazioa kontrolatzeko protokoloa, eta bertan jasoko ditu bete beharreko prozedura desberdinak, katuak harrapatzeko eta antzutzeko, animalia gaixo eta zaurituen arretarako, eta adopziorako egokiak diren animaliak hartzeko; han azalduko ditu, baita ere, kolonia baten kudeaketan maiz samar izaten diren inguruabarrak eta gertakizunak.

2. Kolonien populazioen kontrolerako erabiliko den metodo bakarra HAA/I metodoa da (Harrapatu-Antzutu-Askatu/Itzuli), eta animalia askatu beharko da jatorrizko kolonian, hau da, harrapatu den leku berean, ebakuntza ondoko aldia igaro ondoren.

Katuak harrapatu eta beste leku egoki batera lekualdatu daitezke soilik justifikazio egoki eta frogatua dagoenean:

–Bere integritate eta bizi kalitatearekiko bateraezintasuna.

–Bioaniztasunaren gaineko eragina hurbileko naturaguneetan.

–Eragin negatiboa eremuan dagoen faunan.

–Pertsonen segurtasun eta osasunerako balizko arriskuak.

–Katu gaixoak, adoptagarriak edo gizarteratzeko adinean dauden kumeak, adoptatzekoak direnak.

Kolonia bat lekuz aldatzen ahalko da, baldin eta birkokatzeko leku seguru bat badago, animaliak behar bezala zaindu ahal izateko leku bat, eta betiere salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta.

Animalia bere jatorrizko lekua ez den beste leku batean askatzea profesionalek bakarrik egin dezakete, edo animaliak babesteko entitate laguntzaileetako kideek, kasu guztietan ere araudi aplikagarrian jasotako gomendioei jarraikiz, udal zerbitzuen zaintzapean, eta dagozkien baimenak izanik.

3. Animalia bere jatorrizko lekua ez den beste leku batean askatzea profesionalek bakarrik egin dezakete, edo animaliak babesteko entitate laguntzaileetako kideek, kasu guztietan ere araudi aplikagarrian jasotako gomendioei jarraikiz, udal zerbitzuen zaintzapean, eta dagozkien baimenak izanik.

4. Gaixotutako eta zauritutako animalien eutanasia bakar-bakarrik eginen da Europar Batasuneko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legeek animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruan xedatutakoaren arabera.

V. TITULUA. ZEHAPEN-ARAUBIDEA

I. KAPITULUA.–ANIMALIEN ONGIZATEA ZAINTZEA ETA KONTROLATZEA

39. artikulua.

1. Udalaren eskumenekoak diren ikuskapen eta kontrol eginkizun guztiak eginen dira, barne direla identifikazioa, kautelazko neurriak eta behin-behinekoak hartzea, esaterako animaliak lekutik kentzea edo/eta dekomisatzea eta animalien zentroen ikuskapena, Europako Erkidegoko araudiak eta Estatuko eta autonomia erkidegoko legediak animalien babesaren arloan ezarritako lege esparruan xedatutakoaren arabera.

2. Ikuskapenaz arduratzen diren unitateek laguntza eskatzen ahalko diete ikuskapen lanaren lurralde esparruan laguntzaile gisa erregistratutako animalien babeseko erakundeei.

3. Udal agintaritzako agenteek egin beharreko ikuskapen, zaintza eta kontrol eginkizunak eragotzi, atzeratu edo galarazten duten ekintzak eta ez egiteak izaten ahal dira arau-hauste administratiboa, indarreko xedapenen arabera.

4. Pertsona guztiek jakinarazten ahal diote udalari ordenantza honetan edo aplikatzekoa den arloko arautegian ezartzen diren arauen arau-hauste administratiboa izaten ahal den gertakari bat.

II. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

40. artikulua. Arau-hausteak.

Aplikagarriak diren edozein mailatako arau sektorialetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak dira, irizpidetzat aintzat hartuz osasun publikorako edo animalien osasunerako arriskua, nahitasun maila, litekeen kaltearen larritasuna, eta zaintza eta kontrolerako zailtasunak.

1. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

a) Ez edukitzea apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak edo ordenantza honek eskatzen dituen erregistroak, edo horiek osatu gabe edo gabeziekin edukitzea.

b) Lagun egiteko animaliak edukitzea identifikatu edo erregistratu gabe apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta/edo ordenantza honetan ezarritako moduan.

c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza duten pertsonen baimenik gabe.

d) Espezie orotako animaliak erakustea erakusleihoetan, merkataritza-establezimenduetan nahiz aisiarako edo jostetarako lokaletan.

e) Etxebizitza batean bost animalia heldu baino gehiago edukitzea, txakurrak, katuak edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleak, behar den baimena eduki gabe.

f) Lagun egiteko animaliak modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, betiere animaliek kalterik pairatzen ez badute.

g) Espezie orotako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, behar den baimena eduki gabe.

h) Espezie orotako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten entitate pribatuek.

k) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.

l) Zakurrak ez eramatea uhalez edo katez loturik hiri-espazio publikoetan edo bizilagunen erkidegoen espazio komunetan, edo eramatea bete gabe ordenantza honetan xedaturikoa.

m) Hiri-espazio publikoak edo bizilagunen erkidegoen espazio komunak zikintzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin eta ez garbitzea.

n) Behar diren neurriak ez hartzea saihesteko norberaren ardurapeko espezie orotako animaliek eragin ditzaketen kalteak edo eragozpenak.

o) Zakurrak eta beste animalia batzuk ibiltzea eta egotea ordenantza honek debekaturiko tokietan.

p) 19/2019 Foru legean edo ordenantza honen manuak ez betetzea dakarren edozein egite edo omisio, ez badago tipifikatuta arau-hauste astun edo oso astun gisa.

q) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste astuntzat hartzea merezi ez duenean.

2. Honako hauek tipifikatzen dira arau-hauste astun gisa:

a) Espezie orotako animaliak elikatuta edukitzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin.

b) Espezie orotako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, higiene-, osasun- edo segurtasun-baldintza egokiak ez badituzte, dimentsio desegokiak badituzte edo, beren ezaugarriengatik, distantziagatik edo beste edozein arrazoirengatik, eguneroko kontrol eta ikuskapen egokia egitea ezinezkoa bada.

c) Espezie orotako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragiten ahal dizkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti bakartuta edukitzea, baldin eta espezie gregarioetakoak badira; eta zakurrak etengabe lotuta edukitzea, urratuz aplikatu beharreko foru arauetan eta ordenantza honetan ezarritakoa.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintaritza eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, ordenantza honen 26.1 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz, edo agintaritza eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozein ebakuntza kirurgiko, edo halakoak egitea 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka.

f) Lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea, 19/2019 Foru Legearen arabera hala ezarrita dagoenean edo agintaritza eskudunak agintzen duenean.

g) Ez betetzea lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologikoak diren aldetik, ezarritako baldintzak eta betekizunak, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez badago.

h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea urratuz aplikatu beharreko foru arauetan eta ordenantza honetan ezarritakoa.

i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea bete gabe indarreko araudian ezarritako betekizunak.

j) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.

k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo albaitariaren ziurtagiria eduki gabe, gaixotasunik ez dutela egiaztatzeko.

l) Albaitaritza-zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

m) Animaliak erabiltzea, edozein espezietakoak, ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.

n) Animaliak, edozein espezietakoak, modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.

o) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

p) Erabili eta saltzea urkatze lepokoak, ziridunak edo elektrikoak, baldin eta lagun egiteko animalientzako kaltegarriak badira, edo haiek aplikatu beharreko foru arauetan eta ordenantza honetan ezarritakoa urratuz erabiltzea.

q) Espezie orotako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.

r) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.

s) Uztea edo ez eragoztea animaliak, edozein espezietakoak, arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.

t) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

u) Laguntzarik ez ematea istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati, laguntza hori norberarendako edo hirugarrenendako arriskurik gabe ematen ahal denean.

v) Albaitari batek eginkizun jakin batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, ez betetzea gaikuntzan ezarritakoa.

w) Lagun egiteko animaliak garraiatzea modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan, animaliek kalteak pairatzen badituzte.

x) Hiru urteko epean egitea arau-hauste arin bat baino gehiago, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

y) Hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste oso astuntzat hartzea merezi ez duenean.

3. Arau-hauste oso astunak izanen dira honako hauek:

a) Espezie orotako animaliei tratu txarrak ematea.

b) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.

c) Espezie orotako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatu gabeko eszenen filmaketan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamenduak edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragiten ahal dizkieten jardueretan, 19/2019 Foru Legearen 7.13 ezarritakoaren arabera.

d) Espezie orotako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasunari edo ongizateari kalte egiten dion modu batez.

e) Espezie orotako animaliak abandonatzea.

f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea 10 egun balioduneko epean, 19/2019 Foru Legearen 15.3 artikuluan eta ordenantza honetan xedaturikoaren arabera.

g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea urratuz 19/2019 Foru Legean eutanasiarako edo hilketarako araututakoa.

h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, 19/2019 Foru Legean ezarritako salbuespenekin.

i) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.

j) Espezie orotako animaliei nahita tiro egitea, indarreko legedian jasotako kasuetan izan ezik eta espezie zinegetikoen kasuan izan ezik, baimendutako ehiza jardueretan betiere.

k) Espezie orotako animaliei ematea alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak.

l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan deklaratutako espezieen kasuan, bai eta 19/2019 Foru Legean berariaz debekatutako animalien kasuan ere edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzeko zilegi direnen zerrendetan sarturik ez daudenen kasuan ere, debeku da haien espezimen, kume, arrautza edo beste atal edo produktu oro merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.

m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinean immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.

n) Lagun egiteko animalia baten osasun kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun transmitigarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun alerta bat deklaratu denean.

o) Ezezkoa ematea 19/2019 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari, edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

p) Oztopatzea bete daitezen aplikatzekoak diren foru arauetan eta ordenantza honetan ezarritako behin-behineko neurrietatik edozein.

q) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

41. artikulua. Erantzukizuna.

1. Ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteen erantzule jotzen dira haiek egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, zabarkeria hutsez bada ere.

2. Ordenantza honen aurkako arau-hauste bat pertsona bati baino gehiagori egozten ahal zaionean, eta ezinezko gertatzen bada bakoitzaren parte-hartze maila zehaztea, solidarioki erantzunen dute eginiko arau-hausteei zein ezarritako zehapenei dagokienez. Era berean, pertsona juridikoek jarduera utzi badute, arau-haustea egin zen unean administratzaile kargua zutenak izanen dira ezarritako zehapenen erantzule subsidiarioak.

42. artikulua. Eskumena eta prozedura.

Hargatik eragotzi gabe 19/2019 Foru Legearen 32. artikuluan zehatzeko ahalaren erabilera subsidiarioari buruz xedatutakoa, alkateak ezarriko ditu zehapenak –hori egiteko eskuordetza ematen ahalko badu ere– ordenantza honen arauen aurkako arau-hausteengatik, bere eskumenen esparruaren barnean, aurretiaz behar den zehapen espedientea hasita eta, zehapenak mailakatzerakoan, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuz; hori guztia, ezertan galarazi gabe epaitegiari erruduntasun testigantza pasatzea edo eginiko jarduketak agintaritza eskudunei igortzea, hala behar denean arau-haustearen izaeragatik.

Zehapen prozedura eginen da bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluko xedapenekin, eta hasiera egunetik urtebete izanen da, ebazteko.

Preskripzio epeak izanen dira Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean jasotakoak.

43. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteengatik zehapen hauek aplikatuko dira:

a) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauslearengan nahitakotasunik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri administrazio bidean aurreko hiru urteetan foru lege honetan ezarritakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, horrek ezertan galarazi gabe hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak.

b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

44. artikulua. Zehapen osagarriak.

1. Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan galarazi gabe, zehapen espedientea ebazteko eskumena duen organoak erabakitzen ahalko ditu honako zehapen osagarri hauek:

a) Instalazioak, lokalak edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo desgaikuntza 19/2019 Foru Legean edo ordenantza honetan araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua ezartzea gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

e) Albaitari gaitu edo baimenduari aitorpen hori kentzea.

45. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Zehapena honako irizpide hauei jarraikiz mailakatuko da:

a) Intentzionalitatea.

b) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

c) Berrerortzea, urtebetean animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, administrazio bidean ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.

e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.

f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

2. Bi urteko epean berrerortze edo errepikatze soila gertatzen bada, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz edo gehiagotan berreroriz edo errepikatuz gero, gehitzea %100ekoa izanen da.

3. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

46. artikulua. Zehapenak murriztea.

Proposatutako zehapena isun bat denean, zehapen-espedientean ebazpena eman baino lehen ordaintzen bada isunaren zenbatekoa, egitateen erantzukizuna aitortuko da, eta zehapenaren zenbatekoa %40 murriztuko da.

47. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Udal zerbitzuek, era arrazoituan, behar diren kautelazko neurriak proposatzen eta hartzen ahalko dituzte hala komeni dela deritzotenean, bermatze aldera herritarren segurtasuna, higienea eta osasun publikoaren babesa, bai eta animalien ongizatea ere. Honako neurri hauek hartzen ahalko dira, besteak beste:

a) Animaliak konfiskatzea.

b) Agintaritza eskudunak ez ematea animaliak garraiatzeko legez aginduzkoak diren agiriak.

c) Jarduerak, instalazioak edo garraiobideak etetea edo geldiaraztea eta establezimenduak ixtea, aginduzkoak diren baimen edo erregistroak ez badituzte.

2. Kautelazko neurriak hartzeko, aplikatuko da xedaturik dagoena apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen 25. artikuluan (Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteari buruzko Legea) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Xedapen iragankor bakarra.–Ordenantza honen esparruan sartzen diren animalien jabeek eta arduradunek, bai eta ordenantza honen eraginpean dauden erakunde, profesional eta osasun zerbitzuek ere, hilabeteko epea izanen dute, ordenantza indarrean jartzen denetik hasita, bertan ezarritako betebehar formalak betetzeko.

Azken xedapena.

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

Iragarkiaren kodea: L2505624